LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, Brasilen Estatuaren aldetik ematen ari den errepresioa salatzeko Bilbon apirilaren 13an izango den mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu du.
Nafarroako Legebiltzarrean onetsitako legean, subrogazioa, laneratze-ezaren kasuetan ordezpenak, gutxienezko plantilla eta lanaldia bermatu dira, eta hitzarmenik aldekoena izanen da aplikagarria plantilletan.
Zerbitzu publikoen azpikontratazioak administrazio paralelo bat sortu du Nafarroan, non milaka langilek lan egiten duten. Azpikontratazio hori sarritan negozio-hobi bilakatu da enpresa pribatuendako, baina hori tamalez zerbitzu horietako langileen lan-baldintzen kaltetan joan ohi da. Horregatik CCOOek, ELAk eta LABek zorionak eman dizkiote elkarri, Nafarroako Parlamentuan Kontratu Publikoen Legea onetsi delakotz. Izan ere, aitzinatze nabaria izan da enpresa azpikontratatuetako lan-baldintzak duintzeko bidean, eta testuan txertatu diren gizarte-arloko, ingurumeneko eta berdintasuneko klausulei esker irizpide ekonomizistak lehenesten zituen sistema azkendu da.
Hiru sindikatuen iritziz, onetsi berri den legearen alderdirik nabarienak hurrengo hauek dira: subrogazioa, gutxienezko plantilla eta lanaldia bermatu dira zerbitzuetako eta zerbitzu-emakidako kontratu guztietan, hitzarmenik aldekoenaren aplikagarritasuna ezarri da, sindikatuei eskumena aitortu zaie baldintza-orriak (pleguak) errekurritzeko, laneratze-ezaren kasuetan ordezpenak bermatu dira, eta jendeari begirako postuetan euskara-planak sustatu dira.
CCOOek, ELAk eta LABek ongi deritzogu Parlamentuko izapidean egindako lanari, lege berrian aurrerapauso nabarmenak eman baitira enpresa azpikontratatuetako lan-baldintzak duintzeari dagokionez. Alde horretatik aipatu beharrekoa da Gobernuak Parlamentuari igorritako lege-proiektuan ezta subrogazioa ere ez zela bermatzen. Lege berri hori ezinezkoa izanen zen, hiru sindikatuok egin dugun behartze-indarra egin gabe.
Bertzalde, CCOO, ELA eta LAB sindikatuok administrazioak premiatzen ditugu (Nafarroako Gobernua, udalak, mankomunitateak…) hemendik goiti lizitazioak Kontratu Publikoen Legearen arabera egitera, eta enpresa azpikontratatuetako lan-baldintzak duintzeari gogotik lotzera.
Azkenik, dei egiten diegu enpresa azpikontratatuetako langileei lan-eskubideen defentsa antolatzera, hitzarmen onak lortzera, Kontratu Publikoen Legea betearaztera, eta pleguetan gutxienezko plantillen betebeharra eta lanaldi bermatuak jasotzea erdiestera.
LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak eta sindikatuko Heldu eta Pentsionisten arloko ordezkariek agerraldi bat egin dute gaur Bilbon, sindikatuak pentsioen egoerari buruz egindako txostena aurkezteko eta gaiaren inguruko irakurketa egiteko. "Sistema propio bat eraiki behar da, Gizarte Segurantzako euskal sistema bat", berretsi du Garbiñe Aranburuk.
Garbiñe Aranburuk ohartarazi du Espainiako Estatuko politikek ez dituztela pentsio duinak bermatzen eta pentsioak berak arriskuan daudela, hau guztia, politika publiko neoliberalen eta lan erreformen ondorioz: "Inposatzen diren neurrien helburua arlo publikoa murriztea da, arlo pribatua loditzeko. Kontu publikoetan kolapsoa eragin nahi dute, dagoeneko ematen ari dena, alternatiba gisa pentsioen funtsa eta plan pribatuak saltzeko".
Hau zehaztuta, LABeko idazkari nagusiak berretsi du politka neoliberalak errotik aldatzea dela konponbidea, eta horretarako Madrilera begiratzeari utzi behar zaiola nabarmendu du: "Sistema propio bat eraiki behar da, Gizarte Segurantzako euskal sistema bat".
Mobilizatzen jarraitzea behar beharrezkoa dela adierazi du: "Pentsio duinen borroka Gizarte Segurantzako sistema propio baten aldeko borrokarekin lotzea da erronka. Burujabetza behar dugu, Gizarte Segurantzan erabateko eskumena izan, sistema alternatibo bat eraiki nahi badugu Estatutik inposatzen digutenarekiko".
LABek zer proposatzen duen zerrendatu du ondoren. Hain zuzen ere, pentsio duinak bermatzeko bost oinarri proposatzen ditugu:
1) Hilean 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa, hemen eta orain
• Hilabetean gutxienez 1.080 eurotakoa izango den pentsioa eskatzea honakoan oinarritzen da. Europaren barruan gaude eta bertan, soldaten medianaren, ez batazkebestekoa, balioaren %60ak ematen digu aipatutako kopurua. Medianaren %60 da mugatzat jotzen den kopurua pobrezia arriskuan ez kokatzeko. Proposamen hau baliagarria da baita emakume pentsionisten egoeran pentsioen arrakalak sortzen duen diskriminazio egoerari erantzuteko.
• Botere publikoek bermatu behar dute orain zein etorkizunean pertsona guztiek euren pentsioa eskuratzea, eta horretarako, ulertzen dugu duina izango den gutxieneko bat zehaztu behar dela. Horregatik eskatzen dugu Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) edo Gizarteratze eta Bermatutako Errentaren (GBE) bidez Madrilen erabakitako miseriazko pentsioak osagarritzea. Konpetentzien gabezia honek pobretu egiten gaitu.
2) Pentsioen eros ahalmenari eutsi, KPIren arabera eguneratzearen bidez.
• Indize honi eusteak suposatzen du pentsioen eros-ahalmena bermatzea.
• 1.000 eurotik beherako pentsioetan, 2011-2017 artean %1,8koa izan da eros-ahalmenaren galera EAEn eta %0,3koa Nafarroan.
• 1.000 eurotik gorako pentsioentzat, 2011-2017, artean, %2,9koa izan da EAEn eta %1,3koa Nafarroan.
3) Pentsioen erreformak atzera botatzea
• Exijitzen dugu indargabetu izan daitezela Madrildik iritsitako pentsio-murrizketa etengabe eta gogorrak, inposizioaren, adostasun politikoaren edota CCOO eta UGT sindikatuek garatutako eztabaida sozialaren ondorio direnak.
• Etorkizuneko erreformen aurrean euskal esparrua blindatu behar dugu eta aurretik egindakoak lehengoratu, sistema publikoari balioa kendu eta berau suntsitzen dutenak.
• Toledoko Ituna ez da espazio neutrala zeinetan espero dezakegun egoera lehengoratzea, osatzen duten aditu eta gehiengo politikoak konpromiso handiagoa duelako finantza-interesekin pentsio-sistema publikoaren defentsarekin baino.
4) Gizarte Segurantzako euskal sistema
• Kontuan izanda pentsioen erreformak inposatu egin zituztela Hego Euskal Herrian, Greba Orokorrekin erantzunak izan baitziren, kontuan izanda pobretu egiten gaituztela eta kontuan izanda pentsio-sistema publikoaren gainean dauden mehatxuak, ezinbestekoa da gizarte segurantzako sistema propioa izatea konpetentzia legegile osoekin.
• Gainera, Hego Euskal Herrian dagoen korrelazioa bera, bai esparru politiko-instituzionalean bai sindikalean, gure interesen aldekoagoa da esparru estatalean baino. Honek ahalbidetuko luke euskal langileriak modu zuzen eta eraginkorragoan parte hartzea, bere interes propioen defentsan, bere lan-baldintza eta babes sozialerako funtsezkoak diren gaietan.
• Pentsio-sistemak errenten bermerako eta mundu guztia babestuko duen babes sozialerako sistema zabalago baten parte izan behar du.
5) Etorkizuneko pentsioak duinak izan daitezen, kalitatezko enpleguak izan behar du abiapuntua
• Lan Denboraren Banaketa orokortua soldata gutxitu gabe, enplegu osora eramango gaituena eta pertsona guztiek pentsio duina izan ahal izatera, bai kotizazio bai zergen bidez.
• Laneko Denboraren Banaketa laneko eta bizitza pertsonala modu efektiboan uztartzeko, eta ehun produktiboaren berreuskalduntzea laguntzeko.
• Soldatak eta laneko egonkortasuna nabarmen hobetzea.
• Zaintza-lanen korrespontsabilitatea, aukera berdintasuna eta emakumeen enplegurako sarbide-eskubideak bermatzea, eta soldata-arrakala diskriminatzailea erauztea.
• Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 1.200 eurotakoa izatea.
Maiatzerako mobilizazio egun nazional bat diseinatzen bagabiltza, alderdi zein sindikatuekin egiten ari garen erronda eta barne mailako lanketaren araberakoa.
Joan den astean iragarri bezala, LAB sindikatutik hasi dugu alderdi zein sindikatu ezberdinekin bilera erronda, egiturazko Akordio Interprofesionalari, Estatu mailatik, FEADRS patronalak eginiko inpugnazioaren harira, gai honekiko LABen irakurketa helarazi eta beste eragileek duten jarrera eta konpromisoa ezagutu ahal izateko.
-Apirilaren 20an, langileen lan baldintzak estatalizatuta dituzten enpresa batzuen aurrean mobilizazio desberdinak egingo ditugu. Bizkaian Derion dagoen Eurest enpresan, Araban Albertia zahar egoitzan, eta Gipuzkoan Anoetako estadioaren obran mobilizazio desberdinak egingo ditugu, lan zentru horietako langileak pairatzen ari diren egoera salatzeko, hau da, prekarizazioa eta pobretzea estatu mailako lan baldintzak aplikatzeagatik, beren lan hitzarmena Euskal Herrian negoziatu ezin dutelako edo hainbat gai ezin dituztelako euren lan hitzarmenetan negoziatu. Horrekin batera, Euskal Herrian bertoko lan hitzarmenak izan eta aplikatzearen beharra aldarrikatuko dugu.
-Apirilaren 24ean, Akordio Interprofesionalaren inpugnazioa epaitegian aztertuko den egunean, Bilboko epaitegietan ere mobilizatuko gara, estatalizazioa eta estatu mailako injerentziak salatzeko.
Maiatzerako mobilizazio egun nazional bat diseinatzen ere bagabiltza, alderdi zein sindikatuekin egiten ari garen erronda eta barne mailako lanketaren araberakoa, eta hurrengo asteetan zehaztuko duguna.
Bukatzeko, azken egunetan Akordio Interprofesionalaren inpugnazioari eman beharreko erantzunaren kudeaketaren inguruan eginiko adierazpenak kontutan hartuta, LABen eta ELAren arteko harremanan inguruan hau zehaztu nahi dugu:
1. Akordio Interprofesionalaren inpugnazioari erantzuna ematerakoan, gaia ez da greba egin ala ez, ezta greba noiz egin behar den.
2.- LABen iritziz, inpugnazioa arazo oso larria da, gure herriko langile guztien erabakitzeko eskubidea urratzen duelako eta estatalizazioa inposatu nahi duelako, lan baldintzak prekarizatu ahal izateko.
3.- Inpugnazioak agerian uzten ditu orain dugun markoaren mugak, eta Lan Harremanetako Euskal Esparruaren beharra, herri honetan behar ditugun tresnak arautu eta babesteko.
4.- Arazo Konfederala den neurrian, LABen iritziz erantzun Konfederala behar du, eta horrela plazaratu genion ELAri, maiatzean 4 orduko lanuzte konfederal bat deitzea proposatuz.
5.- ELAk kolektibitateko 3 enpresa presionatzea eta hauetan greba egun bat egitea proposatu zigun, uste zutelako epaia ekiditu zitekeela. Gure iritziz, erasoaren tamaia ikusita, greba 3 enpresetara mugatzea motz geratzen da, eta proposamen osoa judizializazioaren bideari mugatua ikusten dugu.
6.- ELA duela hilabete batzuk (Gabonetan) lan baldintzak estatalizatuta dituen Eurest enpresan akordio bat sinatzeko prest agertu zen, LABek onartzen ez zuena, estatalizazioa onartzen zuelako. Ordutik hona, LAB da, ekimen desberdinekin, bertan ekintza sindikala burutzen ari den sindikatu bakarra langileak estatalizaziotik ateratzeko.
7.- Kolektibitateetan estatalizatutako 3 enpresetan LABek bere ekintza sindikalarekin jarraituko du, grebak barne, enpresa horietako langileek bertan negoziatu eta adostutako lan baldintzak izan arte. Berdin egingo dugu egoera berdinean dauden beste sektoreko edozein enpresatan ere.
Laster adingabeen esku-hartze sozialeko zenbait programa esleituko ditu Nafarroako Gobernuak, eta horretan lan egiten duten Xilema eta Nuevo Futuro enpresetako langileek sinadurak bildu eta aurkeztu dituzte haien egoera salatzeko.
Xilema Fundazioaren eta Asociacion Navarra Nuevo Futuroren enpresa batzordeen oharra:
Nafarroako Gobernuko adintxikikoen basbespenerako plegu berriaren atarian gaudenean, irmoki esan dezakegu gaur egungo pleguek ez dituztela dauden beharrak asetzen. Are gehiago, Xilema fundazioak kudeatzen duen pleguaren aurrekontua eta esleipena merkatuaren prezio azpitik egina izan zen. Eta 4 urte luzez luzatu da egoera.
Gaur egungo pleguek langileen lan baldintzak hobetzea ezindu dute, negoziazio kolektiborako duten eskubidea ukatu dute.
Egoera honek langileok gure lanpostuetan egiturazko prekarietatea pairatzea ekarri du. Eredu batzuk jartzearren:
• Profesional batzuk daude kategoria ezberdinekin baina funtzio oso antzekoekin, hezitzaile laguntzaile eta hezitzaileen kasuan esate baterako, euren arteko ezberdintasu handiena soldatakoa da, ez betebeharrena.
• Pleguen arabera artatu beharko ziren erabiltzailen populazioa eta egunerokoan artatzen denaren arteko desoreka dago, kasuen larritasunari dagokionez. Horrenbestez ikusten dugu nola pleguek aitortzen dituzten baliabideak eta benetazko beharrek eskatzen dituztena ezberdinak diren. Zentzu honetan, langileek pairatzen dituzten lan kargek ez dira batere egokiak.
Horren guztiaren ondorioz, bi entitateetan egin diren arrisku psikosozialen ebaluazioek emaitza kezkagarriak ondorioztatu dituzte. Antsietate eta estres neurri altuak daude, eta honek langileen errotazioa handian eragin zuzena dauka, langileen sarreta eta irteera areagotuz, esku-hartzea erabat baldintzatuz.
Problematika honen jakitun ginelarik, plegu berriaren aurreko hilabeteetan administrazioarekin harremanetan egon gara. Bilera hauetan, lan baldintza duinetan kalitatezko esku-hartzea burutu ahal izateko, egunerokotasunean lanean dauden langileei eskatutako informazioa hau administrazioari helarazi genion.
Izan ditugun elkarrizketen ondorioz, lan baldintza batzuen hobetzea ez ezik, sutsuki okertzeko aukera zegoela ikusita, geldirik ez geratzea erabaki genuen eta sinadura bilketa bat abiatu genuen bi entitateetan.
Horrela 160 langileen aldetik jasotako sinadurekin Adingabeen Zuzendariordetzari ozen eta garbi esan nahi diogu ez dugula onartuko gure lanpostuen lan baldintzen okertzea, pleguen aurreikuspen edo behar ezagatik. Hala nola, ez dugu onartuko ere, plegu horiek aurrerantzean gure lan baldintzen hobetzea ekiditea.
Nafarroako Gobernuak berehala zuzenduko ez balu jarrera, ELA eta LAB sindikatuok uko egingo diogu Lan Osasunaren Nafarroako Kontseiluan parte hartzeari.
Lan Osasunaren Nafarroako Kontseiluak berriro balioztatu du Laneko Arriskuak Prebenitzeko Estatuko Fundazioa finantzatzeko sistema. Zehaztearren, eta Gobernuaren aldeko jarrerarekin, CENek, UGTk eta CCOOk aurkeztu proiektuak bermatu ditu diru publikoaz finantza daitezen; diru hori, aipatu Fundazioa kudeatzen duten mutualitateek dituzten soberakinetatik dator. Gogora ekarri behar dugu, aipatu sistemaz, urte luzetan, banatu dituztela aipatu funtsak CEN, UGT eta CCOOren artean, Nafarroako Lan Osasunaren Kontseiluan, non 2000. eta 2013. urte artean, aipatu erakundeentzat 5 milioi euro baino gehiago esleitu zituen.
2014. urtean, Kontu Auzitegiak antzeman zituen irregulartasunak zirela-eta, eta epai bidez 2008. eta 2013. urte arteko deialdiak baliogabetu zirenez, Fundazio berak aldatu zuen sistema, Kontseilua parte hartzetik baztertuz. Hala ere, 2017. urteko uztailean diru-laguntza berri bat argitaratu zen, estatu mailakoa eta 11 milioi euro baino handiagoa; hartan aurreikusten zen hiruko organoak proiektuen baremazioan parte har zezakeela.
Irailak 29 zituela, eta CENek, UGTk eta CCOOk eskatuta, Gobernuak proposatu zion Kontseiluari egiazta zezala aurkeztu ziren bederatzi proiektuak (CEN, Nafarroako UGT, Nafarroako CCOO, Errioxako FE, Confebask, Euskadiko UGT, Euskadiko CCOO, Errioxako UGT eta Aragoiko CCOO) Nafarroako Lan Osasunaren Egintza Planarekin bat datozen, puntuazio handiagoa emanez eta finantziazio publikora heltzea erraztuz. Proposamena onartu zen, ELAk eta LABek aurka agertu boto bakarrekin.
Urriak 17 zituela, Kontu Auzitegiak onartu zuen Laneko Arriskuak Prebenitzeko Fundazioa fiskalizatzeko txosten berria. Hartan berriro ondorioztatzen da, haren finantziazio sisteman, CEOE, UGT eta CCOOren artean, aldez aurretik banatzen direla funtsak, aipatu erakundeak epaile eta alderdi izan direla ematen diren laguntzen banaketan, eta maiz, zalantzagarria dela jasotako funtsak egintzetan erabiltzen ote diren.
Egoera honelako izaki, ELAk eta LABek onartezina deritzate Nafarroako Gobernuak bat egin izanari, Kontseiluan duen aldeko botoa emanez, CEN, UGT eta CCOO-rekin bat egin zuelako. Erabaki politiko honek, teknikoki eta objektiboki justifikaziorik ez duena, Nafarroako langileen kotizazio sozialetatik datorren diru-publikoa Estatuak kudeatzeko ezarri duen sistemaren aldeko hautua dakar, horrez gain, Lan Osasunaren Egintza Plana eta Kontseilu bera erabili nahi du.
Gobernuaren jarrerak iluntzat eta klientelartzat jotzen den eredua ontzat emateaz gain, lan osasun arloan iruzurrari zabaltzen dizkio ateak: proiektu baldintzatuei, haien garapenari eta eraginkortasunari kontrola urria egiten zaielako. Esan daiteke ere, gobernu horrek uko egiten diola haren autogobernua babesteari, estatuari aipatu funtsak kudeatzeko eskuduntza ere eskatzen ez diolako, beste gobernu batzuek egiten duten antzera.
Hortaz, ELAk eta LABek oso larria deritzegu Gobernuak eredu horren aldeko hautuari eta aipatu funtsen kudeatze publiko eta zuzenaren ukoari. Erabaki horrekin Nafarroak galtzen du haren langileen Lan Osasun eskuduntza.
Honengatik, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu:
1. Haren konpromiso politikoa Laneko Arriskuak Prebenitzeko Estatuko Fundazioaren funtsak publikoki kudeatzearen alde egiteko, Nafarroan, mutualitateek sortu dituzten soberakinak zuzenki kudeatzea aldarrikatuz eta amaiera emanez CEN, UGT eta CCOO-k funtsa horietara iritsi ahal izateari.
2. Gaur egun, aipatu erakundeekin, lan osasun alorrean, adostasun politika bertan behera utz dezala.
Nafarroako Gobernuak berehala zuzenduko ez balu jarrera, ELA eta LAB sindikatuok uko egingo diogu Lan Osasunaren Nafarroako Kontseiluan parte hartzeari, iraunkorki eta proaktiboki, aipatu Kontseilua aurretiaz eta behin betikoz utzi baino lehen: gero eta nabarmenagoa delako UPNek erabili politikei jarraitzen zaiela, kudeaketa publikoari eta CEN, UGT eta CC.OO.-rekiko harremanei dagokienez.
"Terra de Ningú" liburuaren aurkezpena baliatuko dute bi mahai inguru antolatzeko.
"Terra de Ningú" liburua Kataluniako prozesu eratzaileari begirako ekarpena da. Mundu mailako emakume ezberdinen ekarpenekin egindako liburua da. Liburuaren aurkezpena egingo dute ostiralean, eta Euskal Herrira begirako eztabaida mahai gaineratzeko baliatuko dute eguna.

Zer da estatu feminista bat? Zertan datza? Baldintzak ba al daude gaur egun euskal errepublika feminista sortzeko?Zergatik estatu feminista eta ez soilik sozialista? Posiblea al da estatu bat sortzea feminista izango dena botere harremanak erreproduzitu gabe edota gaur egun existitzen diren instituzioekin? Ez al genituzke asmatu behar instituzio berriak edo demokrazia kontzeptua irauli? Horrelako galderei erantzungo diete ostiralean bi mahai inguru hauetan:
-Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, 34. Gelan, 11:30ean.
-Bilboko La Bolsan, 18:30ean.
Gatamaula Feministako Maria Rodó, Feminismo Dekolonialako Sara Cuentas, Bilgune Feministako Saioa Iraola, EHUko irakasle Jule Goiokoetxea eta LABeko idazkari nagusi ohi Ainhoa Etxaide izango dira hizlariak. Leioako mahai inguruan, Kurdistan Women’s Relation Officeko Meral Çiçek-ek ere hartuko du parte.
Gaur oso epaiketa berezia egin da Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusian, forman eta fondoan. Fondoan epaitzen dena sindikatuok dugun hainbat informazio jasotzeko eskubidea da, eta epaia oso garrantzitsua izango da alde honetatik. Nolabait esateko, 37 informazio mota ezberdin jasotzeko eskubidea aldarrikatu du Langile Batzordeak. Kontratazioen datuak, azpikontraten eta ekoiztetxeen inguruko informazioa, datu ekonomikoak… esan bezala, langileon aldeko epaia irtenez gero tresna garrantzitsua edukiko dugu ETBn prekaritateari eta iluntasunari aurre egiteko. Kontran ateraz gero, txiringito publikoa nahieran kudeatzea errazago izango du Sabin Etxeak.
Halere gaur behintzat garrantzia handiagoa hartu du formak. Izan ere EITBko zuzendaritzak erabaki onartezina hartu du, EAEko Auzitegiaren eskuduntzak baztertu eta hemendik aurrera lan gatazka kolektibo guztiak Madrilgo Entzutegi Nagusiak epaitzearen aldeko apustua egin baitu. Aitzakia Madrilen eta Barzelonan dauden korrespontsalietan oinarritu dute, hots, lan zentruak EAEtik kanpo izateagatik, herrialde horretan ordezkaritzarik ez duen sindikatuak ezin duela gatazka kolektiborik aurkeztu dio.
Orain ez gara xehetasunetan sartuko eta epaileek ebatziko dute gaia. Salatu nahi duguna da gaur egun, lan hitzarmenen estatalizazioaren arriskuaren testuinguruan, Eusko Jaurlaritzaren ETB jokatzen ari den papera. Hasteko, programak grabatzeko azpikontratatzen duen Aldi Baterako Lan Enpresari kontratua etetea erabaki berri du, adostu berri den ikusentzunezko hitzarmen markoa de fakto bertan behera botatzeko helburuz. Gaurkoan ETBk bere lan hitzarmenaren zaintza euskal sindikatuen eskuetatik urrundu nahi du. Langile Batzorde honek Administrazio Kontseiluko kideei gai hau formalki lantzea eta norberaren jarrera adieraztea ekatzen die.