2026-04-10
Blog Page 857

Igande eta jai egunetan 0 irekiera izatea berriz aldarrikatu dugu Nafarroan

Atzo, urtarrilak 7, igandearekin, LAB kalera atera da berriz ere, jai egunetan eta igandeetan 0 irekiera aldarrikatzeko, Huarteko Itaroako merkataritza gunean egindako ekintza baten bidez.

LAB sindikatua Nafarroan merkataritzako langileek pairatzen dituzten ondorioak ikusarazteko mobilizatu da, Itaroako merkataritza gunean gauzatutako ekintza baten bidez; merkataritza gunean pankartak zintzilikatu ditugu, hain justu.

LABek berriz salatu du jai egunetan lan egiteak lan baldintzak kaskartzen dituela, lanpostuak suntsitzen dituela, bizitza eta lana kontziliatzea ezinezko bihurtzen duela, merkatari txikiak kaltetzen dituela eta gizarte kontsumista eredua inposatzen duela.

Igande eta jai egunetan irekiera 0 izan arte, LAB sindikatuak kalean eta langileak babesten jarraituko du.
 

 

 

Mobilizaziora deitzen dugu lan-istripuz izandako urteko lehen heriotzaren aurrean

Gaur jakin dugu, atzo gauean, J.M.L. autobus gidaria hil zela Aretxabaletan, lan istripu baten ondorioz, berak gidatzen zuen autobusa eta motzortzale batek aurrez aurre talka egin ondoren.

Lehenik eta behin LAB sindikatutik gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi diogu autobus -gidarien senide eta gertukoei.

Urteko laugarren egunean iritsi da 2018ko lehen lan-istripu hilgarria. 2017an, gutxienez 54 izan ziren Euskal Herrian lan- istripuz hildako langileak.

Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak prekarioak dira.

Garraiolariek ez daukate gaixotasun arrunt nahiz lanekoen aurrean babes egorik askotan, eta gainera, salatu behar dugu garraiolariek lanaldian izaten dituzten lan istripuak ez direla estatistika ofizialetan kontuan edukitzen.

Errepideetako lan istripuen ikerketak Ertzaintzaren esku geratzen dira, OSALANek ez baitu konpetentziarik. Ondorioz, ez du lan istripuen aurre-informea egiten eta istripuen zergatiak eta ez dira hartzen ekiditzeko beharrezkoek diren neurri prebentiboak.

Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak. Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, gainera.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatutik deia egiten diogu langile klaseari PESAko Enpresa Komiteak deituta, datorren astelehenean hilak 8, Arrasateko Garibay autobus geltokian 13:00etatik aurrera egingo duen kontzentrazioan parte hartzeko.

 

 

 

Alfako langileak kalera irten dira euren lanpostuen defentsan

0

Abenduaren 11tik greba mugagabean daude Alfako langileak. Enpresak likidazioa aurkeztu zuen eta langileen hainbat mobilizazioa egin dituzte ordutik hona; gaur goizean, azkena. Hain zuzen ere, kotxe-karabana bat egin dute eta elkarretaratze bat, Untzaga plazan.

Hauxe da enpresa batzordeak igorritako oharra:

Alfa Taldeko langileak 2017an amaitutako parametro berdinetan eman diote hasiera urteari, GREBA MUGAGABE batekin lanpostuen defentsan eta Eibarko lantegi enblematikoenaren etorkizunaren alde borrokan.

Modu berean 2018ko lehen asteko grebak izandako jarraipenaren berri eman nahi dugu, hainbat hedabidek datu okerrak zabaldu baitituzte. Egun lanean diren eskirolen portzentaia Alfa Precision Casting-en %33,59koa da, eta hori erakusten duten egunero enpresak sinatutako aktak ditugu.

Likidazio prozesuaren harira, aste honetan jaso berri dugu epaileak prozesuari oniritzia eman dionaren komunikatua eta 15 egunen epean likidazio plan bat jarri beharko duten administratzaile konkurtsalak izendatu dituela.

Horregatik, datorren astean Eusko Jaurlaritzarekin bilduko gara eta asteartean, Administratzaile Konkurtsalekin, hiru puntu hauetan oinarritutako akordio batetara heltzeko:

Taldea osatzen duten enpresa guztietan enplegua egonkortzeko eta hari eusteko konpromisoa.
Jendea kaleratzekotan, ez dadila modu traumatikoan egin.
Langileek eta hauen senideek Alfa taldeko enpresetan izan dezaketen etorkizunari buruzko informazio argia, erreala eta zehatza jaso behar dute, baita likidazio planari buruzko informazioa ere.

Askotan esan dugu, eta ez gara errepikatzeaz nekatuko. Hemen gertatu denaren ardura hiru pertsona hauek dute: Jon Ander Buenetxea, Iñaki Uzkudun eta Jorge Agirrebeña. Hauek 2.289.092 euro banatu zituzten euren artean, Alfa taldea egoera zailean zegoenean, hartzekodunen hitzarmen bat egonda. Kudeatzaile miresgarri hauek eraman dute Alfa taldea dagoen egoerara.

Bukatzeko, enpresa batzordetik deituko ditugun mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.

 

 

 

Garbialdiko langileek ikatza utzi dute Bizkaiko Foru Aldundiaren atarian

0

Bizkaiko Aldundiko garbiketaz arduratzen den Garbialdi azpikontratako langileek elkarretaratze bat egin dute gaur Bilbon, eta hitzarmenaren negoziazioa 2012. urteaz geroztik blokeatuta dagoela salatu dute. Errege Magoek bat egin dute protestarekin.

LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deituta, mobilizazio bat egin dugu gaur Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean. Hain zuzen ere, Garbialdi eta Bizkaiko Foru Aldundiko zentroak garbitzen dituzten langileen arteko hitzarmen kolektiboa blokeatuta dagoela salatu dute, eta orduz geroztik soldata izoztuta dutela: "Enpresak ez du, inondik inora, gure lan baldintzak hobetuko dituzten akordioetara heltzeko borondaterik", adierazi dute langileen ordezkariek.
 

 

 

Eusko Jaurlaritzak errentagarritasuna lehenetsi du CAFen akzioen erosketan

0
Eusko Jaurlaritzak CAFeko akzioen %1,24a eskuratu zuela jakin dugu gaurko egunez. Akzio horiek Kutxabanki erosi dizkio. Eragiketa hau, sortu berri duten inbertsio funts publiko pribatuaren lehen eragiketa da.

LABek partehartze publikoaren beharra aldarrikatu du, enplegua eta lurraldearekiko konpromisoak hartzen dituzten enpresa estrategikoetan jarraipen, kontrol eta bultzadarako, beste industria politika baterako dekalogoan aldarrikatu genuen moduan. Gure iritziz, CAF Euskal Herriaren industriaren etorkizunerako enpresa estrategikoa da.

Kasu honetan, akzioen eskuratze hau norabide egokian doan arren, ez du inolako eraginik izango ez enpresaren kontrolean, ez enpresaren jarraipenean ezta enpresaren bultzadan, parte hartze honen ondorioz Administrazio Kontseiluko kide izatea ere lortu ez duelako Eusko Jaurlaritzak. Beraz, beste behin Eusko Jaurlaritzak marketing operazio bat burutu duela esan dezakegu.

Gainera, ez da egia erosketa honekin akzioen jabetza publikoa areagotzen dela, gogoratu nahi baitugu, Kutxabanki erosi dizkiola akzioak, eta Kutxabanken bankarizazio eta pribatizazio prozesuak ekarri duela egoera hau. Hain zuzen ere, eragiketa egin ondoren, CAFeko akzioen %10 baino zerbait gehiagoren jabe izango da oraindik Kutxabank, eta oraindik jakiteke dago zer gertatuko den akzio hauekin. Horrelakoek erakusten dute beharrezkoa dugula industriarentzat euskal banka publiko bat sortzea, besteak beste enpresa txiki eta ertainen finantziazio beharrari erantzuteko. Kutxabankek paper hau hartu behar duela uste dugu, eta hortaz, duen partehartzea mantentzeko eskatzen diogu.

Gure iritziz, azkenaldian enpresa batzuetan gertatutakoek erakusten dute Eusko Jaurlaritzaren enpresen kapitalean parte hartzea era arduragabean gauzatu duela: XEY enpresaren kasuan, akzioen %30 izanagatik, inolako neurririk proposatu gabe likidaziora heldu aurretik eta CELen kasuan, akzioen %40a oparituz enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu aurretik. Jaurlaritzaren lehentasuna ez dira proiektu industrialak eta enplegua, errentagarritasuna baino.

Zergatik uko egiten zaio arazoetan dauden enpresetan irtenbide bat bilatzeari? Zergatik ez dira diruz laguntzen arazo finantzieroak dituzten ehundaka enpresa txiki eta ertain Kutxabank publikoaren alde eginez?

Akzioen erosketa hau, norabide onean eman den urratsa izanagatik, ez da nahikoa ez duelako bermatzen CAFen erabakigunea Euskal Herrian geratuko dela etorkizunean. Uste dugu erosketa honekin Eusko Jaurlaritzak errentagarritasuna bilatu duela, industria sarea sendotzea baino eta hortaz eskatzen dugu partaidetza hau areagotzea erabakigunea Euskal Herrian geratuko dela bermatzeko. Gainera, lan baldintzekiko eta lurraldearekiko konpromisoak hartzen dituzten enpresa estrategikoetan partehartze hau haunditzea eskatzen dugu, euren jarduera bultzatzeko eta jarraipena eta kontrola bermatzeko.
 

 

 

Sokoako langileek elkartasuna adierazi diote Sebastien Hiriarti

Hendaiako Sokoa enpresako zuzendaritzak Sebastien Hiriart kaleratu du. Aipatutako langilea kaleratze arriskuan zegoen, eta, hori dela eta, lankideek hainbat mobilizazio egin zituzten abenduan. Bada, Gabonetako oporretatik bueltan, Hiriartek kaleratze gutuna jaso eta gero, Sokoako langileek batzar bat egin dute erabaki horren aurrean zein urrats emango dituzten zehazteko eta Hiriarti berari elkartasuna adierazteko.

Auzitegietara joko dute Sebastien Hiriarten kaleratzea dela eta, zuzendaritzak asmatutako aitzakia bat baliatu duelako erabakia hartzeko: produktibitatea ez lortzea. "Argi dugu Sebastien Hiriart apirilaz geroztik soldata negoziazioen karietara egindako greba mugimenduan parte hartze aktiboa izan duelako kaleratua izan dela", azaldu dute langileen ordezkariek.

"Inoiz baino lan eta ekoizpen handiagoa" dutenean gertatu da kaleratzea, Macron Legea baliatuta, gainera; kalte-ordain "merke" baten truke. "Gaur Sebastien Hiriart da, eta bihar ezin izango da?", galdera egin dute langileek.

46 urtetan, lehen aldia da kalearatze bat ematen dela Sokoan. Enpresak kanpora begira balio batzuk erakusten dituela adierazi dute langileen ordezkariek, baina Sokoaren benetako balioak bestelakoak direla ohartarazi dute.

 

 

 

Amiantoaren ondorioz hildako langile ohi baten heriotzaren berri eman du Beasaingo CAFeko enpresa batzordeak

0

Beasaingo CAFen amiantoarekin lana egitearen ondorioz bi langile hil zirela jakinarazi zuen iaz enpresa batzordeak, eta, horren harira, omenaldi bat antolatu zuen urrian, Beasainen. Bada, enpresa batzordeak berak beste heriotza baten berri eman du orain, urte amaierarekin batera etorritakoa.

Beasaingo CAFeko enpresa batzordeak jakin zuen duela aste batzuk Donostiako 2. Epaitegiak laneko gaixotasun gisa onartu ziola CAFeko langile ohi bati amiantoarekin lan egin izanaren ondorioz eratorritako mesotelioma gaitza. Orain, zoritxarrez, urtearen amaierarekin batera langile ohi horren heriotzaren berri izan dute.

Enpresa batzordeak doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkie hildakoaren senide eta lagunei. 2017an, amiantoaren ondorioz hil den 19. langilea da Euskal Autonomia Erkidegoan.
 

 

 

Enplegua bermatuko lukeen proiektu bat izango litzateke irtenbide onena XEYko langileentzat, hartzekodunentzat eta eskualdearentzat

0

Urtarrilaren 9an argituko da XEYrentzat eroslerik den ala ez. LABen ustez, proiektu industrial bat eta lanpostuen bermea jarri behar dira diru guztiaren gainetik, pertsonak diruaren gainetik. XEYk erabaki okerren ondoriozko zorpetzeak ito du, baina bere jarduerak irabaziak ematen zituen azken urteetan. Proiektu berri bat martxan jarri liteke. Ezin dugu espekulatzailerik onartu. Erosleren batek langileak hartzeko konpromisoa hartuko balu, eskeintza hori lehenestea eskatzen dugu. Lanpostuen aukera ekarriko lukeen proiektu bat izango litzatekeelako irtenbide onena langileentzat, hartzekodunentzat eta eskualdearentzat.

Urteak sufritzen igaro ostean, pasa den Abuztuaren 2an egikaritu zen aspaldian gezurren, transparentzia ezaren eta informazio ezkutatzearen politiken ondorio lazgarria: XEY ofizialki itxia izan zen eta 140 langile langabeziara kondenatu zituzten. Kale gorrian utzi zituzten.

Hau nahikoa ez, eta akzioen %30aren jabegoa Eusko Jaurlaritzaren esku zegoela jakitea, langileontzako helduleku baino, gaur egun esku pribatuak inongo berme sozial eta industrialik gabe ornitzeko eta alde soziala eta euskal industria sarea babestu eta egonkortzeko inongo politikarik ezaren adibide garbi eta mingarri bat izan da. Guztion dirua txeke zuri bat bailitzan erabilia izan da, inongo konpromezurik ezarri ez eta jarraipen minimorik ere egin ez zaiona instituzio honen partetik.

XEY Hartzekodunen Konkurtsoan dago, eta Administradore konkurtsalaren papela jorratzen duen NORGESTION taldeak, epailearen onespenez, Enpresako aktibo osoak 2 lotetan banatzea aurreikusi du, nahiz eta LABek dena batean likidatzeko eskaera egin zien. Alde batetik marka eta makinaria, eta bestetik pabeiloia likidatuko dituzte.

Urtarrilaren 9an amaituko da lehenengo fase hau eta ondorioz, XEYrentzat eroslerik ba ote datorren jakingo dugu. Baina denborak gainera datozkigun honetan, lanpostuen eta espekulatzaileen etorreraren inguruan gure kezkak areagotu soilik ez dira egiten.

Izan ere, LABek uste du erabaki honek espekulatzaileei atea irekitzen diela, aukera egongo baita egiten den eskeintzaren arabera, XEY marka erabiltzeko enplegurik sortu gabe, ez baidute langileak kontratatzeko obligaziorik ezarri marka erabili ahal izateko, edo pabiloia erosteko.

Proiektu baten sarrera eta eraikuntzara zuzendutako likidazio plana baino, ahalik eta diru gehien ateratzera zuzendutako plana dela deritzogu. Lanpostuen bersorrera eta etorkizunera begirako proiektu erakargarri bat bertara aurkeztea zailtzen duen plan bat dela nabarmendu nahi dugu.
 

 

 

Prekarietatearen kronifikazioa ematen ari da erregistratutako langabeziaren jaitsierarekin batera

Abenduan enplegu zerbitzu publikoetan erregistratutako langabeziak 235 pertsonetan egin zuen behera aurreko hilearekiko. Hortaz, 163.289 pertsonetan kokatzen da langabezia zifra ofiziala. Hauetattik, %55,78 emakumezkoak dira. EAEn langabezia jaitsi arren, gora egin zuen Nafarroan, 511 pertsonetan.

Barne Produktu Gordina hazten ari dela goraipatzen dute instituzioek, baina lan eta bizi-baldintzen prekarizazioan sakontzen ari da. Datorren urterako ere, bai Jaurlaritzak eta baita CONFEBASK patronalak ere aurrikuspen onak egin dituzte, ekonomia hazi eta langabezia murriztu egingo omen da.

Langabezia tasen murrizketaz ezkutatu nahi dute lan harremanetan izaten ari den prekarizazioa. Inposaturiko lanaldi partzialen gorakadak ez du etenik, kontratuen iraupenak oso motza izaten jarraitzen du, egiten diren kontratuen gehiengoa behin behinekoa da (lau langiletik batek behin behineko kontratua du). Espainiar estatuak eta Poloniak besterik ez dute Hego Euskal Herriak baino behin behinekotasun tasa altuagoa.

Enplegu berririk apenas sortzen da eta 2008an krisialdian sartu aurretik zegoen enplegu kopurua berreskuratzetik urrun gaude oraindik, 137.000 lanpostu gutxiago daude. Lan harremanen prekarizazioak ez du aldamenean, ez politika publiko ez babes sozial sistema egokirik eta ez du izango aurrerantzean ere aurkeztu dituzten aurrekontuekin.

Kezkarareko beste elementu bat langabeziagatiko babes sistema espainiarrak ematen duen estaldura mugatua da. Egun, Hego Euskal Herrian, ofizialki langabezian dauden guztien %30ak soilik jasotzen du langabeziagatiko edozelango prestazioren bat. Hau da, 114.410 langabetu dago prestaziorik jaso gabe.

Kasu honetan ere emakumeen egoera okerragoa da. %27,4raino murriztu da estaldura tasa emakumeen artean. Gizonezkoen artean aldiz, %33,5ean dago.