2026-07-29
HomeIndustriaMetalgintzaEkimenak bultzatuko ditugu Mercedeseko Holidays Workers kanpaina gardentasunean, aukera berdintasunean eta lan...

Ekimenak bultzatuko ditugu Mercedeseko Holidays Workers kanpaina gardentasunean, aukera berdintasunean eta lan baldintza duinetan oinarritzeko

Kanpainak entxufismoa bultzatzen du, diskriminatzailea eta baztertzailea da eta prekarietatea areagotzen du.

MERCEDESek “Holidays Workers – Trabajadores de Vacaciones” kanpaina abiatu du udan Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko ikasleek lantegian lan egiteko. LABen ustez, kanpainak entxufismoa bultzatzen du, diskriminatzailea eta baztertzailea da eta prekarietatea areagotzen du.

Lehenik eta behin, LABek salatu nahi du ikasleek bete beharreko baldintzen artean, langile baten senidea edo gomendatua izatea dagoela. Gure ustez, horrek MERCEDESen dagoen entxufismoaren susmoa bultzatzen du, askoren kezka baita gomendatzailearen arabera onartzea ala ez. Gainera, baldintza honekin, Mercedesen inongo ezagunik ez daukan ikasle oro baztertzen ditu, diskriminazio bat modu onartezinean inposatuz.

Bestetik, ez du inongo bermerik jartzen emakumeen presentzia parekidea ziurtatzeko udako kontratazioetan; oraingo honetan industria mailako formazioa ezin du aitzakia moduan erabili, ez baita eskatzen baldintzen artean. Aldi berean, azpimarratu nahi dugu kanpainaren azalpenaren hizkera sexista, zeinaren ondorioz badirudi soilik langile gizonek gomendatu ditzaketela hautagaiak.

Horretaz aparte, prekarietatean sakontzen du hainbat arlotan. Hasteko, udako langileek 400€ inguru gutxiago kobratuko dute, UGTek, CCOOek eta bertako sindikatu txikiek langile berrien soldata eskala bikoitza onartu baitzuten -azkenengo hitzarmenean gutxiago kobratzeko tartea luzatu zuten-. Gainera, ikasle hauei erabateko disponibilitatea eskatzen zaie astelehenetik larunbatera, beraz litekeena da malgutasuna ere aplikatzea. Hori aplikatuta, haiek ere egun libreak sortuko dituzte, eta ez dakigu enpresak nola beteko zituen.

Azkenik, LABek deitoratzen du oraindik langabezi tasa oso altua daukagunez, milaka eta milaka langabetu daudenean askotan bizi baldintza gorriak pairatzen, horiek baztertu eta udako lanpostu hauek soilik ikasleei eskaini izana.

Hau guztiaren aurrean, LABek dei egiten dio enpresari kanpaina moldatzeko eta norabide horretan gure proposamenak honakoak dira:

– Langile baten senidea edota gomendatua izatearen betebeharra atzera botatzea, beraz interesatuta dagoen orok lan egin ahal izatea.
– Kontratazio prozesua LANBIDEren bitartez egitea eta prozesu osoan objektibotasuna eta gardentasuna eta diskriminazio-eza (positiboa zein negatiboa) bermatzea.
– Kontratatutakoen artean parekidetasuna bermatzea, horretarako bitartekoak eskainiz.
– Langile berriak ez diskriminatzea eta lan baldintza duinak bermatzea: soldata eskala bikoitza eta malgutasuna ez aplikatzea eta lan arriskuaren prebentzioaren inguruan beharrezkoa den formazio guztia eskaintzea.
– Kontratatutakoaren kopuru barruan, kupo bat erreserbatzea langabezian dauden pertsonei.

Horri begira, LABek ekimenak bultzatuko ditu bai enpresa barruan baita kanpoan ere, kanpaina hau gardentasunean, aukera berdintasunean eta lan baldintza duinetan oinarritzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Kaleko afari solidarioak babesteko gaur arratsaldean Donostian egingo den mobilizazioan parte hartzera dei egiten dugu

LABek irmoki salatzen du Donostiako Jon Insausti alkate jeltzaleak udalaren izenean Kaleko Afari Solidarioak (KAS) debekatzeko hartutako erabakia, bidegabea delako Donostian egoera zaurgarrian bizirauten duten lagun askok egunean bermatua duten otordu bakarra ukatzea.

LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk greba eta mobilizazioei ekingo diegu, Osakidetzak kolektibo guztien lan-baldintzak hobetu ditzan eskatzeko

Gehiengo sindikaletik ohartarazi dugu medikuen kolektiborako sinatutako akordioak ez dituela jorratzen fakultatiboen eta euskal osasun publikoaren egiturazko arazoak, eta lan-baldintza onik gabe kalitatezko zerbitzu publikorik ez dagoela defendatu dugu. Mobilizazio horiek profesionalen taldearen aldeko apustua egiten dute, eta aldarrikatzen dute hobekuntzak kategoria guztietarako lortu behar direla, negoziazio kolektiboko organo legitimoak errespetatuz.

Langabezia jaitsi arren, arrakalak sakonak dira

Lan harremanetan egiturazko ezberdintasunak mantentzen dira.