2026-02-15
Blog Page 817

Lanbide kalitatezko enplegu sistema integral bat izateko oinarriak aurkeztu ditugu

LABek agerraldi bat egin du gaur Bilbon, Lanbideren erreformarako sindikatuaren proposamenaren berri emateko. Hain justu, “Lanbidek benetako erreforma behar du kalitatezko enplegu sistema integrala izateko” txostena aurkeztu dugu, eta dokumentuan, gobernuak Lanbideren erreformarako egin duen proposamenaren balorazioa jasotzeaz gain, LABek defendatzen duen eredua jaso dugu. Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak eta Zerbitzu Publikoen Federazioko idazkariaren ondoko Eider Casanova hartu dute parte prentsaurrekoan.

LABen iritziz erreformak eragile sozialekin negoziatu eta adostua izan beharko litzateke eta, hortaz, azaleko planteamenduak baztertu beharko lituzke. Hala ere, badirudi EAEko gobernuaren asmoa horixe dela, erreforma eta gero egoerak bere horretan iraun dezala, alegia.

Azken urteotan aplikatu izan diren lan erreformek enpleguari egin dioten eraginaren aurrean, LANBIDEren erreformak ezin du ezikusiarena egin .

Arazo estrukturalak eta funtzionamendu arazoak ditu Lanbidek. Arazo hauek direla eta, Lanbide ez da gaur egun beharrezkoa dugun enplegurako zerbitzu publiko eraginkorra.

Diagnosi honen ostean, erreformak izan behar dituen helburuak finkatu beharra dago. LAB sindikatuaren ustez, helburu hauek, funtzionamendu eskasa konpontzeko ez ezik, Lanbide enplegu zerbitzu publiko integral bihurtzeko oinarriak ezartzeko ere izan beharko lirateke.

Hauek dira, LABen arabera, Lanbideren erreformak jorratu beharko lituzkeen defizitak:

Izaera estrukturala dutenak

• Enplegu politika integrala definitzeko eskumenik eza. Izan ere, politika aktiboak eta pasiboak hartu beharko lituzke bere gain eta enplegu prestakuntza ereduaren inguruan erabaki ahalmena izan beharko luke (erreferentziatzat Hobetuz-en eredua hartuta).
• Ordezkaritza sindikalarekin adostutako benetako enplegu politikarik eza.
• Enplegu politika aktiboak osatzen duten neurrien ebaluazio eta aurreikuspenik eza.
• Euskara: erabiltzaileen eskubide honen bermerik eza.

Lanbideren enplegu zerbitzu publikoaren ereduari dagozkionak, enplegu politikaren inplementazio eta gestiorako tresna den heinean

• Giza baliabide eta baliabide ekonomiko nahikorik ez eta bitarteko informatikoen funtzionalitate eskasa.

• Zerbitzuen pribatizazioa, “kolaborazio publiko-pribatu” adierazpidearen atzean.
• Diru sarrerak bermatzeko errentaren eta enplegu orientazio lanen kudeaketa egokirik ez.
• Enplegu bitartekaritzan portzentaje baxuak.
• Parte hartze sindikalaren eredu formalista.

Erreformak adierazitako arazoei konponbidea eman behar die eta enplegu sistema publiko integral eta kalitatekoaren alde egin eta, hortaz, kalitateko enpleguaren sorreran eta kudeaketan eragiteko gaitasuna izan beharko luke.

Ezinbestekoa da politika pasiboetan erabateko ahalmenak eskuratzea, eta gai hauetan EAEko eragile politiko, sozial eta sindikalen erabakien protagonismoa bermatzea.
 

 

 

Lan duina eta bizi duina bermatuko duen Estatu bat behar dugula berretsi du Igor Arroyok, martxoaren 3ko sarraskiaren urtemugan

Larunbatean, martxoaren 3a, 1976ko langileen kontrako sarraskiaren 42. urteurrena bete zen. Data esanguratsu hori baliatuta, LABek batzar ireki bat egin zuen Gasteizen, martxoaren 3ko plazan. Sindikatuko idazkari nagusiaren ondoko Igor Arroyok hartu zuen hitza, eta bi gogoeta egin zituen; bata sindikala eta bestea politikoa. Hain zuzen ere, ekintza sindikal berri bat abian jartzea dela sindikatuaren erronka nabarmendu zuen, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapena egiteaz gain. “Lan duina eta bizi duina eskatzen ditugu langile ororentzat. Hori bermatuko digun Estatu duin bat behar dugu”, azpimarratu zuen.

 

 

 

Ostiral Duinak dinamika martxan jarri dugu Arrigorriagan, prekarietatearen kontra indarrak batzeko

Arratsaldean egindako hitzaldia.

Prekarietatea agenda politikoa sartzeko garaia da. Helburu horrekin, LABek elkarguneak antolatuko ditu Euskal Herriko hainbat herritan, lan prekariao betetzen dutenak bildu eta esperientziak truka ditzaten, beti ere alternatibak daudela erakusteko asmoz. Lehen hitzordua gaurkoa izan da, arratsaldez, Arrigorriagako Argala plazan. Tolosa eta Tuteran ere antzeko ekimenak egingo dira datozen asteotan. Dinamika honetan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrrak, denon ekarpena beharrezkoa baita prekarietateari aurre egiteko.

Urratsak eman ditzaten eskatu behar diegu eragile politikoei. Honako hauek dira premiazkoenak:

• 1.200 eurotako gutxieneko soldata bermatu.
• Lanaren banaketa bultzatu, asteko lanaldi osoa 35 ordutara murriztuta
• Bertako hitzarmen kolektiboak adostu eta blindatu, Madrildik etor daitezkeen erreformekiko.
• Gutxieneko orduak ezarri, lanaldi partzialean kontratatzeko garaian.
• Laneko Ikuskaritzak enpresei kontrol eraginkorra egitea.

Prekarietateari aurre egiteko antolaketa, kontzientziazioa eta borroka beharrezkoak dira, kalean zein lantokietan. Gaur egun, lanposturen bat izateak ez du esan nahi prekarietaterik pairatuko ez dugunak. Euskal Herrian langile pobreak daude, lanpostu prekarioengatik hilabete amaierara iristen ez direnak.

Zerbitzuen sektorean egindako 3.369 inkesta anonimoren bidez, LABek egoera honeta ekarri gaituzten aldagai nagusiak aztertu ditu eta emaitza latza da: langileen %80ak lan baldintza kaskarretan dihardutela adierazi du, eta behin-behinekotasuna, soldata, malgutasuna, lanaldi mota eta lan ordutegiak aipatu dituzte prekarietatearen ardatz gisa.

Sistema kapitalistaren tresna bat da prekarietatea, gobernatzeko baliatu ohi du. Alarma gorria piztu behar dugu jendartean, ezinbestean. Hortaz, elkarguneetako hurbiltzeko gonbitea luzatzen diegu herritarrei, denon eskubideen alde eragiteko!
 

 

 

Sukalde eta garbitzaile, heziketa berezia eta Haurreskolak Partzuergoko grebak etetea erabaki dugu, akordio onak lortuta

0

LAB sindikatuak Sukalde eta Garbitzaile, Heziketa Berezia eta Haurreskolak Partzuergoko kolektiboetan hurrengo Martxoaren 14rako eta 15erako, zein Aste Santuko oporraldien ondoren iragarrita zeuden greba eta mobilizazio dinamika guztiak etetea erabaki du. Halaxe iragarri dugu gaur, Bilbon egindako agerraldi batean. "Greba, borroka eta mobilizaziaori esker, garaipenera bidean urratsak eman, mahaiak desblokeatu eta hauek edukiz betetzea lortu dugu", jakinarazi dugu..

Hilabeteetako mobilizazio eta konfrontazio dinamika bere emaitzak ematen hasi da. Borrokak, langileen elkarlanak eta mobilizazioek izan duten erantzun zabal eta arrakastatsuek inflexio puntu bat markatu dute. Hezkuntza Sailak gure aldarrikapen taulari lotutako edukiak mahaietara ekartzea beste biderik ez du izan. Mahaiak desblokeatzea lortu dugu eta gertaera hau langileon garaipen gisa irudikatzen dugu. Langileen borrokak bere emaitzak ematen dituela argi adierazi nahi diogu Euskal Herriko langileriari; borrokari esker urteetan blokeatuta egon diren negoziaketetan urrats kualitatibo nabarmenak eman ditugu. Beraz, zorionak berriro ere jendartearen eraikuntzarako, hezkuntza eraldaketarako tresna gisa ulertzen duzuen guztioi, eta egunero, horretan lanean diharduzuenoi.

Kolektibo hauetan, negoziazioaren abiapuntua izango diren akordio on batzuk lortu ditugu, lehen esan bezala, langileen borroka eta greben jarraipen arrakastatsuari esker. Langileen lan baldintzak eta eskaintzen dugun zerbitzuaren kalitateak hobera egingo dute akordio hauekin. Hezkuntzaren kalitatea eta langileon baldintzak hobetzean, kapitalismoa zein estatuekin dugun lehian langile klaseak burujabetza sozialean sakontzen du. Guk, Euskal Herrirako sistema propioa eraiki nahi dugu, eta bide honetan ari gara. Izan ere, etorkizuneko hezkuntza sistema, langileon lan baldintza duinak jasotzeaz gain, herriaren beharretara egokitu beharko da, eta gainera, ikaslea erdigunean kokatuko du, berau ardatz bilakatuz eta hezkuntza kalitatea bera bermatuz.

LABen ikuspuntutik, kolektibo hauek egoera espezifikoa dute hezkuntza komunitatearen baitan. Urteetan zehar murrizketa ikaragarriak pairatu dituzte Hezkuntza Saila zein Administrazio orokorraren partetik. LABen erronka, borroka eta konfrontazioaren bitartez murrizketa politika horri buelta ematea eta lan baldintzak hobetzea izan da beti, hezkuntzaren kalitatea bera bermatu dadin. LABi zilegitasuna bere afiliatu eta hurbilekoek ematen diote eta kontraste lan jarrai eta sakon bat egin ostean, mobilizazioak eteteko argudio eta arrazoiak nabarmendu egin dira. Zentzu honetan, hezkuntzako mahai negoziatzaileek eman dezaketen guztia baliatu dugula uste dugu. Aldarrikapen taulatik zintzilik geratutako edukiak, Mahai Orokorrean argitu beharrekoak dira, dagokion markoaren baitan eta zerbitzu publiko gisa borrokatu beharrekoak.

Borroka dinamika honi esker, hauek dira langileen lan baldintza eta zerbitzuaren kalitatea hobetzera bidean lortutako aldarrikapen esanguratsuenak:

Haurreskolak Partzuergoan
– Zikloaren aitortza politikoaren norabidean urratsak ematea lortu da, zikloari berari
izaera hezitzailea aitortuz. Era berean, herrietako haurreskolen biziraupena bermatzen da.
– Ordezkoen araudi duina eta ordezkapenak betetzea lortuta haurreskoletako lan zama
arintzea lortuko da, hezkuntza zerbitzuaren kalitatea nabarmen hobetuko delarik.

Heziketa Berezian
Merezitako aitortza eta inklusibitatearen bidean, historikoak izan diren hiru aldarrikapen lortu ditugu:
– Fisioterapeuta, Lan terapeuta eta Gizarte langileen ekiparazioa.
– Asteko jardunaren zehaztapena.
– Garraioa gure funtzioetatik kentzea.

Sukalde eta Garbitzaileetan
Langile hauekiko eta euren lanarekiko merezitako aitortza ematen da:
– Kolektiboaren pribatizazioa ekiditen da.
– LPZ handitu eta lanpostu berriak sortzen dira.
– Ratioak eta metrajeak definitzen dira, lan zamak arintzeko funtzioak zehaztuz.

LABek oso argi utzi nahi du mobilizazioak eten besterik ez ditugula egin. Mahaiak desblokeatzeko baldintzak ematen direla, baina lan hitzarmen berriak lortzera bidean negoziaketek jarraitu egingo dutela hemendik eta aurrera. Borrokan jarraituko dugu inolako zalantzarik gabe, izan zerbitzu publikoetako mahai orokorrari begira zein kolektibo hauetan lan hitzarmen berri eta duinak lortzera bidean. Ibilbidearen amaieran gaudela uste duten horientzat, argi eta ozen esan nahi diegu bidearen hasieran besterik ez gaudela! Administrazioaren jarrera itxia apurtu dugu borrokaren bidez eta negoziaketetan sakontzeko aukera ireki dugu, baina inolaz ere, ez diegu txeke zuri bat emango ezta mahaiak berriro ere blokeatzeko tarterik utziko. Borrokan jarraituko dugu!

Borroka honen beste adibide eta froga garbi bat irakasleen kolektiboan greba eta mobilizazioetan jarraitzen dugula da. Kolektibo honetan orain arte izandako negoziaketetan, LABek ez ditu bere helburu eta espektatibak asetuta ikusi eta mobilizazioak eteteko gutxiengo baldintzarik ez da ematen gaur egun. Horren ondorioz, konfrontazio dinamikarekin aurrera egitea beste biderik ez digu uzten Hezkuntza Sailak. Hala ere, dagokigun erantzunkizunarekin lan egiten jarraituko dugu kolektibo honetan ere, akordio duin bat lortzeko asmoarekin.

Bukatzeko, LAB sindikatutik borrokaren balioa beste behin ere azpimarratu nahiko genuke, Eusko Jaurlaritzak azken urteetan izan duen jarrera immobilista pitzatzeko balio izan diguna, eta ziurtasun osoz, etorkizunean ere balio izango diguna. Langileek duten tresnarik indartsuena dela beti esan izan dugu, baina gaur plazaratzen dugun adibide honek bere balioa berretsi eta indartu egiten duela zinez uste dugu.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Berdintasunaren gaia agenda politikoan kokatzea lortu dugu”

0

EITBko “Egun on Euskadi” saioan izan da gaur LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu. Gaurkotasunari lotutako zenbait gairen bueltan galdetu diote; martxoaren 8ko greba feministari buruz, kasu. Egun horretan kalera ateratzeko “arrazoiak soberan” daudela berretsi du. “Emakumeok bizi dugu diskriminazio egoera erdigunean jartzea lortu dugu, eta, honekin, lehen helburua lortu dugu”, esan du. Mobilizazioaren garrantzia azpimarratu du, eta martxoaren 8a eredu berri baten eraikuntzan beste urrats bat izango dela jakinarazi du.

Erakundeetatik “berdintasun faltsu baten irudia” saldu nahi izan dutela kritikatu du, eta berdintasun politikek porrot egin dutela esan du: “Berdintasunaren gaia agenda politikoan kokatzea lortu dugu, baina urrats eraginkorrak ematetik oso urrun daude erakundeak”.

Beste gairen artean, besteak beste, pentsio sistema publikoaren kontrako erasoa salatu du eta gaur argitaratutako langabezia datuen atzean prekarietatea dagoela nabarmendu du.

 

 

 

Martxoaren 20ko greba erregistratu dute gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileek

EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileak borrokan dira, hitzarmen berriaren negoziazioaren blokeoa dela eta. Martxoaren 20an greba egingo dute, eta gaur borroka egun hori erregistratu dugu sindikatuok, Bilbon.
 

 

 

Langabezia jaistea ez da albiste ona, prekarizazioa indartzearen kontura gertatzen delako

Hego Euskal Herriko enplegu arloko zerbitzu publikoetako bulegoetan, otsaileko datuen arabera, 163.323 langabe daude ofizialki erregistratuta, eta horietatik %57 emakumeak dira. Hala ere, errealitateak dio 321.660 dela lan bat eskatzen dutenen kopurua: 129.000 okupatu daude, lan hobe baten bila ari direnak, eta 29.300 pertsona baztertu dituzte, arrazoi desberdinak direla medio, langabeziaren datu ofizialak dotoretzeko. Datu honek adierazten du, enplegu arloko zerbitzuek baliatutako “kontabilitate sortzaileaz” gain, langile asko eta asko daudela euren enpleguarekin pozik ez daudenak. Atsekabe maila honek argi erakusten du sortutako enpleguaren kalitate eskasa; prekarioegia da eta gaizki ordainduta dago.

Hain zuzen ere, okupatuta dauden herritarren %17 baino gehiagok lanaldi partziala dute (emakumeak, bereziki) eta hauen artean %58 inguru lana bilatzen ari dira, baina ez dute lanaldi osoko alternatibarik aurkitzen.

Prekarietatea eta lan errotazio egoera honen beste erakusleetako bat ondoko datu hau da: sinatutako 100 kontratuetatik 7 dira mugagabeak bakarrik, eta denbora zehatz baterako aldi baterako kontratuen %57k zazpi egun baino gutxiagoko iraupena dute.

Hau guztia ikusita, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk argi du langabeziaren datu hutsek ez dutela benetako errealitatea adierazten. Izan ere, bere iritziz, “langabezia jaistea ez da albiste ona, prekarizazioa indartzearen kontura gertatzen delako”.

Gainera, lan erreformatik sei urte betetzen diren honetan, langabeentzako prestazio sistemak eskaintzen duen babes maila gero eta txikiagoa dela salatu beharra dago.

Hau horrela da enpleguaren prekarizazioaren ondorioz, egoera honetan zaila baita eskubideak sortzea kontribuzio-prestazio bat eskuratu ahal izateko. Bestetik, Espainiako Gobernuak 2012an langabezia prestazioak murriztu izanak ere beste faktore bat da, prestazio hauek eskuratzeko bidea zaildu baitute, eta kopurua murriztu.

Gaur egun, Hego Euskal Herrian ofizialki langabe diren herritarren %31k bakarrik jasotzen du prestazioren bat SEPEren aldetik (lehen INEM zena). Honela gauzak, Espainiako langabezia sistemak 113.927 pertsona uzten ditu babesik gabe (urtarrileko datua). Gainera, 26.456 lagunek jasotzen dute 430 euro inguruko prestazio asistentzial bat; hots, pobrezia mailatik nabarmen beherako kopurua.
 

 

 

Azken lan heriotza salatu dugu Bilbon

Euskal gehiengo sindikalak elkarretaratze bat egin du gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean. Hain zuzen ere, Elorrion joan den ostiralean hildako garraiolaria izan dugu gogoan, eta, honekin batera, lan heriotzak salatu ditugu berriro. LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok salatu dugu aurten, dagoeneko, 12 pertsona hil direla lanean; horietatik sei errepidean galdu dute bizia, gidari eta garraiolariak baitziren. 2017. urtean, lanean hildako 53 langileetatik zortzi garraiolariak ziren.
 

 

 

Euskal instituzioek pentsio duin eta publikoak bermatu behar dituzte euskal langileentzat

Milaka pentsiodun kalera atera eta euren bidezko aldarrikapenen alde mobilizatzen ari diren bitartean, Gasteizko Parlamentuak ez du erantzukizunik onartzen eta ez ditu hemen eta sakontasunez aztertu nahi horrenbeste milaka pentsionistek dituzten arazoak.

Ondo dago Estatutik inposatu dizkiguten murrizketa batzuk bertan behera gera daitezen eskatzea. Baina benetan beharrezkoa dena da hemendik heltzea pentsio publiko duinak orain eta etorkizunean bermatuko dituen Babes eta Gizarte Segurantzako Sistema Propioa.

Gaur Gasteizko Parlamentuak aukera ona galdu du sistema propioaren aldeko aldarrikapenenean aurrera egiteko. Ez hori bakarrik. Pentsiorik apalenak duindu ahal izateko aukera ere galdu du, ez du 1.080 eurotako gutxieneko pentsioaren aldarrikapena ezta kontutan hartu. Aipatu aldarrikapena parlamentu honetan bertan eskatu zuten Euskal Herriko Pentsionistek Plataformek, Herri Ekimen Legegile bidez 71.724 sinadura aurkeztuz.

LAB sindikatutik euskal administrazioei exijitzen diegu herritarrei orohar eta pentsionistei bereziki, babes eta ongizate sozialeko eskubidea bermatzeko erantzukizuna onar dezatela:

• Babes eta Gizarte Segurantzako Sistema Propio baten sorrera ahalbidetuko duen esparru normativo baten eraikuntza prozesua bultzatuz. Euskal gehiengo sozial, sindikal eta politikoetatik eraikiko den sistema, gaitasun araugile eta finantziero osoa izango duena eta bermatuko diguna hemen bizi bagara eta hemen lan egiten badugu, hemen izango dugula hilabetero deskontatzen dizkiguten kotiazioak eta jasotzen digutun prestazioen kontrol eta erabakia.

• Era berean, pentsiorik apalenak osatzea exijitzen dugu, aurrekontu publiko bidez, duintasunezko gutxienekoetara iritsi arte, hau da, 1.080 eurotara.