2026-02-15
Blog Page 814

Salbuespen neurriekin bukatzeko exijitu dugu Iruñean, Xabier Rey gogoan

Espainiako espetxe politika salatzeko irten gara gaur kalera, ezker abertzaleak deituta, Xabier Rey preso politikoa gogoan. Hain zuzen ere, iruindarraren heriotzaren atzean salbuespen politika dagoela nabarmendu dugu berriro; urrunketa, sakabanaketa eta isolamendua bezalako erabaki politikoak, alegia. Hori dela eta, LABetik berretsi dugu premiazkoa dela euskal presoek jasaten dituzten salbuespenezko neurriak desaktibatzea, preso guztiak etxerako bidean kokatuko dituen prozesu baten baitan.

Iruñeko kaleak hartu dituzte gaur ehunka lagunek, ezker abertzaleak deitutako manifestazio nazionala dela eta. LABeko ordezkaritza bat izan da bertan, Garbiñe Aranburu idazkari nagusia buru, eta, bezperan egin bezala, Xabier Reyren heriotza eta Espainiako espetxe politika salatu ditugu. 
 

 

 

Igor Arroyo: “Premiazkoa da espetxe politika aldatzeko akordio sozial, sindikal eta politiko zabalak egitea”

Xabier Rey preso politikoa gogoan izan du gaur LAB sindikatuak. Hain zuzen ere, 10:00etan, Irurtzungo Neumaticos Iruña enpresaren aurrean elkarretaratze bat egin dute langileek, enpresa batzordeak deituta, iruindarra sindikatuko delegatua baitzen atxilotu zutenean. Eguerdian, berriz, Espainiako Gobernuaren delegaritzaren aurrean egin dugu protesta, Iruñean, eta LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok hitza hartu du.

Irurtzunen egindako elkarretaratzea.

Igor Arroyok egunotan hildako preso politikoarentzat izan ditu hitzak: "Xabier Rey gertukoa genuen. Langile bat zen, bere lanetik bizi zen iruindar bat. Ez zen pertsona berekoia, aitzitik, interes kolektiboekiko kezka zuen. Bere enpresan ordezkari sindikal izateko aurkeztu eta bere lankideek hautatu egin zuten. Ordezkari sindikala zen atxilotu zutenean".

Atxilotu zuteneko garaia ekarri du gogora: "Bost egunez torturatu zuten. Hamar urtez eduki dute etxetik 1.000 kilometrora, espetxe baldintza gogorretan. Beste hamalau urteko zigorra zuen. Honi guztiari ezin zaio justizia deitu. Honek guztiak gerra estrategia bati erantzuten dio".

LABeko idazkari nagusi ondokoaren hitzetan, "hemen Euskal Herrian, Nafarroan, gerra bat egon da. Gerra guztiak bezala, gerra bidegabea izan da eta askotariko biktimak eragin ditu. Eta sinestezina badirudi ere, ETAk borroka armatua bertan behera utzi eta ia zazpi urtera, biktima berriak eragiten ari da. Xabier Rey espetxe politika kriminal baten biktima izan da. Pertsonak suntsitzeko helburuz PPk indarrean mantentzen duen espetxe politika kriminala. Salaketa hori egiteko asmoz bildu gara gaur, eta bihar ere Ezker Abertzaleak deitutako manifestazioan izango gara, Garbiñe Aranburu idazkari nagusia buru".

Belaunaldi desberdinek Nafarroan min eta sufrimendu ugari pairatu dituztela nabarmendu du, "36ko estatu kolpean, frankismoan zehar, ETAk borroka armatua erabili zuen bitartean eta baita orain, borroka armaturik gabeko garaian ere. Nafarroan, Euskal Herrian, bakea eta demokrazia merezi dugu, bakea eta demokrazia denontzat. Eta horretarako premiazkoa da espetxe politika aldatzeko akordio sozial, sindikal eta politiko zabalak egitea".

Igor Arroyok dei egin die Nafarroako Gobernuari, alderdi politikoei eta gainontzeko sindikatuei presoen aferan inplikatzeko: "Premiazkoa da sakabanaketarekin amaitzea, isolamendua ezabatzea, preso oro lehen gradutik ateratzea".

LABen mobilizazioa eta gero, 13:00etan, Iruñeko hilerrian, Xabier Reyri azken agurra eman diote.
 

 

 

Aukera galdua eraikuntzako lan-baldintza prekarioak duintzeko

0
Aurreakordioa sinatu da Bizkaiko eraikuntzako hitzarmenean. Bada, LABek ez du Bizkaiko eraikuntzako hitzarmenaren aurreakordioaren sinadura babesten. Aurreakordioa ASCOBI, Maestros Pintores eta Asociación Vizcaína de Excavadores patronalek eta CCOO eta UGT sindikatuek hartu dute.

Hauek dira LABek adierazten dituen arrazoiak aurreakordioa ez babesteko.

Lehenik eta behin, 4 urtetako indarraldia zehazten du (2017-2020). Urte hauetan hutsaren hurrenak diren soldata igoerak soilik zehazten dira, CCOO eta UGTk Eraikuntzako Hitzarmen Estatalean sinatutakoaren azpitik. 2017 eta 2018rako 1,6 igoerak planteatzen dira hitzarmen estatalak, %1,9 eta %2ko igoerak, hurrenez hurren, zehazten zituzen bitartean. 2019rako %1,5eko igoera zehazten du eta 2020koa negoziatzeke geratuko litzateke.

8 ordutako lanaldi murrizketa planteatzen dute 2019rako. LABetik baloratzen dugu murrizketa hau guztiz eznahikoa dela kontutan izanda eraikuntzan, asko luzatzen dela lanaldia legez zehaztutakoaren gainetik, aparteko orduek duten kontrol faltagatik.

Aurreakordioak ez ditu langileak lan-erreformatik babesten, berau ez betetzea eta enpresen aldetik, aldebakarrez, adostutako lan-baldintzak ez betetzea ahalbidetuz.

18 hilabetetako ultraaktibitatea baino ez dauka, behin hitzarmenaren indarraldia bukatuta. Hortaz, behin 18 hilabete horiek beteta hitzarmena ez aplikatzea ahalbidetzen da, berau berrizten ez bada.

Ez du jasotzen Lan publiko guztietan hitzarmena ezartzearen derrigortasunaren inguruko neurririk jasotzen, hala nola, lan publikoetako kontratuetan klausula sozialak txertatzea. Gogoratu nahi dugu hauxe dela sektorean duen arazoen nagusienetakoa.

Lanaren exekuzio kontratua edo kontratazioa bera non egin den gorabehera, euren lan-zentroa Bizkaian duten langile guztiei hitzarmena aplikatzea ere ez du bermatzen,

Ez du aldi-baterakotasuna edo azpikontratazioa mugatzera bideratutako neurririk jasotzen.

Azken finean, iturri ofizialen arabera EAEko eraikuntza sektoreak %6 gora egin duen momentu batean, aukera galdu da itzelezko prekarietatea duen sektore honetako langileen lan-baldintzak duintzeko. CCOO eta UGTk alfonbra gorria jarri diote ASCOBIri lan baldintzak are gehiago prekarizatzeko.

Praktikan, estatu mailan adostutakoaren azpitiko soldata igoeretara mugatzen den akordioa da, gainontzeko aldarrikapen sindikalak alde batera utzita. LABek, Euskal Herri osoko kale eta poligonoetan gaur egin dugun moduan, bizitza duina bermatuko duten hitzarmen duinak eskatzen jarraituko dugu. Horretarako, beharrezkoa da mobilizazioa.
 

 

 

Industrian aberastasuna banatzeko garaia dela aldarrikatuko dugu, mobilizazioen bitartez

0

Bada garaia hitzarmenak eguneratzeko eta industriako langileen lan baldintzak hobetzeko, guztion lan baldintzak hobetzeko. Gaurkoan, propaganda eguna antolatu dugu Euskal Herri osoan. Datorren asteetan mobilizazioak burutuko ditugu.

Urtebete pasa da patronalak eta sindikatuek Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko negoziazio kolektiboa blindatzeko akordio interprofesionala sinatu genuenetik. Ordundik hona, gutxi dira sinatutako hitzarmenak. Bitartean, patronalak enpresek irabazten ari diren dirutzak publiko egiten jarraitzen du:

• Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian, urtean, 2.598.278.000 euroko irabaziak lortu zituzten industriako enpresek azken datuaren arabera.
• Nafarroan, 1.852.599.000 euroko irabaziak lortu zituzten industriako enpresek.
• BPGa inoizko handiena da, hau da, inoizko aberastasun gehiena sortzen da Euskal Herrian.

Bitartean:

• 10 langiletik 6k ez dute lan hitzarmenik Araba, Gipuzkoa eta BIzkaian.
• Lan baldintzak geroz eta prekarioagoak dira, bereziki kontratazio berrientzat.
• Industriako langileen %19a da soilik emakumezkoa.
• Nafarroan, patronala CCOO eta UGTren laguntzarekin, hitzarmen merkeen aldeko apustua egiten ari da, estatuko hitzarmene alde.

Hortaz, egoera bidegabe hau salatu eta aldatzeko borrokatu beharra dago. Sektoreetan eta enpresa mailan, eremu guztietan, LABek lapurtu digutena berreskuratzeko borroka egingo du.

Bada garaia hitzarmenak eguneratzeko eta industriako langileen lan baldintzak hobetzeko, guztion lan baldintzak hobetzeko.

Gaurkoan, propaganda eguna antolatu dugu Euskal Herri osoan. Datorren asteetan mobilizazioak burutuko ditugu:

• Martxoaren 13an, asteartea, 11:00etan, ADEGIn, manifestazioa Donostian.
• Martxoaren 14an, asteazkena, 11:00etan, giza katea Gasteizko Aldabe Gizarte etxetik. Elkarretaratzea, 11:15ean, SEA parean, Gasteizen.
• Martxoaren 15ean, osteguna, elkarretaratzea Iruñean, CEN parean, 12:00etan.
• Martxoaren 16an, manifestazioa Confebasken egoitzatik abiatuta, Bilbon, 11:30ean.
 

 

 

Manifestazio bat egingo dugu martxoaren 18an, Donostian, jai egunetan atsedena hartzeko eskubidearen alde

Donostiako Bulebarretik abiatuko da, 12:00etan. Ildo beretik, martxoaren 17rako, manifestazioaren bezperan, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako merkataritzako zein saltoki handietako langileak beraien lanaldian ezpainak morez margotzera gonbidatzen ditugu, hala igande eta jai egunetako aisialdirako eskubidea aldarrikatuz. Hain zuzen ere, agerraldi bat egin dugu gaur Jaietan Denok Jai plataformatik, mobilizazioaren berri emateko eta Eusko Jaurlaritzak eta Donostia, Bilbo eta Gasteizeko udalek ordutegi komertzialen liberalizazioaren alde egiten dutela salatzeko.

Jaietan denok jai plataformatik, igande eta jai-egunetan aisiaz gozatu eta atsedena hartzeko eskubidearen alde egiten duen merkataritza eredu jasangarria defendatzen dugu. Beste behin, merkatari elkarte, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak, EKA eta EKE kontsumitzaileen elkarteak eta gure hirietako auzo elkarte ezberdinak, gure herri eta hirietan liberalizatutako merkataritzarik ez dugula nahi aldarrikatzeko, honekin multinazional handiek nahi dutena egiten dutelako.

Gure instituzioetako alderdi batzuetatik, turismoa gutxi batzuen (merkatal zentro handitako zuzendaritza eta jabeak) mesedetan jarduten duen eredua sustatzeko aitzakia bezala erabiltzen ari dira. Gogora dezagun Eusko Jaurlaritzak 20/2012 dekretua onartu zuela, ordutegi komertzialen erabateko desregulazioa ahalbidetzen zuen Turismo Olde Handiko Eremuak ezarriz. Horregatik, Espainiako estatua eta Auzitegi konstituzionalaren jarrerak salatu nahi ditugu, euskal konpetentzien eremua inbaditzeagatik eta Eusko Jaurlaritzarena ere, berauen defentsa irmoa ez egiteagatik.

Honen erakusle argia dira Bilboko Turismo Olde Handiko Eremuak ezarri izana eta Donostiako zonaldeen handitzea, Alde Zaharretik Zurriolako pasealekura pasatu dituztenak.

Bestalde, kate handiek eta zehazki elikadura sektoreko kateek, azken aldian egindako erasoak aipatu nahiko genituzke. Kate hauek 365 eguneko irekieraren aldeko apustua egiten dute, edo eta jai egun jakin batzuetako irekieraren alde, frankizia edo komenentziazko denda bezalako formatuak baliatuz. Praktika horren adibidez dira zenbait Carrefour Expressetan, Donostiako Autobus estazioko BM rapiden eta Zurriola pasealekuan ireki nahi duten Supercor-ean, Bilbokoan edo eta Gasteizen irekiko dutenean. Elikagaien dendek asteko ordutegi zabala dute kontsumitzaileek beharrak asetzeko, eta aurrez aipatutako merkaritza-ereduen atzean sektorearen liberalizazioa eta merkataritza txikiaren suntsiketa besterik ez dute ezkutatzen. Kate handi hauek noski, egungo “0 irekieran” arrakala egin eta gainontzeko merkataritzako azpi sektoreei bidea zabaldu nahi diete.

Kontsumitzaileen elkarteen arabera, kate handien bultzadak merkaritza txiki eta ertainaren jaitsieraren aldean, produktuen homogenizazioa ekarriko luke, eskaintza aniztasuna gutxituz eta kontsumitzaileen aukera-ahalmena murriztuz. Multinazional handiek eta gure hirietako merkaritza-eremuek jendarte kontsumista bat sustatzen dute, behar ez dugunean erostera bultzatzen gaituena.

Euskal Autonomi Erkidegoan gero eta merkaritza-txikiko saltoki gehiago ixten ari dira, autonomoen lan-postuak ere galduaz. Irekitzen diren negozio berriek, frankizia bezala egiten dute, multinazionalekiko menpekotasuna eta kontrol izugarria dutelarik, izan ere, komertzio txikiak merkatal zentro handien “arau” eta helburuetara baldintzatuak gelditzen direlarik. Beste behin ere, liberalizazioa sektre honen salbatzailea izango dela sinestarazi nahi digute, benetan, merkataritza txikiaren itxierara bideratzen gaituen faktore handienetako bat denean.

Merkataritzako ordutegien malgutzeak lan baldintzen okertzea dakar, eta langileen kontziliazio pertsonala eta aisialdirako denbora larriki kaltetuko luke. Praktikan, kate handiek, kontratazioa handitu beharrean, langileei lan zama handitzera eta lan baldintzak malgutu eta okertzera jotzen dute, prekarizaziora.

Gure hiri eta herrietako Auzo Elkarteek, bertan bizi eta lan egiten dugun bizilagunentzako bizitza duin eta hobea aldarrikatzen dute, pobreziari eta prekarietateari aurre eginaz. Propaganda hutsa besterik ez den hiri eredu erakusleihoari mugak jartzeko garaia da.

Instituzioei eskatzen diegu, Turismo Olde Handiko Eremuen legea ontzat ez ematea eta hiri eredu kontsumista eta lehiakorretik urrun, merkataritzako langile klasea eta komertzio txikia erdigunean jarriz arautzea.

 

 

 

Emakumeok* mundua mugitzeko gaitasuna dugula erakutsi dugu #EmakumeokPlanto

0


Historikoa bai, eta ez hori bakarrik, historikoa eta mundiala izan da gaurkoa, milaka emakume*, elkar hartuta, Euskal Herriko plazetan. Kalera atera gara, gurea dena aldarrikatzera, eskubideak, parekidetasuna, aitortza eta errespetua. Ehunka mobilizazio eta milaka irudi eder utzi dizkigu grebak. Baina gaurkoa argazki bat baino askoz gehiago izan da. Gure lanaren balioa aitortuko duen sistema berri baten alde egiteak batu gaitu emakumeok*, eta garai berri baterako aldarrikapenak finkatu ditugu.

Euskal gehiengo sindikalarentzat gaurko greba historikoa izan da. LABeko Idazkaritza Feministako kide Zaloa Ibeasek Martxoaren 8aren balorazio bat egin du Bilbon, komunikabideen aurrean, Plaza Eliptikotik abiatutako kalejira feminista hasi aurretik. Greba feministak erakutsi du feminismoaren alde egitea posiblea eta beharrezkoa dela.

Okertzeko beldurrik gabe adierazi dugu sindikatuetatik gaurko eguna historikoa izan dela: “Garai berria ireki duela Euskal Herrian emakumeentzat eta mugimendu feministarentzat. Emaitzak ikusgarriak dira, baina eman dugun urratsaren ondorioak ikusgarriagoak izango dira”.

Kalera atera diren emakume guztiak zoriondu ostean, LABeko Idazkaritza Feministako kideak adierazi dugu gaurko egunak garai berri batean kokatzen gaituela: "Egia da emakumeak beti borrokatu dugula. Greba eta mobilizazio gehienen parte izan gara, lan gatazka garrantzitsuen protagonistak izan gara gure eskubideen aldeko borrokak istorio luzea duelako atzean. Baina gaur urrats berria eman dugu: gure lana da, gure lanek duten balioa da, gaurko greban protagonista”.

"Gure lanak balio(a) du"
Emakumeok* etxean eta etxetik kanpo egiten dugun lana, lan merkatu formalean eta ezkutuan egiten duguna, onartezinak diren baldintzetan egiten dugun lana, agerian utzi ditugu. Hortik, aurtengo LABen leloa: "Gure lanak balio(a) du". Emakumeoi zor zitzaigun argazkia atera dugu: kaleak eta plazak gure lanaren aitortzaz bete ditugu lantokiak eta etxeak hustuz, amantalak zintzilikatuz.

Hain justu, grebak mugimendu feminista sendotu du, emakume asko ekarri dituelako marko feministetara, herriz herri batu garelako sektore eta belaunaldi ezberdinetako emakumeak, elkarlana indartu delako mugimendu feministaren eta sindikalaren artean.

Grebak garai berri baterako aldarrikapenak finkatu ditu, zaintza lana aitortzea eta eskubide iturri bihurtzea, arrakala gainditzea, biolentzia gure bizitzetatik ateratzeko biolentziaren iturri den sistema hau iraultzea. Berdintasun politika antzuak atzean uzteko garaia dela erakutsi dugu.

Greba deitzeko Euskal Herrian hitzartu genuen manifestua ekarri nahi dugu gogora. Gure lanaren balioa aitortuko duen sistema berri baten alde egiteak batu gaitu, lan egin dezagun sistema hori eraikitzeko egin behar dugun bidean bat egiteko. LABetik argi dugu hori feminismotik ere martxan jarri behar den burujabetza prozesu oso baten emaitza izango dela. Gaur kalean gauden emakumeok bihar Euskal Herri berri bat eraikitzea helburu izango duen burujabetza prozesuan batzea izango da gure erronka.

 

 

 

Egun historiko bat, garai berri baterako

0

Erdiak geratuta, guztia geratzen ari da. Gaurkoa ez da ohiko greba bat. Greba feminista da, mundu mailako deialdia, gurean, Euskal Herrian ere erabat busti gaituena, busti gara, mugimendu feministaren deiari erantzunez eta euskal sindikatuon bulkadaz. Euskal emakumeok amantalak zintzilikatu eta kalera atera gara. Orratzak ere, jostekoak, etxean geratu dira gaur, bakar bat ere ez baitzen sartzen gure plazetan. Ez dugu guk esaten, argazkiek esaten dute, egun historiko bat da gaurkoa, garai berri bati begira.

Sistemari ere kosta egin zaio deialdiaren pultsua hartzea. Goizean goizetik, euskal komunikabide zenbait, oraindik hasi gabea zen grebaren jarraipen eza azpimarratzen ari ziren. Ohikoa den bezala, greba guztietan. Baina hau desberdina izan da. Emakumeok* egin dugu planto, gure lanak balio(a) duela erakusteko eta zor zaizkigun eskubideak aldarrikatzeko.

Egun batez, emakumeok gure burua zaintzeari eta dagokizkigun eskubideak borrokatzeari eman diogu lehentasun osoa eta emaitza bistakoa da: gelditzen bagara mundua mugitzeko gaitasuna dugu.

Greba posible izan da emakume feminista askok urteetan sindikatuan eta lan munduan egin duten lanari esker. Planto egin dutenena bezala, egin nahi eta ezin izan dutenena, guztiena da gaurko eguna, borroka berak batzen gaituelako.

Emakumeoi zor zitzaigun argazkia atera dugu: kaleak eta plazak gure lanaren aitortzaz betetzen ari gara, lantokiak eta etxean hustuz, amantalak zintzilikatuz.

Gogoratu, arratsaldean gehiago: 18.00etatik 22.00etara lanuzteak eta mobilizazioak herri nahiz hirietan (20.00etan) nahiz herrietan. Baionan 18:00etan izango da manifestazioa.

Hemen ari gara jasotzen gaurko argazkiak.

 

 

 

Panaman hartuko dugu hitza, Munduko Emakume Langileen Kongresuan

0

Munduko Sindikatuen Federazioak Munduko Emakume Langileen Kongresua antolatu du Panaman, eta han dago LABeko ordezkaritza bat, Zehar Lerrotako idazkari Arantxa Vazquez buru. Hain zuzen ere, kongresua martxoaren 8, 9 eta 10ean egingo dute, eta gaur egun oraindik indarrean dauden aldarrikapenen inguruan ariko dira hizketan. Arantxa Vazquezek gaur hartuko du hitza, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean bertan.
 

 

 

Harrera eta lore eskaintza egin diogu Xabier Reyri

Iruñera iritsi da, gaur goizean, Xabier Rey preso politikoaren hilotza. Hala, lehen harrera egin zaio goizean goiz, Iruñeko Iratxe tanatorioan. Ondoren, beila irekian, ezker abertzaleko ordezkariak hurbildu dira familiari babesa emateko. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu eta sindikatuko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyo bertan izan dira.

Mobilizazio ugari egiten ari dira Euskal Herri osoan, Xabier Reyren heriotza dela eta. Bihar, ostirala, emango zaio azken agurra, 13:00etan, Iruñeko hilerrian. Larunbatean, berriz, manifestazio nazionalera deitu du ezker abertzaleak, 17:00etarako, Iruñeko Golem zinemetatik abiatuta.

Atxilotu zutenean, Xabier Rey Neumaticos Iruñea enpresako LABeko delegatua zen. Hala, bihar, ostirala, mobilizazioa egingo dute lantegiaren aurrean, Irurtzunen, 10:00etan. Bi ordu geroago, 12:00etan, Gobernu Delegaritzaren aurrean bilduko gara iruindarraren heriotza salatzeko.