2026-04-09
Blog Page 868

Parisen izan da LAB, Frantziako Gobernuari euskal presoei ezarritako salbuespenezko neurriak bertan behera utz ditzan eskatzeko #AB9Parise

Garbiñe Aranburu Idazkari Nagusia, Igor Arroyo Idazkari Nagusi ondokoa eta Eñaut Aramendi Ipar Euskal Herriko bozeramailea buru duen LABen ordezkaritza zabala izan da gaur Parisen, "Bakearen Artisauek" deitutako manifestazioan.



Hamarkada luzez euskal presoei ezarritako salbuespenezko neurriak bertan behera uztea aldarrikatu du gaurko martxak, zehazki, DPS estatusaren kentzea, hurbilketa, gaixorik diren presoen askatzea eta baldintzapeko askatasuna baldintzak betetzen dituzten horientzat. Zentzuzko neurriak dira hauek guztiak Ipar Euskal Herriko gehiengo zabal batentzat eta baita Frantziako estatuko sektore askorentzat, gaur ikusi ahal izan denez. Frantziako Gobernuak eskari hauek aintzat hartu eta Espainiako Gobernua bere mendekuzko jarrera ankerran bakarrik eta isolaturik utz dezan espero du LABek. Borroka armatuaren amaieratik urteak eta armagabetzearen ondotik urte erdia igaro denean, premiazkoa da lehenik eta behin salbuespenezko politikarekin amaitzea eta, bigarrenik, euskal preso nahiz iheslari guztiak etxeratzeko bide orri bat adostea. 

Bide horretan lan egiteko bere konpromiso osoa berresten du gaurkoan LABek.

Parisen, 2017ko abenduaren 9an
 

 

 

Lan istripuen sarraskiarekin amaitzeko, administrazioei gardentasuna exigitzen diegu, eta konpromiso politikoa egoera aldatzeko


Abenduaren 1ean lan istripu larri bat gertatu zen Basauriko Gorsalva Holding S.L. enpresan (Basauri) abenduak 3an hil zen istripuaren ondorioz zauritutako 57 urteko langilea. LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diogu hildako langilearen senide, lagun eta lankideei.

Heriotza honekin gutxienez 53 langile dira lan istripuz edo istripuen ondorioz bere bizitza galdu dutenek urtea hasieratik Euskal Herrian. Hego – Uribe Arratiako eskualdean, azken bost hilabetetik hona lau langile bizitza galdu dute lanean.

Salatu nahi dugu, beste behin ere, hirugarren pertsona batetik jakin izan dugula istripu larri honen berri Sarraski honekin bukatzeko, administrazioei gardentasuna exigitzen diegu, konpromiso politikoa egoera aldatzeko eta gaur , berriro ere exigitzen diegu, lan istripuen aurrean tolerantzia 0, kontrola eta zaintza berma ditzatela.

Lan istripuak eta euren atzean dagoen prekarietatea lehen mailako arazo politikoa bilakatu behar dugu, horregatik lantokietan eta kalean borrokan jarraituko dugu, eredu berri baten alde, baldintza duinen alde eta langileon bizitza eta osasuna erdigunean jarriko duen jendarte eta herri baten alde.

Horregatik guztiagatik LAB sindikatutik gizarte osoari dei egiten dugu hurrrengo egunetan antolatu daitezkeen mobilizazioetan parte hartzera.
 

Heriotza honen aurrean, euskal gehiengo sindikalak kontzentrazioa egingo dugu abenduaren 11ean enpresaren aurrean 12:00etan.

 

 

Euskal Errepublika aldarrikatu dugu Durangoko kaleetan

LABek bat egin du Independentistak Sareak Durangon deitutako manifestazioarekin, abenduaren 6aren etorrerarekin urtero egin ogi dugun bezala. Hain zuzen ere, manifestariok Euskal Errepublika aldarrikatu dugu, eta Espainiako Estatuaren barruan Euskal Herriak ez duela etorkizunik ohartarazi dugu. Hala, "demokrazian, justizia sozialean eta askatasunean" oinarritutako etorkizun bat eraikitzeko deia luzatu dugu.
 

 

 

Zerrenda Bakarraren alde egin dezala eskatu diogu Izquierda-Ezkerrari

0

LAB sindikatuak deiturik hamarnaka lagun bildu da gaur Izquierda-Ezkerraren egoitzaren aurrean, koalizio horrek Zerrenda Bakarraren aurka duen jarrera salatu eta gaiaren inguruan jarrera aldaketa eskatzeko. Zerrenda Bakarraren aurka agertzeaz gain, I-Ek iragarri duenez prest dago PSNk Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko duen lege proposamenaren alde egiteko.

Proposamena aurrera ateraz gero, Zerrenda Bakarra oztopatzeaz aparte, arrazoi linguistikoak medio legez bermatuko litzateke Irakaskuntzan irakasleak zerrendetan banatzeko politika.

I-Eren jarrerak berezko garrantzia du, abenduaren 21ean egingo den osoko bilkuran UPN, PSN eta PPrekin lerratuz gero Aldaketaren indarren aurkako eraso berria izango bailitzateke hori. Bestalde, egun pairatzen dugun anormaltasun administratiboa lege bidez blindatzea eragingo luke. Gogoan izan Estatu osoan ez dagoela hizkuntza profilen arabera langileak banatuko dituen beste erkidegorik eta Nafarroan bertan Irakaskuntza dela segregazioa pairatzen duen alor bakarra. Honi erantsi behar zaio administrazioan gehiengo sindikalak agertutako iritziaren aurka doala.

LAB Nafarroa-Irakaskuntzaren izenean, Nora Salbotxek, bere arduradunak, adierazi duenez, ulertezina da “bere burua ezkertiartzat duen alderdi batek horrelako gaietan 155. artikuluaren aplikazioaren alde daudenekin laukoa osatzea”.
“Deigarria egiten zaigu I-E Zerrenda Bakarraren aplikazioaren aurka horren azkar agertu izana, besteak beste, bere oinarrietan inolako kontsultarik egin gabe. Aldi berean, izugarri harrituko gintuzke koalizio horretako oinarriak irakasleak profil linguistikoaren arabera segregatuak izatearen alde egotea”, adierazi du Salbotxek.

Zerrenda Bakarraren aldeko arrazoiak mila direla eta egungo egoera zentzugabekeria dela gogorarazi du LABeko kideak. “Gure gazteei selektibitatea euskaraz egiten badute soilik euskaraz dauden graduak ikasi ahal izango lituzketela aginduko bagenie, zer pentsatuko genuke? Bada hori da gure irakasleekin egun gertatzen ari dena profil linguistiko aberatsagoak dituztenak bereziki kaltetuz”.

Salbotxen aburuz zinez kezkagarria da egungo egoera legez indartu nahi izatea eta egoera hori egonkortzeak izan ditzakeen ondorioei buruz ohartarazi du. “Tamalgarria da XXI. mendeko Nafarroan elebidunak edota eleanitzak diren irakasleen segregazioa betikotu nahi izatea, lehen eta orain munduan barna jendea bere erlijio, arraza, egoera sozial edo genero arrazoiengatik zokoratua izan den bezalaxe”.

LAB-Irakaskuntzaren arduradunak azaldu duenez, abenduaren 21ean Nafarroako Parlamentuan PSNren proposamena eztabaidatu bitartean, “egoera bideratzeko tartea eta aukerak egon badaude. I-Ek informazioa nahi badu edo Zerrenda Bakarraren atal teknikoak negoziatzeko asmoa badu, egin dezala, baina ez dezala Zerrenda Bakarraren egitasmoa oztopatu, ez behintzat informazio ezaren edo aukera berdintasunaren izenean, justu kontrakoa lortuko duenean”.
 

 

 

Prekarietatearen aurka aliantzak eraikitzeko deia luzatu dugu Durangon, Ekimen Ibiltariaren ekitaldi nagusian

"Lan duina, bizi duina" aldarriak Euskal Herriko hainbat txoko zeharkatu ditu urriaz geroztik, Iruñean abiatu genuen dinamikaren eskutik. Durangora iritsi da gaur, azken geltokira, baina borrokak aurrera jarraituko du, langile kolektibo guztiei babesa eskaintzeko konpromisoa berretsi baitugu, euren eskubideen defentsan. Hala adierazi du LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok, Ekimen Ibiltariaren ekitaldi nagusian: "Lan duina eta bizi duina, horixe da gure bandera. Lan duina eta bizi duina, denontzat. Gizonentzat eta bereziki emakumeentzat. Edozein dela ere norberaren kolorea edo jatorria. Edozein dela norberaren gaitasun funtzionalak edo orientazio sexuala".

Kalejira batekin ekin diogu egunari, Ernai erakundearekin batera. Hain zuzen ere, gazteentzat izan ditu hitzak Arroyok, Landako Gunean egindako ekitaldian: "Prekarietatearen kontra, ekin diezaiogun elkarrekin. Aliantzak eraiki ditzagun. Eta guretzat aliantza garrantzitsua da LAB eta Ernairen artean garatu beharrekoa. LAB eta Ernai elkarrekin, borroka honetan aitzindari izan gaitezke". 

Ekimen Ibiltariarekin oso oinarrizko aldarrikapena zabaldu dugu eskualdez eskualde, bi hilabetetan zehar: pertsona orok, langile orok badu lan eta bizi duina izateko eskubidea, eta sindikatuok eskubide hori defendatzeko tresna izan behar dugu. "Sindikatuok ahalegin berezia egin behar dugu langile sektore guztiengana iristeko. Etxeko langileak eta ustezko autonomoak. Langabeak eta pentsiodunak. ETT bidezko langileak eta bekadunak. Badakigu hauetako askok sindikalismoa urruti sentitu izan dutela, orain arte. Guk zor historiko hori kitatu nahi dugu. Esan diegu, esan dizuegu: zuena da sindikatua. Har ezazue zuen eskuetan. Erabili ezazue, zanpatzen zaituen patroiari aurre egiteko. Erabili ezazue, beste aldera begiratzen
duten instituzioei neurriak har ditzaten exijitzeko", adierazi du Arroyok.

Nor bere aldetik ahula garela onartu du, baina elkarrekin boteretsuak garela nabarmendu du: Langileon botereaz, botere sindikalaz, prekarietatearen kontrako gerra abiatzera goaz".

Atera dugu gazteontzako lan eskubideen gida, salatu dugu lanbide heziketako praktiketan ematen den babesgabetasuna, prekarietatearen Argazki Nazionala egin eta argitaratzera goaz, eskualdez eskualde ekimenak antolatzera goaz… hainbat egitasmo ditugu esku artean, egungo errealitatea iraultzeko erronkarekin. "Kapitalismoan gutxiengo enpresarialaren etekinek dute lehentasuna. Horrela da munduko herrialde gehienetan. Horrela da Espainiako Estatuan ere. Gaurko egunez, argi eta garbi salatu behar dugu Espainiako Konstituzioaren itxurakeria. Lanerako eskubideaz mintzo da, baina lan esplotazioa ahalbidetzen du. Etxebizitzarako eskubidea aipatzen du, baina etxegabetzeak ahalbidetzen ditu. Hau ez da gure Konstituzioa, arrotza delako, Konstituzio inposatua delako eta langileon zanpaketa ahalbidetzen duen Konstituzioa delako", azpimarratu du LABeko idazkari nagusi ondokoak.

Arroyoren hitzetan, "guk sistema ekonomiko eta politikoari buelta eman nahi diogu. Erdigunean, enpresarien etekinen ordez, bizi eta lan duinerako eskubidea kokatu nahi dugu. Bizi eta lan duina bermatuko duen Euskal Errepublika eraiki nahi dugu. Eta horretara goaz", erantsi du.

Hala, Landako Guneko ekitaldian, prekarietatearen harresia eraitsi dugu modu sinbolikoan, langile kolektibo guztiak ikusgarri egiteko eta borrokarako deia zabaltzeko.
 

 

 

MOBELeko langileek deitu dituzten grebei babesa erakutsi diegu

0
LAB sindikatutik MOBEL enpresako langileen egoera salatu nahi dugu. Barakaldoko IKEAri ematen dio zerbitzua MOBELek eta pasa den azaroaren 10ean, itxierako EEEa aurkeztu zuen langile guztientzat, 21 finkoak, 4 aldi baterakoak eta 30 ustezko autonomoak. Pasa den astean apurtu zen itxierako EEEaren negoziazioa. Honetatik kanpo utzi dituzte IKEA eta MOBELek usteko autonomoak diren 30 langileak, IKEA dutenak bezero bakar bezala.

Langile hauek IKEA eta MOBELekiko erabateko menpekotasuna daukate. Hauek dira euren berezo bakarrak, zuzenean MOBELek kontratatuek egiten dutenek bezala, lan-kontratu batekin, salbuespen bakarrarekin, ustezko autonomoak ez daudela itxiera EEEaren barruan. Hortaz, IKEA eta MOBELek kaleratze zuzena ezarriko diete koste guztiak aurreztuz, inolako kalteordainik gabe “kaleratuak” izango direlarik.

LABek bat egiten du MOBELeko langile guztiek egindako mobilizazioekin eta IKEAren jarrera salatu nahi du, beste behin, grebarako eskubidea boikoteatzen ari dena. Astelehenetik, abenduaren 4tik, sortu berri dituen 2 enpresetako batekin egiten ari da garraioak, hauek printzipioz urtarrilean hasi behar ziren lan hau egiten. Honela, MOBELeko langileen protestaren eragina murriztu nahi du.

MOBELeko langileek lanuztea egingo dute bihar, abenduaren 7an, 18:00etatik 18:30era eta greba larunbatean, abenduaren 9an eta astelehenean, abenduaren 11an.
 

 

 

La Asuncion klinikako langileek lanuzteak egingo dituzte hitzarmen duin baten defentsan

0

Tolosako klinikako zuzendaritzak negoziatzeko asmorik ez duela jakinarazi die langileei: ez du soldata igoeraz hitz egin nahi, 2010etik izoztuak dauden arren; ez du urteko lanaldia murrizteari buruz hitz egiteko asmorik, langileek Osakidetzan baino 78 lan ordu gehiago dituzten arren; eta ez dio klinikako zerbitzuan gertatzen ari den gainbeherari heldu nahi, medikuak joaten ari diren arren.

Larunbatean ekin zieten mobilizazioei, LAB eta ELA sindikatuok deituta. Hauek dira hurrengo egunetarako aurreikusitako protestak:

-Abenduak 13: Lau orduko lanuztea, 8:00etatik 12:00etara. Elkarretaratzea, 15:15etik 16:15era.

-Abenduak 20: Egun bateko lanuztea.

-Abenduak 27: Auto karabana, 18:00etatik 19:00ak bitartean.

-Urtarrilak 8 eta 9: Bi eguneko lanuztea.
 

 

 

Amesgaiztoak ez du etenik Pasaiako Zahar Etxeko langileentzat

Pasaiako Udal Zaharren Egoitzako langileok berriz salatu nahi dugu nola tratatu gaituzten Fundazioak eta Udalak. Borroka askoren ondoren, azkenean abuztuaren 17an azkenean sartu zen lizitazioagatik Pasaiako Zaharren Egoitza ABEE, Clece Zaintzen. Ematen zuen Kaipe ateratzen ari zen enpresarekin bizitako amesgaiztoa amaitu egingo zela. Azken honen etengabeak izan baitziren bere egitekoen ezbetetzeak. Kaipe enpresak alde egin zuen 2017ko uztaileko hilabetea zorretan utzita, eta horregatik, fundazioak erretenitu egin zuen gure abuztuko soldata, euren arabera, kobratu egingo genuela ziurtatzeko. Aste honetan zehar fundazioa langileen erreklamazioak jasotzen ibili da. Eta ideia bikaina izan dute. Soilik 11 langileri ordaintzea uztaila, abuztua eta finikitoak, jakinik horrela eginez gero ez zela guztiekikin zuten zorra kitatzeko nahikoa dirurik egongo.

Euren txapuzetako bat egin dute berriro. Langile batzuei dena ordaindu eta beste batzuk ezer gabe utzi. Langileen artean sortu duten bakarra haserrea da. Zergatik ez zaigu ordaindu modu proportzional batean?

Zer da lortu nahi dutena, zatitzea? Ez dute lortu. Baztertu eta ninguneatuak sentitu gara, bilera bat egiteko aukerarik ere ez dugu izan, oso lanpetuta omen zeudelako. Zorrak dituzten beste langileei lehenbailehen ordaintzea eskatzen diegu.

Eurak dira egoera hau urtetan zehar bizi izanaren errudunak, inoiz ez baitute Kaipe enpresa salatu eta hogei urte baino gehiagoz mantendu dute.
 

 

 

Parisera joateko deia luzatu du Batzorde Exekutiboak

Datorren larunbatean, abenduak 9, Bakearen Artisauek deituta, manifestazio bat izango da Parisen, “Orain, presoak” leloarekin. Hain zuzen ere, mobilizazio horretara joateko deia luzatu du gaur LABeko Batzorde Exekutiboak, euskal presoen egoerari behingoz heldu behar zaiola nabarmendu eta gero. LAB sindikatuak ordezkaritza bat izango du Parisen, Garbiñe Aranburu idazkari nagusia buru. Foro Sozial Iraunkorrak bultzatuta elkartu ginen urrian Bilboko Plaza Berrian, larunbateko manifestazioaren berri emateko.
 
Datorren larunbatean, abenduak 9, Bakearen Artisauek deituta, manifestazio bat izango da Parisen, “Orain, presoak” leloarekin. 11:30ean izango da 1940ko Ekainaren 18ko plazan, Gare Montparnasseren ondoan.

Hain zuzen ere, mobilizazio horretara joateko deia luzatu du LABeko Batzorde Exekutiboak, euskal presoen egoerari behingoz heldu behar zaiola nabarmendu eta gero. LAB sindikatuak ordezkaritza bat izango du Parisen, Garbiñe Aranburu idazkari nagusia buru.

Foro Sozial Iraunkorrak bultzatuta elkartu ginen urrian Bilboko Plaza Berrian, larunbateko manifestazioaren berri emateko.
Gure egiten ditugu berriro ere Bilboko agerraldian botatako hitzak: “Beraz, gaur eta hemen, berriro egiten diegu dei gure herriko eragile politiko, sindikal eta sozialei, eta hiritar guztiei ere bai, esku-har dezaten eta herri bakoitzean, auzo bakoitzean, lantoki bakoitzean, fakultate bakoitzean eta ikastetxe bakoitzean bozeramaile moduan joka dezaten eta, gero eta ahots gehiago gehituz, Bakearen Artisauen ekimenari sostengua ematen dion mezu hau transmiti dezaten. Frantziako Estatuan euskal presorik gabeko behin betiko bakerantz urrats erabakigarria emateko helburuarekin, Parisen bihotzean abenduaren 9an ospatuko den manifestazioan esku-hartzera animatuz. Horrek, zalantzarik gabe, lagunduko baitu akordioetan aurrerapausoak ematen, hemen, Euskadiko Komunitate Atonomoan eta Nafarroan”.