2026-10-05
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaGabonetan osasun zentroen ordutegia ez murrizteko eskatzen diogu Osakidetzari

Gabonetan osasun zentroen ordutegia ez murrizteko eskatzen diogu Osakidetzari

Iazko gabonetan zein uda honetan, Osakidetzako osasun zentro askoren ordutegia murriztu zuen, zentroak 17.00etan itxiz, 20.00etan egin beharrean. Hau guztia, sindikatuak informatu barik eta anbulatorioetako atean ipinitako ohar soil baten bitartez erabiltzaileak informatuz. Hori guztia, langileen oporrak ordezkatzeko langile nahikorik ez dagoenaren aitzakiapean, edo gure iritziz, plantillak oso eskasak direlako eta ez dutelako diru gehiagorik gastatu nahi langile ordezkoak kontratatzen. Arrazoia edozein izanda ere, arduragabekeria politiko galanta iruditzen zaigu hain oinarrizkoa den zerbitzu publiko egun batetik bestera murriztea inorekin kontatu gabe, eta oso arriskutsua den bidetik urrats kualitatiboa ematea. Zer izango da hurrengoa?

Ospitaleetako larrialdeietan urtero-urtero errepikatzen diren pilaketak eta kaosa askoz larriagoa izan zen iaz, seguraski anbulatorioen ordutegia murriztearen ondorio bezala, 17:00etatik aurrera zerbitzurik ez dagoelako; eta, honekin batera, pilaketak gertatzen direlako ere osasun zentroan bertan. Ezin dugu ahaztu oporraldia dela, gripea, eguraldi txarra…

Honako neurriok osasun publikoaren kontrako neurriak dira. Neurriok Osakidetzako langileoi eragiten digute, baita erabiltzaile guztiei ere, osasun arretaren kalitatea murriztuz.

Aurtengo abenduko zubian ere ezarri dira ordutegi murrizketa hauek hainbat zentrotan. Horregatik, zoritxarrez, gabonetan ere Osakidetzak horrelakoak martxan ipintzeko asmoa duela aurreikusten dugu. Iazko gabonetan neurri honen kontrako jarrera helarazi genion Osakidetzari, eta baita modu publikoan salatu ere. Baina Darpon eta Osakidetzako zuzendaritzak ez entzunarena egiten jarraitzen dute, modu arduragabean.

Horregatik, gaurtik bertatik gabonetako zentroen ordutegia ez murrizteko exijitzen diogu Osakidetzari. Ez badute kasurik egiten, salaketa eta mobilizazioak aktibatuko ditugu, ez gaudelako prest gure langile zein erabiltzaile eskubideak zelan lapurtzen dizkiguten ikusteko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...