2026-04-10
Blog Page 856

Espetxe politikari buruzko mahai inguru bat antolatu du biharko Foro Sozialak

PSE, EAJ, Elkarrekin-Podemos eta EH Bildu alderdiek espetxe-politikari buruz eztabaidatuko dute lehen aldiz era integral batean. Bilbon izango da solasaldia, Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren egoitzan, 17:00etan.

Foro Sozial Iraunkorra presoen gizarteratzeari begira ari da lanean, elkarrizketa aldeaniztunen bidez, alderdi politikoekin eta sindikatuekin bilduta. Honen harira, ostegunean, Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren egoitzan, mahai inguru bat antolatu du Foro Sozial Iraunkorrak Bilbon, “Garai berrietan espetxe politika berria” lemapean. 17:00etan hasiko da.

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiek jaso dute gonbidapena, eta honako hauek konfirmatu dute parte hartzea: Amaia Arregi (EAJ-PNV), Julen Arzuaga (EH Bildu), Rafaela Romero (PSE) eta Andeka Larrea (Elkarrekin-Podemos). Legebiltzarkideak izateaz gain, denak dira beraien alderdi politikoen exekutiben kide. Alderdi Popularrak ez parte-hartzea erabaki du.

Moderatzaile lanetan Teresa Toda egongo da, kazetaria eta Foro Sozial Iraunkorraren kidea, eta LABeko hainbat kide izango dira entzuleen artean; sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, tartean.

Mahai inguru hau Sarek larunbaterako Bilbon deitutako manifestazioaren atarian antolatu dute.
 

 

 

Kalitatezko osasun zerbitzu bat eskaintzea dutela helburu berretsi dute La Asuncion klinikako grebalariek

0

Atzo eta gaurko deitutako greba egunak direla eta, hainbat mobilizazio egiten ari dira Tolosaldean. Gaur goizean, elkarretaratze bat egin dute klinikaren atarian, eta, atzo egin bezala, protesta hauek jarraipena izango dute ondoren, Andoain eta Belateko zentroetan. Arratsaldean, 18:00etan, manifestazio bat egingo dute Tolosako udaletik abiatuta.

Abenduaren 13 eta 20an aurrera eramandako lan uzteek erabateko jarraipena izan zuten langileon aldetik. Ondorioz, enpresak negoziatzera deitu zituen. Hala ere, aurkeztu zieten proposamena langileen aldarrikapenetatik oso urrun aurkitzen da.

Akordiorik lortu ez zutenez, urtarrilaren 9 eta 10an grebara deitu zuten. Greba hau Invizako zuzendaritzak bere langileekiko duen interes faltaren ondorioa da.

20 urte hauetan klinikaren garapenean aurrerapausoak eman badira, langileen konstantzia eta profesionaltasunari esker izan da. Baina ezin da gauza berdina esan lan baldintzen garapenari buruz, azken urte hauetan lan baldintzen prekarizazio sistematikoa bizitzen ari baitita Montoya eta bere lagunen aldetik.

Sozialki ezaguna den bezala Invizako langileak joaten ari dira, dituzten lan baldintza txarren ondorioz. Adibide garbia da traumatologiako medikuekin geratutakoa. Asunción Klinikako traumatologia zerbitzua hankamotz geratu da, zuzendaritzaren arduragabekeriaren ondorioz.

Asuncion Klinikako langileek 2012 -2016 urte bitartean ez dute inongo soldata igoerarik izan, eroste ahalmenaren galerak ez du etenik izan. Urteko lanaldia 1.670 ordutakoa da, asteko 35 orduetatik oso urrun kokatzen direlarik; gainera, azken urteetan lanaldietan ez du murrizketarik izan 2010. urtetik. Pertsonal falta, kontratuen irregulartasuna eta lan zamaren handitzea egunerokotasunean egonkortu dira.

Egoera larri honen aurrean zuzendaritzari hurrengoa eskatzen diote: eroste ahalmena berreskuratzeko benetako pausoak ematea. Urteko lanaldia 1.592 orduetara gerturatzeko pausoak ematea, pertsonala handitzea, hauen kontratazioa erregularizatzea eta lan zamak hobetzea.

Langileen helburua Tolosaldeko 65.000 biztanleei kalitatezko osasun zerbitzua eskaintzea da; enpresarena, berriz, langileen lan baldintzak eta osasun zerbitzuak prekarizatuz dirua irabaztea. Kalitatezko osasun zerbitzu bat eman ahal izateko ezinbestekoa da langileen lan baldintzak hobetzea.

 

 

 

Abiadura Handiko Trenaren aurka protesta egin dugu Iruñean, Iñigo de la Sernaren bisita dela eta

0

Espainiako Sustapen ministro Iñigo de la Serna Euskal Herrian da. Iruñean egin du agerraldia goizean eta Gasteizen izango da arratsaldean, Euskal Y-aren lotuneei buruzko zehaztasunak emateko. Hala, Iruñean, hainbat eragile sozial, politiko eta sindikaletako ordezkariok protesta egin dugu, De la Sernaren bisita dela eta. Hain zuzen ere, Abiadura Handiko Trenaren kontra eta tren sozialaren alde irten gara kalera, eta Madriletik datozen inposizioak salatu ditugu.
 

 

 

SAREren Bilboko manifestazioan parte hartzeko deia egin diegu euskal langileei

Bada garaia euskal presoek pairatzen dituzten urraketei amaiera emateko. Bada garaian presoen aferan adostasunak eraikitzeko. LABek prestasuna erakutsi nahi du elkarrekin aurrera egiteko eta urtarrilaren 13an Bilboko kaleak betetzeko deia egin du.

Preso eta iheslariak etxera ekartzeko borroka indartzearen inguruan, aipatzekoa da Parisen abenduaren 9an izandako manifestazio jendetsua, “Orain presoak” lemapean izan zena. Bilboko datorren larunbatekoa izango da hurrengo hitzordu garrantzitsua, SAREk deituta eta “Prest gaude” lemarekin.

Manifestazioa 17:30ean abiatuko da Bilboko La Casillatik. Garbiñe Aranburu idazkari nagusia buru duen LABen ordezkaritza batek manifestazioan parte hartuko du. LABek langileei manifestazioan parte hartzeko deia egiten die.

Presoen gaiaren inguruan, Ipar Euskal Herrian adostasun zabalak eraiki dira esparru politikoan eta jendarte zibilaren inplikazioa ere eredugarria da. Honek Frantziako Gobernuarekin interlokuzio bat zabaltzea posible egin du eta hasi dira mugimenduak. Frantziako Gobernuaren jarrera aldatzea lortuko balitz, areagotu egingo litzateke Espainiareko gaineko presioa.

Espainiako Gobernuak euskal presoekiko salbuespen eta mendeku politikan ez du aurrera urrats bakar ba ere eman. Preso gaixoena da horren adierazlerik nagusiena. Euskal Herrian adostasun zabala lortu da gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea eskatzeko. Hainbat ekimenen artean aipatzekoa iruditzen zaigu Foro Sozialaren eskutik, EAEn uztailaren 5ean egin zen adierazpen sindikal eta agerraldia; horren hurrengo urratsa izan da, lehen aldiz gehiengo sindikalarekin batera UGT ere agertu izana Ibon Iparragirre askatzeko mobilizazio batean. Nafarroan ere sindikatu guztiok egin dugu bat eskakizun horrekin.

Aurrera begira, gaixo diren presoekin lortutako adostasun bera lortzen saiatuko gara presoen Euskal Herriratzeari eta bestelako salbuespen neurrien ezabaketari dagokionez, preso eta iheslari guztiak etxeratzeko bidean. Bide honetan, garrantzia berezia hartzen du Foro Sozial Iraunkorrak Irunen urtarrilaren 26 eta 27an preso eta iheslarien inguruan antolatutako saioak.
 

 

 

La Asuncion klinikako langileek lanuzteekin jarraitzen dute

0

Tolosako La Asuncion klinikako langileek lanuzteekin jarraitzen dute, egun osoz gaurko egunari dagokionez. Lau orduko eta egun osoko lanuzteak egin zituzten abenduan, eta, urte berriaren etorrerarekin, borroka indartu dute, beti ere hitzarmen duin baten defentsan. Elkarretaratze bat egin dute gaur klinikan bertan, eta datozen orduetarako hainbat protesta dituzte aurreikusita: bihar, adibidez, gaur bezala, greba eguna egingo dute.

Tolosako La Asuncion klinikako zuzendaritzak negoziatzeko asmorik ez duela jakinarazi die langileei: ez du soldata igoeraz hitz egin nahi, 2010etik izoztuak dauden arren; ez du urteko lanaldia murrizteari buruz hitz egiteko asmorik, langileek Osakidetzan baino 78 lan ordu gehiago dituzten arren; eta ez dio klinikako zerbitzuan gertatzen ari den gainbeherari heldu nahi, medikuak joaten ari diren arren. Hori dela eta, lanuzteak eta mobilizazioak deitu ditugu LAB eta ELA sindikatuok.

Hauxe da gaur eta biharko aurreikusitako mobilizazioak:

Urtarrilak 9, asteartea

8:00-10:00: elkarretaratzea, klinikan.
10:30-11:15: elkarretaratzea, Andoainen.
11:45-12:30: elkarretaratzea, Belaten (Tolosa).
16:00-16:45: auto karabana, Andoainen (Eroskiko aparkalekuan elkartuko dira).
17:00-18:00: auto karabana, Tolosan, klinikatik abiatuta.

Urtarrilak 10, asteazkena

8:00-10:00: elkarretaratzea, klinikan.
10:30-11:15: elkarretaratzea, Andoainen.
11:45-12:30: elkarretaratzea, Belaten (Tolosa).
18:00: manifestazioa, Tolosako udaletxetik abiatuta. 
 

 

 

Langile guztientzako amaiera espedientea eta Geyser-Gastech sozietatearen likidazioa aurkeztuko dute

0

Edesa Industrial eta Geyser Gastech-eko enpresa batzordeek jakinarazi dute Cataren zuzendaritzak, abokatu baten bitartez, plantilla osoarentzat amaiera espediente bat aurkeztu behar duela, 160 pertsonari eragiten diena. 

Edesa Industrial eta Geyser-Gastech-eko enpresa-batzordeen oharrak hala dio:

Gaur urtarrilak 8, Edesa Industrial eta Geyser Gastech-eko enpresa batzordeek jakinarazten dute, Cataren zuzendaritzak, abokatu baten bitartez, plantilla osoarentzat amaiera espediente bat aurkeztu behar duela, 160 pertsona. Era berean, Geyser Gastech sozidadearen likidazioa. Jorge Parledek zuzendutako enpresarean kudeaketa txarraren ondorioz dela uste dugu.

Gainera, laster etorkizuneko proposamen bat egongo dela jakinarazi digute, lanposturik gabe eta produktuen merkaturatzean bakarrik oinarrituta.

Gure kaleratzeak salatzen ditugu baita enpresa eta jarduera industriala desegiteko helburua ere.

Honen aurrean, etorkizuna egon daitekela uste dugu, oraingo plantilarentzat eta baita kaleratuak izandakoentzat ere, beti ere enplegu plan bideragarri bat egonez gero. Horretarako Instituzioen, Administradore Konkurtsalaren eta Fagor S.Coop-en inplikazioa behar dugu, proiektu espekulatibo eta jasangaitz honen alternatiba eraikitzeko.

Bihar urtarrilak 9, asteartea, goizeko 11:00tan langileen asanblada egongo da, bukatu ondoren konzentrazioa egingo da Garagartzako lantegian (Arrasate).

 

 

 

Urteko lehen lan heriotza salatu dute Pesako langileek

Autobus gidari bat hil zen ostegun gauean, Aretxabaletan, lan istripu baten ondorioz. Hain zuzen ere, berak gidatzen zuen autobusa eta motorzale batek aurrez aurre talka egin zuten. Lan heriotza salatzeko, Pesako enpresa komiteak deituta, protesta egin dute hildakoaren lankideek, Arrasateko Garibay autobus geltokian.

Urteko laugarren egunean iritsi da 2018ko lehen lan-istripu hilgarria. 2017an, gutxienez 53 izan ziren Euskal Herrian lan- istripuz hildako langileak.
 

 

 

Kaiene proiektuari ongi etorria eman nahi diogu, migranteak eta errefuxiatuak hartzeko harrera etxeari

LAB sindikatuak ongi etorria eman nahi dio Bilbon, Otxarkoagan, sortu den Kaiene proiektuari. Auzora begirako espazioa eskaintzeaz gain, migranteak eta errefuxiatuak hartzeko harrera etxea kokatuko dute bertan. Garapen komunitarioa bultzatzen duten proiektuak behar beharrezkoak dira bizi dugun testuinguru politiko eta sozialean, sistema eraldatzeko, eredu sozioekonomiko berria eraikitzeko.

Jatorri, arraza, sexu-genero eta bestelako aferen gainetik, langileen arteko elkartasun sareak osatzea eta logika komunitario integralak hauspotzea da arrazakeriari, xenofobiari eta pobreziaren kriminalizazioari aurre egiteko tresnarik hoberena. Langileen eta pobreen arteko gerra bultzatzen ari diren honetan, langile subjektua berriro artikulatu eta erronka berriei aurre egin behar diegu, klase elkartasuna jarriz zentroan.

Aldi berean, euskal administrazio ezberdinak aurrera eramaten ari diren eskubide sozialen kontrako kanpaina salatu nahi dugu, baita harrera politika baten beharra aldarrikatu ere. Zentzu horretan, bi estrategia erabiltzen ari dira: alde batetik, gizarte sektore ezberdinen kontrako kriminalizazio eta estigmatizazio kanpaina (migranteak, etorkinak eta oro har, lan zein bizi baldintza kaxkarrenetan bizi direnen kontra) eta, bestalde, eskubide sozialen murrizketa. Hor ditugu, hala nola, Diru- Sarrerak Bermatzeko Errentaren eta Etxebizitza Dekretuaren adibideak, zeinak erreforma neoliberalen logikan sakontzen duten.

Beraz, aurretik esan bezala, LAB sindikatuak Kaiene bezalako proiektuen beharra ezinbestekotzat jotzen dugu. Dagoeneko inork eta ezerk ez du proiektua geratuko. Gainera, gure konpromisoan berresten gara errefuxiatuen eta, oro har, jatorri guztietako langileen eskubideen alde borrokatzeko. Eskubide guztiak pertsona guztientzat aldarrikatzen ditugu.

 

 

 

Nafarroako Gureak enpresak kaleratutako langileari babesa erakutsi diogu

Elkarretaratze bat egin dugu Noian-Eskirotzen industriagunean, LAB, UGT eta ELA sindikatuok deituta, Nafarroako Gureak enpresaren aurrean. Hain zuzen ere, zazpi urte eman ditu lanean kaleratutako langilea, eta Gureak-ek "trebetasun eza" argudiatuta kaleratu du. Hitzarmena urratu du enpresak, lanpostua egokitzeko derrigortuta zegoelako.

Sindikatuok "oso larritzat" jo dute kaleratzea. Gureak Navarra enplegu-zentro berezia da eta Nafarroako Gobernutik ia milioi erdi euroko diru-laguntza jaso zuen iaz.