2026-05-01
Blog Page 792

Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena sinatu dugu

0
LABek gaur, PRECOn egindako bileran, Gipuzkoako eraikuntza eta herri lanetako hitzarmena sinatu du. Patronalak azken bileran pasatutako testuak aztertu eta LABek egindako hainbat ekarpenen ondorioz, testu hauek hobetu egin dira dira. Hori dela eta, LABek hitzarmen hau sinatzea erabaki du.

LABek bere sinadurarekin, 2009tik berritu gabe zegoen sektore hitzarmenarekiko duen konpromisoa adierazi nahi izan du, baita balioan jarri LABek soilik defendatu eta eskuratu dituen hainbat lorpen ere: KPIren gaineko soldata igoerak, hitzarmena bermatzeko batzordera joango ez diren enpresei ordainak etetea edota hizkera sexistarekin amaitzea.

Hala eta guztiz ere, sektoreko langileentzat akordioa hobea lor zitekeela ziur gaude. Akordio honek ez du inolaz ere 2009tik galdutako eros-ahalmena bermatzen, ez du prekarietatearekin amaitzeko inolako neurririk jasotzen (lan egutegia, aparteko orduen mugapena, lizentziak…). Puntu honetan, gogoratu nahi dugu sindikatu guztiok eraikuntzak bizi duen egoera esplotaziokoa bezala definitu dugula. Hitzarmenaren berme batzordeak ezin izango ditu obrak ikuskatu eta honek, zaildu egingo du hitzarmena betetzen ez dela frogatzea. Hitzarmena betetzen ez duten enpresentzat ez da inolako ondoriorik egongo. Ezin dugu ahaztu aldarrikapen hauek sektoreko urteetako aldarrikapenak direla.

Adegik ELA eta LABen artean pitzadurak sortzea bilatu du akordio merkeago bat lortzeko asmoz, eta ELAk txantaia horri men egin dio, patronalaren proposamena hobetzeko borrokari uko eginez, baita bi sindikatuok mahaian aurkeztutako proposamena defendatzeari uko eginez ere.

LABek argi dauka hitzarmenaren sinadurarekin ez dela borroka amaitzen. Orain, hitzarmenean lortu ez diren edukiak enpresetan lortzen saiatuko gara, eta obretan, hitzarmena betearazteko jarraipen estua eta zorrotza egiten jarraituko dugu.

 

 

 

Hiru greba egun iragarri ditugu Gipuzkoako errepidean zeharreko bidaiarien garraioan

Lanuzteak ekainaren 19, 22 eta 25erako deitu ditugu LAB, UGT, ELA eta CCOO sindikatuok, hitzarmenaren defentsan. Ekainaren 30ean, hitzarmenaren ultraktibitatea amaitzen da.

Hauxe da sindikatuok osatutako oharra:

Iazko apirilean hitzarmen berriaren negoziazioa abiatu zen. Hitzarmen honen indarraldia 2017ko abenduaren 31an amaitzen zen.

Iada urrian, akordio batera heltzeko helburuarekin bi aldeek 2018kko ekainaren 30rarteko ultraktibitate prorroga bat sinatu genuen.

Baina patronalak sektoreko langileak serio hartzen ez dituela dirudi. Ez dago jolasetarako denborarik, eta horregatik ez dugu ulertzen patronalak azken orduan bilerak bertan behera uzten edo bilera hauek atzeratzen hilabeteak eramatea.

Hemendik ez diogu soilik Patronalari negoziazio mahaian bere jarrera aldatu dezan mezua helarazi nahi, baita Gipuzkoako Foru Aldundiari ere gatazka honen inguruan bere eritzia emon dezan. Foru aldundia da burutzen duten zerbitzuengatik enpresei ordaintzen diena. Baina langileak dira Gipuzkoako garraio publikoa egunero bermatzen dutenak, eta horregatik zeozer esateko duela uste dugu eta patronalari jarrera aldaketa exijitu.

Ekainaren 30an gure hitzarmenaren ultraktibitatea amaitzen da. Eta beraz, gure sektorean aplikagarria litzatekeen hitzarmena estatala izatera igarotzeko arriskua hor legoke. Eta hau langileen eskubide eta lan baldintzetan atzerapausu izugarria suposatuko luke. Ez dugu holakorik onartuko!

Negoziazio mahaian parte hartzen dugun lau sindikatuok patronalari proposamen bateratu bat egin genion. Proposamen honekin aurreko hitzarmenetik, 2006-2014 urteetarako Gipuzkoako errepidean zeharreko bidaiarien garraioaren hitzarmena, galdutako urteak langileak berreskuratzeko eta lan baldintzak hobetzeko aukera emango lukeen hitzarmena sinatzea ahalbideratuko genukeela uste dugu.

Zehazki sektoreko aldarrikapenak hurrengo puntuetan zentratzen da:

1. Lan erreformaren aurrean blindatu inaplikazioa, flexibilitatea eta ultraktibitatean.
2. Galdutako eros ahalmena berreskuratu.
3. Berme handiagoz subrogaziorako eskubidea onartu.
4. Lan eskubideen inguruko sententziak bete.

Jokoan dagoena gehiegi da esku gurutzaturik geratzeko. Negoziazio mahaian akordio bat lortzen saiatzen jarraituko dugu, baina baita enpresa eta kalean ere.

Ekainaren 30a hortxe dago, denon artean gure hitzarmena defendatzeko ordua da. Hau dela eta, gaur Gipuzkoako foru aldundiaren aurrean ekainaren 15an eguerdiko 12etan burutuko dugun elkarretaratzea eta ekainaren 19, 22 eta 25rako 3 greba egunetako deialdi bateratua erregistratuko ditugu.

Berriz argi utzi nahi dugu gure helburua hitzarmen berria negoziatzea dela, baina ez dugu langileon eskubideekin jolastuko, eta horregatik eskura ditugun tresna guztiak erabiliko ditugu hitzarmen berria lortzeko helburua lortu arte.

Mobilizazioak:

-Ekainak 15 elkarretaratzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean eguerdiko 12etan.

-Ekainak 19, 22 eta 25 Gipuzkoako errepidean zeharreko garraio sektorean grebak.

Hiru greba egunetan manifestazio nagusia eguerdiko 12tan burutuko da Donostiko Boulevardetik abiatuta Foru aldundirarte.

 

 

 

Ikerketa independente bat eskatu dugu, Osakidetza ez delako fidatzekoa

0

Osakidetzaren egoeraren inguruko irakurketa orokorraren berri eman dugu gaur Bilbon. Zerbitzu Publikoen Federazioko idazkari Gorka Berasategik eta Osakidetzako delegatu Bego Aranzastik kronologia bat eman dute, aferaren larritasuna nabarmentzeaz gain.

Osakidetza ez dela fidatzekoa argi geratu dela nabarmendu dugu gaurko agerraldian; ebidentziak ukatu ditu, bertsioak aldatu egin ditu, bilera eskaerei ez die erantzunik eman… Honez gain, datu bat eman dugu, fidagarritasun eza horren adibide: afera honen aurretik publiko zegoen informazio bat jada ez dago eskuragarri. Hain zuzen ere, informazio horren bitartez egin ahal izan zuen LABek bere txostena, baina, eskandalua piztu zen unetik, ezkutatu dute.

Agerraldian, gertaeren kronologia osoa egin dugu, Osakidetzaren jarrera agerian uzteko.

Kronologia
• Lehenengo susmoak. Balizko irregulartasunen lehenengo informazioak orain dela hilabetea heldu zitzaizkigun, fakultatibo batzuen eskutik. Oraindik ez zeuden argitaraturik azterketen emaitzak. Momentu horretan informazioak jasotzen hasi ginen.

• Txosten estatistikoa. Behin azterketen notak argitaraturik, fakultatibo espezialista kategoria batzuen emaitzak estatistikoki aztertu genituen eta txostena osatu genuen. Txosten horretan nahiko argi gelditzen zen filtrazioen aukera, are nabariago bigarren ariketetan (kategoria bakoitzeko epaimahaiek egiten duten proba) lehenengo ariketetan baino (IVAPek eginak).

Honen harira azpimarratu behar dugu OPE honetan lehenengo ariketa IVAPek egin izana irregulartasunak detektatzeko gakoa izan dela; izan ere, nahiz eta IVAPen probetan ere filtrazioren bat detektatu dugun, bigarren ariketetan topatu ditugunak begi bistakoak izan dira, hau baitzen modu bakarra pertsona zehatz batzuek plaza atera ahal izateko.

• Osakidetzari bilera. Maiatzaren 31an, osteguna, Osakidetzako zuzendaritzari modu urgentean biltzeko eskaera egin genion idatziz, argi utziz fakultatibo espezialisten zenbait kategoriatan topatutako irregulartasunei buruz hitz egiteko zela. Oraindik ez dugu erantzunik jaso.

• Inpugnazioa. Ekainaren 1ean, ostirala, inpugnazio idatzia erregistratu genuen Osakidetzan, goizeko 9.30ean. Argi utzi genuen zein zen gaia. Beraz, egun horretatik bertatik Osakidetzak bazeukan behintzat gure salaketa esku artean. Idazki honi ez diote oraindik erantzun ezta ere.

Puntu honetan Darpon jauna zein Osakidetzako zuzendariaren ardura falta azpimarratu nahi dugu, behin eta berriro gezurra esan dutelako salaketa zegoenik ezeztatuz asteazkenera arte. Jarrera hauek zalantzan ipintzen dute Osakidetzak burutzen duen ikerketaren inpartzialtasuna eta, era berean, Darpon jauna zein Mujika anderearen egokitasuna okupatzen dituzten karguetarako.

• Osakidetzari txostena. Osakidetzaren aldetik inolako erantzunik ez genuenez, ekainaren 4an emailez bidali genion Zuzendaritzari gure txosten estatistikoa.

• EH Bildu. Modu paraleloan, EH Bildurekin batzartu ginen eta geneuzkan datuak eskuratu genizkien, euren taldeak Darponen azalpenak eska zitzala legebiltzarrean.

• Fakultatiboen testigantzak. Egun hauetan zenbait medikuren testigantzak jasotzen jarraitu dugu eta OPE honetan zein aurrekoetan filtrazioen praktika baieztatu digute. Pertsona hauen gehienek ez dute salaketa formalik egin ondorio laboralen beldur direlako, bai Osakidetzan zein osasungintzan pribatuan ere . Hemendik animatu nahi ditugu zeozer dakiten pertsona guztiak salaketak egitera, bai zuzenean justiziaren aurrena zein LABen bitartez.

• Gure iritziz, kasu honetan larriena da ez garela OPE honetako kategori batzuetako irregulartasun puntualez hitz egiten ari soilik. Kontatu digutenaren arabera, medikuntza espezializatutako kategoria gehienetan zabalduta dagoen sistema klientelar bati buruz ariko ginateke, OPE honetan zein aurrekoetan ere. Azken finean, inpunitate osoz funtzionatu duen sistema eta jende askoren inplikazioa, aktibo edo pasiboa, behar izan duena. Panorama honen aurrean zaila da pentsatzea Osakidetzan zein Osasun Sailean inork ez zekiela zer gertatzen ari zen.

• Fiskaltza. Azkenik eta egoeraren larritasuna kontuan hartuta, fiskaltzarengana jotzea erabaki genuen, LABek zeukan informazio guztiak bere esku ipintzeko eta ikerketa abiatuko zuen esperantzarekin. Atzo bildu ginen Gasteizko fiskalarekin eta ikerketa abiatzea bideragarri denez, hurrengo egunetan salaketa formala aurkeztuko diogu fiskaltzari.

 

 

 

Mugimendu feministak bat egin du eskubide sozialen aldeko martxarekin

Sestaotik abiatuko da larunbateko mobilizazioa, 12:00etan, eta Santurtziko portuan amaituko da. Ezkerraldea Martxan! plataformak deitu du; murrizketak, gastu militarra, langabezia, kriminalizazioa, diskriminazioa eta pobrezia salatzeko, besteak beste. Mugimendu feministak Barakaldoko Lanbideren egoitzaren aurrean eman dio gaur atxikimendua martxari.
 

 

 

Ekainaren 12rako, bi ordutako lanuzterako deia egin dute Orozkon, “lanetik etxera bizirik heldu nahi dugulako”

Maiatzaren 29an, Arcanor enpresan makina bat konpontzen ari ziren bi langile larri zauritu ziren istripu baten ondorioz. Biak ospitalera eraman behar izan zituzten eta bertan, larrien zegoen langilea hil zen. Beste lankidearen egoerak, berriz, oso larria jarraitzen du izaten.

Hauxe da Arcanor-eko langileek igorritako oharra:

Ezer baino lehenago, dolumina adierazi nahi diogu hildako lankidearen familiari, beraiekin bat egiten dute holako momentu garratxetan. Aldi berean, larri zauritua geratu den lankidearen familiari indarrak bidali nahi dizkiogu eta bere egoera onera itzuliko dela espero dugu.

Eta jarraian, honen aurrean, Arcanorreko langileok honakoa adierazi nahi diogu jendarteari:

– Onartezina egiten zaigu horrelakoak gertatzea. Lanetik etxera bizirik bueltatu nahi, bueltatu behar dugu. Beste era batera ez dugu ulertzen. Baina kasu honetan, eta beste askotan ere, ez da horrela izan. Euskal Herrian, 2017. urtean, 54 langile hil ziren lan- istripuen ondorioz, eta aurten 22 momentuz. Gainera, milaka langile egon dira bajan lan- istripu baten ondorioz.
– Inplikatutako eragile sozial guztiei trajedia honekin bukatzeko lanean jar daitezela eskatzen diegu. Guretzat ezinbestekoa da, beste edozein logikaren gainetik, lanean gure bizia eta osasun fisikoa mantentzea.
– Arazo honek guztioi eragiten digu, gizarte osoarengan eragina daukan arazo soziala da. Ezinbestekoa da egoera iraultzeko pausuak ematea. Horregatik, gizarteari jakinarazi nahi diogu zein den gure erabakia:

Arcanorreko langileok Orozko herriari (lan arloa, merkataritza,…gizarte osoari) eskatzen diogu ekainaren 12rako asteartean 12etatik 14etara deitutako bi orduko lanuztearekin bat egitea. Eta era berean, egun horretan 12.30etan Zubiaurreko plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen diegu.

 

 

 

“Zergatik ez dugu hemen negoziatzen? EAJk nahi ez duelako”

Manifestazioa egin dugu gaur Bilbon, Gobernu Ordezkaritzatik Sabin Etxeraino, zerbitzu publikoen defentsan. Hain zuzen ere, lan baldintzak eta kalitateko zerbitzu publikoen alde urratsak eman behar direla nabarmendu dugu, langileekiko zorra ordaindu, enplegua egonkortu eta berton erabakitzeko.

Manifestazioan zehar ugariak izan dira zerbitzu publikoen aldeko oihuak eta EAJk PPrekiko duen menpekotasunaren ingurukoak.

Amaieran, EAJren egoitza nagusiaren aurrean, Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkari Gorka Berasategik hartu du hitza, eta adierazi du mobilizazioa beharrezkoa izan dela EAJren benetako aurpegia ikustarazteko. Ohartarazi du estatalizazio, zentralizazio edo espainolizazioaren arazoa dela euskal langileok egun dugun arazorik larrienetakoa, baita sektore publikoan ere.

Berasategiren hitzetan, "EAJ ez omen dago ados Madrilgo murrizketekin, baina bete egiten ditu. Zerbitzu publikoak ahultzea da euren helburua".

Adierazi du CCOO, UGT eta administrazioak Madrilen sinatutako akordioak hemen ez duela ezertarako balio, zeharo desberdina baita hemengo errealitatea: “Hemengo pobrezia dakar Madrilgo akordioak”. Eta galdera bat luzatu du, dagokion erantzunarekin: "Zergatik ez dugu hemen negoziatzen? EAJk nahi ez duelako".
 

 

 

Kezkaz jaso dugu Europako Epaitegiaren irizpide aldaketa

Europar Batasunako Justizia Epaitegiak behin behineko langileen kalte ordainen inguruko bi sententzia kaleratu ditu. Sententzia hauetan modu nabarmen batean bere garaian aitortutako diskriminazioa existitzen ez dela ebazten du, finkoak ez diren langileen kalte-ordainak finkoen kalte-ordainekin parekatu behar ez direla hain zuzen. 2016 amaieran emandako ebazpenak kontutan hartuta, 180 graduko doktrina aldaketa suposatzen du honek.

Ebazpen hauek ziurgabetasun egoera batean kokatzen dituzte milaka langile. Guztiok dakigu gaur egun lan merkatuaren ezaugarri nagusia behin behinekotasuna dela eta langile kolektibo hauentzat sekulako kolpea suposatuko du doktrina juridikoaren norabidea aldatzeak. Babes maila txikiena daukan langile kolektibo honentzat berri onak iritsi ziren Europako Epaitegietatik duela hilabete batzuk, orain ordea langile finkoekin daukaten ezberdintasuna handitua ikusiko dute zalantzarik gabe.

Iritzi aldaketa hau ordea ezin da ulertu sektore publikoan dagoen egoera kontutan hartu gabe. Atzo ateratako bi ebazpen horietako bat administrazio publikoetako kudeatzaileen buru hauste handi bat konpontzera etorri da zalantzarik gabe. Bitarteko langileak (interinoak) beraien lan harremana amaituta ikusten dutenean kalte ordaina jasotzeko aukera ez dagoela ebatzi du tribunalak, aurreko sententzietan aipatzen zen diskriminazioa existitzen ez dela esanez. Bitarteko langileez josita daude administrazioak, lanpostu estrukturalak betetzen. Urteak eta urteak ziurgabetasun egoeran eta gainera lan harremana amaitu eta kalte ordainik ez.

LABek esku beltzak ikusten ditu irizpide aldaketa honetan. Argi dago gobernuak gai honekin urduri zeudela eta Europako epaitegietatik irizpide aldaketa honen zain zeudela. Tamalgarria da gobernu ezberdinen jarrera, berriro ere langileen bizkar jartzen dute instituzioen gastu kontrola. Kasu honetan gainera, ziurgabetasunean eta babes maila baxuenean dagoen langile kolektiboaren bizkar.

Onartezina da gure ustez behin behinekotasun egoera hauek gure lan merkatuaren oinarri izatea, are eta gehiago sektore publikoan, non kontratazio eredua iruzurrezko interinitatean oinarritzen den. Susmagarria eta salagarria da Europako Epaitegiaren norabide aldaketa, administrazio merkantilistaren interesak defendatzen, lan merkatuan geroz eta gehiago diren behin behineko langileen diskriminazioa areagotzen ari dira eta.
Bukatzeko, iruzurrean dagoen behin behinekotasun egoeren kontra borrokatzeko deia egiten diegu langile guztiei. Horretarako prest dago LAB, bai sektore publiko zein eremu pribatuetan.
 

 

 

WEC II-eko grebalariak enpresa taldearen aurrean mobilizatu dira

0

Wind Energy Casting Fundiciones enpresako langileak greba mugagabean daude hitzarmen duin baten defentsan. Aguraingo lan zentruko langileak Itziarrera gerturatu dira gaur, enpresa taldearen egoitza nagusia dagoen lekura. Protesta egin dute bertan.
 

 

 

Mobilizazioei helduko diete berriro Gasteizko BSHn

0

Bi orduko lanuzteak egin dituzte gaur, eta ekainaren 13 eta 20rako lanuzte gehiago iragarri ditu enpresa komiteak, gaur bertan egindako agerraldian.