2026-10-02
HomeZerbitzu PublikoakEusko JaurlaritzaEusko Jaurlaritzak, bere etxean, ez ditu aplikatzen gizarte osorako aldarrikatzen dituen printzipioak

Eusko Jaurlaritzak, bere etxean, ez ditu aplikatzen gizarte osorako aldarrikatzen dituen printzipioak

Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztu du bere VII Emakume eta Gizonen arteko Berdintasun Plana EAErako. Horren aurrean, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu Gasteizen, Lehendakaritza aurrean.

Eusko Jaurlaritzak, bere etxean, ez ditu aplikatzen gizarte osorako aldarrikatzen dituen printzipioak. Beraz, sinesgarritasuna lor dezan, eskatzen diogu administrazio orokorrean eta erakunde autonomoetan ere aldarrikatzen duenarekin bat datorren langile-politika aurrera eraman dezala.

Horrela, VII Berdintasun Plan horrek proposatzen du, besteak beste, bateragarritasun erantzunkiderako neurriak handitzea, bai sektore pribatuan, baita administrazio eta enpresa publikoetan ere, horrekin batera genero-arrakala gutxituta. Hala ere, bere langileekin kontrako norabidean ari da bultzatzen, helburu horiek lortzen lagun dezaketen neurriak hartu ordez.

Horren erakusgai, Zuzeneaneko langileei (Herritarrentzako Zerbitzua) otsailean jakinarazi zitzaien martxoan bertan ordu-malgutasuna amaituko zela; familia- eta lan-bizitza bateragarri egiteko erabiltzen zutena, hain zuzen. Malgutasun hori langileen eskubidea da, eta hamar urtetan zehar gozatu egin dute, zerbitzua osatu zenetik. Modu horretan, modu aldebakarrean eta araudien kontra, lan-itunen kontra, eta Gobernuak berak aldarrikatzen dituen printzipioaren kontra, bateragarritasun-eskubide hori ukatu egin du oraingoan.

Ageri da neurri horren ondorioak eragin kaltegarria dutela aipatutako bi helburuetan: bateragarritasun erantzukidearen aldeko neurrien sustapenean eta soldata-arrakalaren murriztapenean. Pertsona bati familia-eta lan-bizitza bat egiten errazten duen neurri bat kenten badizkiogu, ez dizkiogu bere bateragarritasun-beharrak ezabatuko, noski. Kasu honetan, bere lanaldia berandu samarrago hasi behar duten langileek, nahi ala ez, euren lanaldia murriztea eskatu beharko dute, eta, ondorioz, euren soldata murriztea ere. Zuzeneanen langile gehienak emakumezkoak direnez gero, soldata-arrakala handitu egingo da, erremediorik gabe.

Zuzeneanen kasua adibide bat baino ez da; jarrera hori eta gauzak egiteko estilo hori administrazio honen hainbat arlotan errepikatzen da. Izan ere, administrazioak oztopoak jartzen dizkio hainbat neurriei, bere langileen meseadean onartutako I Berdintasun Planean bilduta daudenak. Baita Erkoreka jaunak, Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak, onartutako plangintzan.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok premiatzen diogu Eusko Jaurlaritzari bere aholkuei jarrai diezaiela, administrazio orokorraren eta erakunde autonomoen arloan. EMAKUNDEk aldarrikatzen duen moduan, “berdintasun arloan aurrera egiteak aldaketa eskatzen du enpresa-kulturan, ekoizpenari bakarrik begira egoteagatik pertsonak eta euren errealitateak kontuan hatzera pasatuta”. Ondo legoke hori Eusko Jaurlaritzaren eginetan agertzea.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.