2026-07-15
Blog Page 808

Soldata arrakalarekin amaitzeko borondaterik ez dagoela ondorioztatu dugu lantokiei zuzendutako galdetegiarekin


LABek ikerketa bat egin du Hego Euskal Herriko administrazio eta enpresa pribatuetako gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakalari buruz. Ia 300 lantokiri egindako galdetegiaren erantzunekin, txosten bat osatu du sindikatuak, eta komunikabideei aurkeztu diegu. Honez gain, soldata-arrakalari aurre egiteko neurriak aurkeztu dituzte LABeko Batzorde Exekutiboko kide Arantxa Vazquezek eta Idazkaritza Feministako idazkari Eli Etxeberriak.


Emakume eta gizonen arteko soldata arrakalari aurre egiteko proposamenak Nafarroako Parlamentuan aurkeztu genituen astelehenean, eta gaur, Hego Euskal Herriko lantokietako egoeraren azterketaren aurkezpenean, komunikabideen aurrean eman ditugu jakitera. Hori bai, datu kezkagarri baten berri eman dugu: 286 lantokitatik 43k baino ez dute erantzun gure galdetegia. Horrenbestez, isiltasuna izan da nagusi gai honen inguruan, eta honek txostenean aipatutako ondorioetako batera eramaten gaitu: hots, borondaterik ez dagoela soldata arrakalarekin amaitzeko.

Hauek dira proposatutako neurri zehatzak:

• Berdintasun planak egitearen derrigortasuna enpresa guztietara zabaldu dadila, 250 langile edo gutxiago eduki arren.
• 
Kontziliaziorako eta korrespontsabilitaterako benetako neurriak hartu daitezela.
• Administrazioan aitatasun baimena amatasun baimenarekin parekatzeko hartu den neurria enpresa pribatuetara zabaltzea eta derrigorrezkoa egitea.
• Zerbitzu publikoen garapena ziurtatzea. Murrizketa guztiak atzera botatzea eta azpikontratazioarekin amaitzea frogatua dagoelako eragin zuzena dutela emakumeengan. Publikotik betetzen ez diren zaintza lan guztiez emakumeak arduratu behar dira oraindik orain.
• Zaintza lanen aitortza politikoa, ekonomikoa eta soziala.
• Etxeko langileentzat lan baldintza duinak eta zaintzarako dirulaguntza berdinak.
• Zaintzarako sistema publikoa garatu
• Zaintzeko, ez zaintzeko eta zaindua izateko eskubidea bermatuko duten neurriak martxan jartzea, unibertsalak eta singularrak.
• Haur eskolak doakoak izan daitezela.
• Negoziazio kolektiborako eskubidea ziurtatzea, hori izango delako neurri eraginkorrak lan merkatuan inplementatzeko bidea.
• Estatalizazioaren kontrako neurriak hartu ditzala.

Ospitaleguneko larrialdien zein ospitalez kanpoko larrialdien egoeraz ohartarazi dugu Nafarroako Parlamentuan

0

LAB sindikatuak Nafarroako Ospitaleguneko larrialdi zerbitzuaren gainean egina duen azterketa aurkeztu du gaur Nafarroako Parlamentuaren Osasun Batzordearen aitzinean; gainera, ospitalez kanpoko larrialdi zerbitzuek Iruñerrian bizi duten egoerari buruzko ohar batzuk ere eman ditu. Dabid Mendaza eta Josemi Ablitas mintzatu dira LABen izenean eta talde parlamentarioei jakinarazi diete larrialdi zerbitzu bateratuaren kudeaketa zabarra izan dela 2014an ireki zutenetik. Horrek, noski, ondorio txarrak izan ditu langileen baldintzetan eta zerbitzuaren kalitatean.

Sindikalistek azpimarratu dute larrialdi zerbitzuko langileen baldintzak kezkagarriak direla oso: plantillaren prekarizazioa (langileen %59 kontratatua da); lanaren gainkarga (eguneko 350 artatze, nahiz eta zerbitzua 250erako pentsatua dagoen); antolakuntza kaosa (ez dago funtzionamendurako hobekuntza planik); lidergo falta (ez dago zerbitzuaren koordinatzaile edo bururik); burutza toxikoak (erizaintzako burutzak, adibidez, langile finkoak lanpostu okerrenetan zigortzen ditu, lekuz alda daitezen); eta, batez ere, egoera honen aitzinean Ospitaleguneko Zuzendaritza geldi dagoela, eta errealitatea estaltzen duela.

Asistentziaren kalitateari dagokionez, adierazleek honakoa erakusten dute: kexak ugaritu direla; itxaron denborak luzeegiak direla; ospitaleratze gehiago dagoela (behaketan eta solairuetan); pazienteak eta haien lagunak pilatuta daudela; espazioak gaizki aprobetxatzen direla; eta iktus unitatea urruti dagoela.

Horri guztiari gaineratu behar zaio ospitalez kanpoko larrialdi zerbitzuak Iruñerrian bizi duen egoera. Buztintxurin larrialdi zentroa irekiko dutela zabaldu dute, baina horrekin batera orain arte irekita zeuden bertze hiru itxiko dituzte (Burlata, Ermitagaña eta Arrotxapea), eta horrek, noski, asaldura eta ziurgabetasuna sortu du langileen eta herritarren artean. Mugimendu horren inguruan LAB sindikatuak dituen zalantzak helarazi dizkiegu talde parlamentarioei.

Laburbilduz, Parlamentuari aurkeztu diogu Osasunbidearen larrialdi zerbitzu osoaren egoera kezkagarria; batez ere Ospitalegunekoa, non zuzendariek eta buruek errealitatea estali baitute eta, gainera, langileen bizkar gainean utzi nahi izan baitute haien eraginkortasunik eza eta zabarkeria.

 

 

 

Grebara deitu dugu Nafarroako Kirol Kudeaketan, ostegunetik igandera

Lau greba egin behar izan genituen joan den udaberrian, patronala negoziazio mahaian esertzeko. Bada, egoera ez da aldatu, bi urte eta erdi eman ditugu jada hitzarmenik gabe, eta, hortaz, beste lau greba iragarri ditugu LAB, ELA eta UGT sindikatuok ekainaren 21, 22, 23 eta 24rako.
 

 

 

Eusko Jaurlaritzak, bere etxean, ez ditu aplikatzen gizarte osorako aldarrikatzen dituen printzipioak

Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztu du bere VII Emakume eta Gizonen arteko Berdintasun Plana EAErako. Horren aurrean, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu Gasteizen, Lehendakaritza aurrean.

Eusko Jaurlaritzak, bere etxean, ez ditu aplikatzen gizarte osorako aldarrikatzen dituen printzipioak. Beraz, sinesgarritasuna lor dezan, eskatzen diogu administrazio orokorrean eta erakunde autonomoetan ere aldarrikatzen duenarekin bat datorren langile-politika aurrera eraman dezala.

Horrela, VII Berdintasun Plan horrek proposatzen du, besteak beste, bateragarritasun erantzunkiderako neurriak handitzea, bai sektore pribatuan, baita administrazio eta enpresa publikoetan ere, horrekin batera genero-arrakala gutxituta. Hala ere, bere langileekin kontrako norabidean ari da bultzatzen, helburu horiek lortzen lagun dezaketen neurriak hartu ordez.

Horren erakusgai, Zuzeneaneko langileei (Herritarrentzako Zerbitzua) otsailean jakinarazi zitzaien martxoan bertan ordu-malgutasuna amaituko zela; familia- eta lan-bizitza bateragarri egiteko erabiltzen zutena, hain zuzen. Malgutasun hori langileen eskubidea da, eta hamar urtetan zehar gozatu egin dute, zerbitzua osatu zenetik. Modu horretan, modu aldebakarrean eta araudien kontra, lan-itunen kontra, eta Gobernuak berak aldarrikatzen dituen printzipioaren kontra, bateragarritasun-eskubide hori ukatu egin du oraingoan.

Ageri da neurri horren ondorioak eragin kaltegarria dutela aipatutako bi helburuetan: bateragarritasun erantzukidearen aldeko neurrien sustapenean eta soldata-arrakalaren murriztapenean. Pertsona bati familia-eta lan-bizitza bat egiten errazten duen neurri bat kenten badizkiogu, ez dizkiogu bere bateragarritasun-beharrak ezabatuko, noski. Kasu honetan, bere lanaldia berandu samarrago hasi behar duten langileek, nahi ala ez, euren lanaldia murriztea eskatu beharko dute, eta, ondorioz, euren soldata murriztea ere. Zuzeneanen langile gehienak emakumezkoak direnez gero, soldata-arrakala handitu egingo da, erremediorik gabe.

Zuzeneanen kasua adibide bat baino ez da; jarrera hori eta gauzak egiteko estilo hori administrazio honen hainbat arlotan errepikatzen da. Izan ere, administrazioak oztopoak jartzen dizkio hainbat neurriei, bere langileen meseadean onartutako I Berdintasun Planean bilduta daudenak. Baita Erkoreka jaunak, Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak, onartutako plangintzan.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok premiatzen diogu Eusko Jaurlaritzari bere aholkuei jarrai diezaiela, administrazio orokorraren eta erakunde autonomoen arloan. EMAKUNDEk aldarrikatzen duen moduan, “berdintasun arloan aurrera egiteak aldaketa eskatzen du enpresa-kulturan, ekoizpenari bakarrik begira egoteagatik pertsonak eta euren errealitateak kontuan hatzera pasatuta”. Ondo legoke hori Eusko Jaurlaritzaren eginetan agertzea.

 

 

 

Sindikatuok sei greba egun gehiago adostu ditugu gizarte ekimeneko ikastetxeetan

Bi greba-egunei egindako jarraipen zabala ikusita, eta gizarte-ekimeneko ikastetxeetako patronalak bertan geldirik daudenez, ez digute beste biderik utzi grebak eta mobilizazioak areagotzea baino.

Hauxe da LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok irakurritako oharra, gaurko agerraldian:

Sektore honetako langileok ia hamar urtetan egon gara hitzarmena berritu gabe, eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira, zentroetako modernizazioa langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxe horietan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Sindikatuen eskakizun nagusiak, hitzarmena berritzeari begira, honako hauek dira:

Enplegua:

Akordio bat, enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko.

Soldatak:

Eroste-ahalmena berreskuratzea.
1-DBHko eta 2-DBHko irakasleen soldatak parekatzea.

Lanaldia eta lan-kargak:

Irakasleen kasuan, ordu osagarriak erreserbatzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.

Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonalarentzat, lanaldia murriztea.

Lanbide Heziketan lanaldiaren banaketa irregularra adostea.

Bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan-baldintzak hobetzea:

Hezkuntza-laguntzako espezialistak: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, lanaldia modu erregularrean banatzea irailaren 1etik ekainaren 30era arte…

Haur-hezkuntzako lehen zikloko pertsonala: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, lanaldia murriztea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.

Ikasturte honetan 3 greba-egun egin ditugu dagoeneko. Bai martxoaren 20ko grebari, bai maiatzaren 15 eta 16koei erantzun ugari-ugaria eman diete sektoreko langileek, jarraipen-maila %65 eta %70 bitartekoa izan baita. Era berean, mobilizazio eta manifestazioetara oldean joan dira langileak; hortaz, kidegoa guztira 9.000 langilekoa bada, 5.600 langile inguru bildu dira agerraldietan.

Hala ere, sektoreko patronalek ez dute ezta zirkinik ere egin (Kristau Eskola eta AICE-IZEI), negoziazio-mahairako deialdirik egin gabe daude, eta gure eskakizunetako bati ere ez diote erantzun.

Horrez gain, orain arte burutu ditugun 3 greba-egunetan zenbait ikastetxetan greba indargabetzeko irregulartasunak antzeman ditugula salatu nahi dugu. Izan ere, zenbaitetan grebalarien legez kanpoko ordezpenak egin ziren, eta bestetan neurri gabeko deskontuak aplikatu zaizkie grebalariei. Irregulartasun horiek salatu dituzte ordezkariek ikastetxeetako zuzendaritzetan, eta batzuetan lan-ikuskaritzan ere bai. Greba-eskubidearen aurkako eraso horiek onartezinak dira, eta tinko eskatzen diegu patronalei ikastetxeak premiatzeko, oinarrizko eskubide hori urratzeari uztera.

Hori horrela izanik, patronalek ez digute beste aukerarik eman mobilizazioak eta grebak areagotzea baino. Beraz, datorren ikasturteari begira sektorean ordezkaritza dugun sindikatu guztiok sei greba-eguneko deialdia egitea adostu dugu, urriaren 9 eta 10erako, eta azaroaren 27, 28, 29 eta 30erako. Bestalde, benetako negoziaziorik ez dagoen bitartean, boluntarioak diren zereginetan ez parte hartzeko kanpaina bat bultzatzen ari gara ikastetxeetan.

Gainera, batzarrak, elkarretaratzeak eta mobilizazioak egiten jarraituko dugu lantokietan.

 

 

 

Hitza bete eta Bilboko Udaltzaingoa istiluen kontrako tresneriaz ez hornitzeko eskatu diogu Aburto alkateari

Auzo polizia hurbilarekiko agindutako konpromisoa berresteko eskatu dio LABek.

Bilboko Udaltzaingoa istiluen kontrako tresneriaz hornitzeko Udal Gobernuak, Udaltzaingoaren zuzendaritzak eta ELA, SVPE, CCOO eta UGT sindikatuek erakusten duten jarrera setatiaren aurrean, LABetik honakoa adierazi nahi du:

– Bilboko Udal Osoko Bilkuran aho batez onartutako Segurtasunerako Itunean herritarrengandik gertukoa izango den polizia eredua lehenetsi zen.

– Plan hori abian jarri aurretik ere, Udaltzaingoaren azken birmoldaketan zehazki, LABek udaltzainei dagozkien betebeharretatik “ordena publikoa” ezabatzeko eskatu genuen, eta hala egin zen, zeregin hori ez baita udaltzaingoaren eskumena. Horrela bada, Udaltzaingoaren Zuzendaritzak istiluen kontrako protokolo, formakuntza eta materialak atoan kendu behar ditu, eta sindikatuek tresna horien erostea eskatzeko “udaltzainen segurtasunaren” aitzakiari utzi eta haien erabilpenaren kontrako jarrera agertu beharko lukete, udaltzaingoarenak ez diren zereginak egiteko lanabesak direlako.

– Istiluen kontrako jarduerek eta Errefortu Taktikoko Ikuskaritza unitatea hala ezaugarritzeak herritarren konfiantza galaraziko lukete komunitatearekin bat egin nahi duen auzo poliziarekiko, baita herritarren aurrean polizia zapaltzaile bihurtuko ere. Honelako jarduerek, gertutasuna lagundu beharrean, herritarren eta udaltzainen arteko urrunketa erraztea besterik ez dute egiten.

– ELA, SVPE, CCOO eta UGT sindikatuen jarrera arduragabetzat eta ausarkeriatzat jotzen dugu, praktika horiek, udaltzainak arriskuan jartzeaz gain, herritarren mesfidantza edota arbuioa sorraraziko luketelako. Udaltzainen kontra nabarmenki doan jarrera delako uste osoa dugu.

– Bilboko alkate Juan Mari Aburtori dei egiten diogu, Udaltzaingoaren arduradun gorena den neurrian, egoera zuzendu eta auzo polizia hurbilarekiko agindu zuen konpromisoa berrets dezan.

– Segurtasun itunarekin bat egin zuten alderdiei ere dei egiten diegu Udal Gobernuari plan hori betetzeko eska diezaioten eta osterantzean, itunarekikoak eten ditzaten haren arduradunek adostutakoa bete arte.
 

 

 

Mobilizazioekin jarraitzen dute Gasteizko kale garbiketako langileek, astebeteko grebaren atarian

0

Gasteizko kale-garbiketako kontratako langileen egoera gero eta okerragoa dela salatu dute, Andra Mari Zuriaren plazan. Asteazkenean grebari ekingo diote, ekainaren 26a bitartean.
 

 

 

Tasubinsako langileek elkarretaratze bat egin dute Iruñeko Justizia Jauregiaren aurrean

Epaiketa bat izan da gaur Iruñean, Tasubinsa enplegu zentro bereziaren aurka lanbideen arteko gutxieneko soldataren gatazka kolektiboa dela eta. Enpresa batzordea ez zetorren bat SMI maila duten beharginen soldaten kudeaketarekin, larria iruditzen baitzitzaion gutxien kobratzen duten langileen soldatekin jolastea, are gehiago kontuan izanda Tasubinsa enplegu zentro berezia dela. Jokabide hori aldatzeko eskatu zuen batzordeak, baina, enpresak kasurik egin ez zuenez, gatazka kolektiboaren salaketa jarri zuten langileek. Eta kontziliazioan enpresak jarrera aldatu ez zuenez, azkenean epaiketa egin da. Hala, epaiketa hasi aurretik, Tasubinsako langileek eta beren ordezkariek elkarretaratzea egin dute Justizia Jauregiaren atarian.
 

 

 

Emakume eta gizonen arteko soldata-arrakalari aurre egiteko proposamenak aurkeztu ditugu Nafarroako Parlamentuan

LABek agerraldia egin du gaur Nafarroako Parlamentuan, “emakumeen kalitatezko enplegua sustatzea eta soldata arrakala murriztea xede duten proposamenak bilduko dituen txostena” osatuko duen Batzorde Berezian.

Eli Etxeberria (LABeko idazkari Feminista), Maite Barreña (Idazkaritza Feministako kidea) eta Aitziber San Martin (dinamizatzaile feminista sindikatuan) izan dira agerraldian parte hartu duten hiru kideak.

Egoeraren azterketa egin dute lehenik eta behin, Nafarroako emakume eta gizonen arteko soldata-arrakala %18,7an kokatuz. Honek suposatzen du emakumeek gizonek baino 8.153 euro gutxiago kobratzen dutela urtean Nafarroan, batazbeste. Elementu hauek ere nabarmendu dituzte:

• Azken hamar urtetan ez da aldaketarik egon. Soldata arrakala bere baitan mantentzen da
• 250 langiletik gorako enpresa gehienetan ez dira berdintasun planik egin.
• Gehiago kobratzen den sektorean, industrian, ez dago ez neurririk ez asmorik emakumeen sartzea ahalbidetzeko, Volkwagenen kasu, bere berdintasun plana ez betetzeagatik Lan Ikuskaritzan salaketa duena.
• Berdintasun planak ezarri diren enpresetan ez da aldaketa handirik egon. Planak ez dira ebaluatu, neurrriak ez dira martxan jarri, beraz berdintasun planen politikak ez dira arrakastatsuak izan, porrot egin baitute.
• Hainbat enpresetan soldata arrakalaren azkerketa egin dezaten eskaera bat sartu genuela baina oso erantzun gutxi jaso ditugula.
• Soldata arrakalarekin bukatzeko edo hau desagerarazteko neurriak hartzeko, lehenago ezagutu behar ditugu datuak. Gaur egun ez dago informaziorik, ezta informazio hori emateko asmorik enpresen aldetik.

Ondoren, egoera hau gainditzeko neurri zehatzak aurkeztu ditu LABek:

• Berdintasun planak egitearen derrigortasuna enpresa guztietara zabaldu dadila, 250 langile edo gutxiago eduki arren.
• 
Kontziliaziorako eta korrespontsabilitaterako benetako neurriak hartu daitezela.
• Administrazioan aitatasun baimena amatasun baimenarekin parekatzeko hartu den neurria enpresa pribatuetara zabaltzea eta derrigorrezkoa egitea.
• Zerbitzu publikoen garapena ziurtatzea. Murrizketa guztiak atzera botatzea eta azpikontratazioarekin amaitzea frogatua dagoelako eragin zuzena dutela emakumeengan. Publikotik betetzen ez diren zaintza lan guztiez emakumeak arduratu behar dira oraindik orain.
• Zaintza lanen aitortza politikoa, ekonomikoa eta soziala.
• Etxeko langileentzat lan baldintza duinak eta zaintzarako dirulaguntza berdinak.
• Zaintzarako sistema publikoa garatu
• Zaintzeko, ez zaintzeko eta zaindua izateko eskubidea bermatuko duten neurriak martxan jartzea, unibertsalak eta singularrak.
• Haur eskolak doakoak izan daitezela.
• Negoziazio kolektiborako eskubidea ziurtatzea, hori izango delako neurri eraginkorrak lan merkatuan inplementatzeko bidea.
• Estatalizazioaren kontrako neurriak hartu ditzala.

Aldarrikapen hauek guztiz baliagarriak dira soldata-arrakalaren kontrako ekintza plan bat egingo bada. Parlamentuko talde guztiei eskatzen diegu soldata arrakalaren eztabaidan sakontzea, arrakalaren atzean dauden arrazoiak zeintzuk diren azalaraztea eta instituzioetatik arrakala gainditzeko borrokan urrats eraginkorrak ematea. Beraien esku dago arrakalaren auziari dagokion dimentsio politikoa ematea eta borroka honetan konpromisoak hartzea ekimen instituzional eraginkorrak bultzatuz. LAB prest dago benetako bide bat egiteko dezagun elkarlanean aritzeko.

Neurri hauek trantsiziorako neurriak bezala ulertu behar dira, hau da, gaur egungo egoera defendaezina da da baina edozein neurri ezarrita ere ez da guztiz aldatuko, sistema kapitalistan ez baitago emakumeon egoera aldatzeko edo hobetzeko neurri posiblerik sistema bera ikutu gabe. Gutxi batzuen egoera hobetu daiteke baina gainerako guztia bere horretan utziz.

Lan munduan emakumeok pairatzen ditugun diskriminazioak ez dira akatsak, baizik eta errealitate estrukturalak, beraz, martxan jarri beharreko neurriek ere erradikalak eta estrukturalak izan beharko lukete.

Zapalkuntza patriarkala kapitalismoaren parte da eta sexuaren araberako lan banaketa da horren adierazle. Sistema kapitalistak emakumeok zaintza lanak ezeren truke egitera behartzen gaitu sistema berak bizirauteko, eta horregatik, lan merkatuan uzten digun lekua bigarren mailakoa da.

Soldata arrakala ez da kasualitatez sortzen den zerbait, baizik eta bere funtzioak betetzen ditu, hau da, emakumeak lan merkatuaren beharrei erantzuteko erabiliak izatea. Soldata arrakalaren kalkulua egiterakoan etxeko langileen lana ez da kontuan izaten, ezta denboraren erabileraren estatistikak ere, jakiteko zenbat denbora erabiltzen duten emakumezkoek zaintza lana doakoak egiteko eta zenbat gizonezkoek.

Beste eredu berri baten beharra daukagu, pertsonen beharrei erantzuten duen sistema bat eta ez irabaziak maximizatzeko sistema bat, gaur egungo sistema kapitalistak egiten duen bezala.

Bi galderarekin amaitu dute euren agerraldia LABeko kideak. Batetik, alderdi politikoei galdetu diete ia prest al dauden eredu ekonomikoz aldatzeko. Eta bigarrekin, ia uste duten posiblea dela sistema kapitalistan emakumeen egoera hobetzea, lan eta enplegu duina guztiontzat egotea eta pertsonen beharrei erantzutea.