2026-01-21
Blog Page 781

“Ez dago gizonik aita izateagatik lana galdu duenik”

Bilbon gaur egindako agerraldiaren helburua Texajax enpresa emakume bat diskriminatzeagatik zigortu duela jakinarazi eta epaiaren inguruko balorazioa egitea izan da. Lantokietan ematen den emakumeen kontrako diskriminazioa salatu eta borrokatzera deitu dugu.

Kasua kokatzeko, oroitu behar dugu Janire Zornotzako Texajax enpresako langilea zela. Amatasun baimena hartu zuen eta lanera bueltatu zenean, enpresaren jabe Juan Carlos Zarandona Esquibelek esan zion beragan konfidantza galdu zuela eta bera kaleratzeko asmoa zuela. Hori dena ama izateko eskubidea aldarrikatzeagatik eta bere lanpostua defendatzeagatik. Gainera, honela justifikatu nahi izan zuen kaleratzea. Bere ordez zegoen langileak, gizon batek, askoz ere asti gehiago izango zuela lanari eskaintzeko, ez baititu lantegiko lana eta seme-alaben zaintza lana uztartu behar.

Hala ere, Janirek ama izateko eskubidea eta bere lanera bueltatzeko aukera praktikara eraman eta bere lanpostura itzuli zen, eta enpresaren erantzuna ondorengoa izan zen: langilea gutxiestea, mobbing-a egitea, lehen egiten zituen funtzioak kenduz eta lan egiten zuen bulegotik botaz, bakarrik zegoen gela batera baztertuz. Helburua, langilea bera izatea lana uzten zuena, etorkizunean enpresaren aurka jar zitzakeen salaketa zein erreklamazioak ekiditeko asmoz.
 honen ondorioz Janirek baja hartu behar izan zuen lantokian egoera jasanezina bilakatu zelako eta salaketa ipintzea erabaki zuen.

Aurreko apirilaren 10ean epaiketa burutu zen eta dagoeneko badu epaia. Janirek irabazi du epaiketa eta Texajax enpresa zigortua izan da. Epaiak, langileak sexuaren araberako diskriminazioa pairatu zuela adierazten du, amatasunaren ondorioz bere oinarrizko eskubidea urratua izan delarik. Hau dela eta, enpresak kalteordaina eman beharko dio langileari kalte moralengatik.

LABek epai hau ospatu nahi du eta bereziki Janirek egindako ibilbidea goraipatu. Ez da bide samurra izan, baina borrokaren bitartez egoera honi aurre egiteko gaitasuna erakutsi dugu eta beste kasu batzutan inolako zigorrik gabe geratzen diren egoera hauen aurrean, aurrera pauso bat ematea lortu dugu.

Janire, eskertuta
Janirek bere lekukotasuna eman du agerraldian: "Lehenik eta behin, eskerrak eman nahiko nizkieke nire eskubideak errespetatuak izan daitezen ekin diodan borrokan bidelagun izan direnei, LAB sindikatuari eta Zornotzako mugimendu feministari. Nik jasandakoaren aurrean ixilik geratu beharrean, aurrera egitera animatzeagatik eta uneoro babesa emateagatik".

Janireren hitzetan, "bakarrik eta isolatuta nahi bagaituzte, argi dugu zein den bidea. Elkartzea, harremanak eta konplizitate sareak jostea eta borrokan egitea. Baitere animatu nahitu nituzke egoera berdinean aurkitzen diren emakumeoi salaketa ipintzera eta egoera hauen aurka borrokatzera, bidea gogorra bada ere, gogorragoa delako oraindik injustizia hauen aurrean ezer egin gabe geratzea".

Mobilizazioa, beharrezkoa
Texajaxen gertatzen ari zen egoera honen aurrean, LABen argi izan genuen lehen momentutik diskriminazio egoera hau kalean salatu beharra genuela, epaitegietatik harago. Horregatik egin genuen kontzentrazioa apirilaren 10ean epaitegietan.

Azken finean, egunero ezkutuan emakume asko euren lanpostuak galtzen ari dira ama izateagatik, baina balizko ondorioak sortzen dieten beldurraren ondorioz, ez dituzte egoera hauek salatzen. Emakume hauei guztiei zapalkuntza hauei aurre egitea posiblea dela eta bide horretan, LAB laguntzeko egongo dela adierazi nahi diegu. "Ez dago gizonik aita izateagatik lana galdu duenik", nabarmendu dugu gaurko agerraldian.

Egindako borrokan Zornotzako Mugimendu Feministak izan duen inplikazioa ere azpimarratu beharra dago, hasierako momentutik Janire babestuz eta Zornotzan “Sinisten dizugu” kanpaina bazter guztietara zabalduz. Horren erakusgarri apirilaren 14an Zornotzako Udaletxeko plazan egin zen mobilizazio jendetsua. Horrela, beste behin erakutsi genuen ezinbestekoak direla sindikalgintza eta mugimendu feministaren arteko aliantzak Patriarkatuari aurre egiteko borrokan.

Hala ere, borroka honek zapore gazi-gozoa utzi digula aitortu behar dugu, Janirek epaiketa irabazi du eta Texajax enpresa zigortua izan da, baina horrek ez dio bere lanpostua bueltatuko. Arrazoia? Lantokian pairatutako jazarpenaren ondorioz, bertan lan egitea ezinezkoa bilakatu zaio.

Hau dela eta, lan ikuskaritzan Texajax enpresaren aurka salaketa ipiniko dugu epaiaren bitartez argi geratu delako enpresak diskriminazioa gauzatu duela, eta beraz, Lan ikuskaritzak dagokion zigorra ipintzea espero dugu.

Azkenik, Lan ikuskaritzari zein instituzio ezberdinei exijitzen diegu egoera hauen aurrean neurri prebentiboak martxan ipintzea, Janireren kasuan bezala, behin kaltea egindakoan lanpostua galtzea dakarrelako. Hortaz, lantokietan emakumeok diskriminatzen gaituzten enpresak detektatu eta zigortzeko beharrezkoak diren ekinbideak martxan ipintzea exijitzen diegu Ikuskaritza eta instituzioei.

 

 

 

Igande eta jai egunetan irekitzeak dakarren kalteaz ohartarazi ditugu kontsumitzaileak Bilbon

0

‘Bizi egunak’ dinamikak merkataritza, hiri eta kontsumo ereduari buruz gogoeta egitea bilatzen du, igandeetan egiten ari garen jardueren bitartez. Joan den asteburuan abiatu genuen ekimena, eta Iruñean izango du jarraipena datorren igandean.

Bilboko ‘Bizi egunean’, kontsumitzaileei informazioa banatu zitzaien goizean, Santutxuko Carrefour Expressaren aurrean. Hain zuzen ere, denda hau irekita egoten da jai egunetan, eta hori salatu genuen, igande eta jai egunetan irekitzeak ekartzen dituen ondorioak ezagutarazteaz gain.

LABen iritiziz, Administraziotik kontsumitzaileei zuzenduriko kontzientziazio eta informazio kanpainak bultzatzea beharrezkoak eta urjentziazkoak dira. Sindikatuak argi du zero irekiera babestu behar dela merkataritzan, igande eta jai egunetan. Era berean, Kontziliazio personal, familiar edota laboralerako eskubidea aldarrikatzen ditugu. “Merkataritzako sektorearen liberalizazioaren aurka gaude, enpresa handien mesedetan bakarrik delako, kalitateko enplegua suntsitzen duelako merkataritza minoristan eta gure herri eta hiriak aldatzen dituelako, bizirik gabe utziz”, adierazi dugu. “Hemen lan egin, bertan erabaki. Merkataritzako araudia eta nahi eta behar dugun kontsumo eredua hemen erabakitzeko gure gaitasunaren aurka estatutik datozen erasoak amaitzea behar dugu", erantsi dugu.


Santutxun egon ostean, Bilbo zaharrean egon ginen igandean, eta, bertan, hainbat jarduera gauzatu genituen, kontsumismoa eta eredu komertziala ardatz hartuta.

Igandean, Iruñean
Datozen ‘Bizi Egunak’ data hauetan izango dira: maiatzaren 13an, Iruñean; 27an, Donostian; ekainaren 3an, Gasteizen; eta ekainaren 17an, Hazparnen.

 

 

 

Gipuzkoako Foru Aldundia da BIDEAN zentroko egoeraren erantzulea

Zentru horretako langileak jarri dira jomugan eta gogoratu nahiko genuke zerbitzua Gipuzkoako Foru Aldundiarena dela, eta berak Zaragozako enpresa bati eman ziola kudeaketa esleipen baten bitartez, FEPAS enpresari hain zuzen ere.

Langileek urteak daramatzate zerbitzuaren gabeziak salatzen, eta bereziki azken hilabeteotan (8 dira langile finkoak, eta egun horietatik 6 bajan daude). Urteak daramatzate zerbitzu hau eskeintzen, 10 urtetik gora, eta BIDEANek irekita jarraitzen badu, beraien lan eskergarengatik da, askotan beraien osasuna jokoan jarriz. Besteak beste, zentrua zaharkitua geratu da, baldintzak ez dira egokienak emakumeei behar bezalako zerbitzua eskaintzeko, langile ratioa finkatzen duen dekreturik ez dago (gauetan eta asteburuetan langile bakarra izaten da zentroan), baina langileek lana profesionaltasunez betetzen dute, zerbitzu hobeago bat lortzearren borrokatu eta inplikatu baitira urte luzez.

Langileen aldarrikapenak mahai gaineratzeko, eta langileek eskatuta, LAB sindikatua Maite Peñarekin bi bilera egin ditu, beraz, Aldundia zentro honetan gertatzen denaren jakitun da hasiera-hasieratik, eta argi dugu zerbitzuaren erantzule nagusia dela.

Erakunde publikoak eten gabe ari dira zaintza lanarekin zerikusirik duten zerbitzu publikoak azpikontratatzen eta pribatizatzen. Horrek lan baldintzen prekarizazioa dakar eta baita zerbitzuen kalitatea okertzea ere, eta guzti hori langileen eta erabiltzaileen kalterako. Kasu honetan, ez da kasualitatea bai batzuk zein besteak emakumezkoak izatea.

Guk mugimendu feministarekin elkarlanean jarraituko dugu indarkeria matxista jasaten duten emakumeen baldintzak zentru hauetan hoberenak izan daitezen, beti ere kontutan izanda erantzule nagusia Gipuzkoako Foru Aldundia dela.
 

 

 

24 orduko lanuztea egitera deitu dute Eulenen izandako lan istripuak salatzeko

Aurreko apirilaren 27an, Eulen enpresako langile Willy Palacín zendu zen bere lan postuan. Astebete ondoren, beste langile batek lan istripu larria izan zuen, eskuko hatz bat galduz.

Eulen enpresako langile batzordeak elkartasuna erakutsi nahi die bi familiei, eta aldi berean, lan istripuak eteteko mobilizazioak martxan jarri behar ditu. "Ezin ditugu horrelako gertaerak izan gure enpresan, horregatik, Enpresa Komiteak 24 orduko lanuzteak konbokatu ditu datorren maiatzaren 10erako, ostegunarekin", adierazi dute.

Era berean, elkarretaratze hauek egingo dituzte:

-11:00etan, Iruñeko Udaletxe plazan.

-12:00etan, Enpresako bulegoen parean (Poligono Mutilva baja, C/I, Nave 5).

 

 

 

‘Bizi Eguna’ ospatuko dugu Iruñean, jai egunetan eta igandeetan lan egitearen kontra

0

LAB sindikatuaren hurrengo ‘Bizi Eguna’ Iruñean izanen da eta heldu den maiatzaren 13ko goizean ospatuko dugu, San Nikolas plazan. Besta eta aldarrikapen egun horretan karrikara aterako gara, saltokiak jaiegunetan irekitzearen kontra eta kontsumorik gabeko aisia posible dela erakusteko.

Merkataritzan igandeetan edo jaiegunetan lan egitearen aurkako borroka LAB sindikatuaren lan ildo historikoa izan da. Langileek kontziliazio pertsonala edo familiarra izateko eskubidea aldarrikatzen dugu, eta txikizkako merkataritzan zein bertze sektore batzuetan enplegua suntsitzearen aurkako jarrera dugu, bai eta inposatzen dizkiguten hiri eta kontsumo ereduen kontrakoa ere. Merkataritza esku-sartzerik gabe arautzearen alde gaude, eta kontsumo kapitalistaren zirimolatik at bizitzeko eskubidea exijitzen dugu.

Horri guztiari buruzko infomazioa banatuko dugu igandean, San Nikolas plazan paratuko dugun infogunean. Baina horrekin batera, adin guztietako pertsonek ongi pasatzeko egitarautxoa prestatu dugu.

-11:00 Umeentzako jolas birziklatuak, eraikuntza piezak, orekak…

-11:00 Ginkana Alde Zaharrean oraindik irekita dauden (baina igandeetan irekitzen ez duten)
komertzio txikietatik. Sariak egonen dira.

-12:30 “Ameli eta Xirrikituen jostunen ipuinak”, ipuin kontalaria euskaraz. 13:00 Bermuta, Alfredo bakarlariaren musikaz lagundua.

 

 

 

Ez dugu onartzen Edesa Industrial eta Geyser-Gastecheko langileen kaleratzea gauzatu izana

0

LABek, Donostiako Merkatal Arloko 1. Epaitegitik jaso duen Autoaren berri eman nahi dio iritzi publikoari. Bertan, Geyser Gastecheko eta Edesa Industrialeko (CNA Taldea) langile guztien, 123 langileen kaleratzea onartu da.

Guztiz bidegabea iruditzen zaigu LABentzat epaitegi honek hartutako erabakia, eta gogoratu nahi dugu duela 4 hilabete gauzatu ziren 145 langileen kaleratzearen kontrako helegitea aurkeztua duela eta epaiketaren zain daudela.

Era berean, salatu nahi dugu Edesa Industrial enpresa ez duela likidazioaren bidea hartuko, balizko erantzukizun penalei beldur dielako, eta hortaz trikimailu bat egin nahi dute. Langilerik izan gabe jarduerarekin jarraitu, hartzekodunen lehiaketan errudun ez izateko. Gainera, gezurrezko jarraipen proiektu hau egiteko, ateak itxi dizkiete proiektu alternatiboei.

FAGOR markaren erabileraren auzia oraindik ez da ebatzi, eta epaileak erabaki behar du FAGOR marka Fagor S. Coop.en esku edo Edesa Industrialen esku uzten duen. LABentzat argi dago kontratuan jasotako baldintzak ez direla bete, nagusiki enpleguaren mantentzea, eta horretaz, espero du FAGOR marka berriz ere Fagor S.Coopen esku gelditzea, eta hartara egun dauden proiektu berrien aukerei bide ematea. Orain arte ezi izan dira gauzatu CNAren jarreragatik. LABek enplegua sor dezaketen proiektu horiek martxan jartzeko lan egioten jarraituko du.

Amaitzeko, instituzioek, bereziki Eusko Jaurlaritzak izandako jarrera salatu nahi dugu prozesu guzti honetan, enpresa babestu baitu, ikusi duen arte proiektua pikutara zihoala. Hori gertatutakoan desagertu egin da, bere erantzukizuna ezkutatu asmoz.
 

 

 

Prekarietatearen oinarrizko arrazoiei aurre egin, arrantza behar bezala arautzea eta bizi eta lan baldintzak hobetzea exijitzen dugu

Gaur, hilak 8, lan istripu berri bat gauzatu da Kantabriako uretan. Orion babea duen ”Berriz Ave Maria” arrantza ontziko G.A.E. 55 urteko arrantzalea hil egin da lanean zegoenean.

LAB sindikatutik lehenik eta behin bere familia, lagun eta lankidei gure babes eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu.

Dagoeneko, 2018an Euskal Herrian gutxienez 19 langile hil dira euren lanpostuetan, euretako bi arrantza sektorean.

Sektore honetan ematen diren baldintza gogorrak eta bertan ematen den prekarietatea azpimarratu nahi dugu, lan ordua luzeak eta ia atsedenik gabeko lanaldiak dira istripu hauen iturburuak .

LABek prekarietatearen oinarrizko arrazoiei aurre egin, arrantza behar bezala arautzea eta bizi eta lan baldintzak hobetzea exijitzen du.

Hurrengo orduetan behar bezalako erantzuna artikulatzen saituko gara.
 

 

 

Garbialdiko langileek protestekin jarraitzen dute

0

Bizkaiko Foru Aldundiko eraikinen garbiketaz arduratzen diren Garbialdiko langileek elkarretaratzea egin dute gaur, eta ostegunean ere berriro egingo dute Bilboko Foru Liburutegiaren aurrean.

Karpa informatibo bat ere jarri dute langileek Bilboko Gran Via kalean, 9:00etatik 13:00ak arte. Aldundiko garbitzaileak grebara deituko dute hilaren amaieran.
 

 

 

PNV, PSE eta PPren itun fiskalak, enpresen irabazien gaineko zergak eta ondasun handiek ordaindu beharrekoak berriro ere jaistea ekarriko du Gipuzkoan

Iaz, azpikeriaz, ezkutuan eta herritarroi bizkarra emanda, PNVk, PSEk eta PPk itun fiskala lotu zuten. Bihar asteazkena, maiatzaren 9an, Gipuzkoako Batzar Nagusiek akordio honetan jasotakoa inplementatu behar dute.

Itun honek bi helburu nagusi dauzka: batetik, sozietate zerga jaitsi, erakunde enpresarialen eskaerei men egiteko, eta bestetik, ondasunaren gaineko zergan berriro ere “ezkutu fiskala” ezarri, ondasunik handienak dauzkan gutxieneko pribilegiatuak zerga gutxiago ordain dezan.

Confebaskek eta herrialdeetako erakundeek (Adegik, Cebekek eta SEAk) epe laburrerako zeukaten asmoa bete egin dute: sozietate zergaren gaineko tipoak murriztu dituzte. Hala ere, euren asmoa epe luzera zerga hau deuseztatzea besterik ez da.

• Zerga orokorra %28 nominaletik %24ra pasatuko da, 2018. urterako jaitsiera %26ra izango bada ere.
• Enpresa txikiek eta mikroenpresek ordaintzen duten zerga nominala ere jaitsiko da, %24tik %20ra. Kasu honetan ere mailakatua izango da, 2018. urtean dauzkaten irabaziengatik %22 ordaindu beharko dute eta.
• Gaur egun %21 ordaintzen duten erakundeek %19 baino ez dute ordainduko (2018an %20).

Bien bitartean, 2016an EAEn zerga honen bitartez bidu zen kopurua BPGaren %1,4 baino ez zen izan eta Gipuzkoan, zehazkiago, %1,1era ere ez zen heldu. Hortaz, Eurostaten estatistiken arabera, Europar Batasun osoan Estatu batek bera ere ez du zerga honen bitartez horren gutxi biltzen.

Berreskurapenari dagokionez, neurri hau aberastasun gehien eta ahalmen ekonomiko handiena daukaten pertsonei mesede egiteko dago pentsaturik. Eta, ondorioz, zerga sistema osoaren progresibitate eta ekitatearen kontra dator.

Ondorio bezala, esan dezakegu datorren asteazkenean bozkatuko diren arau foral proiektu biek neurri erregresiboak ezartzen dituztela eta errentaren birbanaketarako ondorio kaltegarriak dakartzatela.

Honetaz gain, zerga hauen bitartez biltzen ez dena konpentsatu beharko da eta, honetarako, PFEZ eta BEZaren bitartez langileok egiten dugun ahalegin fiskala handitu beharko da. Bestela, hau egin ezean, oinarrizko zerbitzu publikoak finantziatzeko eta babes sozialeko sistemak hobetzeko behar-beharrezkoak dauzkagun baliabideak urrituko liratezke. Gogoratu behar dugu bi gai hauetan (zerbitzu publikoetan eta babes sozialean) hemen burutzen diren politika publikoek, Europako estandarrekin konparatuz gero, defizit handiak dauzkatela.

Hala eta guztiz ere, PNV, PSE eta PPren apustua egoera ekonomikorik hoberena duten klaseen interesak zaintzea da eta, honetarako, ez daukate zalantzarik: kapitalaren errentei, enpresen irabaziei eta ondasun handiei gero eta pribilegio fiskal handiagoak ematen dizkiete, herritar gehienon kaltetan.