2026-01-17
Blog Page 835

Garbialdiko langileek ikatza utzi dute Bizkaiko Foru Aldundiaren atarian

0

Bizkaiko Aldundiko garbiketaz arduratzen den Garbialdi azpikontratako langileek elkarretaratze bat egin dute gaur Bilbon, eta hitzarmenaren negoziazioa 2012. urteaz geroztik blokeatuta dagoela salatu dute. Errege Magoek bat egin dute protestarekin.

LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deituta, mobilizazio bat egin dugu gaur Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean. Hain zuzen ere, Garbialdi eta Bizkaiko Foru Aldundiko zentroak garbitzen dituzten langileen arteko hitzarmen kolektiboa blokeatuta dagoela salatu dute, eta orduz geroztik soldata izoztuta dutela: "Enpresak ez du, inondik inora, gure lan baldintzak hobetuko dituzten akordioetara heltzeko borondaterik", adierazi dute langileen ordezkariek.
 

 

 

Eusko Jaurlaritzak errentagarritasuna lehenetsi du CAFen akzioen erosketan

0
Eusko Jaurlaritzak CAFeko akzioen %1,24a eskuratu zuela jakin dugu gaurko egunez. Akzio horiek Kutxabanki erosi dizkio. Eragiketa hau, sortu berri duten inbertsio funts publiko pribatuaren lehen eragiketa da.

LABek partehartze publikoaren beharra aldarrikatu du, enplegua eta lurraldearekiko konpromisoak hartzen dituzten enpresa estrategikoetan jarraipen, kontrol eta bultzadarako, beste industria politika baterako dekalogoan aldarrikatu genuen moduan. Gure iritziz, CAF Euskal Herriaren industriaren etorkizunerako enpresa estrategikoa da.

Kasu honetan, akzioen eskuratze hau norabide egokian doan arren, ez du inolako eraginik izango ez enpresaren kontrolean, ez enpresaren jarraipenean ezta enpresaren bultzadan, parte hartze honen ondorioz Administrazio Kontseiluko kide izatea ere lortu ez duelako Eusko Jaurlaritzak. Beraz, beste behin Eusko Jaurlaritzak marketing operazio bat burutu duela esan dezakegu.

Gainera, ez da egia erosketa honekin akzioen jabetza publikoa areagotzen dela, gogoratu nahi baitugu, Kutxabanki erosi dizkiola akzioak, eta Kutxabanken bankarizazio eta pribatizazio prozesuak ekarri duela egoera hau. Hain zuzen ere, eragiketa egin ondoren, CAFeko akzioen %10 baino zerbait gehiagoren jabe izango da oraindik Kutxabank, eta oraindik jakiteke dago zer gertatuko den akzio hauekin. Horrelakoek erakusten dute beharrezkoa dugula industriarentzat euskal banka publiko bat sortzea, besteak beste enpresa txiki eta ertainen finantziazio beharrari erantzuteko. Kutxabankek paper hau hartu behar duela uste dugu, eta hortaz, duen partehartzea mantentzeko eskatzen diogu.

Gure iritziz, azkenaldian enpresa batzuetan gertatutakoek erakusten dute Eusko Jaurlaritzaren enpresen kapitalean parte hartzea era arduragabean gauzatu duela: XEY enpresaren kasuan, akzioen %30 izanagatik, inolako neurririk proposatu gabe likidaziora heldu aurretik eta CELen kasuan, akzioen %40a oparituz enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu aurretik. Jaurlaritzaren lehentasuna ez dira proiektu industrialak eta enplegua, errentagarritasuna baino.

Zergatik uko egiten zaio arazoetan dauden enpresetan irtenbide bat bilatzeari? Zergatik ez dira diruz laguntzen arazo finantzieroak dituzten ehundaka enpresa txiki eta ertain Kutxabank publikoaren alde eginez?

Akzioen erosketa hau, norabide onean eman den urratsa izanagatik, ez da nahikoa ez duelako bermatzen CAFen erabakigunea Euskal Herrian geratuko dela etorkizunean. Uste dugu erosketa honekin Eusko Jaurlaritzak errentagarritasuna bilatu duela, industria sarea sendotzea baino eta hortaz eskatzen dugu partaidetza hau areagotzea erabakigunea Euskal Herrian geratuko dela bermatzeko. Gainera, lan baldintzekiko eta lurraldearekiko konpromisoak hartzen dituzten enpresa estrategikoetan partehartze hau haunditzea eskatzen dugu, euren jarduera bultzatzeko eta jarraipena eta kontrola bermatzeko.
 

 

 

Sokoako langileek elkartasuna adierazi diote Sebastien Hiriarti

Hendaiako Sokoa enpresako zuzendaritzak Sebastien Hiriart kaleratu du. Aipatutako langilea kaleratze arriskuan zegoen, eta, hori dela eta, lankideek hainbat mobilizazio egin zituzten abenduan. Bada, Gabonetako oporretatik bueltan, Hiriartek kaleratze gutuna jaso eta gero, Sokoako langileek batzar bat egin dute erabaki horren aurrean zein urrats emango dituzten zehazteko eta Hiriarti berari elkartasuna adierazteko.

Auzitegietara joko dute Sebastien Hiriarten kaleratzea dela eta, zuzendaritzak asmatutako aitzakia bat baliatu duelako erabakia hartzeko: produktibitatea ez lortzea. "Argi dugu Sebastien Hiriart apirilaz geroztik soldata negoziazioen karietara egindako greba mugimenduan parte hartze aktiboa izan duelako kaleratua izan dela", azaldu dute langileen ordezkariek.

"Inoiz baino lan eta ekoizpen handiagoa" dutenean gertatu da kaleratzea, Macron Legea baliatuta, gainera; kalte-ordain "merke" baten truke. "Gaur Sebastien Hiriart da, eta bihar ezin izango da?", galdera egin dute langileek.

46 urtetan, lehen aldia da kalearatze bat ematen dela Sokoan. Enpresak kanpora begira balio batzuk erakusten dituela adierazi dute langileen ordezkariek, baina Sokoaren benetako balioak bestelakoak direla ohartarazi dute.

 

 

 

Amiantoaren ondorioz hildako langile ohi baten heriotzaren berri eman du Beasaingo CAFeko enpresa batzordeak

0

Beasaingo CAFen amiantoarekin lana egitearen ondorioz bi langile hil zirela jakinarazi zuen iaz enpresa batzordeak, eta, horren harira, omenaldi bat antolatu zuen urrian, Beasainen. Bada, enpresa batzordeak berak beste heriotza baten berri eman du orain, urte amaierarekin batera etorritakoa.

Beasaingo CAFeko enpresa batzordeak jakin zuen duela aste batzuk Donostiako 2. Epaitegiak laneko gaixotasun gisa onartu ziola CAFeko langile ohi bati amiantoarekin lan egin izanaren ondorioz eratorritako mesotelioma gaitza. Orain, zoritxarrez, urtearen amaierarekin batera langile ohi horren heriotzaren berri izan dute.

Enpresa batzordeak doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkie hildakoaren senide eta lagunei. 2017an, amiantoaren ondorioz hil den 19. langilea da Euskal Autonomia Erkidegoan.
 

 

 

Enplegua bermatuko lukeen proiektu bat izango litzateke irtenbide onena XEYko langileentzat, hartzekodunentzat eta eskualdearentzat

0

Urtarrilaren 9an argituko da XEYrentzat eroslerik den ala ez. LABen ustez, proiektu industrial bat eta lanpostuen bermea jarri behar dira diru guztiaren gainetik, pertsonak diruaren gainetik. XEYk erabaki okerren ondoriozko zorpetzeak ito du, baina bere jarduerak irabaziak ematen zituen azken urteetan. Proiektu berri bat martxan jarri liteke. Ezin dugu espekulatzailerik onartu. Erosleren batek langileak hartzeko konpromisoa hartuko balu, eskeintza hori lehenestea eskatzen dugu. Lanpostuen aukera ekarriko lukeen proiektu bat izango litzatekeelako irtenbide onena langileentzat, hartzekodunentzat eta eskualdearentzat.

Urteak sufritzen igaro ostean, pasa den Abuztuaren 2an egikaritu zen aspaldian gezurren, transparentzia ezaren eta informazio ezkutatzearen politiken ondorio lazgarria: XEY ofizialki itxia izan zen eta 140 langile langabeziara kondenatu zituzten. Kale gorrian utzi zituzten.

Hau nahikoa ez, eta akzioen %30aren jabegoa Eusko Jaurlaritzaren esku zegoela jakitea, langileontzako helduleku baino, gaur egun esku pribatuak inongo berme sozial eta industrialik gabe ornitzeko eta alde soziala eta euskal industria sarea babestu eta egonkortzeko inongo politikarik ezaren adibide garbi eta mingarri bat izan da. Guztion dirua txeke zuri bat bailitzan erabilia izan da, inongo konpromezurik ezarri ez eta jarraipen minimorik ere egin ez zaiona instituzio honen partetik.

XEY Hartzekodunen Konkurtsoan dago, eta Administradore konkurtsalaren papela jorratzen duen NORGESTION taldeak, epailearen onespenez, Enpresako aktibo osoak 2 lotetan banatzea aurreikusi du, nahiz eta LABek dena batean likidatzeko eskaera egin zien. Alde batetik marka eta makinaria, eta bestetik pabeiloia likidatuko dituzte.

Urtarrilaren 9an amaituko da lehenengo fase hau eta ondorioz, XEYrentzat eroslerik ba ote datorren jakingo dugu. Baina denborak gainera datozkigun honetan, lanpostuen eta espekulatzaileen etorreraren inguruan gure kezkak areagotu soilik ez dira egiten.

Izan ere, LABek uste du erabaki honek espekulatzaileei atea irekitzen diela, aukera egongo baita egiten den eskeintzaren arabera, XEY marka erabiltzeko enplegurik sortu gabe, ez baidute langileak kontratatzeko obligaziorik ezarri marka erabili ahal izateko, edo pabiloia erosteko.

Proiektu baten sarrera eta eraikuntzara zuzendutako likidazio plana baino, ahalik eta diru gehien ateratzera zuzendutako plana dela deritzogu. Lanpostuen bersorrera eta etorkizunera begirako proiektu erakargarri bat bertara aurkeztea zailtzen duen plan bat dela nabarmendu nahi dugu.
 

 

 

Prekarietatearen kronifikazioa ematen ari da erregistratutako langabeziaren jaitsierarekin batera

Abenduan enplegu zerbitzu publikoetan erregistratutako langabeziak 235 pertsonetan egin zuen behera aurreko hilearekiko. Hortaz, 163.289 pertsonetan kokatzen da langabezia zifra ofiziala. Hauetattik, %55,78 emakumezkoak dira. EAEn langabezia jaitsi arren, gora egin zuen Nafarroan, 511 pertsonetan.

Barne Produktu Gordina hazten ari dela goraipatzen dute instituzioek, baina lan eta bizi-baldintzen prekarizazioan sakontzen ari da. Datorren urterako ere, bai Jaurlaritzak eta baita CONFEBASK patronalak ere aurrikuspen onak egin dituzte, ekonomia hazi eta langabezia murriztu egingo omen da.

Langabezia tasen murrizketaz ezkutatu nahi dute lan harremanetan izaten ari den prekarizazioa. Inposaturiko lanaldi partzialen gorakadak ez du etenik, kontratuen iraupenak oso motza izaten jarraitzen du, egiten diren kontratuen gehiengoa behin behinekoa da (lau langiletik batek behin behineko kontratua du). Espainiar estatuak eta Poloniak besterik ez dute Hego Euskal Herriak baino behin behinekotasun tasa altuagoa.

Enplegu berririk apenas sortzen da eta 2008an krisialdian sartu aurretik zegoen enplegu kopurua berreskuratzetik urrun gaude oraindik, 137.000 lanpostu gutxiago daude. Lan harremanen prekarizazioak ez du aldamenean, ez politika publiko ez babes sozial sistema egokirik eta ez du izango aurrerantzean ere aurkeztu dituzten aurrekontuekin.

Kezkarareko beste elementu bat langabeziagatiko babes sistema espainiarrak ematen duen estaldura mugatua da. Egun, Hego Euskal Herrian, ofizialki langabezian dauden guztien %30ak soilik jasotzen du langabeziagatiko edozelango prestazioren bat. Hau da, 114.410 langabetu dago prestaziorik jaso gabe.

Kasu honetan ere emakumeen egoera okerragoa da. %27,4raino murriztu da estaldura tasa emakumeen artean. Gizonezkoen artean aldiz, %33,5ean dago.

 

 

 

Enplegu finko eta duinaren defentsan irten dira kalera Artiach-eko langileak

0

Azaroan Lan-arloko Epaitegiko epaileak bidegabekotzat jo zuen Adams Food-ek kontratu-azkentze baten bitartez ezkutatu nahi izan zuen langile baten kaleratzea. Enpresaren jokamoldea salatzeko eta Artiach lantegian ematen den behin-behinekotasun handiari irtenbide bat emateko, eta, honekin batera, enplegu egoera egonkorra sustatzeko, manifestazio bat egin dute gaur langileek Bilbon.

Bizi proiektu duin eta egonkor bat bermatuko duen enplegu baten alde egiten du Artiach-eko enpresa batzordeak, eta hala aldarrikatu du gaurko mobilizazioan, "Enplegu finko eta duina. Despidorik ez, prekarietaterik ez!" leloarekin.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu manifestazioan izan da, enpresa batzordeak mobilizazioan parte hartzeko egindako deiarekin bat eginez.

Hau da Artiach-eko enpresa batzordeak manifestazioaren bukaeran, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, irakurritakoa:

Artiacheko langileok enplegu finkoa suntsitzen duen politika eta lan munduko prekarietatea salatu nahi ditugu. Gaur, mobilizazio honen bidez, Confebask arbuiatu nahi dugu. Berak dauka enplegu finkoaren desagertzearen ardura, behin-behineko kontratuez ordezkatuz eta ondorioz, langileon bizitzan zeharo eragiten, langileon bizitza egitasmoak garatzeko aukerak itxiz. Eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean amaitu dugu.

Eusko Jaurlaritzak bizkarra ematen die langileei, bere politikak kapitalaren alde jotzen du eta langileon baldintzak kaxkartzera bultzatzen du, lan baldintzak nahiz bizitza baldintzak. Beren kanpainekin EAEren egoera ekonomikoak onera jo duela adierazi arren ere, beren aurrekontuek eta politikak ez dute herritarren eta langileon alde egiten. Herri honen gehiengoari begirako politikak egiten dituztela goraipatzen dute baina danok dakigu ez dala egia: Patronalarekiko itunak, murrizketak, lan erreforma ontzat jotzea, herrialdeko itunen kaltean…eta neurri amaigabe baten zerrendak aditzera ematen digu EAEn bizi garen pertsonen bizi baldintzak babesteko inolako neurri eraginkorrik ez dutela hartzen, aldiz, beren politikek patronalaren egitasmoak asetzen dituzte, gogotik ase ere eta prekarietatea betikotzen dute.

Behin-behinekotasunaren datuak ondotxo ezagutzen dituzte… inork baino hobeto ezagutu ere! Langile askoren txirotasun egoera inork baino hobeto ezagutzen dute; ETTek jezartzen duten esklabutza egoera inork baino hobeto ezagutzen dute; egunero-egunero burutzen diren ehunaka banakako lan kanporaketa inork baino hobeto ezagutzen dituzte…eta honen aurrean ze motako erantzuna jasotzen dugu beraien partez? Confebasken onura baizik bilatzen ez duten aurrekontuak aprobatu dituzte.

Eusko Jaurlaritzari galdegiten diogu: pertsonen bizitza egonkortzen duten neurriak har ditzan eta langileok txirotasunera bultzatzen duten neurriak bazter ditzan. Lan kanporaketen aurrean 0 tolerantzia, azpikontratazio bazter uzten duten politikak bultzatu, ETTrik ez, enplegu duin eta finkoaren aldeko neurri errealak behar ditugu.

Hau dela medio, ibilitako bidea ezibiltzera gonbidatu nahi dugu Eusko Jaurlaritza. Langileon alde legezta dezala eta merkatu eta patronalen interesetatik aldendu dadila.

Eta bukatzeko, Galletas Artiacheko langileok hona hurbildu zareten langile guztion presentzia eskertu nahi dugu. Gutako bakoitzak gure enpresetan piztu ditugun borroka ezberdinen bidez prekarietatearekin bukatzeko prest gaude, bide hortatik segi dezazuen animatu nahi zaituztegu. Gure batasunaz, antolakuntzaz lehenets araziko ditugu gure lan eta bizi baldintzak kapitalaren interesen kaltean.

 

 

 

Osasun zentroetako ordutegien murrizketa salatu dugu Bilbon

0

Bilboko La Merced anbulategian elkartu gara gaur osasun zentroak 17:00etan ixtearen kontra. Aurreko Gabonetan zein udan osasun etxe askoren ordutegia murriztu egin zuten, 17:00etan itxiz, ordutegi normala den 20:00etan itxi beharrean. Pasa den abenduko zubian ere. Eta orain, Gabonetan, hiru anbulategi itxita egon dira 17:00etan, eta beste zazpi zentrotan bi astez murriztu dute ordutegia, urtarrilaren 5a bitartean.

La Merced da ordutegien murrizketak pairatu dituen osasun zentroetako bat, baina aipaturiko neurria ez da soilik Bilbo aldean ezarri, baizik eta Osakidetza osoan, sare osoan. Esan behar dugu Osakidetzako zuzendaritzak zein Eusko Jaurlaritzak (EAJ eta PSE) honako itxiera ezarri dutela sindikatuok informatu gabe eta erabiltzaileoi jakinarazi dietela zentroan pegatu duten orri baten bitartez.

Osakidetzak dio oporrak ordezkatzeko langile nahikorik ez dagoela. Guk, aldiz, bestelakoa diogu: medikuen faltaz haratago, oinarrizko arazoa bilatu behar dugula dauzkagun plantilla eskasetan eta ordezkoak kontratatzeko ez dutela diru gehiagorik gastatu nahi.

Hala ere, arrazoia edozein izanda ere, oinarrizko zerbitzu bat egun batetik bestera murriztea inorekin kontatu gabe arduragabekeria politiko galanta iruditzen zaigu; Bilboko auzokideok eta Osakidetzako erabiltzaileok ez dugu holakorik merezi.

Gabonetan ez al gara gaixotzen? Arratsaldetan ez al gara joaten osasun zentroetara? Justo kontrakoa. Zer suposatzen du anbulatorioa arratsaldeko 5etan ixteak?

• Anbulatorioak berak gainezka egiten du, egunero 3 ordu gutxiagotan ematen delako zerbitzua, eta zitetarako itxaronaldia luzatu egiten da.

• Pertsona askok, atzerapen eta murrizketen ondorioz, ospitaleetako larrialdi zerbitzuetara jo behar dutela, zerbitzu hauek ere kolapsatuz.

• Osasun zentro zein ospitaleetako lan baldintzak zaildu egiten direla, lan-kargagatik, kolapso, presio eta erabiltzaileon haserreagatik.

Izan ere, erabiltzaile zein langileok badugu zer galdu egoera honetan. Batez ere, osasun publikoaren arretaren kalitatea dugu galtzaile.

Nortzuk ateratzen dira irabazle?

• Osasungintzan aurreztu nahi duen Eusko Jaurlaritza, baina enpresei zergak jaitsi eta dirutza xahutzen duena bankuen zorra ordaintzen eta abiadura handiko trenaren egitasmoan.

• Gure osasunarekin negozioa egin nahi dutenak, osasun publikoa ahulduz osasun pribatua bultzatzeko. Ezin dugu ahaztu Darpon jauna IMQko gerentea izan dela.

Osakidetzako langile eta Bilboko auzokide eta osasun zentroen erabiltzaile bezala ezin ditugu honako murrizketak onartu.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Ezker soberanistaren esparruan aliantzak eraikitzen hasteko unea da”


LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok agerraldi bat egin dute egungo testuinguruaren azterketa egin eta hemendik aurrerako egitasmo nagusien berri emateko, arlo sindikal, politiko zein sozialean. Hain zuzen ere, Nazio Biltzarrak onartutako txostena aurkeztu dute, eta, azken hilabeteetako gertakari nagusiak aipatzeaz gain, sindikatuaren erronkak jakinarazi dituzte.

"LABek oso argi du, oinarrizko gaiak diren lan harremanak eta babes sozialerako sistema erabakitzeko ahalmenik ez badago, aldaketa sozial erabatekorik ez dagoela edozein jendarte eredu eraiki eta guztiei bizitza duina bermatzeko. Autonomia estatutuak eta Nafarroako amejoramenduak hasieratik izan duten hutsune estrukturala da hori". Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, gaur Bilbon egindako agerraldian esandakoak.

Hain zuzen ere, aldaketa soziala lortzeko burujabetza ezinbestekoa dela berretsi du: "Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu; Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraikitzeko erabaki ahalmen osoa, hain justu. Estatuarekin ez dago akordio bidez erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukerarik".

LABeko idazkari nagusiaren esanetan, Espainiako Estatuak ez du lurralde ereduaren auziari irtenbide politiko bat emateko eskaintzarik. Horrenbestez, herri bezala jardun eta burujabetzara iristeko ibilbide orria adostu eta martxan jartzeko unea da: "Orain da momentua. Estatus politiko berrien eztabaida zabalik dago. Katalunian prozesuan aurrera egiteko erabaki berriak hartu behar dituzte eta Euskal Herrian ere gai izan behar dugu erabakitzeko eskubidearen inguruko adostasun berriak eraiki eta ibilbidea marrazteko".

Hala, erronka bikoitza dela adierazi du Garbiñe Aranburuk: "Demokrazia eta erabakitzeko eskubidea defendatzen dugunon artean, inboluzio autoritario eta zentralistari herri bezala erantzun behar diogu. Bateraezina da erabakitzeko eskubidea defendatzen dela esan eta 155. artikuluaren defendatzaileekin akordioak egitea. EAJk badaki, herri honi iruzur berri bat egin nahi ez badio, Estatuarekin aurrez aurre jarri beharko duela". Hortaz, burujabetza prozesua ezkerretik indartzea dela bidea dio LABeko idazkari nagusiak: "Prozesu politikoak ez dira neutroak izaten, burujabetza prozesuak eraldaketa sozialean sakontzeko bidea izan behar du. Ezker soberanistaren esparruan aliantzak eraikitzen hasteko unea da. Ezker soberanistan agenda sozial konpartitua behar da eremu politiko, sindikal eta sozialaren artean".

Agenda sozial horretan jaso beharko litzateke erabakitzeko eskubidea jasoko duen marko berri baten alde egiteko estrategia eta marko juridiko politiko berriak izan beharreko gutxieneko eduki sozialak, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez;
EAJ, PSE eta PP bloke neoliberalari aurre egiteko estrategia, alegia. "Gehiengo instituzional berriak eraiki behar dira", zehaztu du Garbiñe Aranburuk. Nafarroan, berriz, aldaketa prozesua egonkortu eta aldaketa prozesu horrek ezkerrera egitea da LABen erronka, GeroaBairen galga hori gaindituz.

"Datozen hilabeteetan gure erronka nagusia ELArekin publiko egin genuen adierazpen sindikalean esaten duguna praktikara eramaten hastea izango da. Gehiengo sindikalaren indar mobilizatzailea ardatz soziala izango duen burujabetza prozesuaren mesedetan ipini behar da", adierazi du LABeko ordezkariak.

Langileekin pedagogia egin eta konpartitu behar den gogoeta dela azpimarratu du Garbiñe Aranburuk: herri honek nolako burujabetza prozesua behar duen, zergatik eta zertarako aldarrikatzen dugun burujabetza, zergatik eta zertarako erabaki nahi dugun. "Langileek lotura zuzena ikusi behar dute prekarietatearen kontra egiten ari garen borroka eta erabakitzeko eskubidearen aldeko borrokaren artean", azaldu du. "Langileontzat etorkizun hobea nahi dugu, bizi duina nahi dugu. Eredu ekonomiko neoliberal honekin jai daukagu, hazkundea ez da guregana iristen. Prekarietatearen kontrako borroka indartu behar dugu, lantokietan eta kalean. Politika publikoak aldatzeko mobilizazio soziala indartu behar dugu", erantsi du LABeko idazkari nagusiak.

Eskuineko politikak, "euskal labelarekin"
Igor Arroyok, bere aldetik, testuinguruaren azterketaren txostenaren laburpena egin du, eta EAJ, PSE eta PPren arteko akordioek inboluzio sozialean eta politikoan sakontzeko baino ez dutela balio nabarmendu du: "EAJk eskuineko politikak egiten ditu, PPren politika berberak euskal labelarekin". LABeko idazkari nagusi ondokoaren arabera, helburu horrekin "erabakitzeko eskubidea errepresioa erabiliz ukatzen dutenekin edota europako alderdirik korruptoenarekin akordioak egiteko erreparorik ez du" EAJk.