2026-10-02
HomeEkintza SozialaAurtengo ildo beretik doazen aurrekontuak aurkeztu ditu Gobernuak Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean

Aurtengo ildo beretik doazen aurrekontuak aurkeztu ditu Gobernuak Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean

Gaur bildu den Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean 2018ko aurrekontu egitasmoa jorratu da. Berriro ere, iaz egondako metodologia bera errepikatu da: sei egun (hiru lan-egun) lehenago bidali digute egitasmoa eta hortaz ez da egon azterketa sakonik egiteko denborarik. Eta berriro ere, Kontseilu Ekonomiko eta Soziala tramite hutsa izan da, egitasmoa Parlamentura bideratzeko. Eremu batzuetan norabaiteko parte hartze soziala izan duten planetako ekintzak jasotzen diren arren, oro har ez da egon aurrekontu parte hartzaileak egiteko inolako prozedurarik.

Mamiari dagokionez, eta azterketa sakonago baten faltan, hiru egiturazko mugapenek bere horretan jarraitzen dutela  dakusagu: batetik, Madrilek ezarritako mugapenak; bigarrenik, UPNko Gobernuek eragindako zorra; eta hirugarrenik, lan  errentetan oinarritutako fiskalitate ez nahikoa. Egia da egungo Gobernuari oinordetzan datozkiola hiru mugapen hauek,  baina LABen iritziz, Gobernua ez da behar bezalako erabakiak hartzen ari horiei aurre egiteko, neurri handi batean Geroa Bairen jarrera kontserbadorearen ondorioz. Aldaketa politiko-instituzionaletik sakoneko aldaketa sozialera igarotzeko, ezinbestekoa da instituzioak eta jendartea oro har aktibatzea Nafarroaren burujabetzaren alde; zorraren auditoria bururaino eramatea; eta Kapitalaren errentek nahiz enpresek gehiago ordain dezaten erreforma fiskal sakona egitea.

Kopuru orokorrei dagokionez, aurrekontua %2,4 hazi da aurreko urtearekin alderatuta, %4,1 finantzieroa ez den gastuari  erreparatuta, baina hazkunde hori Barne Produktu Gordin nominalaren hazkundea baino txikiagoa da (%4,4). Alegia,  aurrekontuak ekonomia baino gutxiago hazten dira eta, gainera, langileriak ordaindutako zergetan oinarritzen dira, soldatek Barne Produktu Gordinean duten pisua jaisten den bitartean. Beste hitz batzuekin esateko: Patronala oso eroso dago, etekin margen handi batekin, nafar langileriak jasotzen dituen prestazio eta zerbitzu publikoak gure maila ekonomikoak ahalbidetzen duena baino kaskarragoak diren bitartean. Izan ere, gogoan hartu beharra dago ongizate sozialean, osasungintzan eta hezkuntzan inbertitutako Barne Produktu Gordinaren portzentaiari dagokionez, Nafarroa Europako azken postuetan dagoela. Datu baikorrena, iaz jada nabarmen hazi zen Eskubide Sozialen Arloaren hazkundea berria da, baina aldiz, hezkuntzan eta osasungintzan egindako inbertsioa jaitsi egin da Barne Produktu Gordinarekin  alderatuta.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.