2026-01-20
Blog Page 798

Enpleguaren defentsan mobilizatu gara, Productos Tubulares eta Tubos Reunidoseko langileak gogoan

0

LABek elkarretaratze bat egin du Laudioko Aldai plazan. Productos Tubulareseko langileak hainbat elkartasun keinu jasotzen ari dira egunotan: manifestazio bat egingo dute bihar, 12:00etan, Trapagako lantegitik abiatuta; eta Ortuella, Santurtzi eta Trapagako udalek mozioak adostu dituzte langileen mobilizazioei babesa emateko. Bestalde, Eusko Legebiltzarrean egin dute gaur protesta, Gasteizen.
 

 

 

Hauteskunde sindikaleko gure hautagaiaren kaleratzea salatu dugu Cash Converters dendaren aurrean

Gasteizko Errege-Erregina Katolikoak kaleko dendaren aurrean elkarretaratze bat egin dugu.
 

 

 

Tubacex-eko langileek ezezkoa eman diote ELA, CCOO eta Independiteak sinatutako akordioari, LABek eskatu bezala

0
Tubacex-eko langileek, atzo egindako bozketan, ezezkoa eman zioten ELA, CCOO eta Independienteek sinatutako hitzarmenaren akordioari. LABek ezezkoa emateko eskatu zuen bozketaren bezperan, akordioa onartzeak atzerakada berri bat zekarrelako.

Bozketaren emaitzak, 392 ezezko bozka eta 327 baiezko bozka, agerian utzi du langileen jarrera; hain zuzen ere, akordioa guztiz eskasa dela uste dutela.

Hitzarmen honen negoziazioan sinatzaileak diren sindikatuen jarrerak, langileei hitza hartzeko aukerak mugatu eta informazio zein eztabaidarako asanbladak egitearen kontra azaldu izana, langileen haserrea eragin du. Horrek atzoko bozketen emaitzan isla izan du.

Edukiari dagokionez bestetik, sinatutako akordioak ez zuen zuzendaritzak azken lau urteetan gehiegikeriaz erabili duen lan-malgutasuna, behin-behinekotasunak sortutako prekarietatea edota ordu extren areagotzea mugatzen, besteak beste.

Bozketa honek arrazoia eman digu ezezkoa babestu dugunoi. Hitzarmena hobetzeko aukerak daudenean, berresten gara langileen babesarekin hori posible dela.
 

 

 

Eraldaketa soziala lortzeko, menpekotasunetik burujabetzara pasatzeko bidea diseinatzea da erronka

0

LABek 2018ko Aberri Egunerako Adierazpena aurkeztu du gaur komunikabideen aurrean. Dokumentua martxoaren 19ko Nazio Biltzarrean onartu zen. Hain zuzen ere, Garbiñe Aranburu idazkari nagusia, Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoa, Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendia eta Komunikazio idazkari Maider Jauregi izan dira agerraldian, eta testuinguru politiko, ekonomiko eta sozialaren irakurketa egin dute.

 

Garbiñe Aranburuk nabarmendu du Euskal Herria fase politiko berezi batean dagoela, eta demokrazia dagoela jokoan. Erabakitzeko eskubidearen alde gehiengo zabal bat dagoela berretsi du, eta, eraldaketa soziala lortzeko, menpekotasunetik burujabetzara pasatzeko bidea diseinatzea dela orain erronka. “Bizitza erdigunean kokatuko duen eredu sozial eta ekonomiko bat lortzeko, edukiz bete behar dugu marko politiko berria. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako esparru propio bat ziurtatu behar du, parekidetasuna izan behar du oinarri, lanetik bizirik itzultzeko bermearekin eta pentsio duinak eskainiz. Hau guztia lortzeko nahi dugu marko berria”, adierazi du LABeko idazkari nagusiak.

Bide horretan, ezkerreko soberanisten artean indarrak batzea ezinbestekoa dela azpimarratu du Garbiñe Aranburuk, eta sindikatuak aliantzen aldeko apustu garbia egiten duela berretsi du, “herri honen egoerak, langileek bizi duten egoerak, hala eskatzen duelako”.

Irailean ELArekin aurkeztutako adierazpena praktikara ez eramatea ulergaitza dela azaldu du, aitzakiarik ez dagoelako horretarako: “Ez dugu ulertzen zergatik edo zerk oztopatzen duen bizi dugun inboluzio honetan LABek eta ELAk Lahn Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Markoaren alde mobilizazio erraldoiak sustatzea, adibidez; edo elkarrekin mobilizatzeko, pentsio duinen eta babes sozialerako eta Gizarte Segurantzako sistema propio baten alde”, esan du Garbñe Aranburuk. Hala ere, bi sindikatuen arteko egoera desbloketzeko LABek proposamenak egingo dituela iragarri du.

Igor Arroyok, bere aldetik, Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera antidemokratikoa salatu du, herritarren aldarrikapen sozial eta politikoei ez dietelako erantzuten: “izugarrizko inboluzio soziala ari da gertatzen. Aldaketa sozialari muzin egiten diote. Elite batentzat gobernatzen ari dira”.

Espainiako estatuaren aldetik ez dagoela borondaterik mina eta sufrimendua aitortzeko nabarmendu du; are eta gehiago, sufrimendua eragiten jarraitzeko asmoa erakutsi duela salatu du. Zentzu honetan, presoen afera konpontzea premiazkoa dela erantsi du Garbiñe Aranburuk.
 

 

 

Zorionak emakumeak*, eredu sozial feminista bat eraikitzea posible dela erakusteagatik!

0

Denetariko emakumeok* gure egin genituen kaleak martxoaren 8an. Greba feministarekin planto egin dugu, sistema heteropatriarkal honek hil egiten gaituela oihukatu eta eredu sozial feminista bat nahi dugula ozenki aldarrikatzeko. Martxoaren 8tik harago, azken hilabete hauetan mugimendu feministaren aliatu bilakatu da LAB, eta balorean ipini nahi dugu aipatutako elkarlanaren baitan LABeko kideok egin dugun lana. LABeko feministok gure onena eman dugu azken hilabeteetan lanuzteak eta greba feminista azaltzen, bultzatzen, animatzen, gauzatzen. Honengatik guztiagatik, zorionak guztioi. Urrats feminista emateko konpromisoa hartu genuen, eta gauzatzen ari gara. Sindikalgintza feminista posible eta beharrezkoa delako, Gora LAB feminista!
 

 

 

Euskal preso eta iheslariak etxera


LAB Debaldeako kideek, hilabetero eskualdeko herri ezberdinetan egiten duten preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko elkarretaratzea egin dute, gaurkoan Elgoibarko autopistako biribilgunean.

Lehenik eta behin gure doluminik sentikorrena adierazi nahi genieke duela egin batzuk bere etxetik 1000 kiloketrotara ziega batean bizia galdu zuen Xabier Rey euskal preso politikoaren senide eta lagunei. Xabier, salbuespenezko espetxe politika kriminal baten ondorioz hil da. Ez da zoriak eragindako heriotza bat izan azken hau, helburu horretarako diseinatuta dagoen espetxe politika baten ondorioa baizik. Azken heriotza honek eta aste honetan izan diren Kalera Kalerako partaideen atxiloketek, nabarmen erakusten dute, espainiar gobernuaren bakerako borondate eza. Eurak dira indarkeria poliziala, salbuespenezko legedia eta eskubide zibil eta politikoa darabilten bakarrak.

Egoera honen aurrean, ahalik eta jendarte esparru zabalena aktibatzea beste biderik ez zaigu gelditzen. Geroz eta gehiago gara euskal gatazka eta beronen ondorioak gainditzeko borondate osoz gabiltzanok. Hala ere, gero eta handiagoa den giza olatua sortu behar dugu injustizia hauen guztien kontra.

Hori dela eta, LAB sindikatuak, bat egiten du aste honetan gertatu diren atxiloketak salatzeko apirilaren 21ean Bilbon egingo den Manifestazio Nazionalarekin.

ASKI DA! EUSKAL PRESO ETA IHESLARIAK ETXERA! SALBUESPENEZKO LEGEDIA GELDITU!
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Akordio Interprofesionalaren inpugnazioa 155. artikulua lan harremanetan aplikatzea da”

Estatalizazioa salatzeko mobilizatu gara gaur Bilbon. Hain zuzen ere, LABek giza kate bat egin du Bilboko Basurtoko ospitaletik EITBren egoitzara. Mobilizazio honekin, Eurest, Sodexo eta Serunion enpresek euren zentroetako jangeletako langileei lan-baldintza okerragoak ezartzen dizkietela salatu dugu. Bada, mobilizazio hau deituta genuela, gaur jakin dugu Akordio Interprofesionala inpugnatua izan dela, Eurestekin elkartuta dagoen kolektibitateetako Madrilgo patronalaren bitartez. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk protestan parte hartu du, eta, bertatik, inpugnazio honen balorazioa egin du.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "estatalizazioaren kontrako borrokak lehentasuna du sindikatuan; azken batean, estatalizazioak Estatuko hitzarmenak aplikatzea dakar, sektore guztietan hemengo hitzarmenak baino txarragoak direnean. Bada, mobilizazio hau deituta genuela, gaur jakin dugu Akordio Interprofesionala inpugnatua izan dela, kolektibitateetako Madrilgo patronalaren bitartez, Eurestekin elkartuta dagoena. Akordio Interprofesionalaren inpugnazioa 155. artikulua lan harremanetan aplikatzea da, erabakitzeko eskubidearen aurkako erabaki zuzen zuzen bat da".

LABeko idazkari nagusiaren arabera, "beste urrats bat da bizi dugun inboluzio prozesu honetan. Iruditzen zaigu ezinbestekoa dela eraso honi erantzutea. Guk, sindikatu gisa, auzitegietan erantzungo dugu eta jarraituko dugu moilizatzen, baina, hemendik, dei zuzen bat zuzendu nahi diogu Confebask patronalari, akordio horren defentsa egin behar ote duen argitu dezan. Izan ere, Confebask CEOEko parte da, eta CEOEko parte ere bada Akordio Interprofesionala inpugnatu duen patronala".

Eskaera honekin batera, bigarren dei bat egin dio Garbiñe Aranburuk Confebaskeri, "negoziazio kolektiboaren blokeaoarekin apurtu dezan eta hitzarmenak sinatu ditzan, hitzarmenak sinatuta edukitzea berme handiagoa delako negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren aurrean".

Era berean, Eusko Jaurlaritzari zuzendu zaio LABeko idazkari nagusia: "Azken asteetatik autogobernuaren ponentzia martxan dago, eta negoziazio kolektiboaren estatalizazioa gure autogobernuaren kontra doa, gure erabakitzeko eskubidearen kontra. Jaurlaritzak argitu beharko luke benetan negoziazio kolektiborako marko propio baten alde dagoen, eta horren aldeko apustua egingo duen ala ez. Ezin da autogobernuaz hitz egin, lan harremanetan erabakitzeko inolako ahalmenik ez badugu, inolako eskuduntzarik ez badugu, negoziazio kolektiboa erasotua den bitartean".

 

 

 

Zerbitzu publikoak defendatu ditugu Baionan

Funtzionario eta zerbitzu publikoen kontrako erasoek segitzen dute Ipar Euskal Herrian, eta, hori dela eta, mobilizazio eguna da gaur. Hala, Baionan egindako manifestazioan izan gara, eta datozen asteetan izango diren borrokekin bat egin dugu; trenbideetako langileek egingo dutenarekin, besteak beste..

Hain zuzen ere, SNCFaren erreforma eta bereziki langileen egoerarena salatzeko, treinbideetako langileek greba mugimendu bat abiatuko dute hiru hilabetez, apirilaren 3tik ekainaren 28ra. Astero bi egun greba! egingo dituzte. Gaurko mobilizazio egunean ere izan dira kalean, zerbitzu publikoen sektoreko grebarekin bat eginez.
 

 

 

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean mobilizatu dira pentsionistak

Euskal Herriko pentsionisten plataformek elkarretaratze bat egin dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren kanpoaldean, pentsioen gaiaren eztabaida jorratzeko eguna izan baitute gaur talde politikoek. Hain zuzen ere, 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren defentsan egin dute protesta, eta LABeko Helduak eta Pentsionistak arloak bat egin du deialdiarekin.
 
Gaur, martxoaren 22an konprobatu ahal izan dugu nola mespretxatu dituzten Euskal Herriko kaleetan protestan ari diren milaka pentsionista eta euren familiak eta pobre izaten jarraitzera behartzen dituzten, euren bizitzako azken urteak duintasunez bizitzeko aukera ukatu baitiete:

Gaur parlamentuan ikusi ahal izan dugun mespretxua irain onartezina da.

Bigarrenez, barre egiten diete kalean euren bidezko aldarrikapenekin dauden pentsionistei. Aurrekoa, 71.724 sinadura aurkeztu zituztenean eta orduan ere lepoa eman zietenean.

Hipokrisia onartezina onartzen dute larunbateko manifestazioetara joateagatik eta gaur euren aldarrikapenei bizkarra emateagatik.

Milaka pentsionista kondenatzen dute pobre izatera eurek eskandaluzko soldatak dituztenean eta Urkulluk, baita bizi osorako pentsioa ere.

Gaur arrazoia eman diote PPri bai EAJ eta PSOEk, guztien apustua izan baita beharrik gorrienean dauden pentsionistak zigortzea. Ez da harritzekoa, EAJk PP babestu baitzuen miseriazko %0,25aren igoerarako.

Ez dute milaka euskal pentsionistaren arazoei ekin eta konpontzeko borondate politikorik. Ez diete axola pentsionisten mobilizazioek, eurenera doaz.

Ez gaituzte desmobilizatuko, kontrara, kalera ateratzen jarraituko dugu eta milaka pentsionistaren pobrezia egoera eta euren bidezko aldarrikapenak axola ez zaizkienak salatzen. Lehentasuna dira Euskal Herria 1.080 eurotako gutxienezko pentsioak, orain eta etorkizunean pentsio publiko duinak bermatuko dituen Babes eta Gizarte Segurantzako Sistema Propioarekin batera.

Gaur mozorroa kendu dute EAJ, PSOE eta PPk eta sastakada bat eman diote milaka pentsionistari, baina ez dezatela pentsa honek ondoriorik izango ez duenik. Eurak dira milaka pentsionistaren pobreziaren erantzunleak eta publikoki salatuko dugu.

Mobilizazioa, gure bidezko helburuak lortu arte kalera ateratzea izango da lehentasunetako bat.