2026-01-17
Blog Page 834

SAREren Bilboko manifestazioan parte hartzeko deia egin diegu euskal langileei

Bada garaia euskal presoek pairatzen dituzten urraketei amaiera emateko. Bada garaian presoen aferan adostasunak eraikitzeko. LABek prestasuna erakutsi nahi du elkarrekin aurrera egiteko eta urtarrilaren 13an Bilboko kaleak betetzeko deia egin du.

Preso eta iheslariak etxera ekartzeko borroka indartzearen inguruan, aipatzekoa da Parisen abenduaren 9an izandako manifestazio jendetsua, “Orain presoak” lemapean izan zena. Bilboko datorren larunbatekoa izango da hurrengo hitzordu garrantzitsua, SAREk deituta eta “Prest gaude” lemarekin.

Manifestazioa 17:30ean abiatuko da Bilboko La Casillatik. Garbiñe Aranburu idazkari nagusia buru duen LABen ordezkaritza batek manifestazioan parte hartuko du. LABek langileei manifestazioan parte hartzeko deia egiten die.

Presoen gaiaren inguruan, Ipar Euskal Herrian adostasun zabalak eraiki dira esparru politikoan eta jendarte zibilaren inplikazioa ere eredugarria da. Honek Frantziako Gobernuarekin interlokuzio bat zabaltzea posible egin du eta hasi dira mugimenduak. Frantziako Gobernuaren jarrera aldatzea lortuko balitz, areagotu egingo litzateke Espainiareko gaineko presioa.

Espainiako Gobernuak euskal presoekiko salbuespen eta mendeku politikan ez du aurrera urrats bakar ba ere eman. Preso gaixoena da horren adierazlerik nagusiena. Euskal Herrian adostasun zabala lortu da gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea eskatzeko. Hainbat ekimenen artean aipatzekoa iruditzen zaigu Foro Sozialaren eskutik, EAEn uztailaren 5ean egin zen adierazpen sindikal eta agerraldia; horren hurrengo urratsa izan da, lehen aldiz gehiengo sindikalarekin batera UGT ere agertu izana Ibon Iparragirre askatzeko mobilizazio batean. Nafarroan ere sindikatu guztiok egin dugu bat eskakizun horrekin.

Aurrera begira, gaixo diren presoekin lortutako adostasun bera lortzen saiatuko gara presoen Euskal Herriratzeari eta bestelako salbuespen neurrien ezabaketari dagokionez, preso eta iheslari guztiak etxeratzeko bidean. Bide honetan, garrantzia berezia hartzen du Foro Sozial Iraunkorrak Irunen urtarrilaren 26 eta 27an preso eta iheslarien inguruan antolatutako saioak.
 

 

 

La Asuncion klinikako langileek lanuzteekin jarraitzen dute

0

Tolosako La Asuncion klinikako langileek lanuzteekin jarraitzen dute, egun osoz gaurko egunari dagokionez. Lau orduko eta egun osoko lanuzteak egin zituzten abenduan, eta, urte berriaren etorrerarekin, borroka indartu dute, beti ere hitzarmen duin baten defentsan. Elkarretaratze bat egin dute gaur klinikan bertan, eta datozen orduetarako hainbat protesta dituzte aurreikusita: bihar, adibidez, gaur bezala, greba eguna egingo dute.

Tolosako La Asuncion klinikako zuzendaritzak negoziatzeko asmorik ez duela jakinarazi die langileei: ez du soldata igoeraz hitz egin nahi, 2010etik izoztuak dauden arren; ez du urteko lanaldia murrizteari buruz hitz egiteko asmorik, langileek Osakidetzan baino 78 lan ordu gehiago dituzten arren; eta ez dio klinikako zerbitzuan gertatzen ari den gainbeherari heldu nahi, medikuak joaten ari diren arren. Hori dela eta, lanuzteak eta mobilizazioak deitu ditugu LAB eta ELA sindikatuok.

Hauxe da gaur eta biharko aurreikusitako mobilizazioak:

Urtarrilak 9, asteartea

8:00-10:00: elkarretaratzea, klinikan.
10:30-11:15: elkarretaratzea, Andoainen.
11:45-12:30: elkarretaratzea, Belaten (Tolosa).
16:00-16:45: auto karabana, Andoainen (Eroskiko aparkalekuan elkartuko dira).
17:00-18:00: auto karabana, Tolosan, klinikatik abiatuta.

Urtarrilak 10, asteazkena

8:00-10:00: elkarretaratzea, klinikan.
10:30-11:15: elkarretaratzea, Andoainen.
11:45-12:30: elkarretaratzea, Belaten (Tolosa).
18:00: manifestazioa, Tolosako udaletxetik abiatuta. 
 

 

 

Langile guztientzako amaiera espedientea eta Geyser-Gastech sozietatearen likidazioa aurkeztuko dute

0

Edesa Industrial eta Geyser Gastech-eko enpresa batzordeek jakinarazi dute Cataren zuzendaritzak, abokatu baten bitartez, plantilla osoarentzat amaiera espediente bat aurkeztu behar duela, 160 pertsonari eragiten diena. 

Edesa Industrial eta Geyser-Gastech-eko enpresa-batzordeen oharrak hala dio:

Gaur urtarrilak 8, Edesa Industrial eta Geyser Gastech-eko enpresa batzordeek jakinarazten dute, Cataren zuzendaritzak, abokatu baten bitartez, plantilla osoarentzat amaiera espediente bat aurkeztu behar duela, 160 pertsona. Era berean, Geyser Gastech sozidadearen likidazioa. Jorge Parledek zuzendutako enpresarean kudeaketa txarraren ondorioz dela uste dugu.

Gainera, laster etorkizuneko proposamen bat egongo dela jakinarazi digute, lanposturik gabe eta produktuen merkaturatzean bakarrik oinarrituta.

Gure kaleratzeak salatzen ditugu baita enpresa eta jarduera industriala desegiteko helburua ere.

Honen aurrean, etorkizuna egon daitekela uste dugu, oraingo plantilarentzat eta baita kaleratuak izandakoentzat ere, beti ere enplegu plan bideragarri bat egonez gero. Horretarako Instituzioen, Administradore Konkurtsalaren eta Fagor S.Coop-en inplikazioa behar dugu, proiektu espekulatibo eta jasangaitz honen alternatiba eraikitzeko.

Bihar urtarrilak 9, asteartea, goizeko 11:00tan langileen asanblada egongo da, bukatu ondoren konzentrazioa egingo da Garagartzako lantegian (Arrasate).

 

 

 

Urteko lehen lan heriotza salatu dute Pesako langileek

Autobus gidari bat hil zen ostegun gauean, Aretxabaletan, lan istripu baten ondorioz. Hain zuzen ere, berak gidatzen zuen autobusa eta motorzale batek aurrez aurre talka egin zuten. Lan heriotza salatzeko, Pesako enpresa komiteak deituta, protesta egin dute hildakoaren lankideek, Arrasateko Garibay autobus geltokian.

Urteko laugarren egunean iritsi da 2018ko lehen lan-istripu hilgarria. 2017an, gutxienez 53 izan ziren Euskal Herrian lan- istripuz hildako langileak.
 

 

 

Kaiene proiektuari ongi etorria eman nahi diogu, migranteak eta errefuxiatuak hartzeko harrera etxeari

LAB sindikatuak ongi etorria eman nahi dio Bilbon, Otxarkoagan, sortu den Kaiene proiektuari. Auzora begirako espazioa eskaintzeaz gain, migranteak eta errefuxiatuak hartzeko harrera etxea kokatuko dute bertan. Garapen komunitarioa bultzatzen duten proiektuak behar beharrezkoak dira bizi dugun testuinguru politiko eta sozialean, sistema eraldatzeko, eredu sozioekonomiko berria eraikitzeko.

Jatorri, arraza, sexu-genero eta bestelako aferen gainetik, langileen arteko elkartasun sareak osatzea eta logika komunitario integralak hauspotzea da arrazakeriari, xenofobiari eta pobreziaren kriminalizazioari aurre egiteko tresnarik hoberena. Langileen eta pobreen arteko gerra bultzatzen ari diren honetan, langile subjektua berriro artikulatu eta erronka berriei aurre egin behar diegu, klase elkartasuna jarriz zentroan.

Aldi berean, euskal administrazio ezberdinak aurrera eramaten ari diren eskubide sozialen kontrako kanpaina salatu nahi dugu, baita harrera politika baten beharra aldarrikatu ere. Zentzu horretan, bi estrategia erabiltzen ari dira: alde batetik, gizarte sektore ezberdinen kontrako kriminalizazio eta estigmatizazio kanpaina (migranteak, etorkinak eta oro har, lan zein bizi baldintza kaxkarrenetan bizi direnen kontra) eta, bestalde, eskubide sozialen murrizketa. Hor ditugu, hala nola, Diru- Sarrerak Bermatzeko Errentaren eta Etxebizitza Dekretuaren adibideak, zeinak erreforma neoliberalen logikan sakontzen duten.

Beraz, aurretik esan bezala, LAB sindikatuak Kaiene bezalako proiektuen beharra ezinbestekotzat jotzen dugu. Dagoeneko inork eta ezerk ez du proiektua geratuko. Gainera, gure konpromisoan berresten gara errefuxiatuen eta, oro har, jatorri guztietako langileen eskubideen alde borrokatzeko. Eskubide guztiak pertsona guztientzat aldarrikatzen ditugu.

 

 

 

Nafarroako Gureak enpresak kaleratutako langileari babesa erakutsi diogu

Elkarretaratze bat egin dugu Noian-Eskirotzen industriagunean, LAB, UGT eta ELA sindikatuok deituta, Nafarroako Gureak enpresaren aurrean. Hain zuzen ere, zazpi urte eman ditu lanean kaleratutako langilea, eta Gureak-ek "trebetasun eza" argudiatuta kaleratu du. Hitzarmena urratu du enpresak, lanpostua egokitzeko derrigortuta zegoelako.

Sindikatuok "oso larritzat" jo dute kaleratzea. Gureak Navarra enplegu-zentro berezia da eta Nafarroako Gobernutik ia milioi erdi euroko diru-laguntza jaso zuen iaz.
 

 

 

Igande eta jai egunetan 0 irekiera izatea berriz aldarrikatu dugu Nafarroan

Atzo, urtarrilak 7, igandearekin, LAB kalera atera da berriz ere, jai egunetan eta igandeetan 0 irekiera aldarrikatzeko, Huarteko Itaroako merkataritza gunean egindako ekintza baten bidez.

LAB sindikatua Nafarroan merkataritzako langileek pairatzen dituzten ondorioak ikusarazteko mobilizatu da, Itaroako merkataritza gunean gauzatutako ekintza baten bidez; merkataritza gunean pankartak zintzilikatu ditugu, hain justu.

LABek berriz salatu du jai egunetan lan egiteak lan baldintzak kaskartzen dituela, lanpostuak suntsitzen dituela, bizitza eta lana kontziliatzea ezinezko bihurtzen duela, merkatari txikiak kaltetzen dituela eta gizarte kontsumista eredua inposatzen duela.

Igande eta jai egunetan irekiera 0 izan arte, LAB sindikatuak kalean eta langileak babesten jarraituko du.
 

 

 

Mobilizaziora deitzen dugu lan-istripuz izandako urteko lehen heriotzaren aurrean

Gaur jakin dugu, atzo gauean, J.M.L. autobus gidaria hil zela Aretxabaletan, lan istripu baten ondorioz, berak gidatzen zuen autobusa eta motzortzale batek aurrez aurre talka egin ondoren.

Lehenik eta behin LAB sindikatutik gure doluminak eta elkartasuna adierazi nahi diogu autobus -gidarien senide eta gertukoei.

Urteko laugarren egunean iritsi da 2018ko lehen lan-istripu hilgarria. 2017an, gutxienez 54 izan ziren Euskal Herrian lan- istripuz hildako langileak.

Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak prekarioak dira.

Garraiolariek ez daukate gaixotasun arrunt nahiz lanekoen aurrean babes egorik askotan, eta gainera, salatu behar dugu garraiolariek lanaldian izaten dituzten lan istripuak ez direla estatistika ofizialetan kontuan edukitzen.

Errepideetako lan istripuen ikerketak Ertzaintzaren esku geratzen dira, OSALANek ez baitu konpetentziarik. Ondorioz, ez du lan istripuen aurre-informea egiten eta istripuen zergatiak eta ez dira hartzen ekiditzeko beharrezkoek diren neurri prebentiboak.

Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak. Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, gainera.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatutik deia egiten diogu langile klaseari PESAko Enpresa Komiteak deituta, datorren astelehenean hilak 8, Arrasateko Garibay autobus geltokian 13:00etatik aurrera egingo duen kontzentrazioan parte hartzeko.

 

 

 

Alfako langileak kalera irten dira euren lanpostuen defentsan

0

Abenduaren 11tik greba mugagabean daude Alfako langileak. Enpresak likidazioa aurkeztu zuen eta langileen hainbat mobilizazioa egin dituzte ordutik hona; gaur goizean, azkena. Hain zuzen ere, kotxe-karabana bat egin dute eta elkarretaratze bat, Untzaga plazan.

Hauxe da enpresa batzordeak igorritako oharra:

Alfa Taldeko langileak 2017an amaitutako parametro berdinetan eman diote hasiera urteari, GREBA MUGAGABE batekin lanpostuen defentsan eta Eibarko lantegi enblematikoenaren etorkizunaren alde borrokan.

Modu berean 2018ko lehen asteko grebak izandako jarraipenaren berri eman nahi dugu, hainbat hedabidek datu okerrak zabaldu baitituzte. Egun lanean diren eskirolen portzentaia Alfa Precision Casting-en %33,59koa da, eta hori erakusten duten egunero enpresak sinatutako aktak ditugu.

Likidazio prozesuaren harira, aste honetan jaso berri dugu epaileak prozesuari oniritzia eman dionaren komunikatua eta 15 egunen epean likidazio plan bat jarri beharko duten administratzaile konkurtsalak izendatu dituela.

Horregatik, datorren astean Eusko Jaurlaritzarekin bilduko gara eta asteartean, Administratzaile Konkurtsalekin, hiru puntu hauetan oinarritutako akordio batetara heltzeko:

Taldea osatzen duten enpresa guztietan enplegua egonkortzeko eta hari eusteko konpromisoa.
Jendea kaleratzekotan, ez dadila modu traumatikoan egin.
Langileek eta hauen senideek Alfa taldeko enpresetan izan dezaketen etorkizunari buruzko informazio argia, erreala eta zehatza jaso behar dute, baita likidazio planari buruzko informazioa ere.

Askotan esan dugu, eta ez gara errepikatzeaz nekatuko. Hemen gertatu denaren ardura hiru pertsona hauek dute: Jon Ander Buenetxea, Iñaki Uzkudun eta Jorge Agirrebeña. Hauek 2.289.092 euro banatu zituzten euren artean, Alfa taldea egoera zailean zegoenean, hartzekodunen hitzarmen bat egonda. Kudeatzaile miresgarri hauek eraman dute Alfa taldea dagoen egoerara.

Bukatzeko, enpresa batzordetik deituko ditugun mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.