2024-04-26
HomeIndustriaMetalgintzaMobilizazioaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu Tubacex-en, zuzendaritzak blokeoari konponbiderik jartzen ez...

Mobilizazioaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu Tubacex-en, zuzendaritzak blokeoari konponbiderik jartzen ez badio

Pasa den astelehenean, apirilaren 23an egin genuen STAT, USO eta LABetik, Tubacex-TTI-ACVAren hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren testuinguruan deitu genituen 24 ordutako hiru lanuzteetako azkena.

Lehenik eta behin, azken egunotan gertatutakoaren laburpena egin nahiko genuke eta honaino ekarri gaituzten arrazoiak azaldu.

2017 hasieran hasi zen hitzarmen kolektibo berriaren negoziazioa. Fruitu askorik eman zuten bileretan urtebete pasatu ondoren, negoziazioa ixteko presa duen Zuzendaritza batekin hasi genuen 2018a. Zuzendaritzak inposatu egiten ditu bai bileren egutegia baita negoziatu beharreko edukiak.

Honek, garrantzitsuak irizten diegun gai batzuk azaltzeko tarterik gabe uzte gaitu ordezkaritza sindikaleko kideak. Adibidez, dagoen ebentualitate tasa izugarria murriztea, kontrataziorako sistema objektibo bat definitzea, finkoak bihurtzeko irizpideak definitzea (aintzinatasuna, gaitasunak…), malgutasuna murriztea, aparteko orduak galgatzea edo soldata eskala bizkoitzak ezabatzea, bai soldatei dagozkienak eta baita promozioei dagozkienak ere.

Martxoaren erdialdean aurkeztu zuten negoziazioa behin betiko ixten zuen Akordioa, berau langileek bozkatuko zutenaren konpromisoarekin. ELA, CCOO eta Independienteek aipatu akordioa sinatu zuten gehiengo estu batekin. STAT, USO eta LABek ez genuen sinatu eznahikoa zela irizten geniolako. Azken bilera honetan enpresak iragartzen zuen botazioan ezezkoa gailenduz gero, akordioa bertan behera geratuko zela eta negoziazioa zerotik abiatuko zela.

Asanblada orokor baten ondoren, martxoaren 22an egin zen akordioaren inguruko botazioa eta gehiengoak akordioa ez onartzea erabaki zuen. Hurrengo egunean, Tubacex-TTI-ACVAko zuzendaritzak komunikatu bat bidali zien langileei hilabeteko epea euren erabakia berraztertu zezaten. Egun horretan bertan eskatu genuen Zentroen arteko Batzordea deitzea negoziazioa berrartzeko.

Ondoren egin zen aipatu Batzordea eta enpresak argi utzi zuen ez zegoela negoziatzeko prest eta zehaztutako epe bat zegoela berretsi zuen. Gainera, gehiengo sindikalak ez zuen inolako neurririk proposatu egoera desblokeatzeko.

Langileen erabakiarekiko errespetu falta honen aurrean, iniziatiba hartzea erabaki genuen. Mobilizazio batzuk proposatu genuen enpresaren jarreraren aurrean presio neurri moduan eta 24 ordutako lanuzteak deitu genituen apirilaren 13, 20 eta 23rako. Sinatu zuen gehiengoak ez batzea erabaki zuen baina ez zuen inolako alternatibarik aurkeztu. Enpresa langileak eta sindikatu deitzaileak mehatxatu, presionatu eta xantaiatzen hasi zen.

Zuzendaritzaren estrategia langileen artean ziurgabetasuna eta ondoeza eragiten hasten da. Beranduago, are gehiago larriagotzen du egoera Laudio eta Amurrioko lantegietako inbertsioak kentzeko iragarpenak.

Lanuzteen egunetan, enpresak modu sistematikoan bete ditu greban zeuden pertsonen lanpostuak, langileek eskubide funtsezkoak urratuz. Honi batuta, harrituta ikusten dugu nola parte hartzen duten lanpostuen ordezkatze honetan sinatu zuten sindikatu batzutako delegatuek.

Lan Ikuskaritzarekin harremanetan jarri ginen eta 20ko lanuztean zehar Aceralava eta Laudioko TTIko instalazioak ikusi zituen, egin ziren irregulartasunak jasoz.

Greben balorazioa oso positiboa da zenbait arrazoirengatik:
– Langileek aurre egin diote Zuzendaritzari, Tubacexen urtetan inposatu duen negoziazio ereduari aurre eginez. Beldurrean eta xantaian oinarritutako eredua, Aiarako lantegietako inbertsioak baldintzatuz.
– Gehiengo sindikala izan ez arren, produkzio lerro nagusiak errelebo gehienetan gelditzea lortu dugu, enpresa urduri jarriz.

Prozesu honetan zehar ELA, CCOO eta Independienteek erakutsitako jarrera salatu nahi dugu:
– Uko egin diotelako asanblada informatiboak egiteari langileen arteko eztabaida sustatzeko, hauen egitekoa akordioa berreste hutsera mugatuz.
– Mobilizazioetan Zuzendaritzaren alde posizionatu delako.
– Gure aurka egin duelako Zuzendaritzaren aurka egin beharrean, azken hau baita botazioaren emaitza onartu ez duena. Jarrera honekin ulertzen dugu eurek ere ez dutela aipatu emaitza onartzen.
– Langileen kolektiboari alternatibarik ez eskaintzeagatik, erantzukizuna gure bizkar gainean jarriz.

Hala ere, STAT, USO eta LABeko atal sindikalek uste dugu egondako desadostasunak gorabehera, ekintza batasuna bilatzen jarraitu behar dugula gure lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat defendatzeko. Gainera, mobilizazioaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu Zuzendaritzak blokeo honi konponbiderik jartzen ez badio.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.