2026-04-09
Blog Page 889

Langileen murrizketen eta ohe-itxieraren aurkako elkarretaratze bat egin dugu Barakaldoko San Eloyko ospitalean

0

Barakaldo Sestao ESI‐ko Zuzendaritzak, “aurrekontu eza” dagoela argudiatuz, paziente eta langileei ondorio kaltegarriak ekarriko dizkien aldaketa garrantzitsuak ezarriko ditu. LAB, SATSE, ELA, ESK, SME, UGT, CCOO eta SAE sindikatuok ez diogu inolako justifikaziorik ikusten aldaketa hauek egiteari. Lanpostuak kendu, gure eskubide gehienak urratu eta kalitatezko zerbitzua hondatuko dituzten murrizketen aurrean, gure ezinegona adierazi dugu.

Hauek dira aurreikusitako aldaketak:

-Urte honen bukaerara arte, bertan behera utziko dituzte arratsaldeko kirofanoaren jarduerak (peonadak), ospitaleko solairuetako oheak itxiz.

-San Eloyko ospitalean kanpoko kontsultaren lanak berrantolatu eta Zaballako anbulategian espezializatutako kontsultetan lanaren edukiak aldatuko dituzte.

LAB, SATSE, ELA, ESK, SME, UGT, CCOO eta SAE sindikatuok murrizketa horiek salatzen ditugu, hurrengo arrazoiengatik:

-Kontratazio ugari ezabatuko dira (medikuak, erizainak, erizain-laguntzaileak, zaindariak eta administrari laguntzaileak), jardueraren murrizketa, ohe‐itxiera eta kontsulten berrantolaketaren eraginez.

-Pertsonalaren murrizketa eta gehiegizko lan zama kontsultetako osasun langileentzat.
Zuzendaritzak pertsona batek bere txanda bakarrean bizpahiruren lan egitea nahi du.

-Langileen lan‐baldintzak hondatzea, soberazko pertsonalari nahitaez beste unitate batzuetara mugitzera behartuz, lan gainkarga eta estresa sortuz, langileen akatsen arriskua gehituz eta kalitatea hondatuz.
 

 

 

Bilboko lorezaintza zerbitzuan ematen ari den diskriminazioan oinarritutako kontratazioa gainditzeko deia egin diogu Udalari

Espacios Verdes Bilbao URBASER-CYCASA Aldi Baterako Enpresa Elkartea da Bilboko parke eta lorategien mantenu-zerbitzua kudeatzen duen enpresa. LABeko atal sindikalak salatu nahi du enpresa udatik hona egiten ari den kontratazioetan ematen ari den prekarizazio kezkagarria.

Indarrean dagoen hitzarmenaren negoziazioetan, hilabetez luzatu zirenak pasa den ekainera arte, enpresa- batzordeko kideek ikusi ahal izan zuten enpresak zeukan asmoa, kontratazio berriekin langileen kalse prekarioa sortzeko. Horrela, gainontzeko langileen lan berdina eginda, langile hauek ez ziren negoziazio horretan onartuko liratekeen soldata-tauletara lotuta geratuko.

Behin hitzarmena sinatuta, zeinean ez zen enpresaren asmo hori jaso, Estatuko legeriak ahalbidetu ditzakeen baldintza diskriminatorioei heldu die enpresak helburu horrekin jarraitzeko. Honela, irailetik hona 10 langile kontratatu dituzte, usteko “praktiketan”, lan berdina egiten duten lankideen soldataren %60a ordaintzeko helburuarekin.

Hau are larriagoa da kontuan hartzeko badugu, langileen baja edo/eta oporrak estaltzen egon izan diren aldi baterako langileak berritu ez direnean. Hauek bai kobratzen zituztela soldatak berdintasun baldintzetan, hitzarmenean jasotako soldaten-taulen arabera.

Hortaz, bilbotarrentzat zerbitzu publikoa egiten duen kontrata honetan langile berriak argiki diskriminatzen ari direla ikusten ari gara, berdintasun printzipio inolako lotsarik gabe urratuz eta prekarietate baldintza argietan dagoen lankideen talde berria sortuz.

Gainera, gehiegikerian sakonduz, enpresak langile prekarizatu hauen Gizarte Segurantzaren %50arekin gelditzen da, hau diru-kutxa publikora bideratu beharko zenean. Horrela, kontua askoz garesti eta kaltegarriagoa da interes publiko eta sozialetarako.

Iñaki Aretxaga Bilboko Udalaren lorezaintza kontrata honetako LABeko delegatuaren arabera: “Zalantzan jartzen dugu Bilboko Udalak kontratazio hauen xehetasunak ezagutzen dituenik. Inork ezin dezake onartu, eskuin neoliberalenak kenduta, ezin du utzi prekarioen dagoen langileen klase baten sorrera. Honek dakarrena da, gure begien aurrean eta diru-kutxa publikoak kaltetuz, pobreziaren mugan dagoen langileria deitu izan dena. Hitzarmenetik kanpo dauden langileak, baina lan berdina eginez eta ordutegi berean. Garbiki diskriminatuak, inolako lotsarik gabe. Horrelako da enpresarioen klase hau, kontratatzen dituzten langileen duintasun eta lan- baldintzekiko inolako begirunerik gabe. Eurentzat, zenbakiak baino ez dira, hauek ordezkatzeko kontratatzen jarraitu ez dituzten langileak zenbaki hutsak izan diren bezala.

LABetik, dei egiten diegu botere publikoei eta Bilboko Udala bezalako instituzioei, “langile guztien duintasun eta berdintasun baldintzak berma ditzaten, orain arte izan den bezala”. Guztion arte zuzen dezakegu enpresarioen joera hau “gure begien aurrean prekarietaterik lotsagarria sortzen ari dena”. Era berean, adierazi nahi dugu daukagun asmoa “gure esku dagoen guztia egingo dugu kontratu hauek kontrata honetatik desager daitezen eta hitzarmenari osoki lotutako kontratuekin eta berdintasunean egindakoekin ordezka daitezen”, pasa den irailera arte gertatu den bezala.
 

 

 

Modu positiboan baloratzen dugu INDESA 2010 SLko hitzarmena sinatu izana

Hitzarmenaren sinaketarekin ez da gure lana amaitu, hemendik aurrera hitzarmenaren aplikazioa langileengana iritsi dadin lan egin behako dugulako. Eta langile publikoen zenbait baldintza aplikatzen bazaizkie, borrokan jarraituko dugu lan baldintzak hobetzeko ere izan daitezen, ez murrizketak ezartzeko soilik.

INDESA 2010 SL aniztasun funtzionala duten langileak dituen Enplegu Zentro Berezia da. 20 hilabete baino gehiagoko negoziaketa eta gero, pasa den ostiralean, urriaren 20an INDESAko hitzarmena sinatu zen. Negoziaketa luze eta gatazkatsua izan da, mobilizazioak, prentsaurrekoak, salaketak, PRECOra joan eta abarren ostean lortu dena. 2017ko uztailean aurre akordioa sinatu eta gero, urrian komiteko kideek batzarrak burutu zituzten Araba osoan zehar (Gasteiz, Laudio, Amurrio, Oion…) sakabanatuta dauden INDESAko zentroetan, langileek aurreakordioaren inguruko informazioa jaso eta onartzen zen edo ez bozkatzeko. Bozketaren zenbaketa ostean baiezkoa eman zitzaion hitzarmenaren sinatzeari.

Hitzarmenak 2019ko abendura arteko iraunaldia du eta ultraaktibitatea jasotzen du. Tarte horretan hobekuntzak egongo dira lanaldian baina ez soldatan, enpresak Foru Aldundiko langileei aplikatzen zaien igoera berbera aplikatzen dielako INDESAko langileei, hau da, 2017an %1eko igoera. Hala ere, hitzarmenean hobekuntza sozialak egon direlakoan gaude LABen. Lanaldia 1.676 ordutatik 1.633ra jaitsiko da datozen urteetan, ordaindutako lizentziak hobetu dira eta kontziliaziotarako neurriak islatu dira.
 

 

 

Decathlonen prekarietatea nagusi dela salatu dugu

Zortzigarren eguna bete du gaur Ekimen Ibiltariak. Iruñean hasi genuen "Lan duina, bizi duina" dinamika, eta Iruñerrira itzuli gara gaur. Hain zuzen ere, zerbitzu pribatuetako delegatuekin batzarra izan dugu, eta, ondoren, Berriozarreko Decathlonen aurrean protesta egin dugu, bertako langileek pairatzen duten prekarietatea salatzeko. Era berean, Decathloneko biltegia ez ixteko eskatu dugu, eta 140 lanpostu arriskuan daudela ohartarazi.

LABen Zerbitzuen federazioko hamarnaka ordezkarik elkarretaratzea egin dute gaur Decathlonek Berriozarren duen saltokiaren aitzinean, kirol produktuen enpresak biltegia Imarkoaindik kendu eta Leonera (Espainia) eramateko erabakia hartu duela salatzeko, Ekimen Ibiltariaren harira. Biltegiaren lekualdatze horrek 140 lanpostu suntsituko ditu Nafarroan.

“Biltegian lan egiten duten langileak oso gazteak dira”, azaldu du LABen Zerbitzuen federazioko merkataritza arduradun Nahikari Arduyak. “Haiendako, hau lehenbiziko lanpostua da eta prekarietatea bere gordinean ezagutu dute Decathlonen eskutik. Hala ere, beren lanpostua defendatu dute hauteskundeak bultzatuz eta langileen ahotsa enpresara eramanez”.

Decathlonen biltegiko lanpostuak Nafarroan nahi ditu LABek, eta ez Leonen. “Zentzu horretan Nafarroako Gobernuarekin kontaktuan egon gara langile hauen egoera salatzeko eta ikusarazteko gobernuak ere baduela ardurarik deslokalizazio honetan”.

“Decathloneko langileak ez daude bakarrik”, gaineratu du Arduyak. “Ehunka langile ordezkatzen dituzten hainbat enpresatako ordezkariak Decathlonen elkartu gara bertako langileei adierazteko laguntzeko prest gaudela, Nafarroan lan baldintza duinak lortze aldera”.

Gaurko jarduerek arratsaldean izango dute segida; Barañainen, hain justu. ATHri buruzko hitzaldi bat egingo dugu, 19:00etan, Barañaingo Akelamendin; eta 18:00etan, Infogunea muntatuko dugu Barañaingo udal plazan.

Iruñean izango gara bihar, urriak 25. Zerbitzu publikoetako delegatuen batzarra egingo dugu goizean, eta, ondoren, prekarietatearen aurkako mobilizazio bat egingo dugu, 12:00etan, Misericordiatik abiatuta. Nabarreria plazan Infogunea ezarriko dugu, 18:00etan, eta, ordu bat geroago, aldaketa soziala eta burujabetza hizpide izango dituen hitzaldia gauzatuko dugu, Iruñeko gaztetxean, Nabarreria plazan bertan dagoena.
 

 

 

Ostalaritzako Akordio Markoaren inpugnazioa “antidemokratikoa” eta “prekarizatzailea” dela salatu dugu

LAB eta ELA sindikatuok manifestazio bat egin dugu gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzatik EAEko Justizia Auzitegi Nagusiraino, CCOO eta UGT sindikatuek Ostalaritzako Akordio Markoaren aurka aurkeztutako demandaren epaiketaren hasiera dela-eta. Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko LABeko idazkari Xabier Ugartemendiak adierazpenak egin ditu protestaren amaieran, eta, CCOO eta UGT sindikatuen “estatalizazio estrategia” salatzeaz gain, Iñigo Urkullu lehendakariari gogoratu dio “negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe ez dagoela autogobernuaz hitz egiterik”.

LABek eta ELAk agerraldi bat egin genuen joan den astean, Ostalaritzako Akordio Markoa indargabetzeak izango lituzkeen ondorioen berri emateko. Bada, bi sindikatuok protestara deitu dugu gaur. Xabier Ugartemendiak hitz egin du LABen izenean, manifestazioaren amaieran: “Inpugnazio honek Euskal Herriko Ostalaritzako langileen lan baldintzak okertzea du helburu, Estatu mailako langileekin parekatu nahi dituelako lan baldintzak. Inpugnazio hau antidemokratikoa da, bertako patronalak eta sindikatuen gehiengoak lortutako akordioaren kontra doalako; eta prekarizatzailea ere bada, bertako langileen lan baldintzak okertzen dituelako”.

CCOO eta UGT sindikatuei euskal langileak “bost axola” zaiela kritikatu du Ugartemendiak, eta gai honetan “mutu” dagoen Iñigo Urkullu lehendakariarentzat ere izan ditu hitzak: “Argi esaten diogu negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe ez dagoela autogobernuaz hitz egiterik. Hala, inpugnazio honen aurka modu argian azal dadila exijitzen diogu, eta pausoak eman ditzala Lan Harremanetarako Euskal Esparrua lortzeko, hori baita euskal langileek eskatzen dutena”.
 

 

 

Langile bat kaleratu dute Oreretan, hauteskunde sindikalak babesteagatik

Oreretako Biteri kalean dagoen Enrike Rodriguez Zarzuelo farmazian, lehen Olaziregi zena, langile bat kaleratu du nagusiak arrazoi ideologikoengatik. Hain zuzen ere, martxoan, bi langilek hauteskunde sindikalak egiteko nahia adierazi zutenean hasi ziren euren kontrako erasoak. Ordutik, bai nagusiaren aldetik, baita beste bi langileeen aldetik ere, sekulako jazarpena bizi izan dute. Etengabeko liskarrak, kontrolak edo tranpak izan dituzte. Eta noski, azkenean, lortu dute. Merkeen ateratzen zaion langilea kaleratu dute. Modu honetan, indar korrelazioan berdinketa egotetik, langileria borrokalaria gutxiengoan utzi dute.

Hau onartezina da. Ezin dugu XXI. mendean, hauteskunde sindikalak babesteagatik kaleratzerik onartu. Ezin zaitezke kaleratua izan nagusiarekin “ongi moldatzen ez zarelako”. Hauteskundeak egiten saiatu ginenean, Enrike Rodriguez nagusiaren gehiegikeriak ikusi genituen, langileongan eragiten zuen presioa.

Beraz, lau langiletik bik bide errazena hartu dute, nagusiaren esanetara egotea. Eta beste biek kaleratzeko mehatxua izan dute ordutik, lehenari iritsi zaiolarik. Kaleratze gutuna eman ziotenean gaizki moldatzen zirelako zela esan zioten baina langile fina zenez, gomendio gutuna eman zioten. Nola ulertzen da hau?

Ez dugu onartzen, Itxaso mostradorearen beste aldean nahi dugu!
 

 

 

Politika inperialistak salatu ditugu Bruselan

0

Pasa den urriaren 19an eta 20an PAMEk antolatutako topaketa antiinperialista batean egon ginen Bruselan. Bertan, Europako hainbat sindikaturen ordezkaritza egon zen, eta gonbidatu berezi bezala izan genuen Siriako FSMko ordezkaria.

Siria, Palestina eta Kubako egoerak kontuan harturik, topaketan egon ginen sindikatuok EBk, NATOk eta AEBk aurrera daramaten politika inperialisten kontrako borrokan berretsi ginen. LABeko ordezkari Mikel Alvarezen hitzetan, "Thesalonikkan ekainean onartu zen deklarazioa oinarri hartuta, etorkizunera begirako mobilizazio posibleak aztertu eta konpromiso politikoak hartu genituen". Hain zuzen ere, Alvarezek berak nabarmendu bezala, "LABetik gure posizio politiko internazionalistan berresten gara, gerren kontrako aldarria zabalduz eta errefuxiatuen aldeko deiadarra eginez".
 

 

 

General Mills enpresan sinatutako akordioa salatu dugu San Adrianen

Ekimen Ibiltaria San Adrianen izan da gaur, ostiral eta larunbatean Tuteran eta Tafallan egon eta gero. General Mills enpresaren atarira eraman dugu gaur "Lan duina, bizi duina" aldarria. Izan ere, prekarietatea oos presente dago elikagaingintza arloko enpresa horretan, joan den hilabetean CCOO eta UGT sindikatuek enpresarekin akordioa sinatu arren.

San Adrianen ere ekintza sindikalari buruzko tailer bat egin dugu goizean, kultur etxean, eta Infogunea egokitu dugu Andosillako Foruen plazan. Ekintza sindikaleko tailerrean General Mills, Huertas de Peralta, Gelagri, Provedis, Vegamayor, El Caserío eta Aguirre Maquinaria Agricola enpresetako zenbait langilek hartu dute parte.

Ekimen Ibiltaria Iruñerrira itzuliko da bihar, urriak 24; Barañain eta Berriozarrera, hain justu. Delegatuen batzarra eta ekintza sindikaleko tailerra egingo ditugu goizean, 9:30ean; Decathlonen aurrean mobilizatuko gara, 12:00etan, prekarietatearen aurka; ATHri buruzko hitzaldi bat egingo dugu arratsaldean, 19:00etan, Barañaingo Akelamendin; eta arratsaldean ere, 18:00etan, Ingofunea muntatuko dugu Barañaingo udal plazan.
 

 

 

0-3 zikloaren aitortza politikoa aldarrikatu dugu Hezkuntza Sailaren aurrean

0

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua den Cristina Uriarte eta Haurreskolak Partzuergoko Gerentea den Maite Larrañagak Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean agerraldia dutela probestuz. Haurreskolak Partzuergoko LAB Sindikatuko langileen ordezkariok, berriro ere 0-3 zikloaren aitortza politikoa aldarrikatu dugu.

Haur Hezkuntzarako gauzatutako politikak edozein izanik ere, nazioarteko ikerlanek aho batez adierazi dute oiztiarrak eragin onuragarria izaten duela ikasketetan eta gizarteratzean. Horregatik, hezkuntza politikan behar duen garrantzia eman beharko genioke Haur Hezkuntzako 0-3 urteko zikloari.

Beraz, ziklo honetan benetako konpromisoak hartzea eskatzen diogu EAEko Hezkuntza Sailari. Arlo ekonomikoari dagokionez, ziklo honen kalitatea eta haurren ongizatea bermatzeko ezinbestekoa ikusten dugu gaur egun baino inbertsio handiagoa egitea.

Hasieran aipatzen genuen zikloaren aitortza hau, alde batetik, Haurreskolak Partzuergoa, administraziopeko Haur hezkuntzako lehenengo zikloa (0-3 urteko haurrena) dela onartuz etorriko da. Hezkuntza sailak bere egin behar du Haurreskolak Partzuergoa, jaiotzatik hezkuntzarako eskubidea bermatuz, ezinbestean doakoa, unibertsala, euskalduna eta kalitatekoa izan behar delarik.

Bestetik, Haurreskolak Partzuergoko haur-hezitzaileok egiten dugun lanak administraziopeko haur hezkuntzan puntuatzea eskatzen dugu, aitortzaren bidean aurrerapauso handia izango litzatekeelako. LAB sindikatuak horren eskari zuzena egin dio Hezkuntza Sailari.