2026-01-17
Blog Page 840

Egun osoko greba egiten ari dira La Asuncion klinikako langileak

0

Andoainen egindako elkarretaratzea. (Argazkia: @AsuncionLangile)

Tolosako La Asuncion klinikako langileak borrokan dira, hitzarmen duin baten defentsan. Lau orduko lanuzteak egin zituzten joan den astean, eta gaur pauso bat harago eman dute: egun osoko grebari ekin diote. Protesten artean, Tolosatik Andoaingo La Asuncion Klinikara joan dira goizean, eta elkarretaratze bat egin dute bertan. Ondoren, Tolosako udaletxe aurrean elkartu dira.

Tolosako La Asuncion klinikako zuzendaritzak negoziatzeko asmorik ez duela jakinarazi die langileei: ez du soldata igoeraz hitz egin nahi, 2010etik izoztuak dauden arren; ez du urteko lanaldia murrizteari buruz hitz egiteko asmorik, langileek Osakidetzan baino 78 lan ordu gehiago dituzten arren; eta ez dio klinikako zerbitzuan gertatzen ari den gainbeherari heldu nahi, medikuak joaten ari diren arren. Hori dela eta, lanuzteak eta mobilizazioak deitu ditugu LAB eta ELA sindikatuok. Gaurko greba egunaz gain, ondorengo mobilizazio hauek aurreikusi ditugu:

-Abenduak 27: Auto karabana, 18:00etatik 19:00ak bitartean.

-Urtarrilak 8 eta 9: Bi eguneko lanuztea.

 

 

 

Modu positiboan baloratzen dugu Gipuzkoako kale-garbiketako akordioa

0
Gipuzkoa kale-garbiketan aurre akordioa lortu dugu. Aurre akordio hau ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok sinatu dugu. Hau medio, bihar abenduaren 20rako, Gipuzkoak bide- garbiketako langileok deituta genuen greba mugagabea bertan behera uzten dugu lau sindikatuok.

Lehenik eta behin, sektoreko hitzarmena mantendu izana garaipen bat dela azpimarratu nahi dugu. Bi urteko negoziaketa honetan, azken hilabeteetan enpresa-hitzarmenak ireki eta kolektiboa hustu nahi izan dute enpresek. Baina langileek sendo erantzun diote, gozokiak onartu ez eta, langile kolektiboa eta klase elkartasuna lehenetsiz. Txalotzekoa!

Bestalde, abenduaren 5ean egindako agerraldian azaldu bezala, lau sindikatuok gure aldarrikapenak hiru puntutan zehaztu genituen:

1. Erregulazio edo prozedura bat egotea lanaldi partziala duten langileentzat lanpostu hutsak betetzeko, dela behin behinekoak edo behin betikoak izan.

2.Hitzarmenean honen denbora eremu mugagabea adostea, hau da, iraupen mugagabea.

3. Soldata igoerak KPIari lotuta.

Aurreakordioan ondorengo puntuak adostu ditugu: lehen bi puntuak lortu ditugu eta soldata igoerari dagokionez, patronalak mahai gainean jarritako azken proposamena honakoa izan da: 2016rako KPIa, 2017rako KPIa + 0,1, 2018rako KPI + 0,2, 2019rako KPI + 0,2.

Hau honela, LAB sindikatutik aurreakordioa positiboki baloratzen dugu eta aurrera begira hurrengo hitzarmenerako hobetzeko bidean jartzen gaituela uste dugu. Horregatik, LABek, gainontzeko sindikatuekin batera, bertan behera uzten du Gipuzkoako Kale Garbiketako greba deialdia.

Azkenik, baina ez ordea garrantzia gutxiagorekin, gure zorionak eman nahi dizkiegu sektoreko langile guztiei, batzar eta asanbladetara hurbildu, propaganda jartzen eta informazioa zabaltzeko ardura hartzegatik…. Azken batean, negoziaketan zehar izandako jarrera aktiboarengatik. Helburu argiekin eta elkarrekin lan eginaz lan baldintzak hobe ditzakegula erakutsi dugu. Borrokak merezi du. Gora langile borroka!
 

 

 

Gabonetan osasun zentroen ordutegia ez murrizteko eskatzen diogu Osakidetzari

0
Iazko gabonetan zein uda honetan, Osakidetzako osasun zentro askoren ordutegia murriztu zuen, zentroak 17.00etan itxiz, 20.00etan egin beharrean. Hau guztia, sindikatuak informatu barik eta anbulatorioetako atean ipinitako ohar soil baten bitartez erabiltzaileak informatuz. Hori guztia, langileen oporrak ordezkatzeko langile nahikorik ez dagoenaren aitzakiapean, edo gure iritziz, plantillak oso eskasak direlako eta ez dutelako diru gehiagorik gastatu nahi langile ordezkoak kontratatzen. Arrazoia edozein izanda ere, arduragabekeria politiko galanta iruditzen zaigu hain oinarrizkoa den zerbitzu publiko egun batetik bestera murriztea inorekin kontatu gabe, eta oso arriskutsua den bidetik urrats kualitatiboa ematea. Zer izango da hurrengoa?

Ospitaleetako larrialdeietan urtero-urtero errepikatzen diren pilaketak eta kaosa askoz larriagoa izan zen iaz, seguraski anbulatorioen ordutegia murriztearen ondorio bezala, 17:00etatik aurrera zerbitzurik ez dagoelako; eta, honekin batera, pilaketak gertatzen direlako ere osasun zentroan bertan. Ezin dugu ahaztu oporraldia dela, gripea, eguraldi txarra…

Honako neurriok osasun publikoaren kontrako neurriak dira. Neurriok Osakidetzako langileoi eragiten digute, baita erabiltzaile guztiei ere, osasun arretaren kalitatea murriztuz.

Aurtengo abenduko zubian ere ezarri dira ordutegi murrizketa hauek hainbat zentrotan. Horregatik, zoritxarrez, gabonetan ere Osakidetzak horrelakoak martxan ipintzeko asmoa duela aurreikusten dugu. Iazko gabonetan neurri honen kontrako jarrera helarazi genion Osakidetzari, eta baita modu publikoan salatu ere. Baina Darpon eta Osakidetzako zuzendaritzak ez entzunarena egiten jarraitzen dute, modu arduragabean.

Horregatik, gaurtik bertatik gabonetako zentroen ordutegia ez murrizteko exijitzen diogu Osakidetzari. Ez badute kasurik egiten, salaketa eta mobilizazioak aktibatuko ditugu, ez gaudelako prest gure langile zein erabiltzaile eskubideak zelan lapurtzen dizkiguten ikusteko.
 

 

 

Hauteskunde sindikaletako hautagaia zen kaleratutako langilea berriro lanera bueltatzeko eskatu diogu Aisibiziari

Joan den ostegunean, Aisibiziaren kudeaketa taldeak, EDE fundazioaren ordezkaritzarekin batera, Algortako Gaztelekuko langile bat kaleratu zuten. Ekintza honen bidez eta beste aitzaki ezberdinak erabiliz, langileen antolaketarako edozein aukera eraitsi nahi zuten, baina beren helburua haratago zihoan: lan baldintza duinen alde, beste etorkizun hobe baten bila aritu ahalko litzatekeen edonor beldurtzea. Enpresak bazekien kaleratutako langilea 3 egun beranduago burutu behar ziren hauteskunde sindikaletako hautagaia bat zela, eta bere boterea erakutsi nahi izan du bere oinarrizko eskubideen alde jarduten duen oro zer gerta dakioken ohartarazteko.

LAB sindikatuaren aldetik gertakarien larritasuna salatu nahi dugu. Langileon oinarrizko eskubideen aurka jotzen dute gertakariok, sindikatze askearen aurka, ordezkatuak izateko eskubidearen kontra… Gure bizi baldintzak hobetzeko eta gure interesak hobeto defendatzeko ezinbestekoa da langile gisa elkartzea, gure batasuna, eta horrexegatik, hain zuzen ere, segituko dugu enpresa askoren bidegabekeriaren aurka langileen antolatzea defenditzen.

Auzi honen larritsuna areagotzen da Aisibizia enrpesaren zeregina ezagutzeak. Getxoko Udalarentzat lanean ari da eta bertako gazteei zuzendutako zerbitzu bat eramaten du.

Programaren helburua gazteria garatu eta sustatzea da, baina nola izan daiteke Getxoko erreferentea gazteria sustatzeko orduan edo balore hezitzaileak sustatu, bere praktikan langile bat kaleratzen duenean ordezkari izan nahi hutsagatik eta horrela bere lankideen interesak defendatu? Ze etorkizun eskaintzen dien gazteei jarduera sindikala kriminalizatuz?

Kaleratutako langilea berriro lanera bueltatzea eskatzen diogu enpresari eta, bide batez, hauteskunde sindikalak hertsapenik gabe eta askatasun osoz burutzen utz diezagula.
 

 

 

Iruñeko Miserikordiako langileek garaipentzat jo dute lortutako aurreakordioa

Iruñeko Miserikordia Etxeko greba komitea pozik azaldu da lortutako aurreakordioarekin. Hain zuzen ere, langileek atzo bozkatu zuten akordioaren alde, eta gaur, ordezkariek, agerraldi bat egin dute lortutakoaren berri emateko eta borrokaren balorazioa egiteko.

Hauxe da gaurko agerraldian igorri duten oharra:

Miserikordiako greba komiteak, ELA, LAB, USO eta SATSE-k ondorengoa aditzera eman nahi du, komiteak eta enpresak sinatutako aurreakordioak 156 bozka aldeko izan dituela, bat kontran, 3 txuri, eta bat baliogabekoa.

Argi daukagu lortutako akordioa garaipena izan dela, indarraldian (2017- 2020), soldata eta soldataren kontzeptu guztiak urteroko KPIaren igoera izango dituztelako, langile guztien urteko lanaldia 2 lanegunetan jaitsiko delako, lan hitzarmena indarrean jarraituko delako beste bat sinatu arte eta enpresak nahi ta nahiez aplikatu beharko duelako.

Greba Komite honek oso pozik dago lortutako aurreakordiorekin eta oso harro, gure lankideek azaldutako duintasuna eta borroka grinarengatik. Orain 4 hilabetetik burutu ditugun mobilizazio, kontzentrazio, manifestazio eta bereziki grebari esker lortu baitugu norbaitentzat, orain dela 6 egun, utopikoa zena.
 

 

 

Etorkinen bortxazko lekualdaketak salatu ditugu Baionan

21 etorkin, gehienak Sudanetik jinak, gerla eta miseriatik ihesi, Baionako harrera eta orientazio zentroan (CAO) errezibituak izan dira, irailaren erditsutik, eta ofiziozko langile eta boluntarioek lagunduak. Frantses agintariek Pauera igortzen ditu, haiek nahi gabe; bertan egoitz asignatuak izanen dira Italiara kanporatu arte. Alta Italiak berak dio ezin dituela errezibitu. Gauzak horrela, LAB sindikatuak bortxazko lekualdaketa horiek salatu ditu gaur, Baionako geltokian, etorkinen aldeko plataformak deitutako elkarretaratzearekin bat.
 

 

 

“Iraunkor eta malgua” kontratu mota berriak lan eskubide guztiak ezerezean utziko ditu Osakidetzan

0

Osakidetzako Zuzendaritzak ez dauka inongo presarik uda aurretik proposatu zituen negoziaziorako puntuak martxan ipintzeko, benetan nahi zuen EPE berri eta Leku Aldaketen argazkia badaukalako, SATSE, SME eta UGT sindikatuei esker. Bitartean, “Iraunkor eta malgua" kontratu mota berria jarri digu mahai-gainean, eta lan-zentroetan dagoen pertsonal falta eta kontratuen egonkortasuna hobetzeko irtenbide bezala saldu nahi digu. Ezta hurrik eman ere.

Momentuz aipaturiko kontratua Familia Mediku eta Erizainentzat dago soilik aurreikusita. Eta eskaintzen duen gauza bakarra urtebeteko iraupena da, 3 urtera arte luzatzeko aukerarekin. Urtebeteko kontratua, baina zeren truke? Argi eta garbi esanda, gure lan eskubiderik oinarrizkoenak bertan behera uztearen truke: kartelera egonkorrik gabe, ESIko edozein zentrotara mugitzeko eskumena, edozein txandatan eta oporrak, lizentzia eta baimenak disfrutatzeko murrizketa guztiekin. Hau da, esklabo bihurtzen gaituen kontratua.

Irtenbidea ez dugu topatuko lan baldintza prekarizatzen eta gure lan eskubideak urratzen dituen kontratu berri batean. Lan zentroetan sortzen diren hutsuneak betetzeko kodedun plazak sortu behar ditugu, kartelera egonkorrekin eta eskubide guztien jabe. Honekin batera, plantilla ondo dimensionatuak behar ditugu, bat-bateko egoera hauei aurre egiteko ahalmen nahikoa daukatenak. Eta neurri hauek, kategoria guztietan ezarri behar dira, langileon hutsuneak ez betetzeak denoi eragiten digulako.

Azken finean, ezin dugu ahaztu Osakidetza Espainiako Osasun arauen menpe egoteak , euren numerus clausus eta mota guztietako mugekin, sortzen den profesional sanitarioen falta modu errazagoan konpontzea eragozten duela. Zergatik pertsonal falta urtero-urtero Euskal Herrian formatzen den eta formatu nahiko lukeen jende gazte andanarekin? Apur ditzagun loturak eta gure beharrei erantzuten dien sistema sanitario propioa eraiki dezagun behingoz.
 

 

 

Gasteizko Udaleko langileak kalera irten dira euren lan eskubideen defentsan

Gasteizko Udaleko langileek lanuzteak egin dituzte gaur, eta protesta egunak eragin handia izan du; garraio publikoetan eta udal instalazioetan bereziki. Langileen aldarrikapenen artean daude Soldata baldintza duinagoen eskakizuna, behin-behinekotasunaren aurrean neurriak jartzea, erosteko ahalmenaren berreskuratzea eta Lan Eskaintza Publiko gehiago egitea. Lanuzteekin batera, mobilizazioak egin dituzte.


 

 

 

[BIDEOA] #LanDuinaBiziDuina aldarrikatu dugu eskualdez eskualde

“Lan duina, bizi duina” Ekimen Ibiltariaren bitartez, Euskal Herriko hainbat txoko zeharkatu ditugu urria eta abendua bitartean. Prekarietateari aurre egin eta bizitza erdigunean jartzeko garaia dela ozen adierazi dugu elkarretaratze, auto karabana, manifestazio, solasaldi, agerraldi eta bestelako ekintza eta jardueren bitartez.

Langabeak, landunak, finkoak, behin behinekoak, lanaldi osoa edota lanaldi partziala dutenak, enpresa nagusiko eta azpikontratako langileak, gizarte segurantzako erregimen orokorrean daudenak zein erregimen berezituak dituztenak, etxeko langileak, ustezko autonomoak, aniztasun funtzionala edota sexu-generikoagatik diskriminatuak direnak, sexu arloko langileak, migranteak… langile guzti guztien eskubideak defendatu ditugu, euren arazo eta aldarrikapenak ikusgarri egiteaz gain. Ekimen Ibiltaria amaitu da, baina lan duina eta bizi duina eskuratzeko borrokak aurrera darrai.