2024-04-26
HomeEkintza PolitikoaIgor Arroyo: "Premiazkoa da espetxe politika aldatzeko akordio sozial, sindikal eta politiko...

Igor Arroyo: “Premiazkoa da espetxe politika aldatzeko akordio sozial, sindikal eta politiko zabalak egitea”

Xabier Rey preso politikoa gogoan izan du gaur LAB sindikatuak. Hain zuzen ere, 10:00etan, Irurtzungo Neumaticos Iruña enpresaren aurrean elkarretaratze bat egin dute langileek, enpresa batzordeak deituta, iruindarra sindikatuko delegatua baitzen atxilotu zutenean. Eguerdian, berriz, Espainiako Gobernuaren delegaritzaren aurrean egin dugu protesta, Iruñean, eta LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok hitza hartu du.

Irurtzunen egindako elkarretaratzea.

Igor Arroyok egunotan hildako preso politikoarentzat izan ditu hitzak: "Xabier Rey gertukoa genuen. Langile bat zen, bere lanetik bizi zen iruindar bat. Ez zen pertsona berekoia, aitzitik, interes kolektiboekiko kezka zuen. Bere enpresan ordezkari sindikal izateko aurkeztu eta bere lankideek hautatu egin zuten. Ordezkari sindikala zen atxilotu zutenean".

Atxilotu zuteneko garaia ekarri du gogora: "Bost egunez torturatu zuten. Hamar urtez eduki dute etxetik 1.000 kilometrora, espetxe baldintza gogorretan. Beste hamalau urteko zigorra zuen. Honi guztiari ezin zaio justizia deitu. Honek guztiak gerra estrategia bati erantzuten dio".

LABeko idazkari nagusi ondokoaren hitzetan, "hemen Euskal Herrian, Nafarroan, gerra bat egon da. Gerra guztiak bezala, gerra bidegabea izan da eta askotariko biktimak eragin ditu. Eta sinestezina badirudi ere, ETAk borroka armatua bertan behera utzi eta ia zazpi urtera, biktima berriak eragiten ari da. Xabier Rey espetxe politika kriminal baten biktima izan da. Pertsonak suntsitzeko helburuz PPk indarrean mantentzen duen espetxe politika kriminala. Salaketa hori egiteko asmoz bildu gara gaur, eta bihar ere Ezker Abertzaleak deitutako manifestazioan izango gara, Garbiñe Aranburu idazkari nagusia buru".

Belaunaldi desberdinek Nafarroan min eta sufrimendu ugari pairatu dituztela nabarmendu du, "36ko estatu kolpean, frankismoan zehar, ETAk borroka armatua erabili zuen bitartean eta baita orain, borroka armaturik gabeko garaian ere. Nafarroan, Euskal Herrian, bakea eta demokrazia merezi dugu, bakea eta demokrazia denontzat. Eta horretarako premiazkoa da espetxe politika aldatzeko akordio sozial, sindikal eta politiko zabalak egitea".

Igor Arroyok dei egin die Nafarroako Gobernuari, alderdi politikoei eta gainontzeko sindikatuei presoen aferan inplikatzeko: "Premiazkoa da sakabanaketarekin amaitzea, isolamendua ezabatzea, preso oro lehen gradutik ateratzea".

LABen mobilizazioa eta gero, 13:00etan, Iruñeko hilerrian, Xabier Reyri azken agurra eman diote.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.