2026-10-07
HomeEkintza SindikalaMobilizazio zehatzak iragarri ditugu estatalizazioaren kontra eta Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren alde

Mobilizazio zehatzak iragarri ditugu estatalizazioaren kontra eta Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren alde

Maiatzerako mobilizazio egun nazional bat diseinatzen bagabiltza, alderdi zein sindikatuekin egiten ari garen erronda eta barne mailako lanketaren araberakoa.

Joan den astean iragarri bezala, LAB sindikatutik hasi dugu alderdi zein sindikatu ezberdinekin bilera erronda, egiturazko Akordio Interprofesionalari, Estatu mailatik, FEADRS patronalak eginiko inpugnazioaren harira, gai honekiko LABen irakurketa helarazi eta beste eragileek duten jarrera eta konpromisoa ezagutu ahal izateko.
Horrekin batera, hurrengo egunetan estatalizazioaren kontra, Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren (LHEE) alde eta euskal langileok dugun erabakitzeko eskubidearen alde burutuko ditugun ekimen ezberdinen berri ematen dugu:

-Apirilaren 20an, langileen lan baldintzak estatalizatuta dituzten enpresa batzuen aurrean mobilizazio desberdinak egingo ditugu. Bizkaian Derion dagoen Eurest enpresan, Araban Albertia zahar egoitzan, eta Gipuzkoan Anoetako estadioaren obran mobilizazio desberdinak egingo ditugu, lan zentru horietako langileak pairatzen ari diren egoera salatzeko, hau da, prekarizazioa eta pobretzea estatu mailako lan baldintzak aplikatzeagatik, beren lan hitzarmena Euskal Herrian negoziatu ezin dutelako edo hainbat gai ezin dituztelako euren lan hitzarmenetan negoziatu. Horrekin batera, Euskal Herrian bertoko lan hitzarmenak izan eta aplikatzearen beharra aldarrikatuko dugu.

-Apirilaren 24ean, Akordio Interprofesionalaren inpugnazioa epaitegian aztertuko den egunean, Bilboko epaitegietan ere mobilizatuko gara, estatalizazioa eta estatu mailako injerentziak salatzeko.

Maiatzerako mobilizazio egun nazional bat diseinatzen ere bagabiltza, alderdi zein sindikatuekin egiten ari garen erronda eta barne mailako lanketaren araberakoa, eta hurrengo asteetan zehaztuko duguna.

Bukatzeko, azken egunetan Akordio Interprofesionalaren inpugnazioari eman beharreko erantzunaren kudeaketaren inguruan eginiko adierazpenak kontutan hartuta, LABen eta ELAren arteko harremanan inguruan hau zehaztu nahi dugu:

1. Akordio Interprofesionalaren inpugnazioari erantzuna ematerakoan, gaia ez da greba egin ala ez, ezta greba noiz egin behar den.

2.- LABen iritziz, inpugnazioa arazo oso larria da, gure herriko langile guztien erabakitzeko eskubidea urratzen duelako eta estatalizazioa inposatu nahi duelako, lan baldintzak prekarizatu ahal izateko.

3.- Inpugnazioak agerian uzten ditu orain dugun markoaren mugak, eta Lan Harremanetako Euskal Esparruaren beharra, herri honetan behar ditugun tresnak arautu eta babesteko.

4.- Arazo Konfederala den neurrian, LABen iritziz erantzun Konfederala behar du, eta horrela plazaratu genion ELAri, maiatzean 4 orduko lanuzte konfederal bat deitzea proposatuz.

5.- ELAk kolektibitateko 3 enpresa presionatzea eta hauetan greba egun bat egitea proposatu zigun, uste zutelako epaia ekiditu zitekeela. Gure iritziz, erasoaren tamaia ikusita, greba 3 enpresetara mugatzea motz geratzen da, eta proposamen osoa judizializazioaren bideari mugatua ikusten dugu.

6.- ELA duela hilabete batzuk (Gabonetan) lan baldintzak estatalizatuta dituen Eurest enpresan akordio bat sinatzeko prest agertu zen, LABek onartzen ez zuena, estatalizazioa onartzen zuelako. Ordutik hona, LAB da, ekimen desberdinekin, bertan ekintza sindikala burutzen ari den sindikatu bakarra langileak estatalizaziotik ateratzeko.

7.- Kolektibitateetan estatalizatutako 3 enpresetan LABek bere ekintza sindikalarekin jarraituko du, grebak barne, enpresa horietako langileek bertan negoziatu eta adostutako lan baldintzak izan arte. Berdin egingo dugu egoera berdinean dauden beste sektoreko edozein enpresatan ere.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Euskal Herrian azaroaren 11rako greba orokorra deitzea proposatuko dio bihar bere Nazio Biltzarrari

Eragile sindikal eta sozialekin deialdi bateratuaren alde egindako lanaren ondorioz eta Espainiako Estatuko Maizterren Konfederazioarekin harremanetan egon eta gero, azaroaren 11n etxebizitza eskubidearen eta soldata duinen aldeko greba orokorra antolatzeko erabakia proposatuko dio LABek bere Nazio Biltzarrari bihar arratsaldean.

FVEMi aitzakiak amaitu zaizkio, LABek eta gainerako sindikatuok plataforma bateratua aurkeztu dugu Bizkaiko metalgintzaren hitzarmenean

Gaur Bizkaiko metalgintzaren hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren bederatzigarren bilera egin da. Bilera honetan, LABek, negoziazio-mahaian ordezkaritza dugun gainerako sindikatuekin batera, hitzarmenerako plataforma bateratua aurkeztu dugu. Horrekin,...

Osakidetzako langileek elkarretaratzeak egin dituzte lehen arretako zentroetan beren aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatzeko

Irailaren 30ean egindako bileran, Osakidetzako zuzendaritzak mahai sektorialeko sindikatuoi bidalitako proposamena aurkeztu zigun. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborroa bat da eta dokumentuak...