2026-02-15
Blog Page 811

Pobrezia eta bazterketarik gabeko herri bat aldarrikatu dugu

LABek, beste hainbat eragile sindikal eta sozialekin batera, pobrezia eta bazterketaren aurkako adierazpen bat aurkeztu genuen atzo. Hain zuzen ere, bizitza libre eta autonomoa lortzeko prestazioak ahalik eta pertsona gehienei bermatu behar zaiela eskatu dugu, eta kudeaketa sistema bizkor, garden eta bermatzailea izango duen lege bat aldarrikatu. "Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarreko taldeei eskatzen diegu Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak bermatzeko Legearen Erreforma aipatu hausnarketatik abiatzea", adierazi dugu.

Hauxe da adierazpena:

POBREZIA ETA BAZTERKETARIK GABEKO
HERRI BATEN ALDE

Adierazpen hau sinatzen dugun erakunde, talde, sare, eta sindikatuek 18/2008 Legea, abenduaren 23koa, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzekoa, aldatzeko prozesuaz gure kezkak adierazi nahi ditugu.

Egungo jendarteak dituen erronka nagusiek zerikusia dute, batez ere, etorkizunerako nahi dugun gizarte ereduarekin. Gure jendarte eredua eraikitzeko gakoetako bat da ezarriko dugun prestazio sistema. Egingo dugun inbertsio mailak erabakiko du jendarte kohesionatua , hiritar guztientzako ongizate maila handiko gizartea izango dugun edo jendarte apurtua, zeinetan pertsona batzuk bizitza kalitate handia izango duten ( ordain dezaketenek) eta gehiengoak baldintza duinik gabe bizi iraungo duten.

Duela hamarkada batzuk euskal jendarteak pobrezia eta bazterketa sozialari eutsi zion. Bi helburu nagusi zituen legea onartu zen: pobrezian bizi ziren pertsonen gutxieneko diru-sarrerak bermatzea, eta hauek gizarteratzea, horrela Euskadi jendarte kohesionatua izan dadin lagunduz.

Bi helburu nagusi horiek diseinatzen ari den erreforman sendotu behar dira. Egun, Euskal jendarteak lege bat behar du:

• Pobreziarekin amaitzeko, bizitza duina izateko eta gizarteratzeko diru sarrera nahikoa bermatuz.
• Bazterkeria sozialarekin amaitzeko, pertsona guztiak gizarteratzeko mekanismoak ezarriz.

POBREZIAREKIN AMAITU
Eusko Jaurlaritzak egindako “2016ko Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko Inkesta”ren arabera pobrezia arriskuan dauden 60.000 pertsonek ez dute Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen eta beste 63.000k jaso arren ez dute pobrezia atzean uzten.

Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreformaren xedeetako bat egoera iraultzea litzateke: pobrezia arriskuan dagoen pertsonarik ez geratzea DsBE lortu barik eta DsBE jasotzen duen pertsona pobrerik ez izatea.

BAZTERKERIA SOZIALAREKIN AMAITZEA
Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak bermatzeko Legearen Erreformaren beste helburuetako bat da pertsona guztien benetako gizarteratzea bermatzea, enplegua izan ala ez. Egungo lan merkatueran egoera txarraren ondorioz, populazioaren %12 langabea da. Bestetik DsBE hartzaileen %20 lanean ari da, baina baldintza prekarioetan, eta agerian geratzen da enpleguak ez duela pobre izateari uztea bermatzen. Lege honek, beraz, gizarteratzea eskubide gisa jaso behar du

Laburbilduz, bizitza libre eta autonomoa lortzeko prestazioak ahalik eta pertsona gehienei bermatu behar zaie, eta kudeaketa sistema bizkor, garden eta bermatzailea izango duen lege baten alde egiten dugu.

Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarreko taldeei eskatzen diegu Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak bermatzeko Legearen Erreforma aipatu hausnarketatik abiatzea.

Posiblea delako eta behar dugulako, pobreziarik gabe eta bazterketarik gabeko herria nahi dugulako

 

 

 

Irakasleen kolektiboak deitutako grebak %70eko jarraipena izan du

0

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasleen lehen greba eguna da gaur, bihar ere beste greba egun bat egingo baitute. Gaurkoan, irakasleen kolektiboko grebak %70eko jarraipena izan du. Greba eguna dela eta, mobilizazio jendetsu batek hartu ditu Gasteizko kaleak, Eusko Legebiltzarretik abiatuta, Lakua helmuga.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu egon da gaurko manifestazioan.

Borrokaren garrantzia eta balioa azpimarratu behar dugu, honi esker, beste kolektibo batzuetan aurrerapausuak eman eta mahaiak desblokeatuz akordioetara iristea lortu dugulako, lan hitzarmen berriak garatzeko abiapuntua markatuz, langileen borrokaren garaipen gisara irudikatzen dugularik.

Manifestariak, Lakuan.

LABek argi du, irakasleen kolektiboan ardura eta erantzukizun berdinarekin jokatuko duela, eta lerro hauen bidez, Hezkuntza Sailari dei egiten diogu irakasleen mahaia konboka dezan eduki berriak aurkeztuaz. Norabide horretan mahai gainean dagoena zehaztu, garatu eta zorrozteaz gain, ordezkapenen, ratioen eta baliabide gehigarrien inguruko proposamen sendo eta serioak faltan botatzen ditugu.
 

 

 

Presoen eskubideen aldeko manifestazio nazional batera deitu du Kalera Kalerak, apirilaren 21erako, Bilbon

Euskal presoen gaia berriro agenda politikora ekartzeko garaia dela nabarmendu du Kalera Kalerak. LAB partaide duen ezker abertzaleko dinamikak agerraldi bat egin du Iruñean, etorriko diren mobilizazioen berri emateko: apirilaren 17an, Kalera Kalerak ekimen politiko bat egingo du Galdakaon, Preso Politikoen Nazioarteko Egunean; apirilaren 18, 19 eta 20an, ekimenak egingo ditu herriz herri; eta apirilaren 21ean, manifestazio nazional batera deitu du, Bilbon egingo dena (17:30ean, La Casillatik). Gaurko agerraldian, LABeko Nafarroako bokalia Imanol Karrerak hartu du parte, besteren artean.
 
Hauxe da Kalera Kalera dinamikak egin duen adierazpena:

Deialdi honen bidez KALERA KALERA dinamikak euskal preso politikoen eta haien eskubideen aldeko mobilizazioak iragarri nahi ditu apirilerako. Hil horretako apirilaren 17an, hau da, preso politikoen nazioarteko egunean, hasiko dira mobilizazio horiek eta apirilaren 21ean amaituko dira, Bilbon egingo den manifestazio nazional baten bidez (17:30ean abiatuko da La Casillatik).

Iragartzen ari garen manifestazio hau mugarri izan diren bi manifestazioren ostean dator: batetik, abenduaren 9an ‘Orain presoak’ lelopean Parisen 11.000 lagun bildu zituen manifestazio arrakastatsuaren ondoren; eta bestetik, urtarrilaren 13an Sare plataformak deitutako ‘Prest gaude. Giza eskubideak, konponbidea, bakea’ manifestazioa jendetsuaren ondoren (95.000 lagun bildu zituen Bilbon).

Iritsi da ezker abertzaleak euskal presoen izaera politikoa aldarrikatzeko momentua. Iritsi da presoak kaleratzeko aldarria berriro ere euskal agendara ekartzeko momentua. Presoak kalera atera behar ditugu, eta hori lortu bitartean ez dugu ahaztu behar presoek premiazko hainbat gai dituztela, konpondu beharrekoak eta lehentasunezkoak. Horiek berehalako erantzuna behar dute, eta hainbat eragile sozial, sindikal, politiko eta instituzional, modu batera edo bestera, horren jakitun dira.

Presoen gaian, oraintsu zehaztu da elkarrizketa bide bat Ipar Euskal Herriko ordezkaritza anitz baten eta Hélène Davo buru duen Frantziako Justizia Ministerioko ordezkaritzaren artean. Horren ondorioz, euskal delegazioari baimendu zioten EPPKrekin elkartzea, zazpi euskal preso politikori DPS erregimena kendu zioten (Espainiako estatuko kartzeletan FIES erregimenaren baliokidea), eta presoak Mont-de-Marsan espetxera hurbiltzeko planteamenduan aurrerapenak egin ziren. Jadanik preso batzuk hurbildu dituzte Mont-de-Marsan espetxera. Horrenbestez, herri delegazio horrek duen garrantzia nabarmendu nahi dugu.

Jakin badakigu hurbilketaren prozesua mailakako prozesua izango dela eta auzi guztiei ez zaiela epe laburrean aurre egingo, baina egoera guztiek (emakumeak, zigor luzeak, estradizio arriskua dutenek…) izango dute erantzuna.

Hego Euskal Herrian urrats mantso baina irmoak egiten ari dira gatazkaren ondorioei konponbideak bilatzeko. Premiazko gaietan adostasun zabala egon badago eragile politiko, sozial eta instituzionalen artean, hau da, sakabanaketarekin amaitzeko eta preso gaixoak askatzeko. Horren froga garbienak dira Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan lortutako akordioak.

Beste aldetik, Ipar Euskal Herriko ordezkaritza zabalak eta Hegoaldeko Foro Sozial Iraunkorrak harremana hasia dute EPPKrekin, eta lanean ari dira euskal preso politikoen ikuspuntua lantzeko gainerako eragile sozial, politiko, sindikal eta instituzionalekin eta haiekin batera adostasunak lortu eta gauzatzeko.

Lege arrunta erabiltzeko konpromisoa bere egin zuela irakur daiteke EPPK-k pasa den udan publiko egindako eztabaidaren ondorioetan. Espetxeen barruan hasi dira bide hori jorratzen. Ibilbide hori eraginkorra izateko lehenen gradua bertan behera geratu behar da, horixe baita lege arruntera igarotzeko tapoi nagusia. Lehen gradua ganditzen ez bada, ezin da beste lege-eskaerarik egin.

Momentuz euskal preso politikoen kopuru handiak errekurritu du jadanik lehen gradua. Gradu horrek errekurritzeko epe zehatzak ditu, eta epe horiek zein helegitearen prozedura espetxearen konpetentzia dira. Hiru hilabetero eta sei hilabetero (erregimen klasifikazioaren arabera) aukera ematen zaie presoei gradua errekurritzeko. Datozen asteetan, preso bakoitzari errekurritzeko epea zabaldu ahala, gehiago gehituko dira lehen gradua errekurritzera.

Hemendik aurrera lehen gradua gainditzeko eskaera jarriko da konpobidearen ildoan, lege arrunta erabiltzeko ezinbesteko premisa baita. Izan ere, espetxe administrazioak euskal presoak modu sistematiko, orokor eta jarraituan sailkatzen ditu lehen graduan. Neurri horrek kartzeletako legedian urratsak ematea oztopatzen du, tratu indibidualizatua mugatzen du eta kartzelako hainbat eskubide izatea ukatzen du.

Testinguru honetan eta azaldutako kriterioak bultzatzeko eta indartzeko, KALERA KALERA dinamikak honako mobilizazio egutegia aurkezten du:

• Apirilak 17, asteartea. Preso politikoen nazioarteko eguna. Galdakaon ekimen politikoa egingo da eta, presoen izaera politikoa aldarrikatzeaz batera, presoen gaian dauden lehentasunak azpimarratuko dira (hurbilketa, preso gaixoen kaleratzea, 70 urtetik gorako presoen kaleratzea, lehenengo gradutik ateratzea).

• Apirilak 18, 19 eta 20. Herrika ekimenak. Herrietan presoen aldeko ekimenak eta mobilizazioak burutuko dira.

• Apirilak 21 (larunbata). BADA GARAIA!! PRESOAK KALERA konponbidea, bakea, askatasuna lelopean, Manifestazio Nazionala burutuko da. Bilboko Casillatik, 17:30ean.
 

 

 

Rajoyk eskainitako ogi-papurrak oso urrun daude euskal pentsionisten aldarrikapenetatik

Gaur Espainiako parlamentuan entzundakotik bi ondorio ateratzen ditu LABek. Lehena, Espainiako Kongresutik ez dira euren aldarrikepenekin kalera ateratzen ari diren milaka euskal pentsionisten arazoentzako konponbiderik etorriko, proposamenek ez baitituzte konponbideak planteatzen. Bigarrenik, eta Rajoyren proposamenei dagokienez, esan beharra dago eskaintzen dien ogi papurrak, bere aurrekontuak onartzearen trukean eskainitakoak gainera, oso urrun daudela euskal pentsionisten aldarrikapenetatik.

Uste dugu gaur, inoiz baino gehiago, sistema propioa behar dela benetan eta Euskal Herritik pentsionisten beharrizanei ekin ahalko diena. Milaka dira astero kaleratzen ari diren pentsionistak eta planteatzen dutenak, 1.080 eurotako pentsioa izan behar dela, gutxienez, pobre izan gabe bizi ahal izateko. Gainera, Euskal Herriko sistema propioa ere ari dira aldarrikatzen orain eta etorkizunean pobre ez izatea bermatu ahalko diena egungo eta etorkizuneko pentsionistei.
 

 

 

LAB Brasilen burutzen ari den Munduko Foro Sozialean parte hartzen ari da

0

Koldo Saenz, LABeko Nazioarteko Idazkaria, Brasilen da sindikatua ordezkatzen Munduko Foro Sozialean. Martxoaren 12an eman zitzaien hasiera topaketei Brasilgo Salvador de Bahia hirian eta bertan eragile sozial eta sindikalak ezberdinak elkartu gara eskuinari eta inperialismoari aurrean topatuko gaituztela esatera.

 

 

 

Amiantoaren ondorioz gaixotutako Felix Vazquez gogoan izan dute Irungo CAFen

0

Irungo CAF lantegiak batzar orokor bat egin du gaur goizean, enpresa batzordeak deitua. Batzarrak lantegiko langile Felix Vazquez izan denari elkartasuna adierateko balio izan du, baita amiantoaren gaia salatzeko ere. Felix Vazquez aurre-jubilatzeko bi hilabete falta zituela gaixorik jarri zen, CAFen amiantoa erabiltzeagatik. Batzarrean bere egoera eta amiantoarena azaldu dute. Ondoren, lantegiaren kanpoaldean ordu erdiko elkarretaratze bat egin dute.
 

 

 

Arabako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek lanuzteekin jarraitzen dute

Biharko, martxoaren 15erako, deituta dagoen mahai negoziatzailean LABek ere parte hartuko du, eta plataforma bateratu bat aurkeztuko diogu patronalari. Hau guztiari indarra emateko, eta sektore honen borrokarako gogoak erakusteko, kalejira bat egin dugu gaur Gasteizen, eta Arabako Foru Aldundiaren aurrean egindako elkarretaratzearekin amaitu dugu protesta.

Arabako Etxez Etxeko Laguntzako LABek dagoeneko bi greba egun burutu ditu otsailan eta martxoan zehar hitzarmen duin baten alde. Langileen %30ak baino gehiagok egin du greba, hau lorpen handia izan da sektore honetako zerbitzu minimoak gehiegizkoak direla kontuan hartuta, langileek urte osoan zehar egiten baitute lan zerbitzu minimoetan.

Etxez Etxeko laguntzaren sektorea oso feminizatu eta prekarioa da, non langileek lana eta bizitza pribatua uztartzeko zailtasun handiak dituzten. Lanaldia partzialak dira gehienak eta egunean 10 ordutako disponibilitatea eskatzen dutenak. Gainera, zerbitzuaren antolakuntza “produktibitaterari” ematen dio garrantzia eta ez zaintzari. Zerbitzu honetako langileek ez dute beraien lanaren aitortza nahikorik, eta horregatik ere jasaten dituzten gihar eta hezurretako arazoek ez dira laneko gaixotasunak bezala aitortzen.

Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren hitzarmena ultraaktibitatean dago 2011. urtetik. Horrek langileen eros ahalmenari dagokionez %7,4a galtzea ekarri du, eta aldi berean, lan baldintzen berritze edota egokitzapenik ez egotea suposatu du.

 

 

 

Arabako enpresarien elkartera ere eraman dugu industriaren egoeraren salaketa

0

Hitzarmenak eguneratzeko eta industriako langileen lan baldintzak hobetzeko mobilizatzen ari gara egunotan. Gipuzkoako enpresen elkarte Adegiren egoitzan izan ginen atzo, Donostiako Miramongo teknologia parkean; bada, gaur, Arabako enpresarien elkarte SEAren egoitzaren aurrean egin dugu protesta, Gasteizen.

Gasteizko Aldabe Gizarte etxetik abiatu dugu gaurko mobilizazioa, eta SEA elkartearen aurrean amaitu dugu. Industrian aberastasuna banatzeko garaia dela aldarrikatu dugu bertan, eta aldarri hori Iruñea eta Bilbora eramango dugu ostegunean eta ostiralean, hurrenez hurren. Hain zuzen ere, hauek dira deitutako mobilizazioak:

• Martxoaren 15ean, osteguna, elkarretaratzea Iruñean, CEN parean, 12:00etan.

• Martxoaren 16an, ostirala, manifestazioa Confebasken egoitzatik abiatuta, Bilbon, 11:30ean.

 

 

 

Bizkaiko bulego eta langeletako langileek mobilizazio gehiago iragarri dituzte; bi greba egun, tartean

Patronalak negoziazio-mahaian erakutsi duen jarrera ikusita, LAB, ELA, ESK, CGT eta CNT sindikatuok, sektoreko gehiengoa izanik, mobilizazio gehiago egingo ditugu datozen asteetan; apirilaren 25 eta 26rako deitutako bi greba egunak, kasu. "Hitzarmena negoziatzeko azken bi bileretan, aurrera egin beharrean, CEBEK eta haren inguruko enpresek negoziazioa blokeatu dute, eta ohartarazi digute hitzarmena okertzeko baino ez dutela negoziatuko", adierazi dugu, Bilbon gaur egindako agerraldian.

Hauxe da gaurko agerraldian irakurritako adierazpena:

Otsailaren 1eko egundoko grebaren bidez sektoreak mezu argi bat bidali zigun: hitzarmen duin bat sinatzea. Hitzarmen horrek bi oinarri izan behar ditu: antzinatasuna eta gutxieneko bermea.

Hala ere, hitzarmena negoziatzeko azken 2 bileretan, aurrera egin beharrean, CEBEK eta haren inguruko enpresek (GFI Norte, Informática de Euskadi…) negoziazioa blokeatu dute, eta ohartarazi digute hitzarmena okertzeko baino ez dutela negoziatuko, antzinatasuna eta gutxienezko bermea murriztuz edo erabat kenduz, presio-neurri gisa xantaia erabiliz.

2013. urtean akordiorik lortu ez zenez, harez geroztik enpresetan lan-erreforma aplikatu da, eta langileak estatu-hitzarmenen arabera edo ezein hitzarmenekin lotu gabe kontratatu dira, Langileen Estatutua erreferentziatzat hartuz. Hau da, lehenengo, sektore honetako langileen baldintzak okertu dituzte lan-erreformaren bidez; eta gero, beheranzko hitzarmen bat sinatzera behartzeko, xantaiaz baliatzen dira. Eta hori guztia erabat saneaturik dagoen sektore batean, non krisiaren aldirik gogorrenetan ere enpresa gehienek eskandaluzko etekinekin itxi dituzten beren kontuak.

Patronalak negoziazio-mahaian erakutsi duen jarrera ikusita, ELA, LAB, ESK, CGT eta CNT sindikatuok, sektoreko gehiengoa izanik, dei egiten dugu hurrengo mobilizazioetan parte hartzera:

• Martxoaren 14tik aurrera, sektoreko enpresa guztietan sinadura-bilketa hitzarmenaren alde.

• Martxoaren 14tik aurrera, enpresetako zuzendaritzei kontsultatzea ea bat datozen CEBEKen mahaiko jarrerarekin.

• Martxoaren 22an, osteguna, manifestazio/prozesioa hitzarmenaren alde, eta gure borrokaren muina -BULEGUNE- jendaurrean aurkeztea.

• Apirilaren 9tik 20ra, BULEGUNE: mobilizazioak eta ekintzak, Bizkaiko Bulego eta Langeletako langileen egoera salatzeko, Bulegune zentralean, Arriagan, eta lantokietako bulegune ibiltarietan.

• Apirilaren 23tik 27ra, Borroka astea: hainbat mobilizazio aste osoan zehar, eta horien artean bi greba-egun, apirilaren 25ean eta 26an.