2026-11-04
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaEusko Jaurlaritzak multinazionalen interesen edo giza eskubideen artean aukeratu behar du

Eusko Jaurlaritzak multinazionalen interesen edo giza eskubideen artean aukeratu behar du

LAB eta ELA sindikatuok eta OMALek (Multinazionalen Behatokia Latinoamerikan) Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Politikaren inguruko prentsaurreko bat eman dugu gaur Bilbon. OMALeko Juan Hernandezek “Eusko Jaurlaritzaren enpresei begirako nazioartekoratze politikaren azterketa” dokumentuaren gako nagusiak aurkeztu ditu, eta LAB eta ELAko ordezkariok Urkulluk berriki Quebecera egindako bisitarekin lotu dute gaia, Tratatuak eta exekutiboaren politika orokorra nabarmenduz, ereduaren errotiko aldaketa eskatuz.

Hau da LABeko ordezkari Edurne Larrañagak egin duen irakurketa, sindikatuaren izenean:

Kapitalismo heteropatriarkalak gure bizitzetako arlo guztiak kontrolatu ditu. Osasuna, zerbitzu publikoak, elikagaiak, baliabide naturalak, lan baldintzak… ezer ez da libratzen kapitalaren fase berri honetan. XXI. mendeko kapitalismoaren agertoki berri honetan, nazioarteko itun ekonomikoek protagonismo berezia hartu dute, botere ekonomiko eta politikoen birkonfigurazio berri bat bultzatuz. Hain zuzen ere, tratatu hauen ezaugarri nagusiena intentsitate baxuko demokrazia da. Politika hauek bultzatzen dituztenentzako, demokrazia formala negozioak hasten direnean bukatzen da.

Aipaturiko fase berri honek hiru esparru ditu: politikoa, kulturala eta ekonomikoa.

Arlo ekonomikoan, erabakia argia da. Langileon eskulana eta gaitasunak guztiz merkantilizatuko dituzte, inolako eskubiderik gabe utziko gaituzte eta enpleguak guztiz prekarizatuko dituzte. Gainera, askatasun sindikalik gabe eta grebarako eta borrokarako eskubide gabe utziko gaituzte, negoziazio kolektiboa tresna bezala erreformen bidez deuseztatuz.

Arlo kulturalean, faxismo soziala jendarteratu dute: indibidualismoa, arrazakeria, homo-lesbo-transfobia langileon arteko lehia eta zatiketa. Eta jarrera hau hegemonikoa bilatzea lortu dute.

Arlo politikoan, gobernuen eta instituzioen eskumen politiko eta juridikoen anputazioa bilatzen dute. Zentzu honetan, herritarron tresna izan beharko liratekeen erakunde publikoak edukiz hustu nahi dituzte eta de facto, korporazio globalen gobernua ezarri. Eusko Jaurlaritzari esan nahi diogu bi aukera daudela gaur egun:

Tratatu neoliberalak onartzea eta sustatzea.
Erakunde publikoen bitartez, euskal herritarron eskubideak defendatzea eta neoliberalismoari oztopoak jartzea. Hori aurrera eramateko, burujabetza ezinbestekoa dugu Euskal Herrian.
Azkenaldi honetan egindako mugimendu politikoek erakusten dute gaur egun Eusko Jaurlaritzak duen jarrera lehenengoa dela. Madrilen PNVk CETA onartu du Senatuan eta gainera, Urkullu Kanadan egon da nazioarteko tratatu honek Euskal Herrian izan dezaken aplikazioa aztertzeko, eta balizko akordio ekonomikoak bilatzeko.

Multinazionalen interesak edo giza eskubideak defendatzea. Ez dago erdiko posiziorik, ez beste aukerarik. Bi aukera horien artean bat aukeratu behar du Eusko Jaurlaritzak.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko plantillak bertan behera utzi ditu greba eta mobilizazioak, Osasun Departamentuak jakinarazitako aurrerapausoak direla-eta

Joan den ostegunetik, gure hitzarmen kolektiboaren aplikazioaren inguruan Osasun Departamentutik jakinarazi zizkiguten aurrerapausoak eta albisteak ezagutu ondoren, Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko langileok erabaki dugu garatzen ari ginen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea.

Udaltzain batzuk Intxaurrondon jasotako formakuntza ikertzeko eta berriro halakorik ez dadin gertatu eskatzen dugu

Gipuzkoako hainbat udaltzaingotako agenteek Intxaurrondoko kuartel nagusian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan, egindako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu izana salatzen dugu.

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.