2025-12-19
Blog Page 83

Zornotzako Salvesen Logisticako langileak zoriondu nahi ditugu euren lan-baldintzak hobetzen dituen enpresa-ituna lortzeagatik

Salvesen Logística Zornotzan kokatutako enpresa da, eta saltoki handien hitzarmena estatala ezartzen zaie bere 120 langileei. Lau atal ditu: esnekiak, fruta, haragia eta arraina. Eroski enpresarentzat soilik egiten du lan, eskaerak prestatuz. Enpresa-batzordea LABeko 5 ordezkarik, ELAko 3k eta CCOOko batek osatzen dute. Langileek kontzentrazioak eta grebak egin dituzte, eta saltoki handien hitzarmen estataleko hainbat atal nabarmen hobetzen dituen enpresa-ituna lortu dute.

Enpresa-itunak 2 urteko indarraldia izango du (2025-2026), eta hainbat hobekuntza ziurtatuko ditu. Genero-arrakala amaitzea lortu dugu; izan ere, esnekien sektorean, feminizatuenean, soldatak beste ataletakoekin berdintzea lortu dugu. Lizentziak hobetzea ere lortu dugu, lanaldia murriztea (8 ordu indarrean dagoen urte bakoitzean), aldi baterako lan-ezintasunak % 100ean estaltzea, soldata KPIren gainetik igotzea eta aintzinatasuna hobetzea.

LABetik, Salvesen Logistikako langileek erakutsi dituzten konpromisoa eta erabakitasuna zoriontzen ditugu. Beste behin ere, argi geratu da borrokak merezi duela.

Osasunbideko langileak haserre daude Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektuaren proposamenaren aurrean

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileen Batzordeko kideek adierazi dute Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektuaren proposamenaren aurrean benetan haserre daudela eta haren aurkako iritzia dutela. Izan ere, arau horretan planteatzen da Osasunbidearen eta NOPLOIren izaera juridikoa aldatzea, Departamentuari atxikitako erakunde autonomo izateari uzteko eta enpresa-erakunde publiko bihurtzeko (hau da, titulartasun publikoko erakunde bat, langileei zuzenbide pribatua aplikatzen diena).

Lehenik eta behin, Osasunbideko Langileen Batzordeko kideek adierazi dute batere ados dokumentua egiteko moduarekin, ez baita aldez aurreko negoziazio-prozesurik izan dokumentua gutxieneko adostasunarekin prestatzeko. Adibidez, Eremu Bakarraren berrantolaketak bermatu behar du plantilla osoaren lan-baldintzak ez direla hondatuko.

Bigarrenik, izaera juridikoa aldatzeko proposamen horrek plantillaren lan-baldintzetan atzera egitea eragiten du, lanbide-kategoria bakoitzean eskala bikoitza dakarrelako, errealitate eta eskubide desberdinekin. Alde batetik, funtzionarioak egongo lirateke, beren araudiarekin, eta, bestetik, langile kontratudunak, etorkizunean lanpostu finkoen titular izango liratekeenak. Lanpostu finko horiek lan-araubidekoak izango lirateke, eta langile horien lan-baldintzak kaltetzea gerta liteke, bai eta bi taldeen arteko diskriminazioak ere, bakoitzaren lan-harremanaren arabera.

Horregatik guztiagatik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileen Batzordetik exijitzen dute Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektu horretan enpresa-erakunde publikoei buruz dauden aipamen guztiak kentzea eta plantillaren iritzia entzuteko negoziazio-mahai bat irekitzea.

Langileen ordezkariak diren aldetik, euren iritzia Osasun Departamentuari eta Parlamentuko talde guztiei helarazi diete.

Dagoeneko 61 langile hil dira Euskal Herrian urte hasieratik, horietatik 12 garraiolariak

Atzo, 57 urteko C.G. garraiolaria hil zen lanean Larrabetzun, kamioi istripuz. 2024. urtean 12 garraiolari hil dira lanean dagoeneko. Atzokoarekin, gutxienez 61 laneko heriotza izan ditugu urte hasieratik Euskal Herrian, iazko urte osoan baino 2 gehiago.

Askotan salatu dugu oso prekarioak direla garraioaren sektoreko lan-baldintzak, lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak, adinaren eragina, etab. Horregatik diogu garraioaren sektorean gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar, garraiolarien lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere.

Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute jarraitu beste alde batera begiratzen, bestela gertatutakoaren konplize izango dira.

Lan istripu gehiagorik ez, ez garraioaren sektorean, ez beste inon!

Dei egiten dugu laneko azken heriotza hau salatzeko deituko diren mobilizazioetan parte hartzera.

Etxebizitza eskubidearen alde larunbatean Bilbon deituta dagoen mobilizazioan parte hartuko dugu

Etxebizitza eskuratzeko ezintasuna lehen mailako arazo bilakatu da, prezioen etengabeko igoerarekin batera. LABen, eskubidea erreala izan dadin, etxebizitzaren negozioa eten behar dela aldarrikatzen dugu.

Larunbat honetan, hainbat etxebizitza sindikatuk deituta eta hamarnaka eragile sozial eta sindikalen babesarekin, etxebizitzaren negozioaren aurka mobilizatuko gara Bilbon. Izan ere, etxebizitza problematika gisa izendatu den hori, langileria pobretzeko eremu bilakatu da azken urte luzeetan.

Larrialdi betean gaudela agerikoa da. Etxebizitza duinerako sarbidea bermatu ezinik, gutxi batzuen poltsikoak betetzen ari dira, eskubidea izan beharko lukeenarekin negozioa egiten dutelako. Banketxeak, putre funtsak eta errentistak langileon bizitzak pobretzen ari dira. Horrela, langileok lantokiko patronalari aurre egin behar diogu lehenik eta higiezin patronalari ondoren.

Bada Euskal Herriko egoera beste toki batzuekin alderatuta hain okerra ez dela esanda lasaitzen denik. Eredu omen gara Denis Itxaso sailburuarentzat edo Txibiteren Gobernuarentzat. Esaten ez digutena da Gobernuek hamarkadetan hartutako neurriek etxebizitzaren negozioa elikatzen jarraitzeko hartu direla, etxebizitzak alokairuan jartzeko pizgarri eta prezioak puzteko baliatzen diren maizterrei emandako laguntza zuzenetatik hasi, erosketa saritzen duten abal eta sistema fiskaletatik segi eta eta parke publikoa handitzeko eraikuntza hutsean, ezaguna zaigun elkarlan publiko-pribatuan eta etxebizitza publikoa salerosketan – ez alokairuan – eskaintzera bideraturiko politikak. Merkatuan esku hartzea zalantzan jartzen dutenek edota aho txikiarekin defendatzen dutenek jakin badakite etxebizitza merkatua zeharo interbenituta eta diru publikoz hornituta dagoela; baina beti etxejabeei interesen alde. Hau aldatzeko ordua da. Ez badiogu aurre egiten joerek jango gaituzte eta egoerak okerrera egingo du.

Horregatik LABek larunbat honetan deitutako mobilizazioarekin bat egin eta etxebizitzaren arazoa antolatzeko eremu bilakatzeko lan egingo duela adierazi nahi du, bai euskal langileontzat tresna sindikal eraginkorrak eskainiz bai eta aliantza zabal eta anitzen aldeko apustua eginez. Ipar Euskal Herrian eraikitako artikulazioa eredu izan daiteke Hego Euskal Herrian ere. Larunbatekoa izan dadila olatu zabal baten hasiera beraz.

Norabide horretan ekarpena egiteko, LABek duela hilabete luzeak abiaturiko “Negozioa Eten” kanpainari segida emango dio eta urgentziazko neurrien inguruan langileak antolatzeko deia egiten du. Merkatuan esku hartu eta sindikatu honen ustez hurrengoak dira egungo egoera iraultzen hasteko urgentziazko neurri hauek proposatzen ditugu:

Etxebizitza prezio guztiak %50 jaistea. Egun dauden tresnak -ez nahikoak izanda ere- berehala erabiltzea prezio igoerak mugatzeko eta neurri berriak hartu prezioak jaitsiarazteko.

Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren igoera. Euskal Herriko errealitateari egokituta.

Alokairu publiko eta sozialaren aldeko apustu irmoa. Etxebizitza eskubide gisa bermatzeko gaitasunak handitzeko helburuarekin, zerbitzu publiko-komunitarioaren zerumugari so. Baliabide publikoak nagusiki honetara bideratu eta ez esku pribatuak betetzera, kontrol mekanismo oso urriekin. Eraikitzea ez ezik, erabilera antisoziala duten etxebizitzak mobilizatzea.

Pisu turistikoak debekatzea eta oro har etxebizitza parkean bizitzea ez diren erabilerak mugatzea. Etxebizitzak bizitzeko dira.

Etxebizitzen erosketa oro bertan bizitzeko dela bermatzeko neurriak.

Etxebizitzetan bizi diren pertsonen eskubideak lehenetsi eta efektiboki babestu. Etxegabetzeak eten. Maizterren eta hipotekatuen eskubideak babestu ezegonkortasun, prezio igoera eta abusuen aurrean. Egoera zaurgarrian dauden bizilagunen beharrei erantzuteko baliabide publikoak indartu.

Neurri hauek gauzatzeko ere, erreforma fiskala.

Arabako Zurgintzaren Industrian negoziatzea eskatu diogu SEAri

Gaur, abenduaren 10ean, Arabako Zurgintzaren Industriaren sektoreko langileek elkarretaratzea egin dute LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuokin batera Gasteizen, SEAren egoitzaren aurrean, patronala negoziazio mahaian esertzeko eta bere plataformak jasotzen dituen edukiak berrikustea eskatzeko.

Negoziazioa urte hasieran hasi zen, eta bi bilera egin ondoren geldiarazi zuten. Lehenengoan, sindikatuek beren plataforma aurkeztu zuten; eta bigarrenean, patronalak berea ekarri zuen. Eta harrezkero, ezer ez. SEAk bertan behera utzi zituen hurrengoak. Gogoratu behar dugu SEAk 2024. eta 2025. urteetarako soldatak izoztea proposatzen duela, funtsezko hobekuntza gehigarririk jaso gabe.

Patronalaren aitzakia da aurreko hitzarmenean jasotako soldata-eguneratzea gogorra izan dela. Ez dugu aitzakia hori onartzen, enpresek bazekitelako zer zegoen sinatuta eta hiru urte izan dituztelako igoerak egiteko eta erregulazioa moderatuagoa izateko. Baina langile guztien artean sortzen dugun aberastasuna banatu beharrean, nahiago izan dute azkenera arte beraientzat gorde. Orain arazoa da berau banatzea.

Ez dugu onartzen sektorearen onurarako lan egiten duten pertsonen baldintzak prekarizatzea. Erosahalmena bermatuta geratu behar da.

Horregatik, sektoreko 300 sinadura baino gehiago bildu ditugu, sektorearen gehiengoa ordezkatzen dutenak, patronalari eskatzeko bere plataforma berrikus dezala eta negoziazio mahaira dei dezala, edukiekin. Hori egin ezean, sindikatu deitzaileok protesta gehiago egitea aztertuko dugu sektorea mobilizatzen jarraitzeko, aukerarik baztertu gabe.

Arabako Zurgintzaren Industrian, negoziazioa orain!

Miserabletzat jo ditugu Nafarroako zahar egoitzen lehen hitzarmenaren aurka bozkatu duten hiru enpresak

Gaur Iruñean eginiko agerraldian, LAB sindikatuak irmo eta gogor salatu du Amavir, Sanitas eta GRS enpresen jokabidea, zahar egoitzen sektoreko enpresaburuek pasa den astean egin zuten barne kontsultan Nafarroa Garaiko lehenbiziko hitzarmen sektorialaren aurka bozkatu zutelako. LABen ustez, hiru enpresa horien jarrera miserablea da sektoreko emakume* langileak miseriazko lan-baldintzetara kondenatzen baititu. Sindikatuak aurrera jarraituko du hitzarmen duin baten aldeko borrokarekin eta mobilizazioekin eta abenduaren 13 eta 20rako bi orduko lanuzteak egitera deitu ditu langileak.

Urtarrilean lau urte beteko dira LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzen hitzarmena aldarrikatzeko lehen pankarta atera zuenetik. Lau urte luze eta malkartsu hauetan LABek, bakarrik edo beste sindikatu batzuekin, ehunka ekimen egin izan ditu (batzarrak eta bilerak, manifestazioak eta elkarretaratzeak, bide mozketak, lanuzteak eta grebak…) pribatizatutako zaintza sektore honetako langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko borrokan.

Bada, azkenaldian alde ezberdinen arteko jarrerak hurbiltzen ari ziren eta bazirudien elkar ulertzeko eta ados jartzeko borondatea bazegoela. Azken hilabeteetan, koherentziaz eta zahar egoitzetako langileen lan eta bizi baldintzen egoera behingoz arautzeko borondatearekin, elkarrizketa ezberdinak mantendu izan ditu LABek, negoziazio mahaian parte hatzen duten kide ezberdinekin. Horren ondorioz, bazirudien gutxieneko akordio bat lortzear zegoela. Baina iragan astean, sektoreko bi patronaletako baten enpresek bozkatu zuten ea akordioa sinatuko zuten, eta Amavir, Sanitas eta GSR enpresek, miserableki, ezezko botoa eman zuten. Hau da, egoera bideratzeko eta hitzarmena posible egiteko aukera errealak dauden momentuan, multinazional handiek erabaki dute atea danbateko batez ixtea.

LABek gogor salatu nahi du Amavir, Sanitas eta GSR enpresen erabakia. Berriz ere beren diru gose aseezina langileen eta egoiliarren ongizatearen gainetik jarri dute, eta urte luzeetako borrokaren ondoren alde gehienek elkarrizketarako eta negoziazioaren aldeko apustua egin dutenean, miserable hauek ezezkoa eman diote negoziazioari. Sektoreko langileak prekarizatzen, esplotatzen eta lan baldintza miserableak ezartzen jarraitzea erabaki dute miserable hauek.

Multinazional horien jarrera tamalgarri horren aurrean, LABek eskatuko du sindikatuko ordezkariak Nafarroako Parlamentuan azaltzea eta, halaber, abenduaren 13an eta 20an lanuzteak egitera deitu ditu zahar egoitzetako Nafarroako langileak, 16:00etatik 18:00etara. Lanuzte egunetan enpresa horiek zuzenean seinalatuko ditu LABek.

Borroka ez da bukatu. Hasieratik, edozein interes korporatibo baztertuta, hitzarmen hau lortzeko konpromiso sindikal eta politiko irmoa azaldu du LABek, eta konpromiso berdinarekin jarraitzen du. Urte hauetan guztietan langileek, delegatuek eta eragile sozial ezberdinek egin duten borroka harro egoteko modukoa da, eta zinez eskertzekoa. Eta batzuei zein besteei borroka horri eusteko eskatu die LABek. Tinko, momentuak eskatzen duen moduan, enpresa miserable hauei behar bezala erantzuteko.

Ikusgai dago ‘Eskuz esku LAB zabaltzen’ dokumentala

LAB sindikatuak 50 urte bete ditu aurten, eta urte osoan hainbat momentu izan ditugu, LAB Zabaltzen lelopean, urteurrena ospatu, nazio askapenerako eta eraldaketa sozialerako bidea zabaltzen mende erdi egin dugula gogoratu, eta, aldi berean, etorkizunera begira bide horretan jarraitzeko konprmisoa berritzeko.

Zalantzarik gabe, sindikatuaren urteurrenaren karietara Iñaki Alforja zinemagileak sortutako Eskuz esku LAB zabaltzen dokumentalaren estreinaldia izan da urteurreneko momentu gogoangarrienetako bat. Azken 50 urteetan LABek izan duen bilakaera jasotzen du ikus-entzunezko lanak, eta, horrekin batera, sindikatuaren oinarrizko balioek euskal panorama sindikalean izan duten eragina erakusten du. Halaber, euskal langile mugimenduarentzat mugarri izan diren zenbait une eta horietan sindikatuak egindako lana erakusten ditu: Martxoaren 3a, Euskaldunako borroka, sindikalismo feministaren garapena, Nafarroako aldaketa politikoa…

Iragan udaberrian eskualdez eskualde dokumentala aurkeztu zuen LABek, eta orain edonorentzat ikusgai dago, sindikatuaren Youtubeko kanalean.

Elgoibarko Egondo enpresan akordioa lortu dugu

Azaroaren 18an, Elgoibarko Egondo enpresako langileek mobilizazio ziklo bat jarri zuten martxan euren enpresa–itunaren negoziaketaren blokeoa zela eta. Ondoko hiru asteetan mobilizazioak egin dituzte langileek, eta, ondorioz, akordioa erdietsi dute. Ostiralean aurkeztu zuen proposamena enpresak, eta, gaur, hilak 9, onartu du langileen asanbladak.

Protesten ondorioz, honako hobekuntza hauek lortu dituzte langileek:

  • Langileak antolatzeko eta borrokatzeko aukera aho batez babestea.
  • Enpresa negoziazio mahaira itzularaztea eta etorkizunean lan baldintzak hobetzeko akordioak lortzeko enpresan negoziatzeko eskubidea zabalik geratzea.
  • Enpresak aurkeztutakoa baino egutegi duinagoa lortzea negoziazioaren bitartez.
  • Enpresa-ituna sinatzea, egungo metaleko hitzarmena hobetzen duena.

    Negoziaziorako ate guztiak itxita zeudenean, protestak izan ziren irtenbide bakarra. Horregatik, LABek zoriondu egin nahi ditu langileak, eta bere borrokarako konpromiosan berresten da.

Basogintzako langileen osasuna zaintzeko eta ustiaketa eredua aldatzeko eskatu dugu Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Joan den azaroaren 27an LAB, ESK, STEILAS, EHNE-ETXALDE ETA HIRU sindikatuok Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean egin genuen bezala, gaur, intersindikal horren ordezkari gisa, LAB eta ETXALDEren ordezkariok Gipuzkoako Batzar Nagusietan salatu dugu basogintzako lan istripu kopuru altua, eta ustiaketa eredua aldatzeko eskatu dugu.

Lan osasunari dagokionez, sektore horretako langileen egoera dramatikoa da. Azken hamarkadan gutxienez 32 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian. Datu hori denboraldi berean Euskal Herrian lan istripuz izandako heriotza guztien %5 da. Sektore horretako langile kopurua kontuan hartuta, eraikuntza bera baino %10-15 aldiz hilkorragoa da.

Etengabe errepikatzen den egiturazko arazo baten aurrean gaude.

Arrazoi nagusietako bat sektorean dagoen prekaritatea da. Autonomo faltsuak, azpikontratazioaren erabilera orokorra, modu isolatuan lan egiten da, ez dago prebentzio baliabiderik, ez dago prestakuntzarik… Oro har, ez dira betetzen osasun zein lan araudia.

Baina funtsezko beste arrazoia Bizkaiko eta Gipuzkoako ustiaketaren egungo eredua da. Euskal Herriko sektoreko heriotza guztien %75 Bizkaian eta Gipuzkoan metatzen dira.

Aktibitateak berak arriskuak dakartza, baina bada arrisku horiek modu esponentzialean areagotzen dituen zeharkako faktore bat, basogintza eredua hain zuzen, basogintza intentsiboa. Basogintza eredu hau, batez ere, Gipuzkoan eta Bizkaian egiten da Euskal Herrian.

Etekin ekonomikoa lehenetsi nahian, eredu horrek gure mendietan kanpoko espezieak, hazkunde azkarreko espezieak, aldatu, hazi eta matarrasa moduan ateratzen ditu denbora ziklo motzetan. Bioaniztasunaren ikuspegitik gure mendi lurrak eraldatu ditu, bertako basoak eta espezieak masiboki alboratu ditu eta, era berean, matarrasek eta habitataren eraldaketak bertako fauna larri erasotu dute. Horretarako makinaria astuna erabiltzen da eta mendian pistak irekitzen dira egurra atera ahal izateko, langileen aurkako arriskuak areagotuz.

Gainera, interbentzioak askotan lur eremu pribatu txiki, bakan eta urrunetan egin behar izaten dira, lanerako planifikazio egokia eramateko aukerak murriztuz. Azken hamarkadetan eredu hori, ikuspegi ekonomikotik, porrota iizan da, bidean milioika euro publiko xahutu baititu diru laguntzetan; zer esanik ez lan osasunaren ikuspegitik. Izan ere basoaren ustiaketa intentsiboa ordekan edo lur lauetan egin behar litzateke, baina teknika horiek gune malkarretara eramatean arrisku faktorea muga onargaitzetara iristen da.

Bideragarritasun ekonomiko falta horrek ingurumena erasotzeaz gain, langileen segurtasuna eta osasuna kaltetzen ditu, langileen bizia arriskuan jarriz: lan orduak modu masiboan egin, baita asteburuetan ere; makineria zaharra eta desegokia erabiltzen da malkar handietan; lan erritmoak oso altuak dira ustiatutako materialaren balioa oso eskasa delako… Lanaren berezko arriskuei gehitzen zaizkien faktore horiek dira sektoreko istripu tasa altuaren eragileak.

Basogintza eredua aldatu beharra dago, eta dei egiten diegu Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiei eta Batzar Nagusiei, mendi foru arauak alda ditzaten basogintza jasangarri

baten defentsan, eredu intentsiboa baztertuz, bideragarritasun ekonomikoa, bioaniztasunarena eta lan osasuna eta lan baldintzak ere bermatuak izan daitezen.