2026-01-19
Blog Page 817

Inposaketen kontrako eta negoziazio prozesu bat bultzatzeko mobilizazio berriak egin ditugu Osakidetzako Larrialdiak zerbitzuan

Osakidetzaren Emergentziak zerbitzuko protestak Vitoria-Gasteizera heldu dira. “Emergentziak, negoziazioa orain!” lelopean, zerbitzuko Langileen Batzordeak, LAB, ELA, CCOO, SATSE, ESK, SME eta UGT sindikatuekin batera, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren aurrean elkarretaratu dira gaur.

Haien haserrea adierazteaz gain, langileek negoziazio prozesu bat irekitzea eskatu diote Osakidetzari. Langileek borrokatzen jarraitzen dute Osakidetzak lan-baldintzen akordioa bete dezan. Akordio horren azken urraketa lan- karteldegi defizitarioen inposaketa izan da eta, ondorioz, urteko lanaldiaren zati bat finkatu gabe gelditu da.

“Emergentziak zerbitzuko zuzendaritzak, aldebakarrez, bere irizpideak inposatu ditu hartutako hainbat neurritan, langileekin zein sindikatuekin negoziatu gabe”, salatu dute sindikatuek. Hori guztiagatik, Emergentziak zerbitzuko langileek zerbitzuren kudeaketarekin duten ezinegona salatzeko mobilizazioak abiaraztea erabaki dute. “Emergentziak zerbitzua ezinbestekoa da eta, horregatik, jarrera negoziatzaile batekin eta herritarren segurtasuna babesten duten profesionalen premiei erantzunez kudeatu behar dela uste dugu”.

Elkarretaratzeekin zuzendaritzaren jarrera aldatzea espero dute sindikatuek. Inposaketen aurrean, Langileen Batzordeak zerbitzuan dauden arazoei konponbidea emateko eta negoziatzeko prest dagoela gogorarazi du. “Gure oinarrizko lan-eskubideak negoziatzeko prest gaude. Zuzendaritzak bere jarrera mantendu eta gure aldarrikapenei entzungor eginez jarraitzen duen bitartean, mobilizazioekin jarraituko dugu”, azaldu dute sindikatuek.

Bilboko eta Vitoria-Gasteizko elkarretaratzen ostean, protestak Gipuzkoara hedatuko dira datorren otsailaren 26an.
 

 

 

Konponbide bat aurkitzeko prestutasuna azaldu dugu berriro, EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoaren gatazkarekin amaitzeko

0

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan martxorako iragarritako bi greba egunak erregistratu ditugu gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Hain zuzen ere, greba egun horiek martxoaren 14 eta 15erako deitu ditugu LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok, urtarrilean egindako agerraldian iragarritako mobilizazio egutegiaren baitan. Erregistroaren harira egindako agerraldian, LABeko ordezkari Aner Petralandak adierazi du orain arte egindako bost greba eta mobilizazioekin egoera aldaraztea lortu dugula, Administrazioak bere jarrera aldatu duelako, nahiz eta eduki gutxi batzuk mahai gaineratu dituen, nahikoa ez direnak. Hala, LAB bukaerarainoko negoziaketetan sakontzeko eta konponbidea lortzeko prest dagoela esan du, beti ere EAJk eta Eusko Jaurlaritzak dagokien erabaki politikoa hartuz gero.

Sindikatuok mobilizazioak abiatu genituenean, administrazioak ez zuela negoziatzeko borondaterik ekarri du gogora Aner Petralandak, baita administrazioak murrizketa gehiago egingo zituela aurreikusia zuela ere. "Bost greba eta mobilizazio ugariren ostean, egoera aldarazi dugu. Administrazioak bere jarrera aldatu du eta eduki gutxi batzuk mahai-gaineratu dituzte; nahikoa ez direnak, hala ere. Horregatik, gaur berriro kalera ateratzeko deia egin nahi dugu", azaldu du LABeko ordezkariak, martxoko bi greba deialdien zergatia azalduz.

"EAJ eta Eusko Jaurlaritzari dei egin nahi diegu gatazka honi irtenbidea emango dion erabaki politikoa har dezan. Behin hori hartuta, LAB prest dago bukaerarainoko negoziaketetan sakontzeko, baina ezinbestekoa da erabaki hori hartzea. Borondate onarekin ez da dena konpontzen", erantsi du Aner Petralandak.

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan ordezkaritza handiena duen sindikatua da LAB.
 

 

 

EAEko udal eta foru administrazioan deitutako lanuzteak erregistratu ditugu

LAB eta ELAko EAEko udal eta foru administrazioko ordezkariek otsailaren 28rako iragarritako lanuzteak erregistratu dituzte gaur, Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan. Sindikatuotako kideek adierazpenak egin dituzte Jaurlaritzaren atarian, eta 30.000 langileei egin diete dei lanuzte eta mobilizazioetan parte hartzeko, joan den urtarrila bukaeran egindako agerraldian egin bezala. Ondoren, Arriagara abiatu dira, eta elkarretaratze bat egin dute bertan.

  
Lanuzteen erregistroa egin eta gero, Arriagan elkarretaratze bat egin dugu, EAEko udal eta foru administrazioko langileen aldarrikapenak jakinarazteko.

 

 

Itxieraren kontra eta enpleguaren alde mobilizatu dira Edesako langileak

0

Basauriko Edesako langileek elkarretaratze bat egin dute gaur, lantegiaren aurrean; arrazoia, termoen plantako makinariaren balizko erosle batzuen bisita aste honetan bertan. Balizko erosle hauen helburua produkzioa Basauritik ateratzea litzateke. Langileek ulertzen dute jarduerarekin jarraitzeko ahaleginak egin behar direla, eta Catak ezin badu egin, beste batzuei erraztu beharko litzaiekeela hori egitea. Enpresak, administratzaile konkurtsalak, instituzioek eta Fagor S. Coop-ek inplikatu beharko lukete honetan. Langileak prest daude norantza horretan egon daitezkeen konponbideetara iristeko, baina ez dute aurkako norantzan doan ezer onartuko; hau da, desmantelatu, likidezia lortu eta langileen kaleratzea gauzatu.
 

 

 

Beteluko AMAVIR egoitzako langileek bizi duten lan gatazkari konponbide bat bilatzea eskatu diote Nafarroako Parlamentuari

Eskubide Sozialen Batzordean hartu dute hitza langileek, eta zaharren egoitzako helduei zaintza egokia emateko lan baldintzarik ez dutela salatu dute. Agerraldia egin duten bitartean, elkarretaratze bat egin dute kanpoaldean, lan baldintza duinen defentsan.

Hauxe da Beteluko zaharren egoitzako langileek kaleratu duten oharra, gaurko agerraldiaren harira:

Lehenik eta behin esker ona adierazi nahi dizuegu gaurko saiora gonbidatu diguzuen talde parlamentarioei eta gu entzuteko prest etorri zareten guztiei. Gaurko honetan, egoitzan lan egiten dugun langileok bizi dugun egoera larria ezagutzara eman nahi dizuegu. Hortaz, eta era berean, Amavir taldeak gure zaharrei zaintza egokia bermatzen ez dien zerbitzuaz egiten duen kudeaketa salatu nahi dugu.

Beteluko egoitza enpresa independiente bezala eratua dago, Amavir taldeak %67an parte duena. Horren herena Beteluko udalarena da. Egoitzan, gaur egun, 40 barne-egoiliar daude, horietako 25 ohe kontzertatuak daude 2014ko martxoaz geroztik. Egun, 25 langilek dihardute egoitzan kontratu ez-mugatu batez eta 7k behin-behineko kontratuez.

2013ko abuztuaren 1az geroztik, Mariano Rajoyren gobernuak onartu zuen lan erreformaren ondorioak pairatzen ari gara. Amavir taldea, herri honetako udalaren konplizitateaz, alde bakarreko erabaki hartatik bereizi zen, eta Mendeko Pertsonen Zaintza eta Norberaren Autonomiaren Garapen Zerbitzuen Estatu mailako Hitzarmen Kolektiboa ezarri zigun. Honek ekarri du pertsona bakoitzak, bataz beste, 4.500 euro galdu dugula, eta soldatak 1000 euroren azpitik izatea. Ordurako gure soldatak kaskarrak baziren ere, murrizketa handia pairatu zuten, eta gaurko egunez, Amavir taldeko enpresetan lan egiten duten gainerako langileek baino %13a gutxiago irabazten dugu oraindik. Gainera, 2013an baino 100 ordu gehiagoz egiten dugu lan, urtean 1.692 lanordu izatetik, 1.792 lanordutara igaro gara. Beste hainbeste suertatzen da Ibañetako egoitzan, estatu mailako hitzarmena ezarri zuena 2013an. Enpresak diskriminatuta gaitu taldeak Iruñean dituen beste egoitzekin alderatzen badugu; Oblatas, Mutilva eta Argaray.

Gaur egun, enpresak 45 plaza ditu eta horietatik 41 beteak daude. 25 ohe kontzertatuta daude Nafarroako Gobernuarekin. Azpimarratu nahi dugu Nafarroako Gobernuak berdina ordaintzen duela Oblatas, Mutiloa edo Argarayko egoitzetan, eta guzti horietan gure egoitzan baino lan baldintza hobeak daude. Betelun eta Ibañetako egoitzei ekiparazioa ukatzen digute. Beraz, esan dezakegu Amavir taldea aberastu egiten dela diru publikoa erabiliz, enpresa batzuetan kontziertoaren dirua hitzarmen estataleko soldatak ordaintzeko erabiltzen da, eta beste batzuetan baldintza hobeak daude.

Laster beteko da urtebete enpresari gure proposamena aurkeztu geniola eta oraindik ez dugu horren erantzunik jaso. Azaroan, gure egoeraren berri publikoki ematen hasi ginen eta enpresak proposamen bat egin zigun. Proposamenak bi plus aldagarri proposatzen zituen, lehenengoak absentismoarekin zuen zerikusia eta bigarrenak egoitzaren okupazioarekin. Proposamena onartezina iruditzen zaigu, batetik, beste zentro batzuetan baino 100 ordu gehiago lan eginez eta ordezkapenik gabe, zaila delako jada baxua den absentismoa jaistea. Eta bestetik, egoitzaren okupazioa ez dagoelako gure esku. Enpresak egindako proposamena industriako enpresa bati zuzendua dago eta ez du balio pertsonak zaintzen dituen egoitza baterako. Onartezina deritzogu.

Menpeko pertsonen zaintzarena lanbide gogorra da eta zerbitzu publiko horrek ez luke inoiz negozio bilakatu behar. Gaurko baldintzetan, ezinezkoa da zerbitzu duina eskaintzea pertsonei. Langileek ezin diezaiokete eutsi gero eta atsekabegarria den egoera honi eta horren ondorioz, gero eta denbora gutxiago eusten diote lanpostuari; enpresa ez da gai sortzen diren bajei aurre egiteko; behartuak gaude beste lankideen atsedenaldiaz txandak betetzera, hainbat langilek txandak bikoiztu behar izan dituzte amaiezinak diren lanaldietan; maiz erizaintzako eginkizunak bete behar izaten ditugu, erizaintzako eginkizunak betetzeko arazoak daudelako. Horrela, abar luze bat aipa genezake. Horrek adierazten digu, egungo lan baldintzetan, pertsonei eskaini behar zaien zaintza ezin daitekeela inondik inora bermatu. Gainera, kontuan hartu behar da ere, pertsona horiek gero eta zaintza handiagoa behar dutela eta hauen menpekotasun maila handiagoa dela.

Egoera honi gehitu behar diogu Amavir taldeak agertu duen jarrera, langileekin eta hauen sindikatuko ordezkaritzarekin mintzatzera ukatzen baita langileen arazoez. Amavir taldeko beste langileekin alderatuta, gutxietsiak, ahaztuak eta baztertuak sentitzen gara.

Horren adibide garbia, enpresak duen egoera ekonomikoari buruzko informazioarekin suertatzen ari dena da. Enpresak, nahiz eta maiz haren jarrera arazo ekonomikoak argudiatuz zuritzen duen, legalki dagokigun informazio ekonomikoa ukatzen digu. Enpresak eman zizkigun azken balantzea 2015ekoa da eta 2016koen zain gaude. 2015ekoan adierazten zen egoitzari abiarazteko egin ziren inbertsioen “motxila”. Hala ere, urte hartako bilakaera positiboa izan zen, diru-sarrera eta gastuen arteko harremana zuzena izatera iritsi zelarik. Honi gehitu behar diogu, gaur egun, enpresak 25 ohe kontzertatuak dituela, eta horrek esan nahi du sarrerak finkoak izanen direla, kontzertuari eutsiko zaion bitartean eta okupatze edo betetze tasa %90ekoa izanik.

Honengatik, salatu behar dugu ASISTENCIAL VILLA DE BETELU egoitzan bizi den egoeraren arduradun nagusia Amavir taldea dela, non ez den bermatzen egoiliarren zaintza zuzena eta pairatu behar izaten dugun lan baldintza kaskarren arduraduna den.

Beteluko Udalak ere badu ardura gai honetan eta Nafar Gobernuak ere zerbait egin dezakeela uste dugu. Ez da onargarria, inondik inora Beteluko ohe kontzertatu batek eta Argarayko ohe batek berdina balio izatea, Beteluko langileok 100 ordu gehiago lan egin dugu eta urtean %13 gutxiago kobratzen dugunean.

 

 

 

Aukera itzela galdu da pasa den abenduan Bilboko TAOko langileen asanbladak zehaztu zituen helburuak lortzeko

LABek aurreakordioari ezezko botoa ematea defendatu du gaurko asanbladan. Emaitzei dagokionez, langileen %57ak aurreakordioaren alde bozkatu du eta %43ak kontra. Sindikatuak ulertzen du aukera itzela galdu dela pasa den abenduan TAOko langileen asanbladak zehaztu zituen helburuak lortzeko. Lanera buelta egun batzuk beranduago etorriko zen, baina kaleratuentzako zigorrik gabe eta lan-baldintzak blindatuko lituzkeen hitzarmenarekin.

Atzo greba-batzordearen gehiengoak, LABeko delegatuaren salbuespenarekin, aurreakordioa lortu zuten. Gaur, langileen asanbladan landu da aurreakordioa eta LABeko delegatuak eta sindikatuaren afiliazioak aurreakordioari ezezko botoa ematea defendatu dute. Horrela, abenduan egindako asanbladako erabakia errespetatu dugu. Honen arabera, TAOko kaleratutako lankideen baldintzarik gabeko berronartzea eta hitzarmena eta bere lan-baldintzen blindajea eskatzen ziren.

Hasierako bi kontuk kokatzen zuten LAB aurreakordio honetatik kanpo. Batetik, kaleratuen berronartzeari baldintzak jartzen zitzaizkion. Eta bigarrenik, ez dituela lan-baldintzak blindatzen.
Aurreakordioa puntuz puntu aztertu ondoren, LABen arabera, honakoa da dakarrena:

1.- Lanaldiaren izkutuko luzapena. Lehen urtean 74 ordu zituzten batazbesteko eguneroko erropen aldaketerako eta hauetatik, ia 40 ordu galdu dira.

2.- Soldatak 9 urtez izoztea. Langileek 2012tik 2018rako soldatak izoztuta izango dituzte eta litekeena da 2019 eta 2020an igoerarik ez egotea. Aurrekoari lotuta, eskubideen eta eros-ahalmenaren galera dakar honek.

3.- Lan baldintzak ez blindatzea. Aurreakordioak jasotzen du aldeen akordioa behar dela hitzarmena ez betetzeko, baina enpresak ez zuen konpromisorik hartu nahi izan plantea zitekeen edozein funtsezko aldaketa hitzartu beharraren inguruan. Horrela posible izan du (eta izango du etorkizunean) langileen lan-baldintzak aldatzea lan-baldintzen funtsezko aldaketa bat planteatuz, abenduaren 29an argitaratutako hitzarmenarekin inposatu duen moduan.

4.- Berronartu bai, baina baldintza eta zigorrekin. Kaleratutakoak berriro hasiko dira lanean, baina baldintzekin. Modu indibidualean, kaleratutakoei bi hilabetez kenduko diete enplegua eta soldata egin ez zuten zerbaitengatik. Gainera, modu kolektiboan, onartezina iruditzen zaigun akordio bat onartu beharko dute, hau da, baldintzatutako berronartzea.

 

 

 

Espainiako Gobernuak EAE eta Nafarroarako ateratako lanpostu publikoen eskaintza berrian euskaraz jakitea aintzat hartzea eskatzen dugu

Lan eskaintza honetan nabari daitezkeen hizkuntz urraketen inguruan ezer ere esan ez duten EAE eta Nafarroako Gobernuei beraien lurraldeetako administraziopeko langileon hizkuntz eskubide eta lan baldintzak irmoki defenda ditzaten eskatzen diegu; erabakitzeko gaitasuna Euskal Herrian koka dadin baldintzak sortuz, eta Madrilen aurrean jarrera epelak alde batera utziz.

LAB sindikatuak, mota honetako erabakien kontra bere jarrera irmoa erakutsi du, langile zein herritarren hizkuntza eskubideak defendatuz.

Estatuko administrazioak publiko egin berri duen lan eskaintzan, sarrera askeko 2.180 lanpostu eta barne lehiaketa bidezko 2.545 lanpostu iragarri dira. Lehenik eta behin, Javier de Andres Espainiako EAEko ordezkariak pasa den astean egindako agerraldian eskaintza horretatik EAErako 340 plaza direla esatea salatu nahi du LABek. Nondik atera du informazio hori? Sindikatuok ez dugu horren berririk, Estatuko Aldizkari Ofizialean ateratakoa soilik. Bertan, Estatu Mailan zenbat izango diren soilik azaltzen da.

Lanpostu horietan ez da euskara aintzat hartuko, ez eskakizun gisa, ezta meritu gisa ere. Abokatu eta kontu-hartzaile lanpostuetarako, ordea, ingelesa edo frantsesa menperatzea lanposturako derrigorrezko eskakizuna da. Nola liteke?

Honek, administrazioren euskalduntzean atzera urrats nabarmenak dakartza LABen ustez. Langileen hizkuntza eskubideak urratzeaz gain, langileek eskubidea baitaukate euskara jakiteko, herritar ororen hizkuntza eskubideak ere, ez dira bermatzen; horrelako lan eskaintza publikoei bide emanez gero, lehen harrera euskaraz izatea ere ez delako ziurtatzen.

Javier de Andres Espainiako EAEko ordezkariak dioenez, herritarrek aukera gehiago izango dituzte administrazio publikoko lanpostu batera sarrera izateko. LAB ez dago batere ados horrekin, horrela langileei aukerak murriztu baino ez zaizkielako egiten.

Langileok eskubidea dugu euskara jakiteko, eskubidea dugu lana euskaraz egiteko, eta baita, lanean euskaraz aritzeko ere. Mota honetako lan eskaintzek eskubide hauek bermatu beharko lituzkeen administrazioa bera, eskubideurratzaileizatea ahalbidetzendute;

Herritarroi adarra jo nahian?

Lan eskaintza berri honekin berriro ere, argi geratzen da Espainiako Gobernuak euskararekiko eta euskaldunekiko duen jarrerarekin ez dugula sekula, ez administrazioa, ez Euskal Herria ere euskaldunduko. Horregatik, langile eta orohar hiritarron hizkuntz eskubideak bermatuak izan daitezen gure administrazioa nolakoa izango den erabakitzeko gaitasuna izan behar dugula adierazi nahi du LABek.

Bukatzeko, LABek adierazi nahi du, honen berri Hizkuntza Eskubideen Behatokiari helaraziko diola, behar den gisako salaketa jarriz.
 

 

 

Pailazoz jantzita mobilizatu dira Garbialdiko langileek, euren lan gatazka “graziarik gabeko txistea” dela salatzeko

0

Bizkaiko Foru Aldundiko zentroak garbitzen dituzten langileek, Garbialdi enpresakoek, protesta egin dute gaur instituzio honen egoitzaren aurrean. Garbialdi enpresak eguneko 0,14 eurotako soldata igoera eskaintzen die 5 urtez soldatak izozturik izan eta gero, eskubide sindikalak ukatzen dizkie eta, gainera, baldintza duin batzuen defentsan mobilizatzeko duten modua kritikatu egiten du. Eros ahalmenaren galerak hilabete amaieran malabareak egitera behartzen ditu langileak. Negoziazioa mahaiak, non ez duten inoiz ezer berririk eskaintzeko, graziarik gabeko txistea bilakatzen hasi dira. Eta euren mobilizazioen inguruko kritikek erabat tristatzen dituzte. Honela gauzak, ez dago euren egoera pailazo tristearena baino hobeto adieraziko lukeen mozorrorik. Horrexegatik, euren jantzi dotoreenekin apaindu eta berriro ere Aldundiaren aurrean mobilizatu dira hitzarmen duin baten defentsan.
 

 

 

Dei egiten diegu pentsionistei kalera irtetzeko 1.080 euroko gutxieneko pentsioen alde eta Euskal Herriarentzat babes eta segurantza sozialeko sistema propioaren alde

PP zein PSOEk egindako pentsioen erreformak baztertzen ditugula adierazteko, eta %0,25arekin konformatzen ez garela esateko, gure eros-ahaleman murrizten duelako, eta lapurtu digutena pentsio publiko duinak bermatuz, otsailaren 19tik aurrera euskal pentsionisten plataformek iragarrituako mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu, euren aldarrikapenak geure eginez.


LABen Heldu eta Pentsionisten arloak 680.000 euskal pentsiodunak euren eskubideen alde kalera borrokara ateratzera animatu nahi ditu. Urte asko daramatzagu arlo honetako kideok orain eta etorkizun iraunkor baten alde borrokan. Horregatik, bi Greba Orokor deitu genituen pentsioen aurkako azken erreformen kontra. Pobretze politikek ondorio berdinak dituzte esparru honetan, Toledoko Itunaren akordiorik edo gabe: gure bizitza proiektua higatu, prestazioak eskuratzea zaildu eta euren zenbatekoa jaitsi.

Bañez Ministroak bere gutunarekin egin duena iraina da pentsiodunontzat. Miseriazko pentsioa kobratzeaz gain igoera irrigarriarekin zigortzen zaigu, eros-ahalmena galtzera eramaten gaituena

Gero eta suminduago daude kaleak gaur. Duela gutxi, Hego Euskal Herriko Pentsiodunen plataformek 71.724 sinadura aurkeztu zituzten Gasteizko legebiltzarrean eta beste 7.600 Iruñekoan eta ikusi genuen nola EAJ, PSOE, PP eta UPNk euren bidezko aldarrikapenak nola baztertzen dituzten ikusi ahal izan genuen. Nahikoa da!

Argi eta garbi esaten dugu kokoteraino gaudela pentsionistak horrela mespretxatzen dituzten politikariez, bien bitartean eskandaluzko soldatak kobratzen dituztenak eta inolako zalantzarik gabe bankari laguntzen diotenak, pobreziaren atalasetik beherako pentsioak jasotzen dituzten pentsionistak botata uzten dituzten bitartean.

Ezin dugu Estatutik askorik espero, ezta babesa ematen diotenengatik ere. Ez dugu nahi gure izenean erabaki dezaten nola bizi behar dugun. Ez dugu ikusi nahi nola murrizten diren gure pentsioak urtetik urtera eta nola okertzen diren gure bizi-baldintzak. Ez dugu behar Madrilek erabakitzen duena kudeatzea, politika neoliberalak kudeatzeak esan nahi baitu Estatutik datozen murrizketak kudeatzea, bizi bizigarri eta iraunkorrak bermatzeko gaitasunik eta ondorioz, aukerarik gabe.

Ia 40 urte pasa dira estatutua bete zenetik eta bete gabe jarraitzen du. Gure ustez, horrenbeste urte igaro ondoren ezin da ibili transferentzien eskean. Eta honetan ari da Eusko Jaurlaritza. Hemen bizi bagara eta hemen egiten badugu lana, hemen erabaki nahi ditugu gure pentsioak. Horregatik nabarmendu nahi genuke estatus berriak pentsio sistemari dagokionez gaitasun arautzailea osoa izan beharko lukeela. Babes eta Gizarte Segurantzako Sistema Propioa, pentsio publiko duinak izatea bermatzeko balioko duguna, orain eta etorkizunean, 1.080 eurotako gutxieneko zenbatekoa izango duen pentsioa, Europako Karta Sozialak zehazten duen moduan.