Gaur Azaroak 8 asteazkena Kataluniako herrialde osoan greba orokorra deituta dago azken urtetako erreforma ezberdinen ondorioz inposatu den prekarietatearen aurka protesta egiteko. Aldi berean greba hau soldata jeitsieraren ondorioz Kataluniako langile klasearen %20k pairatzen duen pobrezia egoera salatzeko helburuarekin antolatu da.
Egoera honi Espainiar estatuak Kataluniako auto-gobernuaren kontra abiaturiko erasoa gehitu behar zaio; konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioaren bitartez eta ANC eta OMNIUNeko zein Kataluniako gobernuaren zati baten atxiloketarekin gauzatu dena. Honek guztiak Kataluniako gizartean sumindura areagotzea ekarri du, ikusten baitute Espainiar estatutik datorren bakarra murrizketak, prekarietatea, pobrezia, errepresioa eta eremu politiko, ekonomiko eta sozialean haien erabakiak hartzeko eskubidearen urraketa direla.
Horregatik LAB sindikatutik greba egun honetan gure babesa adierazten diogu Kataluniako herriari, orain arte Kataluniako herria bere erabaki propioak hartzeko subjektu bezala aitortzeko bide honetan egin dugun bezala eta etorkizunean ere eginen dugun bezala,
LAB eta ELA sindikatuok eta OMALek (Multinazionalen Behatokia Latinoamerikan) Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Politikaren inguruko prentsaurreko bat eman dugu gaur Bilbon. OMALeko Juan Hernandezek “Eusko Jaurlaritzaren enpresei begirako nazioartekoratze politikaren azterketa” dokumentuaren gako nagusiak aurkeztu ditu, eta LAB eta ELAko ordezkariok Urkulluk berriki Quebecera egindako bisitarekin lotu dute gaia, Tratatuak eta exekutiboaren politika orokorra nabarmenduz, ereduaren errotiko aldaketa eskatuz.
Hau da LABeko ordezkari Edurne Larrañagak egin duen irakurketa, sindikatuaren izenean:
Kapitalismo heteropatriarkalak gure bizitzetako arlo guztiak kontrolatu ditu. Osasuna, zerbitzu publikoak, elikagaiak, baliabide naturalak, lan baldintzak… ezer ez da libratzen kapitalaren fase berri honetan. XXI. mendeko kapitalismoaren agertoki berri honetan, nazioarteko itun ekonomikoek protagonismo berezia hartu dute, botere ekonomiko eta politikoen birkonfigurazio berri bat bultzatuz. Hain zuzen ere, tratatu hauen ezaugarri nagusiena intentsitate baxuko demokrazia da. Politika hauek bultzatzen dituztenentzako, demokrazia formala negozioak hasten direnean bukatzen da.
Aipaturiko fase berri honek hiru esparru ditu: politikoa, kulturala eta ekonomikoa.
Arlo ekonomikoan, erabakia argia da. Langileon eskulana eta gaitasunak guztiz merkantilizatuko dituzte, inolako eskubiderik gabe utziko gaituzte eta enpleguak guztiz prekarizatuko dituzte. Gainera, askatasun sindikalik gabe eta grebarako eta borrokarako eskubide gabe utziko gaituzte, negoziazio kolektiboa tresna bezala erreformen bidez deuseztatuz.
Arlo kulturalean, faxismo soziala jendarteratu dute: indibidualismoa, arrazakeria, homo-lesbo-transfobia langileon arteko lehia eta zatiketa. Eta jarrera hau hegemonikoa bilatzea lortu dute.
Arlo politikoan, gobernuen eta instituzioen eskumen politiko eta juridikoen anputazioa bilatzen dute. Zentzu honetan, herritarron tresna izan beharko liratekeen erakunde publikoak edukiz hustu nahi dituzte eta de facto, korporazio globalen gobernua ezarri. Eusko Jaurlaritzari esan nahi diogu bi aukera daudela gaur egun:
Tratatu neoliberalak onartzea eta sustatzea. Erakunde publikoen bitartez, euskal herritarron eskubideak defendatzea eta neoliberalismoari oztopoak jartzea. Hori aurrera eramateko, burujabetza ezinbestekoa dugu Euskal Herrian. Azkenaldi honetan egindako mugimendu politikoek erakusten dute gaur egun Eusko Jaurlaritzak duen jarrera lehenengoa dela. Madrilen PNVk CETA onartu du Senatuan eta gainera, Urkullu Kanadan egon da nazioarteko tratatu honek Euskal Herrian izan dezaken aplikazioa aztertzeko, eta balizko akordio ekonomikoak bilatzeko.
Multinazionalen interesak edo giza eskubideak defendatzea. Ez dago erdiko posiziorik, ez beste aukerarik. Bi aukera horien artean bat aukeratu behar du Eusko Jaurlaritzak.
Egunotan jakin dugu Orioko INDO enpresako gidari bat hil dela bihotzekoak jota, Bartzelonan deskargatzen ari zenean. Hori dela eta, elkarretaratze bat egingo dugu bihar, azaroak 9, INDO enpresaren aurrean, euskal gehiengo sindikalak deituta. Orioko Ubegun industriagunean izango da protesta, 11:30ean, "Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez!" leloarekin.
Duela bost urte, 2012ko azaroaren 9an, Barakaldoko Amaia Egañak bere buruaz beste egin zuen hura etxetik kaleratzear zeudela. Murrizketen lehen biktima izan zen. Bost urte igaro dira orduz geroztik, eta prekarietateak, pobreziak, murrizketek eta etxe kaleratzeen bere horretan jarraitzen dute. Honengatik guztiagatik, eta Amaia Egaña gogoratzeko, elkarretaratze bat egingo dugu bihar hainbat sindikatuk, LABek tartean, eta Langabeen Batzarr, Berri Otxoak eta Argitan elkarteek. Barakaldon izango da protesta, 10:30ean, Bide Onera plazan.
Gaur jakin dugu Orioko INDO enpresako gidari bat hil dela bihotzekoak jota, Bartzelonan deskargatzen ari zenean. Heriotza honekin, gutxienez 51 langile dira istripuz edo istripuen ondorioz bere bizitza galdu dutenek urtea hasieratik Euskal Herrian. garraiolariak lan baldintza kaxkarretan lan egitera behartuak daude kasu gehienetan. Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak. Arazo hauek dira Administrazioak behin eta berriz izkutatzen saiatzen denak, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.
Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiogu hildako langileen langilearen senide eta gertukoei.
Heriotza honekin, gutxienez 51 langile dira istripuz edo istripuen ondorioz bere bizitza galdu dutenek urtea hasieratik Euskal Herrian.
Garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Garraiolariek ez daukate gaixotasun arrunt nahiz lanekoen aurrean babes egokirik askotan. Izan ere, gehienak langile autonomoak dira. Kasu honetan gainera, istripua Bartzelonan izanda, ez da estatistika ofizialetan azalduko.
Administrazioek beste aldera begiratzen dute, sektoreak bizi duen prekarietate egoeraren ezagun izan arren.
Askotan lana mantendu ahal izateko, kargatzaileen lanak egiten dituzte, kasu honetan bezala. Ezinezko ordutegiak dituzte, gehiegizko pisua duten kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak… Lan baldintza kaxkarretan lan egitera behartuak daude kasu gehienetan. Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak. Arazo hauek dira Administrazioak behin eta berriz izkutatzen saiatzen denak, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.
Horregatik guztiagatik, LABek dei egiten dugu datozen egunetan deituko den erantzunean parte hartzeko.
LABek ekitaldia egin du gaur Hernaniko Biteri Kultur Etxean, Sobietar Iraultzaren mendeurrenean, “…sortuko dira berriak 1917-2017” izenburupean. Ekitaldia LABen ekimen ibiltariaren barruan kokatzen da. Igor Arroyo, LABeko Idazkari Nagusiaren ondokoak, gogorarazi duenez , “gaur egun Europan ezagutzen ditugun aurrerapen sozialak borroka sindikal eta politikoaren fruitu dira neurri handi batean”. Aurrera begira ere jarri nahi izan du LABen konpromisoak azalduz, “XX. mendeko borrokalarien enbor beretik sortuko dira, sortuko ditugu, XXI. mendeko iraultzak”.
Internazionalaren musikarekin hasi da ekitaldia, Pariseko Komunaren testuinguruan sortutako kantuarekin. Kapitalistek Komuna suntsitu arren, abestiak biziraun zuela oroitu du Izaskun Garcia LABeko Zuzendaritzako kideak, eta abestiak bezala, “esplotaziorik gabeko mundu baten ametsak biziraun” zuela.
1871ko Pariseko Komunatik hamarkada batzutara, 1917an boltxevikeek irauli zuten jauntxoen Errusia, gaur bezalako egun batean. Garciak azpimarratu du “LABen ustez garrantzitsua dela oroimen historikoa berreskuratzea” eta testuinguru honetan kokatu du gaurko ekitaldia, “aurrera begira bidea egiten jarraitu nahi dugulako”.
Bideo baten ondoren, Igor Arroyo LABen idazkari nagusi ondokoak hartu du hitza. Kapitalismoaren hasierako urteetan langileek bizi zuten egoera gogorra deskribatuz. “Langileak eskubiderik gabeko makinak besterik ez ziren, erabili eta botatzekoak. Ez zuten eskubide sindikalik eta parte hartze politikorako eskubiderik”.
Arroyoren hitzetan, “gaur egun Europan ezagutzen ditugun aurrerapen sozialak borroka sindikal eta politikoaren fruitu dira neurri handi batean”, hala nola 40 orduko lan-astea, bozkarako eskubidea, gaixotzerakoan baja hartu eta zahartzean erretiroa hartzekoa.
1917ko Errusiako Iraultza testuinguru honetan kokatu du Arroyok, mugarri bat izan zela azpimarratuz, “kontrabotere izatetik, boterea eskuratzera igaro ziren Errusiako langileak”.
XX. mendeko beste mugarri batzuk aipatu ditu ondoren, Afrika eta Asiako deskolonizazioa, Kubako iraultza eta Ameriketako borrokak, beltzen eskubideen aldeko mugimendua eta mugimendu feminista. “Horiei guztiei esker, izan litekeena baino hobea da mundua”.
Borroka historikoek duten gaurkotasuna azpimarratu du. “Haien enbor berekoak garela sentitzen dugu. Guk ere pentsatzen dugu borroka sindikal eta politikoa ezinbestekoa dela pertsona orok bizitza duina izan dezan, bizitzea merezi duen bizitza bat”.
Iraultza berrien beharra nabarmendu du horretarako. “Kapitalaren diktaduraren aurrean, iraultza demokratikoa behar dugu, herri burujabetza berreskuratzeko. Patriarkatuaren aurrean, iraultza feminista, bizitza erdigunean jarriz. Garapen eredu suizidaren aurrean, iraultza ekosozialista. Eta uniformitatearen aurrean, kultur aniztasuna eta kultura askearen iraultza”.
Iraultzarako erronkak ere nabarmendu ditu. “Lehena, kapitalak inposatutako prekarizazioaren aurrean, ekintza soziosindikal berria martxan jartzea. Bigarrena, desegituratuta dagoen klase subjektua berrosatzea. Hirugarrena, aldaketa sozialari bide emango dion aldebakarreko burujabetza prozesua martxan jartzea”.
LABen konpromisoa azpimarratuz amaitu du bere interbentzioa Arroyok, “XX. mendeko borrokalarien enbor beretik sortuko dira, sortuko ditugu, XXI. mendeko iraultzak. Forma ezberdina eta mami berdinarekin: esplotazio, zanpaketa eta bazterkeriak gabeko jendartea eraikitzea, gizon eta emakume orok bizitzea mereziko duen bizitza izan dezagun.
Ekitaldiaren amaieran, Iosu Moreno LABeko kideak margotutako akuarela bat aurkeztu dute, “beste iraultza batzuk sortuko ditugunaren ideia” irudiekin ere adierazteko.
“Zutik emakumea”, “Eusko gudariak” eta “Internazionala” kantatuz eman diote amaiera ekitaldiari.
Gaur, Azaroak 7, komunikabideen bitartez jakin dugu Siemens-Gamesa taldeak 3 urteko epean 6.000 langile kaleratzeko asmoa duela. LABen iritziz albistea oso larria da, eta badakigu Euskal Herrian plan honek enplegu galera ekartzea bilatuko duela multinazionalak. LABek Euskal Herriko planta guztietan enplegua mantentzea exijitzen dugu. Ez dugu kaleratze bat bera ere onartuko.
Gaur ezagututako erabakia larria da benetan, kontuan hartzen badugu fusioa duela hilabete batzuk gauzatu zela euskal instituzioen txalo artean.
LABek gogoratu nahi du zein zen finantziazio publikoz sortu zen Gamesaren egoera fusioaren aurretik: Gamesak 2016 urtean inoizko irabazi garbi handienak izan zituen: 301 miloi eurokoak, aurreko urtean baina %77 gehiago. 2017ko lehen hiru hilabeteetan 100 miloiko euroko irabazi garbiak izan ditu, 2016an baino %39 gehiago.
Ordua, zein izan zen fusioaren benetako arrazoia? Fusioarekin, akziodunek 1.047 miloi euroko irabaziak jaso zituzten. Eta fusioaren egiteko erabakia hartu zuten zuzendaritzako kideek 82 miloi euro jaso dituzte azken hilabeteetan eragiketa honen ondorioz.
Hau izan zen fusioaren benetako arrazoia, gutxi batzuk aberastea nahiz honen ondorioz lanpostu asko kolokan utzi. Orain mundu guztiko langileek ordaindu behar dute euren lanpostuak galduz batzuk eraman duten dirutza guztia? Ez da onargarria, ez dago eskubiderik.
Gaur egun Euskal Herriko ehun industrialaren zutabe garrantzitsua izan beharko litzatekeen Gamesaren egoera kezkagarria Eusko Jaurlaritzaren industria politika ezaren ondorioa da. Zergatik txalotu zuen Arantxa Tapiak fusioa, esanez helbide soziala Euskal Herrian gelditzen zela eta hori nahikoa berme zela? Zergatik ez zuen bat egin LABek egin zuen eskaerarekin, lanpostuak bermatzeko baldintzak eskatuz?
Multinazionalei alfonbra gorria jartzen jarraitzen dute, bertako erabakiguneak desagerraraziz eta multinazional eta exekutiboen interesak babestuz. LABek aurkeztutako industria politika berri baterako dekalogoan jasotzen den moduan, bestelako neurriak har litezke horrelako eragiketak baldintzatzeko, baina horretarako ez dagoen borondate politikoa behar da.
Amaitzeko, instituzioek bakarrik utzi gaituzten honetan, gure elkartasuna adierazi nahi diegu plan basati honen ondorioz kaleratu nahi izango dituzten langileei. Borrokaren bidez enplegua defendatzea lortuko dugu.
Gaur bildu den Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean 2018ko aurrekontu egitasmoa jorratu da. Berriro ere, iaz egondako metodologia bera errepikatu da: sei egun (hiru lan-egun) lehenago bidali digute egitasmoa eta hortaz ez da egon azterketa sakonik egiteko denborarik. Eta berriro ere, Kontseilu Ekonomiko eta Soziala tramite hutsa izan da, egitasmoa Parlamentura bideratzeko. Eremu batzuetan norabaiteko parte hartze soziala izan duten planetako ekintzak jasotzen diren arren, oro har ez da egon aurrekontu parte hartzaileak egiteko inolako prozedurarik.
Mamiari dagokionez, eta azterketa sakonago baten faltan, hiru egiturazko mugapenek bere horretan jarraitzen dutela dakusagu: batetik, Madrilek ezarritako mugapenak; bigarrenik, UPNko Gobernuek eragindako zorra; eta hirugarrenik, lan errentetan oinarritutako fiskalitate ez nahikoa. Egia da egungo Gobernuari oinordetzan datozkiola hiru mugapen hauek, baina LABen iritziz, Gobernua ez da behar bezalako erabakiak hartzen ari horiei aurre egiteko, neurri handi batean Geroa Bairen jarrera kontserbadorearen ondorioz. Aldaketa politiko-instituzionaletik sakoneko aldaketa sozialera igarotzeko, ezinbestekoa da instituzioak eta jendartea oro har aktibatzea Nafarroaren burujabetzaren alde; zorraren auditoria bururaino eramatea; eta Kapitalaren errentek nahiz enpresek gehiago ordain dezaten erreforma fiskal sakona egitea.
Kopuru orokorrei dagokionez, aurrekontua %2,4 hazi da aurreko urtearekin alderatuta, %4,1 finantzieroa ez den gastuari erreparatuta, baina hazkunde hori Barne Produktu Gordin nominalaren hazkundea baino txikiagoa da (%4,4). Alegia, aurrekontuak ekonomia baino gutxiago hazten dira eta, gainera, langileriak ordaindutako zergetan oinarritzen dira, soldatek Barne Produktu Gordinean duten pisua jaisten den bitartean. Beste hitz batzuekin esateko: Patronala oso eroso dago, etekin margen handi batekin, nafar langileriak jasotzen dituen prestazio eta zerbitzu publikoak gure maila ekonomikoak ahalbidetzen duena baino kaskarragoak diren bitartean. Izan ere, gogoan hartu beharra dago ongizate sozialean, osasungintzan eta hezkuntzan inbertitutako Barne Produktu Gordinaren portzentaiari dagokionez, Nafarroa Europako azken postuetan dagoela. Datu baikorrena, iaz jada nabarmen hazi zen Eskubide Sozialen Arloaren hazkundea berria da, baina aldiz, hezkuntzan eta osasungintzan egindako inbertsioa jaitsi egin da Barne Produktu Gordinarekin alderatuta.
ALESAko langileek, Aleaciones Especiales S.A, gaur egun bizi duten egoeraren berri eman dute. 2010. urtean Lamiakotik Gatikara lekualdaketa burutu zutenetik, enpresaren kudeaketa eskasa eguneroko ogia izan da; gaur egun bizi duten egoera adibide: hilabeteak diru saririk jaso gabe eta egoera konponduko ez duen Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente bat martxan.
Hauxe da ALESAko langileen ordezkaritza sindikalak argitaratutako oharra:
Langileon ordezkaritzatik etengabe eskatu zaio enpresako Zuzendaritzari bideragarritasun ekonomikorako plan bat aurkez dezala, espedientea inposatzeko arrazoiak azaldu ditzala eta ekoizpenaren eta langileon etorkizuna bermatu. Zuzendaritzaren erantzuna dagokion ardurari ihes egitea izan da eta aurkeztutako proposamen bakarra, langileok sortu ez dugun egoera gure eskubideen murrizketekin eta soldata jaitsierarekin ordaintzea izan da. Ez dute inolako borondaterik erakutsi bizi dugun egoera lazgarria bideratzeko eta horren adibide argia, Aldundiarekin ditugun harreman apurrak langileon aldetik egindako eskariekin lortu izana da.
Egun, Zuzendaritza desagertu egin da eta horregatik, gure aburuz gelditzen den aukera bakarra hau aldatu eta bideragarritasun plana aurkeztea da: esperientzia duten langileak garelako, lan karga egon badagoelako, enpresa berria eta makinaria oraingoa delako eta argi eta garbi, likidezi arazoa Zuzendaritzatik egindako kudeaketa negargarriaren ondorio zuzen eta bakarra delako.
Bestetik, Eusko Jaurlaritza eta Aldundia konponbidearen parte izan behar direla ere uste dugu, ALESAk diru publikoa jaso duelako mailegu bidez eta beraz, duten ardurari muzin ez egitea eskatzen diegu, bideragarritasun plana egiten dela bermatuz.
ALESAk badu etorkizuna eta berau defendatzeko prest gaude.