2024-04-26
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaHezkuntza estatus politikoari buruzko eztabaidan kokatu beharreko gaia da

Hezkuntza estatus politikoari buruzko eztabaidan kokatu beharreko gaia da

LABek ezezkoa emango dio Jaurlaritzaren Hezkuntza Itunerako proposamenari ez delako izan herri honek behar duen gogoeta estrategikorik.

 

EAEko Hezkuntza Sailak aurkeztu duen Hezkuntza Itun proposamenaren irakurketa egin du LABek, herri eta klase zapalduaren ikuspegitik, Euskal Herri Langilearen ikuspegitik. Igor Arroyo LABeko Idazkari nagusi ondokoak, Maider Izagirre Irakaskuntzako arduradunak eta Ibai Redondo Hezkuntza Politikako arduradunak hartu dute hitza Bilbon egindako agerraldian.

LABen ustez, Jaurlaritzaren proposamenak zoritxarrez ez du balio herri gisa ditugun erronka sozial eta nazionalei aurre egiteko; ez du balio bizi dugun menpekotasunetik askatzeko. EAErako kalitatezko hezkuntza euskalduna lortzeko, egun dagoenaren erroko aldaketa bat behar da eta Jaurlaritzak planteatu duenak partxeotik du gehiago. Horregatik aurreratu nahi dugu, asteazkenean Euskadiko Eskola Kontseiluak egingo duen bileran, LABek mahai gainean dagoen Itun Proposamenari ezetz esango diola. Baina aldi berean, alternatiba sendo bat aurkezten dugu.

EZETZAREN ARRAZOIAK
Ezetza laburbiltzen duen 5 arrazoi nagusi ditugu: metodologia desegokia, murgiltze ereduaren aldeko apusturik eza, inklusiorako apustu sendorik ez dago, autonomian sakontzeko bermerik ere ez eta esaten den guztia praktikara eramateko aurrekontuan aldaketarik egitea ez da aurrikusten. Azkenik, guztia laburbiltzen duen eta errokoa den gabezia nagusi bat du, Espainiarekiko dependentzia iraunaraztera bideratutako proposamena da.

Metodologia. Eusko Jaurlaritzaren neurrira egindako prozesua da, helburu mediatikoak lehenesten dituena. Bileretara joateko deialdia jaso eta bileretan bertan ezagutu ditugu eragileok prozesuaren inguruko informazioa eta edukia, ekarpenak egin eta iritziak emateko ia tarterik gabe. Bileretan medioak sartu argazkia atera eta bertan geunden eragileok proposamena babesten dugula saltzen saiatu da Jaurlaritza. Hau gutxi balitz, hainbat gairen inguruan LABek gutun bidez eskatutako argibideek ez dute kortesiazko erantzunik ere jaso. Zehatzago, Euskal Curriculuma eta Hezkidetzaren gaiak ez dira proposamenean ageri, honen inguruko azalpenak gutunez eskatu eta ez dugu erantzunik jaso. Etorkizuneko zein hezkuntza sistema eraikiko dugu Euskal Curriculumik gabe? Nola eraldatuko dugu jendarte matxista hezkuntza hezkidetzailea ez bada lehentasuna?

Espainiarekiko menpekotasuna. Catalunyan 155.artikuluaren bidez murgiltze eredua desegiten saiatzen ari diren bezala, Hego Euskal Herriko eskoletan zer eta nola ikasi behar den kontrolatzen ari dira Espainiar Curriculuma eta errebalida berriak inposatuz, besteak beste. Zoritxarrez Jaurlaritzaren proposamenak Madriletik datozen inposaketak onartzen ditu, Curriculum Espainiarraz gain, errebalidak eta selektibitatea ontzat jotzen ditu eta hauek gure ikastetxeetan inposatzen saiatzen ari da. LOMCE eta Espainiako Hezkuntza Legeen onarpenarekin,ezinezkoa den enkajea bilatzen du. Ezinezkoa diogu, planteatutako proposamena eskaxa izanik ere, ez delako inposatutako markoan sartzen. Adibide bat ematearren, nola eraiki proposamenean ageri den Ebaluazio Agentzia Propioa Espaniako errebalidak eta selektibitatea inposatzen diren bitartean? Ganorazko hezkuntza sistema bat nahi badugu Madrilekiko menpekotasuna hautsi, beste herrialde batzutatik ikasi eta hezkuntza komunitatearen parte hartzearekin bertan hartu behar ditugu erabakiak.

Hizkuntza. Ikasturte hasieran, Kontseiluaren babespean Hezkuntza Komunitateko eragile nagusiek eta gehiengo sindikalak eskari bat egin genion Hezkuntza Sailari: murgiltze eredua ezartzea. Ikerketa guztiek argi erakusten dutenez, Hezkuntza Sailarenak barne, Euskal Herrian euskara eta gaztelera ezagutzea bermatzen duen eredu bakarra D eredua da.Horregatik, D ereduan oinarritutako murgiltze eredua unibertsalizatzea premiazkoa da. Zentzu honetan, izugarrizko kontraesana ikusten dugu helburu eta bitartekoen artean. Batetik, derrigorrezko hezkuntza bukatzean B2 maila eskuratzea ezartzea helburu gisa du Jaurlaritzaren proposamenak…eta ados gaude. Baina nola lortu zaharra den helburu hau, hizkuntza ereduen politika gainditu gabe?

Inklusioa eta baliabideak. UNESCOk Hezkuntzarako proposatzen duen gutxieneko aurrekontua BPGren %6 den bitartean, EAEn %3,8 soilik bideratzen da hezkuntzara . Dokumentuak, hezkuntzaren egoera kaxkarraren ardura nagusia behin eta berriz irakasleen gainean jartzen du eta hori ez da onargarria. Ardura osoa, administrazioarena da, ez duelako hezkuntzaren aldeko benetako apusturik egiten, ez lege aldetik, ez formakuntza, ezta baliabideen aldetik ere. Hala, aberats eta pobreen arteko arrakala handitzen ari da, segregazio egoerak areagotu eta larriagotzen ari diren bitartean, Hezkuntza Sailak ez du neurri eraginkorrik proposatzen egoera konpontzeko. Are eta gehiago, gure ustez, eskubiaren hezkuntza politikaren parte da zatiketak areagotzea, aberatsen seme-alabentzat pentsatutako ikastetxeak eta pobreentzako eskolak egotea ongi plangintzatutako politika baten ondorio da. Aniztasuna balorean jarri behar dela esatea polit gelditzen da, baina, hitz politak neurririk gabe hitz ustelak dira, segregazioa gainditzeko neurri inklusibo ausartak urgenteak dira.

Autonomia eta parte hartzea. Jaurlaritzak ikastetxeen autonomia faltaren inguruan egindako autokritika norabide onean doala uste dugu. Hala, ikastetxeei autonomia gehiago ematea begi onez ikusten dugu, kudeaketan, proiektu pedagogikoan eta baita irakasleen perfilak eskatu zein kontratazioak egiteko ere (gardentasunez, komunitatearen parte hartzearekin eta administrazioaren kontrolarekin). Baina, autonomian sakontzea eta baliabideak eskaintzea (bereziki egoera ahulenean dauden ikastetxeei) txapon beraren bi aldeak izan behar dira, bestela, ikastetxeen arteko arrakalak handitzeko arriskua dago. Era berean, autonomian sakontzea ez da eredu gerentzialistatik etorriko, kontrara, hezkuntza komunitatearen parte hartzean oinarritu behar dela deritzogu. Herri Hezitzaileen norabidean bidea eginez, hezkuntza komunitatea eta herria ikastetxeko hezkuntza proiektuan inplikatuz.

ALTERNATIBA
LABek EAErako proposatutako erreformari ezetza esateaz gain, alternatiba sendoa plazaratu nahi du gaurko agerraldi honen bidez eta aurreratzen dugu dagoeneko Euskadiko Eskola Kontseiluaren eskuetan dagoela proposamena, asteazkenean bertan egingo den lan saioan berau izango delarik gure erreferentzia.

Gure alternatibak 15 ardatz nagusi jasotzen ditu eta berauek garatzeko 54 neurri zehatz. Ardatz eta neurri hauek gure herriak behar duen Hezkutza Sistema Burujabea Publiko eta komunitarioa eraikitzea ziurtatzen dute.Ondokoak dira alterntibaren 15 ardatzak:

• Inklusiorako plan integrala. Eskola inklusiboa. Aniztasuna balorean jarri, segregazioak ( jatorria, hizkuntzak, sexua) gainditzeko neurri eraginkorrak hartuaz.
• Euskal Curriculuma. Biharko Euskal Herria eraikitzeko tresna baliogarria dela deritzogulako. Euskal Curriculumaren eguneratze eta aplikazioa sistema osoan. Euskal Curriculuma oinarrizkoa eta komuna abiapuntu.
• Hezkidetza plana. Parekidetasunean oinarritutako Euskal Herria sortzen laguntzeko plan integrala, mugimendu feministarekin elkarlanean eraikia.
• Ikuspegi eta pentsamendu propioa. Autoeraketa, jakintza unibertsala ikuspegi lokaletik.
• Pedagogia askatzailea eta eraldatzailea. Ez soilik duguna birsortzeko biharkoa eraikitzeko baizik. Pertsona aske eta kritikoak, ingurumena zaindu, jendartea ezagutu eta eraldatzeko ikasle zoriontsuak heztea helburu. Irakasle eskolen berrantolaketa.
• Murgiltze eredua. Ikasle euskaldun eleanitzak heziko dituen murgiltze eredua ezarri sistema osoan, euskararen normalizaziorako hizkuntza ereduak gaindituz. Kontseiluaren Ikasle Euskaldun Eleanitzak Sortzen dokumentua ardatz.
• Finantziazioa BPGren %6. Hezkuntzaren finantziazioa, publikoa ardatz UNESCOk planteatutako BPGren %6 gutxienez. Kalitatezko hezkuntza publiko-herritarrerako trantsiziorako gutxieneko neurri ekonomiko gisa.
• Publikotasuna. Euskal Publikotasuna adostu. Hezkuntza eskubideak eta burujabetzan oinarritutako publikotasun berrian eskola eta ikastetxe sare berriak adostasunez integratu.
• Autonomia erreala. Eskolen autonomia erreala: kudeaketa parte hartzailea, kontratazio eredu mixtoa (eskola-administrazioa) eta ikastetxeko hezkuntza proiektu propioan oinarritua. Baliabide askirekin lagundua.
• Jangeletako eredu berri baterantz. Jangela eredu hezitzaile eta osasungarria.
• Ebaluazioa hezitzailea. Ikaslea erdigunean, autoebaluazio eta koebaluazioan oinarritutako eredu berria.Hezkuntza komunitatearen parte hartzearekin egindakoa eta hobekuntzara bideratua. Ikuspegi merkantilista eta fiskalizatzailea baztertuz.
• Haur Hezkuntza. Pertsonaren garapenerako etapa garrantzitsuena dela aitortu. Haur hezkuntza hezitzailea, euskalduna, publikoa eta doakoa izateko neurriak.
• Goi Hezkuntza sistema propioa. Unibertsitate Sistema eta Lanbide Heziketa propioa. Euskal Herriaren bizi iraupen eta garapenera bideratua, jendarte eta langile klasearen zerbitzura egongo dena.
• Lan baldintza duinak. Plantilla handitu, egonkortu, formatu eta ratioak txikitu. Bajak ez zigortu, erretiroa aurreratu eta soldatak eguneratu/ekiparatu.
• Burujabetza. Hezkuntzan autogobernu osoa, konpetentzia guztiak, hezkuntza burujabea eta ikuspegi nazionala izango duena.

LABen JARRERA
Esan bezala, mahai gainean dugun proposamena eskaxa, kontraesanez betea eta neurri zehatzik gabea iruditzen zaigu, beraz, ez dugu babesten. Baina, alternatiba sendoa eta neurri zehatzak jasotzen dituena eratu dugu. Proposamena Eskola Kontseilura eramango dugu asteazkenean, lan egingo dugu gune horretan gure proposamena ezagutarazteko eta gainontzeko eragileen ekarpenekin batera Jaurlaritzaren egungo proposamena errotik aldatzeko. Honetaz gain, Euskal Herriko ikastetxe guztietan lege inposatuen gainetik Hezkuntza Burujabea Iruten jarraitzen dugu

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.