2026-01-18
Blog Page 823

Ez gaude prest 35 orduko lanaldian atzera pausorik onartzeko

Gaurkoan Madriletik etorritako berriak agerian uzten du geure zerbitzu publikoak defendatu eta garatzeko nahitaezkoa dela erasoetatik blindatzen gaituen marko legala eraikitzea. Horretarako beharrezkoak diren Lege propioak jorratzeko borondate eta nahia agertu behar da, Espainiako legediaren garapen hutsa alboratuz.

Auzitegi Gorenak EAEko langile publikoen asteko lanaldiaren inguruan jarrita zegoen helegitearen ebazpena zein den ikusita, LAB sindikatuak egoeraren azterketa juridiko lasaiago bat egitearen beharra ikusten du. Hala ere, ohar honen bidez modu argi batean zera adierazi nahi dugu:

• Lehenik eta behin, oso larria iruditzen zaigu Espainiar Estatuak gai honekiko daukan jarrera. Gure ustez, onartezina da gure zerbitzu publikoak etengabe erasotzen egotea eta administrazio eta sindikatu guztiok defendatzen ditugun akordioen aurka joatea. Argi dago Espainiako Estatutik langile publikoon lan baldintzetan atzera pausoak besterik ez datozela, eta gure esparruan izan beharko genukeen negoziazio kolektiborako eskubidea ez dutela errespetatzen. Espainiako Estatua Euskal Administrazioetan injerentzia bat besterik ez da.

• Bigarrenik, EAJri eta berarekin gobernatzen duten alderdiei mezu garbi bat bidali nahi diegu; ez dugu inolaz ere onartuko, sententzia honetaz baliatuz, asteko lanaldia luzatu nahi izatea. Argi eta garbi adierazi nahi dugu orain inoiz baino gehiago dauzkagun akordioen defentsa egin behar dugula eta ez dugula kontrakorik onartuko. LAB ez dago prest 35 orduko lanaldian atzera pausorik onartzeko.
 

 

 

“CEBEK-ek lapurtu nahi dizkigun eskubideak defendatzea erabaki dugu”

LAB, ELA, ESK, CGT eta CNT sindikatuok egun osoko greba egin dugu gaur Bizkaiko bulego eta langelen hitzarmenak eragiten dien sektoreetan. Hitzarmenaren negoziazioari bultzada emateko helburuarekin deitu dugu mobilizaziora, eta hainbat ekimen gauzatu ditugu goizean goizetik. Bilboko Arriaga plazatik eguerdian abiatutako manifestazioa izan da mobilizazio nagusia, baina, aurretik, pikete informatiboak, Zabalburutik manifestazioa eta auto karabana bat egin dituzte, besteak beste; azken hau Zamudioko Parke Teknologikotik abiatuta.

Hauxe da sindikatuok egindako adierazpena, gaurko greba eguna dela eta:

Gaur, 22.000 langile dituen gure hitzarmena babestera etorri gara. Gaur, CEBEK-ek lapurtu nahi dizkigun eskubideak babestu eta defendatzea erabaki dugu.

Orain dela urtebete ireki genuen negoziazio mahaian argi geratu da nork nahi duen hitzarmen duin bat eta nork erabaki duen hitzarmen hori deuzestea. CEBEk patronalak lan erreformaz aprobetxatuz, gure eskubideak zapuztu nahi ditu eta horretarako Estatu hitzarmenak erabiltzen ditu xantaia modura.
Guk argi daukagu, berton lan egiten dugu eta berton negoziatu nahi dugu.

Argi daukagu baita, gure soldatekin eta antzinatasunarekin jolasten utziko ez diogula CEBEK-i, honek biak baitira gure soldata eguneratzeko ditugun tresna bakarrak.

Eta CEBEK patronalak uste badu greba egun honekin dena amaitzen dela, zeharo oker dago, Gaurko greba egun honekin dena hasten da. Bihartik aurrera mobilizazioekin jarraituko dugu gure helburua lortu arte: Bizkaiko bulego eta langelen hitzarmen duin bat izatea.

 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Zertarako erabaki? Bizitzaren prekarizazioari aurre egin eta guztioi lan eta bizi duina bermatzeko”

Zergatik erabaki. Horixe izan zen atzo, Gure Esku Dago dinamikaren eskutik, Bilboko Bizkaia aretoan antolatutako solasaldiaren ardatza. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu hizlarien artean izan zen, eta sindikatuko ordezkariak ez zuen zalantzarako tarterik utzi: "Lan harremanetarako eta babes sozialerako sistema propio bat eraikitzeko erabaki ahalmen osoa behar dugu”.

“Bizitzaren prekarizazio prozesua bizitzen ari gara. Erabaki nahi dugu egungo eredu ekonomikoa eraldatzeko”. Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, Gure Esku Dago dinamikak antolatutako solasaldian esandakoak. Hala, mahai inguruaren galdera nagusiari zuzen zuzenean heldu zion, erabakitzeko eskubidea, zergatik baino, zertarako den garrantzitsua nabarmenduta: "Zertarako erabaki? Bizitzaren prekarizazioari aurre egin eta guztioi lan eta bizi duina bermatzeko".

Neoliberalismoak herritarrengan kaltea baino ez duela ekarri esan zuen; sektore publikoen pribatizazioa, zaintza lanak emakumeen gain egotea eta babes sozial sistema egokirik ez izatea, esaterako. Horrenbestez, bizitza duin bat bermatzeko erabakitzeko eskubidea ezinbestekoa dela berretsi zuen; “erabaki ahalmen osoa" izatea, alegia.

Atzoko solasaldia osorik ikusteko aukera dago Gure Esku Dagoren webgunean

 

 

 

Nafarroa osoan haurrak D ereduan matrikulatzeko deia egin dugu, horretarako hamaika arrazoi on dagoela sinetsita

0
Nafarroan, otsailaren 1etik 7ra eginen dute Haur eta Lehen Hezkuntzako aurrematrikulazio kanpaina. Hori dela-eta LAB sindikatuak D ereduaren aldeko bere konpromisoa eta babesa berretsi nahi ditu. Era berean, Nafarroa osoko familiak animatu nahi ditu haurrak D ereduan matrikula ditzaten, horixe baita herritar euskaldun eleaniztunak izatea ahalbidetzen duen eredu bakarra.

Nafarroan dagoen egoera soziolinguistikoa zein den ikusita, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko bidean, LABek ezinbestekotzat jotzen du D ereduaren indartzea. 50 urteko esperientzia pilatua du D ereduak, eta gaurko egunean Nafarroako eredu bakarra da derrigorrezko hezkuntza bukatutakoan ikasleak euskaraz ongi komunikatzea ahalbidetzen duena.

Orain dela bi urte LAB sindikatuak egin zuen kanpaina batean adierazi zen moduan, badira hamaika arrazoi haurrak D ereduan eskolatzeko:

1. Ikasle euskaldun eleaniztunak nahi ditugulako.
2. Gure ondare kulturala ezagutzeko eta maitatzeko.
3. Pedagogia aurrerakoian oinarritzen delako.
4. Gurea ezagutuz desberdina dena errespetatzen ikasteko.
5. Irakasleak ereduarekin konprometituak daudelako.
6. Ezagupena barnetik hasten delako. Euskara gurea!
7. Hirugarren hizkuntza batzuk errazago ikasteko.
8. Lan aukera handiagoak izateko.
9. Bide luzea egin duen hezkuntza eredua delako.
10.Emaitza akademiko onak ematen dituelako. 11.Nafarroa hobeto ezagutzeko.

LAB sindikatuak, eragile soziopolitikoa den heinean, gizartearekin duen erantzukizunaren baitan kokatzen du D ereduaren aldeko zeregin hau, eta berriz ere adierazi nahi du Nafarroan eta Euskal herri osoan euskararen ofizialtasunaren eta normalizazioaren mesedetan lanean jardungo duela.

 

 

 

Alfako langileek infogune bat egokitu dute Eibarren, grebaren arrazoiak gizarteratzeko

0

Alfa Taldeko langileek Infogune bat zabaldu dute Eibarko Untzaga plazan, daramaten borrokari buruz informatzeko eta borroka beraren arrazoiak gizarteratzeko. Astelehen, asteazken eta ostiraletan egongo da irekita, 9:30etik 12:30era eta 17:00etatik 19:30era.

Dagoeneko 66 dira greba egunak, bi hilabete baino gehiago. Enpresak emandako azken pausua 131 pertsonentzat epaitegian ERE bat aurkeztea izan da.

Infogunearekin batera, langileek elkarretaratzeak egingo dituzte goizean zein arratsaldean; 12:00etan eta 19:00etan, hurrenez hurren. Enpresa batzordeak mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dute.
 

 

 

Negoziazio prozesu bat irekitzeko eskatu dute Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuetako langileek

Hainbat sindikatuetako ordezkariak Bilbon bildu gara, Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuaren egoitza aurrean, inposizioak salatzeko eta negoziazio prozesu bat ireki dezaten eskatzeko. Larrialdi Zerbitzuko langile guztiei egin diegu dei, mobiliza daitezen, zuzendaritzak lan egutegia eta lizentziak bezalako gai garrantzitsuenetan duen jarrera dela eta.

LAB sindikatuarekin batera, ELA, CCOO, SATSE, UGT, SME eta ESK ere izan dira ordezkatuak gaurko protestan. Kaleratutako oharraren arabera, mobilizazioak Araba eta Gipuzkoara eramango ditugu otsailean.
 

 

 

Egonkortasuna aldarrikatu dute ikastoletako langileek

0

LABeko ikastoletako ordezkariek elkarretaratze bat egin dute gaur Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, egonkortasunaren alde. Nafarroako zein EAEko Hezkuntza administrazioei adierazi diete aurrean edukiko dituztela, baldin eta ikastoletako langileen lan-baldintzak hobetzeko ezinbestekoa den finantziazio egokia eskuratzen ez bada. "Ikastola osatzen duten eragile guztien ardura izan behar da administrazioa interpelatzea", adierazi dute.
 

 

 

Nafarroa Beherean da “Tira-bira” dinamika ibiltaria

Donibane Garaziko eskualdera iritsi gara gaur, Alarma Soziala izeneko tresnaren berri bertako langileen artean emateko. Hain zuzen ere, horixe da "Tira-bira" itzuliaren helburua: tresna hori aurkeztea. Macronen erreformak enpresa batean atzerapen sozialen bat ekartzen duenean, aktibatuko dugun tresna da Alarma Soziala. Alerta sistema bat, alegia.

Hendaian ekin genion bideari astelehenean, "Tira-bira" dinamika ibiltariaren aurkezpenarekin. Otsailaren 9a bitartean, Ipar Euskal Herria zehartuko dugu. Azken egunean, Baionan, ekitaldi nagusia egingo dugu.

Alarma Soziala izeneko tresna Baionan aurkeztu genuen joan den urrian, enpresek Macronen erreforma aplikatu ez dezaten. Bada, "Tira-bira" ekimenarekin langileengana hurbitzen ari gara, alerta sistema hori eskuragarri dutela azaltzeko eta edozein momentutan aktibatu dezaketela jakinarazteko.

Lapurdin izan gara lehen bi egunetan, eta gaur eta datozen egunetan, leku hauetan egokituko dugu "Tira-bira" dinamika ibiltariaren infogunea, 12:00etatik 14:00ak bitartean:

-Urtarrilak 31: Donibane Garazi. Hirigunean.

-Otsailak 1: Maule. Hirigunean.

-Otsailak 2: Izura. Bilkura publiko bat egingo dugu.

-Otsailak 5: Aiziritze. Industriagunean.

-Otsailak 6: Akamarre, Hauts de la Bidouzeko industriagunean.

-Otsailak 7: Hazparne. Hirigunean.

-Otsailak 8: Mugerre. Centre Fret gunean.

-Otsailak 9: Baiona. Ekitaldia eta mobilizazioa egingo ditugu.

-Otsailak 5: Aiziritze. Industriagunean.

-Otsailak 6: Akamarre, Hauts de la Bidouzeko industriagunean.

-Otsailak 7: Hazparne. Hirigunean.

-Otsailak 8: Mugerre. Centre Fret gunean.

-Otsailak 9: Baiona. Ekitaldia eta mobilizazioa egingo ditugu.
 

 

 

Otsailaren 28an lanuzteak egingo ditugu EAEko udal eta foru administrazioko erakunde guztietan

LAB eta ELAko EAEko udal eta foru administrazioko ordezkariek agerraldi bat egin dute gaur, datozen asteetarako aurreikusitako mobilizazio dinamikaren berri emateko. Hain zuzen ere, langile guztiei egin diete dei -30.000 langile inguruk egiten dute lan sektorean- otsailaren 28ko lanuzte eta mobilizazioetan parte hartzeko, "bakarrik mobilizazioen bidez lortuko baitugu egoerari buelta ematea". LAB eta ELA sindikatuok langileen ordezkaritzaren %80 inguru dugu udal eta foru administrazioan.

Hauxe da LAB eta ELAko EAEko udal eta foru administrazioko ordezkariek gaurko agerraldian zehaztutakoa:

Pasa den abenduan iragarri genuen bezala, sektore honetan azken urteotan lanpostu asko galdu dira, egin diren kontratuak behin-behinekoak dira, zerbitzu asko pribatizatu dira hauen kalitatea eta langileen baldintzak nabarmenki okertu direlarik eta eroste ahalmen handia galdu dugu langileok.

Horrela, EUDELek berak onartzen duenez, behin-behinekotasunak %36a gainditzen du, eta langileok ikusi dugu nola gure eroste-ahalmena %10 baino gehiago murriztu den.

Pasa den abenduan bertan egin genituen mobilizazioak Elkargoko hiru Aldundien aurrean. Tamalez, gauzak ez dira aldatu. Alderdiek ez diete erantzunik eman gure aldarrikapenei, ez dute esan EUDELek duen jarrerarekin bat datozen edo kudeatzen dituzten erakundeetan Udalhitz hitzarmena betetzeko asmorik duten. Horrela, ulertu behar dugu isiltasun horrek adostasuna erakusten duela eta langileok berdin segituko dugula.

Egoera honen aurrean, eta abenduan aurreratzen genuen bezala, erabaki dugu mobilizazioekin jarraitzea eta, gainera horien maila igotzea: hala, hurrengo otsailaren 28an lanuzteak eginen ditugu EAEko udal eta foru sektoreko erakunde guztietan. Hain zuzen ere, 4 orduko lanuztea egingo dugu (11etatik 15ak arte, goizeko txandan; eta 15etatik 19ak arte, arratsaldekoan).

Egun horretan bertan mobilizazioak eginen ditugu hiru hiriburuetan eta zenbait eskualdetako buruetan.

Aldarrikapenak, iragarri bezala, hurrengoak dira:

• Zerbitzu publikoak garatu. Ematen ditugun zerbitzu publikoak defendatu eta garatu, pribatizazioak geldituz. Pribatizaturiko zerbitzuetan langileen lan baldintzak duindu eta klausula sozialak landu.

• Enplegu Publikoaren alde: Suntsitutako enplegua berreskuratu eta behin-behinekotasun tasak %6ra jaitsi, akordioak betez. Lanpostuak egonkortu eta sortu. Eta betetzeko Langile batzordeen gehiengoarekin adostutako LEPak deitu.

• Negoziazio kolektiboaren eskubidea berreskuratu: Galdutako eskubideak eta eros- ahalmena berreskuratu.

Eta berauek lortzeko dei egin nahi diegu langile guztiei 28an lanuztean eta mobilizazioetan parte hartzeko, bakarrik mobilizazioen bidez lortuko baitugu egoerari buelta ematea.