2026-04-18
Blog Page 812

Minik, sufrimendurik eta presorik gabeko garai berri bat irekitzeko momentua da

LABek dei egiten die euskal langileei bihar, larunbata, Kalera Kalera dinamikak deituta Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzera.

ETAk armagebetzea iragarri eta urtebetera, urrats berriak ematea erabaki du. Gaur ezagutu dugun adierazpena, Aberri Egunean kaleratutakoarekin batera, erakundea gauzatzen ari den eztabaida prozesuaren amaieraren testuinguruan kokatu behar da. LAB sindikatutik momentuaren garrantzia azpimarratu nahi dugu.

ETA erakundea, aipatu pauso horiekin guztiekin, ziklo oso bat atzean uzteko urratsak ematen ari da, eta horrela baloratzen dugu LABetik. Gogoeta eta ekarpen zintzoa dakusagu ETAren aldetik, garrantzitsua, gatazkaren ondorioen konponbidean aurrera jotzeko oinarriak jartzen ari delako.

Euskal Herrian hamarkadetan bizi izan dugun gatazka politikoak askotariko biktimak, mina, sufrimendua eta bidegabekia ugari eragin du, mota guztietakoak eta alde guztietatik. Gatazka horretan aktoreetako batek, kasu honetan erakunde armatuak, biktimei eginiko aitortza oinarrizkoa da gatazkaren ondorioen konponbidean aurrera egiteko.

Eskubideez, sufrimentuaz eta aitortzaz ari garelarik, une honetan bizi dugun giza eskubideen urraketa larriena euskal preso politikoei dagokiena da. Espainiako Estatuak, gertatzen ari den honi guztiari entzungor eginda, salbuespen politika mantentzeko apustuari eusten dio, larri gaixo diren presoen egoera bere horretan mantenduz, edo berriki egin duen bezala, hainbat presori bigarren gradura pasatutzeko eskaera ukatu dietelako.

Gaixo diren presoen egoerari lehentasunezko erantzun bat emateko, eta euskal preso eta iheslariei etxera bideari ekiteko, Espainiako Estatua mugiarazi egin behar dugu. Horretarako mobilizazioa ezinbestekoa da. LABek dei egiten die euskal langileei bihar, larunbata, Kalera Kalerak deituta Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzera.

Denon artean egin eta denon artean lortu behar dugu, garai berri bat ekartzea Euskal Herrira, herri gisa dagozkigun eskubideen aitortza bermatuko digun garaia. Orain, euskal eragileon txanda da. Bakoitzak, dagokigun esparrutik, gatazkaren ondorioen konponbidean ekarpena egiteko momentua da, askotariko biktimak eragin dituen ziklo bat itxi eta berri bat irekitzeko, minik, sufrimendurik eta presorik gabekoa.

 

 

 

Xabier Ugartemendia: “Estatalizazioa sekulako erasoa da, bizi dugun inboluzio politiko, sozial eta demokratikoaren isla”

Estatalizazioaren aurka mobilizatu gara Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

LABek moblizazioak egin ditu gaur hitzarmen estatala ezartzen ari diren hiru lan-zentrotan, “Estatalizaziorik ez. Gure hitzarmenen defentsan” leloarekin. Hain zuzen ere, langileen lan baldintzak estatalizatuta dituztela salatu dugu Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan: Bilbon, Euresten bezero den Basurtoko ospitalean; Gasteizen, Albertia zahar egoitzan; eta, Donostian, Anoetako estadioaren obraren aurrean.

Lan zentru horietako langileek prekarizazioa eta pobretzea pairatzen dute, estatu mailako lan baldintzak aplikatzen zaizkielako, beren lan hitzarmena Euskal Herrian negoziatu ezin dutelako edo hainbat gai ezin dituztelako euren lan hitzarmenetan negoziatu. Salaketa hau egiteaz gain, Euskal Herrian bertoko lan hitzarmenak izan eta aplikatzearen beharra aldarrikatu dugu, eta Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren alde egin dugu.

Basurtoko ospitalearen aurrean elkartu gara.

Zentzu honetan, LABeko Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak hitza hartu du Basurto ospitalean. “Estatalizazioa euskal langileen lan baldintzak okertzeko estrategia bat da, Estatu mailako hitzarmenen aplikazioaren bitartez. Era berean, euskal langileok gure lan baldintzak bertan negoziatzeko eta erabakitzeko dugun eskubidearen aurkako eraso bortitza da”, azaldu du.

Ugartemendiaren esanetan, estatalizazioak aurpegi eta eragile desberdinak ditu. Madriletik datorren estatalizazioa aipatu du, CCOO, UGT eta Estatuko patronalaren aldetik, baina Confebask ere jo du erantzule gisa, bertako negoziazio kolektiboa blokeatuta edukitzeagatik eta eremu berrien negoziazio bideak irekitzea ukatzeagatik. “Hirugarren estatalizazio bat ere badago, euskal langile publikoek pairatzen dutena, lan baldintzak inposatzen zaizkielako, bertako erakundeen konplizitatearekin”, adierazi du.

Sektorez sektore, enpresaz enpresa, borroka sustatzen ari garela nabarmendu du LABeko ordezkariak, bertan negoziatzeko eskubidea aldarrikatzeko. “Estatalizazioa sekulako erasoa da, bizi dugun inboluzio politiko, sozial eta demokratikoaren isla. Tamaina horretako eraso batek tamaina bereko erantzun bat behar du izan; erantzun gogorra, izaera konfederaladuna eta greba eta lanuzte klabeetan”, erantsi du.

Gasteizen egindako protesta.

FEADRS patronalak Akordio Interprofesionalari jarritako inpugnazioari buruz ere hitz egin du Ugartemendiak. Hain justu, berretsi du gaur gaurkoz, iragarri den arren, Akordio Interprofesionalaren aurkako demanda ez dela oraindik erretiratu, eta, erretiratuko balute, arlo sozial, politiko eta instituzionaletik inpugnazioaren aurka egindako presioaren emaitza izango litzatekeela. Hala, asteleheneko batzorde kontsultiboan demanda erretiratzeko exijitu dio FEADRS patronal estatalari. Hala ere, gogoratu du, zoritzarrez, estatalizazioaren gaitza ez litzatekeela Akordio Interprofesionalaren inpugnazioaren erretiratzearekin amaituko. Izan ere, hitzarmen estatalen eta hauek ekartzen duten prekarietatearen hatzaparretan sektore eta enpresa askok jarraitzen baitute; gaurko mobilizazioaren helburuetako bat izan den Euresten menpe dauden lantokiek, kasu.

Elkarrizketa sozialeko mahaia hilda, jaiotzez
Bestaldetik, CCOOk gaur elkarrizketa sozialeko mahaia uzteko iragarri duen erabakiari buruz, hilda jaio zen elkarrizketa sozialeko mahaia, gaur lurperatu egiten dela adierazi behar dugu.

CCOO eta UGTk euskal gehiengo sindikala erasotzeko beraien burua eskeini zuten, baita erabiliak izan ere. Badirudi jaurlaritzak eta CFBSKek jada ez dutela sindikatu otzanak behar beraien helburuak betetzeko, enpleguaren inguruko beraien artean lortutako akordioak argi uzten duenez.

LABek askotan aldarrikatu duenez, eta bizi dugun inboluzio politiko, sozial eta demokratikoari aurre egiteko, lan mundutik konfrontazioaren aldeko apustua egin behar da, eta ez konzertazioarena.
 

 

 

Asteleheneko batzorde kontsultiboan Akordio Interprofesionalaren inpugnazioa erretiratzeko exijitzen diogu FEADRS patronal estatalari

Hala ere, zoritxarrez, estatalizazioaren gaitza ez litzateke Akordio Interprofesionalaren inpugnazioaren erretiratzearekin amaituko.

Gaur gaurkoz, eta horrela iragarri den arren, Akordio Interprofesionalaren aurkako demanda ez da erretiratu. FEADRS patronalari erretiratzea exijitzen diogu, eta hau arlo sozial, politiko eta instituzionaletik Akordio Interprofesionalaren inpugnazioaren aurka egindako presioaren emaitza izango da. LABetik hainbat gestio eta ekintza egiten ari gara (estatalizazioaren kontrako mobilizazioak deitu ditugu biharko Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan), eta, gure ekintza sindikalaren eskutik ere, Eusko Jaurlaritza behartu dugu inpugnazioaren kontra gogor posizionatzera.

Albiste ona litzateke inpugnazioa erretiratzea, baina lorpen hori sindikatu batek ezin du bereganatu, estatalizazioaren aurka gogor erantzun duten eragileek eta, batez ere, langileek baizik.

Zoritxarrez, estatalizazioaren gaitza ez litzateke Akordio Interprofesionalaren inpugnazioaren erretiratzearekin amaituko. Hitzarmen estatalen eta hauek ekartzen duten prekarietatearen hatzaparretan sektore eta enpresa askok jarraitzen dute: Eurest, Serunion eta Sodexho kolektibitate- ostalaritza sektorean, telemarketing-ean, merkataritza saltoki handietan… Arlo publiko guztiak bere negoziazio kolektiboa bahituta dauka, lan baldintzak arautzen dituzte Estatuko Legeek inposatuta. Sektore eta enpresa askok jarraitzen dute Estatuko hitzarmen prekarioen aplikazioen mehatxupean, Confebaskek gure negoziazio kolektiboa blokeatuta duelako.

LABek estatalizazioaren kontra borrokatzen jarraituko du sektorez sektore, enpresaz enpresa, Euskal Herriko langile guztiek euren lan baldintzak hemen negoziatzeko eskubidea izan dezaten, ahalmen guztiarekin eta kanpoko injerentziarik gabe. Borrokan jarraituko dugu Lan Harremanetarako Euskal Esparrua gauzatzearen alde, prekarietatea mugatu eta enplegu duina bermatuko lukeena. Uste dugu ez dela txikira jokatzeko unea. Langileok bizi dugun inboluzio sozialak, prekarietateak eta pobretzeak erantzun sendoagoak eskatzen ditu lan mundutik, greba eta lanuzte klabeetan.

AURRERA JARRAITZEKO DU LAB-EN ESTATALIZAZIOAREN AURKAKO BATAILAK EUREST-EN
ELAk egindako jakinarazpenari dagokionez, esan behar dugu ez dela inolako akordiorik egon FEADRS patronalarekin, bilera sindikatu hori eta Eurest enpresaren artean bakarrik egin delako, eta Eurestek bere posizioa berretsi du: bere enpresarentzat gure esparruan akordio bat lortzeko prest azaldu da, baina sektoreko hitzarmen kolektibo estatalaren aplikaziotik irten gabe. LAB dagoeneko posizio horren aurka azaldu zen urtarrilean, eta, orduz geroztik, mobilizazio dinamika bat egiten ari gara Euresten aurrean (Sodexo eta Serunion aurrean ere, Estatuko hitzarmena ere aplikatzen dutelako), enpresa horietan herrialde bakoitzeko ostalaritza hitzarmena aplikatu dezaten, sektoreko gainontzeko enpresek egiten duten bezala, Euskal Autonomia Erkidegoan kolektibitateetako hitzarmen bat lortzeko aurreko urrats gisa. Esan beharra dago mobilizazio horien atzean LAB dagoela bakarrik. Izan ere, sindikatu bakarra gara urtarriletik, enpresa horietan, estatatalizazioaren aurka ekintza sindikala egiten ari dena.

Hortaz, ez dago inolako akordiorik modu efektiboan Euresteko estatalizazioari aurre egingo dionik. Enpresa honetako langileek, gure herriko beste milaka bezala, estatalizatuta eta prekarizatuta dituzte lan-baldintzak.

Bihar, apirilak 20 ostirala, LABek moblizazioak egingo ditu hitzarmen estalizazioa ezartzen ari diren hiru lan-zentrotan, “Estatalizaziorik ez. Gure hitzarmenen defentsan” lemarekin.

Bilbo. Basurtoko ospitala (Euresten bezeroa da) 09:30ean Xabier Ugartemendia Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko Idazkariak adierazpenak emango ditu.

Gasteiz. Albertia Campus egoitza. Nieves Cano, 29. 11:00etan

Donostia. Anoetako estadioa. 11:30ean
 

 

 

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta balioan jarriko dugu Katalunian

Katalunian Karta Sozialaren eraketa prozesua bultzatzen ari dira, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta gisako tresna bat sortzeko bidean. Hala, Vic herrian batzar bat egingo dute larunbatean, 18:00etan, eta LABeko ordezkaritza bat izango da han, eraketa prozesu horretan laguntza emateko. Hain zuzen ere, LABeko Ekintza Sozialeko Bea Martxuetak hartuko du hitza, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren nondik norakoak azalduko ditu. 

 

 

 

Herritar guztiak deitzen ditugu pentsio duinen aldeko apirilaren 22ko Iruñeko manifestazioan parte hartzera


12:00etan, Iruñeko Udaletxe plazatik irtengo den protestan izango gara, Sasoia eta Pentsionistak Martxan plataformek deituta.

Heldu den apirilaren 22an, igandearekin, Sasoia eta Pentsionistak Martxan plataformek eginiko deiari erantzunez, pentsionistak Iruñeko karriketara aterako dira berriz pentsio duinak izateko eskubidearen alde eta gizarte segurantzako sistema propio baten alde. LABek herritar guztiak deitzen ditu -langileak, langabeak, gazteak, emakumeak…- manifestazioan parte hartzera, ulertzen baitu pentsioen afera ez dagokiela soilik oraingo pentsionistei, gizarte osoari baizik.

Azken hilabeteetako mobilizazio jendetsuen arrimora, bertze bat datorkigu orain Iruñean, gure ustez, arazoaren funtsa bete-betean asmatzen duena eta Nafarroako 134.177 pentsionistek pairatzen dituzten arazo handiak konpontzeko aldarrikapenak mahai-gaineratzen dituena.

Eskubide ekonomiko eta sozialak urratu dituzte azken erreformek, eta egungo egoera alarma gorria pizteko modukoa da: pentsionisten %61,67k (82.753 pertsonak) 1.080 euro baino gutxiago kobratzen dute, eta talde horren zati handi bat (%65,53; hau da, 54.227 pentsionista) emakumeak dira. Horiek oraingo datuak dira. Baina zer gertatuko da etorkizuneko pentsionistekin? Gure pentsioak kinka larrian daude enpresetan lan erreforma ezartzen ari direlako, lan merkatuan emakumeak segregazioarne bidez baztertzen dituztelako, eta babes sozialeko sistema pobretu dutelako.

LABek bat egiten du Sasoia eta Pentsionistak Martxan plataformen aldarrikapenekin: pentsioetan KPIren igoera bermatzea, eta ez %0,25 ziztrin hori; gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, Europako Karta Sozialak ezarritako moduan; eta gaur eta bihar pentsio duinak ziurtatuko dituen gizarte segurantzako sistema publiko propioa izatea.

Horregatik guztiagatik, LABek Nafarroako gizarte osoa deitzen du pentsionistekin batera kalera atera dadin. Uste osoa baitugu kapitalak ezarri nahi dizkigun bizitza prekarioen alternatibak badirela. Beraz, apirilaren 22an, 12:00etan, Iruñeko Udaletxe plazan izanen gara.

 

 

 

Ogasun Sailaren aurrean mobilizatzen ari dira Garbialdiko langileak

0

Aldundiko garbitzaileek zarata egiten jarraitzen dute, egunotan mobilizatuko baitira Ogasun Sailaren aurrean, Bilbon, errenta aitorpenaren erreklamazio epea irauten duen bitartean. "Aditu nahi ez badute, entzungo gaituzte!”, berretsi dute. Atzo hasi ziren mobilizazioak egiten.
 

 

 

Mobilizazio berriak egin ditugu Osakidetzako Larrialdietan

0

Bilboko Osasun Sailaren Lurralde Ordezkaritzaren aurrean elkarretaratze bat egin dugu.

Osakidetzako Emergentziak zerbitzuko langileak Bilboko Osasun Sailaren Lurralde Ordezkaritzaren aurrean (Rekalde zumarkalea 39) elkarretaratu dira gaur. Osakidetzaren Emergentziak zerbitzuko Langileen Batzordeak, ELA, CCOO, LAB, SATSE, ESK, SME eta UGT sindikatuekin batera, Zuzendaritzarekin negoziazioa desblokeatzea lortu zuten otsailean. Hala ere, Osakidetzaren negoziatzeko borondate faltak prozesua hautsi du eta sindikatuek mobilizazio berrien deialdia egin behar izan dute.

2018ko martxoaren bukaeran, sindikatuek, negoziazio prozesuan aurreratzeko bilera bat izan genuen Zuzendaritzarekin, azken honek lan-karteldegi defizitarioak kendu ondoren. Negoziazio puntuen artean ondorengoak zeuden: langile guztientzako emergentzietako osagarria, txandartekoa (langileek hurrengo txandari erreleboa emateko lanaldian luzatzen duten denbora) eta koordinazio osagarria erizain eta medikuentzat.

Zuzendaritzak ez du modu argian jokatu lehenengo puntuaren negoziazioan. Izan ere, ez du bere hitza eman osagarri horrek gainontzeko osagarrien aldarrikapenak eragotzi ez ditzan. Gainera, ezezko borobila eman du txandartekoaren denboraren aitorpenari (langileek dagoeneko egiten duten arren). Guzti horien ondorioz, Langileen Batzordeak bilerak bertan behera utzi eta mobilizazioetara itzultzea erabaki du aho batez.

“Zuzendaritzaren helburu bakarra negoziazio prozesua luzatzea izan da. Zuzendaritzak sortzen duen mesfidantza eta prozesua kudeatzeko duen gaitasun eza kontuan harturik, Emergentziak zerbitzuko arazoak konpontzeko prest dauden negoziatzaile egokiak eskatzen dizkiogu Osakidetzari”, adierazi dute sindikatuek.

Mobilizazio berriak
Egoera horren aurrean, Langileen Batzordeak eta sindikatuek antolatuko diren mobilizazio berrietan parte hartzeko deia luzatu diete Osakidetzako Emergentziak zerbitzuko langile guztiei, lan-baldintzen hobekuntza aldarrikatzeko helburuarekin.

 

 

 

Baionako kaleak hartu ditugu Macronen erreformen aurka

Zerbitzu publikoen defentsan eta Emmanuel Macronek iragarri dituen erreformen kontrako beste mobilizazio egun bat antolatu dugu sindikatuok, Ipar Euskal Herrian.

Izan arlo publiko edo pribatuan, gobernamenduak bere estrategia aplikatzen segitzen du: erreformak sortzen, lotura soziala, elkartasuna eta kolektiboa hausteko.

Langileak erasotuz eta zerbitzu publikoa oraindik gehiago ahulduz, gobernamenduak biztanle guziak ditu erasotzen!
Apirilaren 19a azken erreformen salatzeko mobilizazio eta greba eguna da:

Funzio publikoan, Indize-puntuaren balioaren izoztea, egun eskasa berriz ezartzea, 120.000 funzionarioen desagertzea salatu dugu.

Hezkuntza arloan, lizeo eta goi mailako ikasketen erreformak baita ikasleen emendaketa gelaka salatzen ditugu, segregazio soziala garatuko dutelako sektore behardunetik heldu diren haurren kalterako.

Osasun arloan: zahar etxeetako langile eta etxeetako laguntzaileentzat baldintza egokiak aldarrikatuko ditugu, gaizki tratatze instituzionala geldi dadin.

Zerbitzuen arloan: trenbideetako estatutuaren kontrako erasoak gelditzea eskatzen dugu, baita tokiko eta kalitatezko garraio publiko bat aldarrikatzen ere.

Baina haratago, zerbitzu pribatu guzietan, Euskal Herriko langileak oino gehiago prekario bilakarazten dituzten Macron gobernamenduaren ordonentziak salatzen ditugu.

Eta bertan antolatzea balitz aterabidea? 
Apirilaren 19an, edozein motatako zapalkuntza soziala ez dugula onartzen aldarrikatu dugu. Greba isolatu eta zatikatuak ez dira nahikoak izanen gobernamendua gibelarazteko! Haratago jo behar dugu!

Aterabidea, tokika, manera interprofesional eta kolektiboan antolatzea da. LABek egunero lan egiten du baldintza egokiak sortzeko Euskal Herrian eta elgarrekin erreforma hauek gibelarazteko.

LABek Macron erreformen ondorioak ttipitu nahi ditu Euskal Herrian!

Izan publiko edo pribatuan, gure lurraldean baldintza onak ditugu Euskal Herria Macron Legearen eremutik kanpo atxikitzeko.

Euskal Hirigune Elkargo berriak tokiko eta kalitatezko zerbitzu publiko berria asmatu behar du, herritarren beharrei eranzunez eta prekaritatearen aurka borrokatuz.

Euskal Herriaren ezagutza administratibo eta instituzionalak bertan antolatzeko tresnak garatzen lagunduko gaitu.

Horretarako, Elkargoak eskumen batzu berreskuratu beharko ditu: garraioa, energia, osasuna, hurbileko zerbitzuak.

Izan gaiten ikasle, erretretadun, langile, prekario, langabezian, mobiliza gaitezen!
 

 

 

#lanBiziHerriDuina. Burujabetza ezkerretik #M1Duina

Lan eta bizi duina bermatzea herritar orori. Horixe izan behar luke herri baten eredu ekonomiko eta sozialaren helburu nagusia, baina, IBEX 35-ak eliteen mesedetan agintzen du beti eta kapitalak prekarietatea zabaltzen jarraitzen du gure lanean eta gure bizitzan.


Bi estatu antidemokratiko ditugu aurrean. Espainia eta Frantzia inboluzio sozial eta politikoa sustatzen ari dira, euskal herritarron gehiengoaren kaltetan. Hamarkadetan lortu ditugun garaipen sozialak kolokan jartzen ari dira: lan eta bizi baldintzak prekarizatzen ari dira; zerbitzu publikoak murrizten; zaintza lanek emakumeen bizkar jarraitzen dute; pentsio sistema publikoa eraitsi nahi dute; sindikalgintza eta bestelako defensa kolektiborako tresnak indargabetzeko eginahaletan ari dira.

Erasoaldi bortitza da, baina zorionez, inboluzioari aurre egiteko adorea daukagu euskal herritarrek. Pentsiodunen mobilizazio jendetsuak edota martxoaren 8ko greba feminista arrakastatsuak erakutsi dute injustiziei aurre egiteko herri honek duen indarra. Etorkizun justuagoa, demokratikoagoa izateko gogo bizia dago Euskal Herrian.
Aldarrikapen laboral eta sozial komunen inguruan indarrak biltzeko garaia da. Lan esparruari dagokionez honako lehentasunak ikusten ditugu, besteak beste:

> 1.200 euroko gutxieneko soldata.
> 35 orduko lanastea; lanaldi partzial inposaturik ez.
> 1080 euroko gutxieneko pentsioa.
> Gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala ezabatu. Zaintza lanak aitortu eta duindu.
> Enplegu publikoa sortu eta publi kazio prozesuak sustatu. Azpikontratetan klausula sozialak ezarri.
> Prekarizazio eta dualizazio formula oro baztertu: soldata-eskala bikoitzak, externalizazioak, pribatizazioak, ustezko autonomoak, iruzurrezko praktikak etab.
> Lanetik etxera bizirik eta osasuntsu bueltatzeko eskubidea. Lan istripuak ekiditeko neurriak. Lan gaixotasunen aitortza eta prebentzioa.
> Euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidea.

Lan, bizi eta herri duina ditugu helburu:

Lan duina. Prekarietatearen kontra, enpleguaren defentsan, eta lan eskubideen alde borroka eta greba eredugarri ugari daude piztuak Euskal Herri osoko lantoki ezberdinetan; lantokiz lan- toki aipatutako aldarrikapenen alde borrokan segitzeko prest gara. Alde batetik, patronalak negoziazio kolektiboan ezarritako jokalekuari aurre egitera goaz ekintza sindikal berrituarekin, lan baldintza duinen defentsan, gure hitzarmenen alde; lantokietan jasaten ditugun egoera injustu eta prekarioei buelta emateko langile borroka indartzea beharrezkoa da. Zehaztu ditzagun lehentasunak eta borrokak, antolatu ditzagun grebak eta bestelako ekimenak.

Bizi duina. Euren erantzukizuna eta ardura delako eta horretarako gaitasuna dutelako, Euskal Herriko instituzioei exijitzen diegu gaurdanik herritarrok lan eta bizi baldintza duina izateko erabakiak hartzeko: pentsioak 1.080 eurora bitarte osagarritzea edota Karta Sozialak sustatutako Herri Ekimen Legegileak aldarrikatzen duen bezala, herritar guztiei oinarrizko errenta eta etxebizitza bermatzea; langileen mesedetan erreforma skal sakona egitea; neurri zehatzak dira, kasuan kasu euskal gobernuek zein aldundiek har ditzaketenak. Herritarren gehiengoaren alde kokatzeko eta jokatzeko, baina, patronalaren neurriko politikak egiteari utzi behar zaio eta langileekin lerrokatu.

Herri duina. Herritarrekin ala patronalarekin egon, 155arekin ala eskubide demokratikoekin egon hautu politikoa da eta aukeratu beharra dago. EAJ, gaur gaurkoz, Confebaskekin eta 155aren sustatzaileekin dago. Elite ekonomiko baten interesak lehenetsi eta herritarrei lan eta bizi baldintza duinak bermatzen ez dien eredua antidemokratikoa da. Madrildik, PP-PSOE-Csen tripartidismo berritua zentralizazioaren aldeko erabakiak hartzen ari da, Euskal Herrian, autogobernua jo-puntuan duten erabakiekin, bertoko hainbat lege indargabetuz. Katalunian egin bezala, subirautza prozesua abiatu asmo duen ororentzat prest dute 155a. Sustatzen dutenen neurrira egindakoa da, eta gurean, lan munduan ere aplikatu digute 155a, bertoko hitzarmenak babesten dituen Akordio Interprofesionalaren inpugnazioarekin.

Erabakitzeko eskubidea eta burujabetza ez dira aldarrikapen abstraktuak, bizimodu duina izango badugu, behar-beharrezkoak ditugu. Estatus politikoen eztabaida irekita dagoen honetan, guk erabaki nahi dugu, Euskal Herrian erabaki, subirautza prozesuan ezkerretik eraginez, herritar, langile orori lan eta bizi duina bermatzeko. Aldaketa sozialerako burujabetza aldarrikatzen dugu. Fase autonomistatik fase soberanistara pasatzeko unea da. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialera Euskal Esparrua eraikitzeko, ezkerretik eta feminismotik eredu sozial eta ekonomiko berria sustatzeko, lan, bizi eta herri duina helburu, Maiatzaren Lehenean, kalera!