"Zerbait berria sortzen duenak arraunlari baten tankeran egiten du: aurrera egiten du baina bizkarka; atzera begira lantzen du bide berria», Jorge Oteiza. 30 urte atzera egin dugu, baina aurrera egiteko, LAB Irakaskuntza sortu zenetik egindako bidea aztertu dugu, nazioarteko esperientzia positiboetatik ikasi eta ate joka dugun ziklo politiko berrirako, Hezkuntza Proposamenaren ardatzak aurkeztera gatoz.

«Gatazka ez zen ETArekin hasi, ezta ETAren amaierarekin bukatu ere», entzun diogu bati baino gehiagori; Euskal Herrian hezkuntza gatazka ere bizirik dagoela diogu guk. Izan ere, Euskal Herriari Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistema zentralista eta neoliberalak inposatzen zaizkio, gure hezkuntza sistema propioa egituratzeko aukera ukatuz. Oinarrizko inposaketa horrek euskal herritarren hezkuntza eskubideen urraketa sistematikoa eta orokorra eragiten du. Horregatik, geure hezkuntza sistema antolatzea eskubidea eta beharra da aldi berean. Eskubidea da, munduko gainontzeko nazioek bezalaxe, Euskal Herriak ere bere buruaren jabe izateko eskubidea duelako, baita hezkuntzaren alorrean ere; gure behar ekonomiko, sozial eta kulturalei erantzungo dien hezkuntza sistema antolatzeko eskubidea dugu.

«Hezkuntza da mundua aldatzeko erabili dezakezun arma boteretsuena». Nelson Mandelaren hitzei jarraikiz, Euskal Errepublika loratzeko zikloa izango da irekitzen ari dena eta loratze horretan hezkuntza funtsezkoa osagaia izango da. Klase sozial guztiek, kalitatezko euskal hezkuntza jasotzeko aukera berdintasuna izan dezaten, klase diferentziak gaindi ditzagun eta herri egiten gaituzten nortasun ikurrak (euskara, kultura) berreskuratzeko.

Euskal Eskola Publiko Komunitarioa
Izugarri baloratzen dugu hamarkadetan egindako lana. Gaurko eskola publikoak ez du orain 30 urtekoaren antzik (euskalduntzea, inklusioa); Ikastolek ere garapen polita izan dute (Euskal Curriculuma, pedagogia eraldaketa); «eskola libre» deitutakoak ere jaio dira han eta hemen; eta badira gurasoen eskuetara pasatu diren ikastetxe erlijiosoak ere. Baina nahikoa da? Gure uste apalean ez.

Euskal Herrian ziklo politiko berria irekitzen ari den honetan, Hezkuntzan iparrorratz komuna adosteko ordua dela iruditzen zaigu. Horregatik, hilabeteetako sukalde lanaren ondoren, egitasmo integral bat osatu dugu eta Euskal Eskola Publiko Komunitarioa jarri dugu gure hezkuntza egitasmoaren helburu gisa. Euskal-Nafar administrazioen legedien arabera antolatutakoa, burujabea. Komunitarioa, Espainia eta Frantziako Hezkuntza Sistemaren logika aldatu eta deszentralizazioaren aldeko apustua egiten dugu, eskola bakoitzeko komunitateak erabakiko luke ikastetxeko proiektu pedagogikoa, autonomia eta parte hartzeari bidea irekiz. Hezkuntza Administrazioen ardura litzateke eskola bakoitzari beharrezko finantzazioa bermatzea. Gure proposamenak baditu Europan ahaideak: Estonia eta Finlandiako ereduen antza du, besteak beste.

Konfluentzia
Ikuspegi komunitarioa duten ikastetxe guztien arteko konfluentzia proposatzen dugu. Euskal Eskola Publiko Komunitarioa izango litzateke hezkuntza sistemaren ardatza, kontzertazio orokortuekin amaituz eta eskola pribatuak bat ere ez edo gutxi batzuk izatera pasatuko lirateke. Argi hitz egiteko, konfluentzia ez litzateke izango Ikastolak gaur eguneko eredu publikoaren arabera «publifikatzea» edo Eskola Publikoak «Ikastolatzea». Publikotasun berri batez hitz egiten ari gara; bertan eskola publiko guztiek, ikastolek eta ikuspegi komunitarioa duten gainontzeko «eskola libre» zein kontzertatuek lukete lekua. Hemendik kanpo leudeke, beraz, ikuspegi elitista edo segregatzaileari eustea nahi duen ikastetxe oro.

Trantsizioa
Konfluentziara bidea egin beharra dago. Gaurtik hasita eta hurrengo lau urteotarako apustu zehatza planteatzen dugu. EAEn eta Nafarroan Hezkuntza Lege berriak egitea, bi administrazioek hezkuntza eskumen guztiak eskuratuz. Bitartean, lau urte hauetan, ikuspegi komunitarioa duten ikastetxe guztiek norabide berean arraun egitea: Hezkuntzan inbertsio publikoa nabarmen handituz, desberdintasun orori aurre egiteko neurriak hartu eta hezkuntza eredu propioa garatu beharra dago. Neurri zehatzei dagokienez: urgentea da hezkuntzan segregazio eta diskriminazio guztiekin amaitzeko apustu estrategikoa egitea; hezkuntza hezkidetzaile eta euskaldunerantz ikastetxe guztiek trantsizioa egitea; metodologia berriak, ebaluazio hezitzaile edo euskal curriculumaren aplikazioan urratsak egitea; parte hartze eta gardentasunean oinarritutako autonomian sakontzea; besteak beste. Horrela lortuko genuke, konfluentziaren bidean, norabide berean Euskal Herriko ikastetxe gehienak jartzea.

Batasuna
«Herri gisa zapaldu nahi bagaitue, herri gisa eman behar dugu borroka» Telesforo Monzon. Hezkuntza estatu gaia da Frantzia eta Espainiarentzat, gutxienez ikasleak espainolizatu (Wert ministroaren hitzak) eta balio kapitalisten arabera hezteari dagokionez. Ez da bide erraza izango, inoiz ez da izan, baina izugarrizko esperientzia dugu metatua. Estatuak eta kapitala harrotuta daude eta hezkuntza erabiliko dute birzentralizazioa eta ikuspegi kapitalista indartzeko. Zatituta oso ahulak gara, batuta guztia da posible, estatu izan nahi duen herri bezala jokatzea dagokigu, batuta. Hezkuntza komunitateari deia egiten diogu, publiko egingo dugun dokumentua elkarrekin hausnartzeko eta proposamen berriak egiteko. Hezkuntzan ere ziklo politiko berria irekitzera goaz, Euskal Eskola Publiko Komunitario eta burujabea irutera goaz!"
 

LABeko Ruben Iglesias, Aitziber Perez eta Ibai Redondo LAB Irakaskuntzaren 30. urteurrenaren harira hemendik aurrera eman beharreko pausoez jardun dira iritzi artikulo honetan.