Gipuzkoako Foru Aldundiko garbiketa azpikontratetako langileek mobilizazioak egin dituzte gaur Donostia eta Eibarren, hitzarmen duinaren alde.

Bizkaiko Aldundiko garbiketaz arduratzen den Garbialdi azpikontratako langileek beste elkarretaratze bat egin dute Bilbon, LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok deituta. Gaurkoan, "duina" hitza idatzi dute lurrean, zoru-garbigailuekin, baldintza duinen aldeko aldarria irudikatzeko.
Hauxe da gaurko mobilizazioan banatu duten idatzia:
Pasa den abenduaren 5ean astero burutzen ari diren mobilizazioak martxan jarri genituen, Garbialdi eta Foru Aldundiko garbitzaileen arteko hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko borondatearekin.
Hitzarmen hau 2012. urtean hasi zen negoziatzen eta ordutik
hainbatetan salatu behar izan dugu enpresaren immobilismoa, bere interes falta eta, oro har, mahaian erakusten duen fede txarra. Bere eskaintza erraz laburbildu daiteke: egunean 0.14€-tako soldata igoera lanaldi osoa dutenentzat. Partzialitateak gogor jotzen duen sektore honetan, kontuak atera!
Abenduaren 5etik geroztik, birritan batzartu gara Garbialdirekin, posturak gerturatzeko balio zezakeen eskaintza berri bat entzuteko itxaropenarekin.
EZ DA HORRELAKORIK GERTATU. Enpresak ez du proposamen berririk egin eta oraingo hauetan gainera ez du ezta aitzakiaren bat ipintzeko esfortzurik egin. Gainera, mahaian dauden ordezkariei eskubide sindikalak ukatzen dizkiete eta, are gehiago, aurrera eraman ditugun mobilizazioen inguruan komentario kritikoak egitera ausartu dira.
Euren jarrera, langileenganako errespetu falta izugarria erakutsi egiten du eta negoziazioa aurrera eramaten saiatzen ari garenontzat iraingarria bilakatzen hasi da.
Hasieran esan genuen eta oraingo honetan errepikatuko dugu: EZ BADUZUE ADITU NAHI, BEHINTZAT ENTZUNGO GAITUZUE.
Mobilizazioekin aurrera egingo dugu, astero eta amorerik eman gabe; eta azkenean ere, ulertu behar izango duzue langileen baldintzak hobetzeko ardura duzuela.
Zoritxarrez, gure hirian azkar loratzen ari diren gero eta frankizia gehiagorekin gertatzen den moduan, esplotazioak definitzen du Bilboko Foster’s Hollywoodeko kudeatzaileen jarrera.
Kaleratuak izan ondoren, Bidebarrietako Foster’s Hollywoodeko langileek erabaki zuten, epaitegien bidez dagokien guztia exijitzeaz gain, jasaten zituzten lan-baldintzak publikoak egitea. Horretarako, ekimenak egin dituzte kate berdinak Bilbon irekita duen beste jatetxearen aurrean, Gran Vian, euren kontratuetan agertzen diren denboralitatea, partzialitatea eta kategoria benetakoak ez zirela salatzeko. Gainera, langile askok hizkuntza eta lan-eskubideak ez ezagutzea are eta gehiago zukutzeko erabiltzen zituen zuzendaritzak, langileak etengabeko gutxiespen eta umiliazioetara kondenatuz. “8 familia kaltetuta” edo “Ez gara borrokan egiteaz nekatuko” bezalako mezuak irakur zitezkeen langileek egindako mobilizazioetan.
Gertakari larrienak pasa den martxoaren 8an izan ziren, Greba Feministaren testuinguruan, langile baten amak kudeatzaileen dei bat jaso zuenean, “ez dakizu non sartzen zaren” adierazten ziona. Beranduago, kartelak aurkitu zituen bere etxeko atean, frankizia erabiltzen duen ohiko etiketatuaz jarriak, eta beste batzuk familiaren postontzia trabatzen zutenak. Kartelok jarri zituzten pertsonak edo pertsonek portaleko ate bikoitza zeharkatu behar izan zuten. “Zuen kaka garbitzeaz kokoteraino”, “16 familiaren ogiarekin jolasten ari zarete” edo “gerra nahi baduzue, edukiko duzue” bezalako mezuak agertzen ziren karteletan. Hurrengo egunean, antzeko zerbait gertatu zen beste langile baten etxe-inguruetan.
Jarrera mafioso honek gainditu egiten du lan-esparrua esparru, pertsonala inbadituz. Hala ere, langileek berretsi egiten dituzte euren jarrera eta aldarrikapenak, arrazoi gehiago ematen baitie aurrera urrats bat eman eta kikilduko ez dituztela argi utzi eta euren duintasuna defendatuko dutela oihukatzeko.
Pasa den astean etxe gabeko pertsona bati eraso egin zioten Bilbon. LABetik honakoa adierazi nahiko genuke:
Prekarietatearen aurkako horma bat eraiki behar dugu. Beharrezkoa da ahalegin sozial, sindikal eta politikoak egitea, euskal biztanleriari bizi baldintza duinak bermatzeko, kalitatezko enpleguaren, zerbitzu publiko unibertsarlen eta pobreziaren atalasetik gora egongo diren prestazio sozialekin.
Eusko Jaurlaritzak erakusten duen konpromisoa ez da nahikoa pobretze eta bazterketa sozialarekin amaitzeko. Larrialdi sozialeko egoera honetan, Gasteizko gobernuak pobretze politiketan sakontzen du. Utzikera eta milaka pertsonak bizi duten egoera sozialarekiko konpromiso falta itzela dago. Horrela jarraituz gero egoerak ez du hobera egingo, txarrera baizik.
Bilboko Udalak utzikeriaz jokatzen du etxerik gabeko pertsonen arretari dagokionez. Bilboko baliabide sozialak nahiko saturatuta daude, bereziki baztertutako pertsonei, marginatuei eta migrariei bideratuak. Ez dago plaza nahikoa aterpetxeetan urte osoan zehar inor behartua izan ez dadin kalean botata bizitzera. Ez dago berehalako arretarako politika egokirik Bilbon egon nahi duten pertsonentzat, arreta sozialeko politika eta irizpideak ez dira nahikoak bizi dugun larrialdi sozialeko egoerari erantzuteko… Udalari exijitzen diogu utzikeria instituzionalari amaiera eman diezaion.
Berriki ezagutu dugu gora egin duela Bilbon dauden etxe gabekoen kopuruak. 112 ziren 2016an eta 238 2018an. Borondate politiko kontua da egoera honekin amaitzea. Hortaz, dei egiten diegu arlo honetan eskuduntza duten instituzioei egungo politiken norabidea alda dezaten, eta aurrekontu aldetiko lehentasuna eman diezaioten bazterketa sozialaren kontrako borrokari, eta baita egoera honi amaiera emateko beharrezkoak izango diren neurriak har ditzaten.
Aste honetan egingo ditugun mobilizazio sortari ekin diogu gaur Donostian, Miramongo teknologia parkean, hitzarmenak eguneratzeko eta industriako langileen lan baldintzak hobetzeko eskatzeko. Gipuzkoako enpresen elkarte Adegiren egoitzatik abiatu dugu manifestazioa, eta prekarietatearen aurkako oihuak izan dira nagusi. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Industriako Federazioko kide Jonan Goñik ohartarazitakoaren arabera, "Adegik lan eskubiderik gabeko lurralde bilakatu nahi du Gipuzkoa".
Hauek dira egunotarako deitutako gainontzeko mobilizazioak, industrian aberastasuna banatzeko garaia dela aldarrikatzeko:
• Bihar, asteazkena, 11:00etan, giza katea Gasteizko Aldabe Gizarte etxetik. Elkarretaratzea, 11:15ean, SEA parean, Gasteizen.
• Etzi, osteguna, elkarretaratzea Iruñean, CEN parean, 12:00etan.
• Etzidamu, ostirala, manifestazioa Confebasken egoitzatik abiatuta, Bilbon, 11:30ean.
Gaurko Heziketa Bereziko mahai negoziatzailearen ostean, LAB sindikatuak honako gogoeta partekatu nahi du iritzi publikoarekin:
Konplexua da Heziketa berezian daukagun egoera. Akordioa ona da benetan. Inklusibitatera bidean eta langile hauen aitortza politikoaren bidean urrats ikaragarriak eman dira. Mahai negoziatzailean sinatzeko ordea arazoak daude. CCOOk eta LABek sinatzeko borondatea dugu. ELAk eta STEILASek ez dute horrela ikusten ordea. Gogorarazi nahi dugu kolektibo laboral honek duen egoera prekarizatu eta feminizatua hezkuntza komunitatearen baitan.
LABek ezinezkoa du sinatzea mahaian babes gehiagorik ez badago. ELAk eta STEILASek ordezkatzen duten %49ak, ez du akordioa berresten gaur egun. Gainera, lan hitzarmenean aldaketak eragiteko, ezinbestean babes gehiago behar da langileen ordezkarien partetik.
Argi genuen ELAk ez zuela sinatuko negoziazio prozesu honetan zehar izan duen posizio maximalista dela eta. STEILASek zuen giltza gure ikuspuntutik. Mahaian bertan oso balorazio ona egin zuen akordiorako proposamenaren inguruan. Denbora eskatu zuen afiliazioarekin kontrastea egiteko. Azkenean ez sinatzea erabaki du STEILASek. LABek arduragabekeria handiko ariketa egitea erabaki duela gogor salatu nahi du, langile askoren kaltetan eta akordioa bera arriskuan jarriz. Trena pasatzen uztea bueltan etorriko ez dela jakinda “kamikazea” da zalantzarik gabe, eta urrats hori ematea erabaki dute, langilegoaren beharretatik aldenduz eta beste interes batzuei erantzuten dion dinamika lehenetsiz.
LABek dei egiten dio euskal jendarteari, bereziki pentsiodunei, baina baita langabetuei, zigor bikoitza jasotzen duten emakumeei, prekarietatea jasatzen duen gazteriari etab. kalera ateratzen jarrai dezaten, bizi baldintza duinen alde mobilizatzen eta borrokatzen.
Nabarmena da Euskal Herrian aurrera egin daitekeela horrenbeste urtez pentsionistek egin dituzten aldarrikapenetan. Gutxienez hileroko 1.080 eurotako gutxienezko pentsioak eta orain eta etorkizunean bermatuko dituen babes eta gizarte segurantzako sistema propioa.
Badakigu ezin dugula askorik itxaron Estatuarengatik, berau eutsi edo babesten dutenengatik. Ez dugu nahi gugatik erabaki dezaten nola bizi nahi dugun. Ez dugu ikusi nahi nola urtez urtez, gure pentsioek eros- ahalmena galtzen duten eta Gobernutik egiten duten bezala, pentsioniston lepotik barre egiten duten.
Horregatik, nabarmentzen dugu beharrezkoa dela estatus berriak gaitasun arautzaile osoa onar dezan pentsio sistemari dagokionez. Orain eta etorkizunean, pentsio publiko duinak bermatzeko balioko digun Babes eta Gizarte Segurantzako Sistema propio bat, Europako Karta Sozialak zehazten duen moduan, 1.080 eurotako gutxieneko pentsio bat. Oroitarazi behar dugu nola aurkeztu zituzten Hego Euskal Herriko Pentsionisten Plataformek 7.1724 sinadura Gasteizko parlamentuan eta 7.600 Iruñekoan, eta hauek aintzat hartzeko ordua iritsi da.
Ordua da %0,25arekin konformatzen ez galera esateko ateratzeko. EAJ honen konplize da, miseriazko igoera hori babestu duelako.
Ordua da pentsioak bermatuko dituzten politika publiko duinak bermatzeko, prekarietatearekin amaituko dutenak, eta kalera ateratzeko deia egiten dugu, datozen 17ko mobilizazioak eta helburu horiek dituztenak babesteko.
Kaleak suminez gero eta beteago daudelarik aurrera pauso bat emateko ordua da. Nahikoa da!