2026-01-21
Blog Page 777

“Hezkuntzako mahai negoziatzaileek eman dezaketen guztia baliatu dugu”

0

Borrokan aritu diren EAEko irakaskuntza publikoko azpi-sektoreetako ordezkariek, Haurreskolak, Heziketa Berezia, Sukalde eta Garbitzaileak eta Irakasleak, agerraldia egin dute gaur. Bertan, lortutako akordioen nondik norakoak aztertu dituzte, baita sektorearen egoera eta erronken inguruko balorazioa egin ere.

Lortu ditugun akordioak guztion garaipena dira. Ibilbide luze honetan, langilegoaren gehiengo zabalak babestu gaitu. Lan zentroak hustu eta kalera atera gara gure lan baldintzak hobetu eta Euskal Herriak merezi duen benetako hezkuntza publikoa aldarrikatzera. Beraz, zorionak berriro ere, jendartearen eraikuntzarako, hezkuntza, eraldaketarako tresna gisa ulertzen duzuen guztioi, eta egunero, horretan lanean diharduzuenoi.

Ibilbidea
Oso aberasgarria egin zaigu 2016ko martxoan abiatu genuen dinamika, zeinaren bidez langileekin harremanak estutu eta elkarlana abiatu dugun. Ehundaka lan zentrotan batzarrak burutu ditugu afiliatu eta langileekin.

Ibilbide guzti honetan, LABetik oso argi izan dugu konfrontazio fase hau erabili behar genuela Hezkuntza Saila ataka batean jarri eta negoziazio mahaien desblokeoa bilatzeko. Hori dela eta, negoziazio kolektiboa ahalbidetzeko estrategia argia izan dugu uneoro. Hilabeteetako mobilizazio jendetsuen, greba jarraipen altuen eta Administrazioarekin izandako aldebikoen bidez pisuzko edukiak mahaigaineratzea lortu dugu. Hezkuntza Saila mugiaraztea lortu dugu eta abiapuntua markatu da lan hitzarmen berriak negoziatzen hasteko.

LABi zilegitasuna bere afiliatu eta hurbilekoek ematen diote eta kontraste lan jarrai eta sakon bat egin ostean, mobilizazioak eteteko argudio eta arrazoiak nabarmendu dira. Zentzu honetan, hezkuntzako mahai negoziatzaileek eman dezaketen guztia baliatu dugula uste dugu.

Kolektibo Laboralak (Haurreskolak, Heziketa Berezia eta Sukaldari eta Garbitzaileak)
LABen ikuspuntutik, kolektibo laboralek egoera espezifikoa dute hezkuntza komunitatearen baitan. Urteetan zehar murrizketa ikaragarriak pairatu dituzte Hezkuntza Saila zein Administrazio orokorraren partetik. Gainera, sektoreko baldintza prekarioenak edukitzeaz gain, oso kolektibo feminizatuak dira, honek suposatzen duen guztiarekin.

Arlo honetan, negoziazioaren abiapuntua izango diren akordio on batzuk lortu ditugu. Langileen lan baldintzak eta eskaintzen dugun zerbitzuaren kalitateak hobera egingo dute akordio hauekin.

Haurreskolak Partzuergoaren kasuan, zikloaren aitortza politikoaren norabidean urratsak ematea lortu da, zikloari berari izaera hezitzailea aitortuz. Era berean, herrietako haurreskolen biziraupena bermatzen da. Ordezkoen araudi duina eta ordezkapenak betetzea lortuta haurreskoletako lan zama arintzea lortuko da, hezkuntza zerbitzuaren kalitatea nabarmen hobetuko delarik.

Sukaldari eta Garbitzaileetan berriz, langile hauekiko eta euren lanarekiko merezitako aitortza ematen da: kolektiboaren pribatizazioa ekiditen da, lanpostuen zerrenda handitu eta lanpostu berriak sortzen dira eta ratioak eta metrajeak definitzen dira, lan zamak arintzeko funtzioak zehaztuz, besteak beste.

Heziketa Berezian, merezitako aitortza eta inklusibitatearen bidean, historikoak izan diren hiru aldarrikapen lortu ditugu: Fisioterapeuta, Lan terapeuta eta Gizarte langileen ekiparazioa, asteko jardunaren zehaztapena eta garraioa gure funtzioetatik kentzea. Gogorarazi nahiko genuke kolektibo honetan bizitako egoera. LABen hasierako apustua akordioak ahalik eta babes sindikal zabalena jasotzea izan zen eta saiakera handiak egin genituen gainontzeko sindikatuak erakartzeko. Zentzu honetan, kolektibo honetan, LABen ahaleginak bere saria jaso zuen eta zorionez, Steilasek akordioa sinatu eta berretsi zuen.

Irakasleen Kolektiboa
Irakasleen kasuan ere, 7 greba egun eta gero, akordioa sinatzea lortu dugu. Mahai negoziatzaileetara edukiak eramatea lortu dugu eta akordioak bi garaipen dakartza. Alde batetik, azken urteotako murrizketa latzei buelta ematen hastea ekarri du, eta bestetik, lan hitzarmen berria garatzeko abiapuntu sendoa ezarri du. Kolektibo honetan 2017ko abenduan jaso genuen Hezkuntza Sailetik lehenengo akordiorako proposamena, sindikatu guztiek urtarrilean izan genuen mahaian atzera bota genuena, edukiak ez nahikotzat jo genituelako. Martxoan egindako 2 greba egun arrakastatsuek Administrazioa mugi arazi zuten eta apirilerako deitu zuten beste mahai sektorial bat. Hemen gerta zitekeenari lotuta, hiru sindikatuok erabaki genuen apirilaren 23rako deitua genuen greba astea bertan behera uztea. Mahai horretan aurrerapenak egon baziren ere, ez genuen akordiorik erdietsi proposamenak berak zehaztasuna falta zuelako eta ezinbestekoak ziren edukiak faltan bota genituelako. Hurrengo mahai sektorialari begira, LABek bere eskaera propioak erregistratu zituen Lakuan, batzuk onartu zituztelarik eta beste batzuk airean geratu zirelarik. Hauen artean guretzat ezinbestekoa zen 60 urtetik gora irakastorduen murrizketa ekiparatzea irakasle funtzionario eta behin behinekoen artean, funtzionarioei bakarrik aplikatzeak pitzadurak eta bereizketak sortzen dituelako langileen artean. Ordurarteko edukien kontrastea kidegoarekin egin ondoren erabaki genuen, azken puntu horretan tenkatu behar genuela, eta asteleheneko mahaian lortu genuen, akordioan jasotzea 6 hilabeteko epean behin behineko irakasleei neurri bera aplikatzeko baldintzak negoziatuko direla.

Besteen artean hauek dira akordioak jasotzen dituen puntu nagusiak: ordezkapen guztiak lehen egunetik betetzea kidego guztietan, bajak egoera guztietan ez zigortzea, LEP deialdia, haur eta lehen hezkuntzako zerrendak irekita mantentzea 2020 arte, seme-alabak zaintzeko eszedentzia, bakantea duten behin behineko irakasleei ere aplikatzea, irakasle gehigarriak,… eta mahai teknikoen bidez sindikatuekin adostuko da plantilen egonkortasuna, hezkuntza beharren indizearen aplikazioa eta baliabide gehigarrien azterketa, ikasle errepikatzaileak ratioetan txertatzeko prozedura….

Aurrera begira
Bukatzeko, LABek borrokaren balioa beste behin ere azpimarratu nahiko luke, Eusko Jaurlaritzak azken urteetan izan duen jarrera inmobilista pitzatzeko balio izan diguna, eta ziurtasun osoz, etorkizunean ere balioko diguna. Langileek duten tresnarik indartsuena dela beti esan izan dugu. Administrazioaren jarrera itxia apurtu dugu eta negoziaketetan sakontzeko aukera ireki dugu. Hezkuntzaren kalitatea eta langileon baldintzak hobetzean, kapitalismoa zein estatuekin dugun lehian langile klaseak burujabetza sozialean sakontzen du. Guk, Euskal Herrirako eredu propioa eraiki nahi dugu, eta bide honetan ari gara. Izan ere, etorkizuneko hezkuntza sistema, langileon lan baldintza duinak jasotzeaz gain, herriaren beharretara egokitu beharko da, eta gainera, ikaslea erdigunean kokatuko du, berau ardatz bilakatuz eta hezkuntza kalitatea bera bermatuz. Lanean jarraituko dugu aurrerantzean ere, burujabetza bidean, herri gisa ditugun erronka sozial eta nazionalei erantzuteko, egun bizi dugun menpekotasuna gaindituz.

Euskal eskola publiko komunitarioaren bidean, hezkuntza burujabea iruten!

 

 

 

Mugimendu ekologistaren lehen topaketak egingo dituzte Ziordian

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren barne dagoen Natura Gure Ardura ingurumen arloko taldeak, maiatzaren 19 eta 20ean I. Topaketa Ekologistak antolatu ditu.

Topaketa honen helburua, alde batetik, Iruñean ekainaren 2rako antolatu den Alternatiben Herria babestea eta beste alde batetik, mugimendu ekologista antolatzea eta diskurtso bateratua osatzea da.

Natura Gure Ardurak gure eragileetan eta baita modu kolektiboan ere naturari dagozkion eskubideekin konprometituak gaude, ingurumen osasuntsua eraikitzeko, pertsonon, naturaren eta bizitza modu ezberdinen arteko ongizatea helburu duen interakziorako, komunitatearen mesedetan eginiko kudeaketa (gure belaunaldia eta etorkizunekoak), baliabide naturalena, modu iraunkor eta ekologikoan produzituriko elikagaiak eta merkatuen interes espekulatzaileen gainetik pertsonak eta politika sozialen eraginkortasuna jarriko dituen bizitza eredu berria.

Natura Gure Ardurak,manifestua adostu eta gero, Euskal Herriko ingurumen gatazketako taldeak indartu nahi izan ditu, tokian tokiko deialdietan indarra jarri izan dugu, eta orain, mugimendu ekologista artikulatzea hartu dugu helburu, sistema aldatzeko klima hartu beharrean.

Tokian tokiko ingurumenaren aldeko eragile guztiei deia egiten diegu Topaketa hauetan parte hartzeko, sortu nahi dugun mugimendu ekologista, ahalik eta aberatsena izan dadin. Ziordian, mugimendu ekologista antolatzeko beharraz, gure arteko elkarlana zein izan behar duen, eta aurrera begira hartu beharreko estrategia lantzeko tailerrak burutuko ditugu. Era berean, gure formakuntzarako hitzaldi sorta ere antolatu dugu: medikuntza ekologikoaz, desobedientziaz, arlo tekniko-juridikoaz eta ekosozialismoaz.

Kapitalaren erasoaldiaren ondorioak gero eta larriagoak dira bai sozialki eta bai baliabide natural eta lurraldeei dagokionez, natura ere eskubideen jabe izanik, eta pertsona, animali eta natur baliabideen harreman berri baten alde antolatu beharra dugu bizitza erdigunean jarriz.

 

 

 

Antolatzen ari gara lantokietan sexu aukera askatasun osoz bizi ahal izateko

Gaur, maiatzaren 17a, Trans-Lesbo-Homo-Bi-Queerfobiaren kontrako eguna da. Horregatik, LABetik lantokietan sexu aniztasuna askatasunez bizi ahal izateko gida eta protokoloa berritzen ari gara eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan disidentzia sexu generikoko taldeak sortzen ari gara.

Trans-Lesbo-Homo-Bi-Queerfobiak hamaika aurpegi ditu eta toki guztietan ematen da, baita lan munduan ere: behin eta berriz estereotipoak erabiliz, bizitza sexuala etengabe kuestionatuz, iseka eginez, umiliatuz… Langile guztiok eskubide berdinen jabe izan beharko genuke, eta guztiok zuzenki edo zeharka diskriminatuak ez izateko eskubidea dugu kontratatu behar gaituztenean edo gure lanpostuetan. Badugu eskubidea gure intimitatea eta duintasuna errespeta dezaten, baita gure identitate eta orientazio sexuala ezkutuan behartuta ez bizitzeko ere, eta enpresek egoera diskriminatzaile hauek saihesteko eta prebenitzeko neurriak ezarri behar dituzte.

Horretarako, langile klasean sentsibilizazio lana egitea ezinbestekoa da, eta, horregatik, LABetik orain dela bi urte protokolo eta gida bat argitaratu genuen, eta orain berritzen ari gara.

Urteak igaro dira LABek sexu askatasunarekiko konpromisoa erakutsi zuenetik, eta borroka honetan beste pauso bat ematera goaz ireki dugun bide honetan aurrera egiteko. Horretarako, formakuntzan urratsak egingo ditugu eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan heteroarauaren kontrako disidentzia taldeak sortzen ari gara.

Sistema honen aurkako borroken elkarlana oso garrantzitsua da. Gure borroka ez da lantokietara mugatuko; Euskal Herrian sexu askatasunaren mugimenduak maiatzaren 17rako deitu dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.

Aske bizitzen uzten ez diguten edozein motatako diskriminazioen aurka borrokatuko dugu, LGTBIQ mugimenduekin aliantzak sortuz, guztiok gure identitate eta sexualitatea libre eta diskriminaziorik jaso gabe bizi ahal izateko.

 

 

 

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek hiriburuetako kaleak hartu dituzte

Bilbon, Donostian eta Gasteizen mobilizatu gara, sindikatuok jarraian deitutako bigarren greba eguna dela eta.

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako grebaren jarraipena atzokoaren antzekoa izan da gaur. Aldarrikapenek ere bere horretan jarraitzen dute.

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Hezkuntza Laguntzako Espezialistak eta Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonala zegoen deitutako gaurko grebara, LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuon ekimenez.
 

 

 

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileak kalera irten dira

LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuok deituta, lanuzteak eta mobilizazioak egin ditugu gaur Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko hitzarmenaren defentsan.

Bizkaiko Esku-hartze Sozialaren esparruan diharduten langileen lan baldintzetan prekarietatea nagusi dela salatu dute gaurko protestekin: soldatak txikiagoak dira, eros ahalmena galdu da, behin-behi-nekotasuna, lan-zama, ratio eskasak eta lan arriskuak jasaten dituzte, besteak beste.

Gainera, langileentzat berme urriak dituen kudeaketa pribatuko ereduaren ondorioz egoera okertzen zaie, hitzarmen kolektibo bakoitzak indarra galtzean larriagotzen dena.
 

 

 

ADEGIren proposamenak ez du Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenaren aplikazioa bermatzen

0
Gaur, maiatzak 16, Eraikuntzako Hitzarmeneko negoziaketa mahaiko bilera berri bat burutu da. Oraingoan, patronalak proposamen bat ekarri du, nahiz ez den nahikoa LABen iritziz.

Zergatik ez da nahikoa?

– Patronalaren proposamenak KPIaren igoera jasotzen du 2018tik aurrera, eta galdutzat ematen ditu aurreko urteak. Urte horietako lanarengatik ez lukete kobratuko. Soilik 2009ko soldata taulak eguneratzea proposatzen dute, langileen eros ahalmena (KPI) berreskuratu gabe. Uste dugu kopuru hau igotzeko aukera egon badagoela.

– Desloturaren inguruan, langile ordezkaritzaren baimena eskatzen duen proposamen bat aurkeztu du ADEGIk, LABetik ondo ikusten duguna, baina Gipuzkoan diharduten Espainiar Estatuko enpresei aplikatuko ez litzaikeena. LABentzat beharrezkoa da enpresa hauei ere muga hau ezartzea.

Hitzarmena aplikatzea bermatzeko neurrien inguruan guretzat zentrala dena, patronalak bileretan onartu du hitzarmena ez dela betetzen, baina ez du inolako proposamen zehatzik egin, eta garbi utzi digu hitzarmena beteko ez duten enpresentzat neurriak ezartzearen aurka dagoela.

LABek bere proposamenean neurri ugari aurkeztu zituen hitzarmenaren aplikazioa bultzatzeko, adibidez hitzarmena betetzen ez duten enpresei Lan Ikuskaritzak akta oso larria irekiz Gero kontratuak etetea enpresari, sindikatu, patronal eta Lan Ikuskaritzak obrak bisitatuko dituen batzordea osatzea, Lan Osasun eta Segurtasun Batzorde baten osaketa segurtasun eta lan osasunaren arloan legedia betetzen dela bermatzeko, azpikontratatutako enpresen arau-hausteen kasuan enpresa nagusien erantzunkizuna adostea, sektoreko lan egutegi bat ezartzea, aparteko orduak desagertzea, prebentzio bitartekoetan aitortza eta formakuntza ematea… Beraz, patronalak ez du aitzakiarik hitzarmenaren aplikazioan neurririk ez hartzeko.

Gainontzeko edukiei dagokienean, LABek proposatutako hitzarmenetik patronalak soilik onartu ditu hizkuntza sexista desagerrarazteko proposamena eta Hitzarmenaren moldaketa Kontratazio Publikoaren Legearen arabera, mantenimenduko langileen subrogazioa ezartzen duena.

LABek uste du une egokia dela aplikatuko den hitzarmen bat erdiesteko, eta prekarietatean eta esplotazioan oinarrituko ez den lan eredua bultzatzeko. Horretarako, neurri eraginkorrak behar dira, ez itxurazko neurriak, arazoak betikotzen dituztenak.

LABek hurrengo bileran, 22an, ADEGIk benetan borondatea duen hitzarmena betetzeko baloratuko du. Hala ez
balitz, sektorean mobilizazioak deituko ditugu, ekainean burutuko genukeen greba barne. Hau da momentua.

 

 

 

Haurren zein ebaluazio eta orientazio zerbitzuak arduragabe kudeatzen ditu Bizkaiko Aldundiak

LABek kontzentrazioa egin du gaur Bizkaiko Aldundiaren Gizarte Ekintzako egoitzaren aurrean, Ugasko bidean.

Bizkaiko Aldundiaren Bizkaia Goazen 2030-Bizkaia hobe baterantz lelopeko programak zenbait ekintza eta helburu ezartzen ditu, gaur egun gure gizartearen bi sektore behartsuenetakoetan larriki betetzen ari ez direnak. Hain zuzen ere, haurrei zein desgaitasunaren ebaluazioari ematen zaien zerbitzuaren kalitateaz ari gara. Azter ditzagun banan-banan:

UMEEN ZERBITZUA
GUFEko Egoitza Harreraren Unitateak eta BFAko Umeen Harrera, Ebaluazio eta Orientazio Atalak partekatzen duten lan-arlo teknikoa eta administratiboa zeharo kolapsatuta eta gainezka dago. LAB aspalditik salatzen dabil egoera hori, eta horrela azaldu ere egin genuen iragan 2017ko urrian Batzar Nagusietako saio informatibo batean.

Gure sindikatuak ez du sinatu zerbitzu horren Arrisku Psiko-sozialen Ebaluazioa, uste baitugu bere teknikariek eta administrariek pairatzen dituzten lan osasuneko arazo larrien ezabaketa ondorengo neurri hauen eskutik etorriko dela derrigorrez: barne antolamenduaren eredua hobetzea eta lanpostu gehiagoz hornitzea. Bizkaiko Aldundiko Gizarte Ekintzak neurri horien kontra azaldu da behin eta berriro, eta horrek eragin egiten dio babesik gabeko egoera larrian dauden haurrenganako zerbitzu publikoari.

Batzar Nagusietako Eskaeretarako Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordean aipatu egin genuen legez, langilegoaren hornitze falta larria ez da soilik teknikarien artean (psikologoak, gizarte langileak, hezitzaileak,…) ematen, baizik eta erabat errotuta dago administrarien artean. Arazo horiek ondorengo puntu hauetan laburbildu daitezke:

. Administarien hornidurari dagokionez, egiturazko arazo larriak daude (BFAn 7 lanpostu, eta GUFEko Egoitza Harreraren Unitatean 2 lanpostu besterik ez).
. Lan karga itzela dago: 2017an, 1.500 espedientetik gora jorratu ziren; eta 2018ko martxora arte, 400 inguru.
. Premiazko kasuak ere ugariak dira, eta kasu horiek artatzeak eragin egiten dio ohiko lan administratiboari, berehalako erantzuna eskatzen baitute.
. “Lan administratiboaren enbutu egoera”. Arlo administratiboaren langile faltak arazo larriak dakartza: etengabeko jarduna trabatzen da eta legezko epeak ez dira behar bezala betetzen (epaitegiak, eskatzaileak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak,…).
. Prozeduren informatizazio falta: Foru agindu, ziurtagiri, egiaztagiri edo bestelako dokumentu gehienak eskuz egin ohi dira. Ardatz aplikazioan grabatu beharra dago.
. Administrarien kidegoa ez dago langileen ordezkapenei buruzko protokolo espezifikoan sartuta: Umeen Harrera, Ebaluazio eta Orientazio Atalean ezin dira administrarien lizentziak, baimenak edo aldi baterako ezgaitasunak ordezkatu.

Gizarte Ekintzako Sailaren arduragabekeria hain handia izan da, non Babesik Gabe Dauden Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Haurrentzako III. Plana (2016-2019) duela gutxira arte argitaratu gabe izan den, plan horrek premiaz heldu beharreko erronken garrantzia handia izan arren.

Bizkaiko Foru Aldundiak arazo sozial horren aurrean eman beharreko erantzun instituzionalaren gabezia larria dago oraindik. Horren erakusle dira Umeen Harrera, Ebaluazio eta Orientazio Ataleko teknikariek pairatu egiten duten babes falta eta muinean inplikatutako eragile instituzionalen deskoordinazioa: Hezkuntza, Segurtasuna, Justizia eta Gizarte Zerbitzuak.

Zoritxarrez, egoera latz hori modu gordinago batez jasatzen dute, oiraindik ere, adingabeen tutoretzapeko egoitzetan aritzen diren hezitzaileen zein teknikarien taldeak. Beraien lantokietan erasoei edota egoera jasanezinei aurre egin behar dizkiete egunero, Gizarte Ekintzaren handi-mandien kudeaketa arduragabe zein pribatizatuari esker. Aipatu beharra dago adingabeen tutoretzapeko egoitzetan eskaintzen diren plazen %15 baino ez dela kudeaketa zuzenekoa. Iragan hilabeteetan Indautxun eta Otxarkoagan izandako gertaera larriek erakutsi dituzte foru erakundearen politikaren eraginkortasun falta eta porrota, beste behin ere egoitza horietako langileen zein gizartearen beraren kalterako.

EBALUAZIO ETA ORIENTAZIO ZERBITZUA
Desgaitasuna Ebaluatzeko Atalaren administrariek bizi duten egoerari dagokionez, antzeko zerbait adierazi beharko litzateke. Lan-bolumena hain handia da, ezen desgaitasuna ebaluatzeko eskabide gehienak ez diren ebazten erregistroko sarreratik 10-12 hilabete igaro arte. Erreklamazioen kasuan, aldiz, puntualki baino ez dira erantzuten. Desgaitasuna Ebaluatzeko Atalaren problematika zabala eta konplexua da, eta azken boladan nabarmen korapilatu egin da itaundutako egoitzen kudeaketaz eta Zaintza Goiztiarraren fakturazioaz:

. Administrarien (9 langile) espazioari lotutako arazo fisikoak eta fitxategiaren ingurukoak: 8 pertsonentzat aurreikusitako eremuan 10 lanpostu daude, zabaltzeko aukerarik gabe eta zarata maila handiarekin.
. “Ardatz” aplikazio informatikoaren inguruan funtzionatzeko arazo asko ematen dira, oraindik oso motel hasi baita. Egoera horrek trabatu egiten ditu eskabideen zenbaketa eta kontrola zenbait izapidetan, prozeduraren aldi guztiak ez daudelako zehaztuta. Oro har, prozeduraren garapena atzeratu egiten da etengabe.
. Atalak jasaten duen gainkarga dela eta, gaur egun desgaitasunaren ebaluaziorako eta zaintza goiztiarrerako hitzorduen epeak azkoz beranduago ematen ari dira.
. Desgaitasuna ebaluatzeko atalean ez dago Administrazio Orokorreko Teknikarien lanposturik.
. Psikologoen kidegoari dagokionez, 5 lanpostu daude atalean, baina egun 3 besterik ez daude lanean premiazko zerbitzuen eginkizunengatik eta lizentziengatik. Lanpostu horiek ez dira behin-behinekoz ordezkatu.
. Zaintza Goiztiarraren egoitza elektronikoa ezartze hurbilak helburu eta eginkizun berriak ekarriko ditu, ondorengo hauxe moduan; eskabidearen grabaketa aurkezteko momentuan bertan.

2017ko urrian Batzar Nagusietan egindako agerraldian LABekook ere salatu genuen Marcelino Orejatik Uribitarte 15eko lokalerako lekualdaketa nabarmen atzeratu egin zela. Hain zuzen ere, urte t ́erdiz erabiltzeke izan zen, kriston inbertsio handia egin ostean (70.000€), lokalaren espazioa behar bezala egokitzeko. Gaur egun, erabat argi geratu da Uribitarteko lokalean lan administratiboa egiteko dagoen espazio fisikoa oso urria dela, Gizarte Ekintzako arduradunen aurreikuspen falta agerian uzten duena.

Gure aldetik jarraitzen dugu salatzen Ebaluazio eta Orientazio Zerbitzuak biltzen dituen 2 Atalen sakabanaketa fisikoa (Mendekotasunarena, Ugaskon; eta Desgaitasunarena, Uribitarten). Zentzugabeko egoera horrek eragozpenak besterik ez dizkie ekartzen bi ataletan izapideak egin behar dituzten erabiltzaile askori.

EKINTZA SAILAK EZ DU BERE IBILBIDE ORRI PROPIOA BETETZEN
Ondorio gisara, aipatu dezakegu Gizarte Ekintza Saliak:

. Gure gizartearen bi arlo sentikorrenenetakoak modu arduragabetsuan kudeatzen dituela egun: babesik gabe dauden haurren eta nerabeen kudeaketa, ade batetik; eta desgaitasunaren ebaluazioa, beste alde batetik.
. Zerbitzu publikoaren bi arlo zehatz horiek giza-baliabide urriekin hornitzen dituela.
Horrek negatiboki eragiten du zerbitzu horien langileeengana, eta baita aldarrikatutako gizarte kohesioan edota aukeren berdintasunean ere.
. Bere eguneroko jarduna ez datorrela bat Bizkaia Goazen 2030-Bizkaia hobe baterantz lelopeko Programan ezarritako ekintzekin eta helburuekin. Ez behintzat Haurrei, Zaintza Goiztiarrari edota Desgaitasuna duten Pertsonei dagokienez.
 

 

 

Salatzen dugu Correos-eko kontratazio poltsek 4.000 arabar baino gehiago kanpoan uzten dituztela

0
Zazpi urte dira Correos eta Telegrafos SA sozietate publikoko ordezkarpenak betetzeko aldi baterako enplegu poltsak zabaltzen ez zirela. Argiratatutako zerrenda berriek kanpoan utzi dituzte 4.000 arabar baino gehiago.

519 arabar bakarrik sartu dira Arabako lanpostu betetzeko lan-poltsetara, bulegoetan, oinezko banaketa zein motorizatuan, landa zerbitzuetan edo Jundizgo sailkapen agente bezala. Zerrenda hauek 2018ko ekainaren 1ean hasiko dira martxan.

Correos eta Telegrafos SA sozietate publiko estatalak lan poltsa mugatuak onartu zituen, milaka arabar lan- poltsetatik kanpo utziz eta enplegu publikoa lortzeko aukera berdintasuna ukatuz.

Lan poltsa hauek pauso berria izango dia giza baliabideen eta enpresaren pribatizazioan, denbora laburrean langilerik gabe egongo baitira berriz, enpresaren esku utziz Correosi eman zaion Posta Zerbitzu Unibertsalaren eginbeharra betetzeko postu operatibo ezberdinak betetzeko langileak bilatzeko askatasuna.

Arabako herritarrak, zerbitzu hau erabiltzen dutenak, eragina izango dute jasotzen duten posta zerbitzuan. Langile finkoen opor, baja, baimenetan etab. hauek ordezkatuz zerbitzu ezberdinak betetzen dituzten eta urte luzetako eskarmentua duten langileei, enplegu zerrendetan daudenak honezkero euren sarbidea ukatu zaie, eta aintzinatasuneko azken 6 urteak soilik hartu dituzte kontuan, euretariko askok 20 urtetako esperientzia duten arren.

LABek zerrenda zabal, garden eta argiak eskatzen ditu, eta aintzinatasunaren arabera deitzea. Honetaz gain, aldi
baterako langileak eta zerbitzu hau erabiltzen dutenak errespetatzea ere eskatzen dugu.
 

 

 

Harremanak estutu ditugu Palestinan

0

LAB sindikatua Palestinan izan da. Sindikatuen ordezkaritza baten partaide izan gara, Kataluniako IAC-k eta Galiziako CUTek osatua. Bidaian, lekuan bertan egiaztatu ahal izan ditugu Palestinako herriak bizi duen egoera, Israelek egiten duen okupazio basatiaren ondorioak, eta, era berean, herri hartako hainbat sindikaturekin eta gizarte-eragilerekin solastatzeko aukera izan dugu, non harremanak estutu ditugun.

Bidaian hiru sindikaturekin izan ditugu harremanak: New Unions, Langile Independenteen Batzordeak eta Munduko Federazio Sindikalaren kide den Worker Union Coalition.

New Unions sindikatua 2013. urtean sortu zen, eta ofizialki 2016. urtean erregistratu zen. Sindikatu honen sorreran Palestinako sindikatu nagusiarekiko, PGFTUrekiko alegia, gaitzuste sakonean topa dezakegu, haren ildo sindikalarekin eta politikarekin guztiz kritikoa agertu zelako.

New Unions delakoak kontu askotan bat datoz Langile Independenteen Batzordeekin, klaseko sindikalgintza sortzeko beharra aintzat hartzen dutelako, Israelgo okupazioari aurre egiteko eta Palestinako Nazio Agintaritzaren nahiz Israelen menpeko lurraldetan lan egiten duten Palestinarren lan eskubideen aldeko borrokatzeko.

Azkenean, Munduko Sindikatuen Federazioan gure kideak diren Workers Union Coalitionekoekin elkartu ginen. Sindikatu hau, oraindik sortzen ari dela, sortu zen ere PGFTU eta GUPW sindikatuen gaitzustetik, klaseko sindikalgintzan, independentea izatean, kapitalaren eta inperialismoaren aurkakoa eta guztiz demokratikoa izatean oinarritzen dena.

Topaketa hauetan hiru sindikalgintza hauekin elkarri laguntzeko aukera aintzat hartu genuen; aztertu genuen nola lagun geniezaioke klasekoa, independentea eta demokratikoa litzatekeen Palestinako mugimendu sindikala sortzeari. Lehen harreman hauek etorkizuneko lan partekatuaren hastapen izan dira.

Sindikatuen arteko topaketa hauek egiten ari ginela, “Check-points”-etan, egunero igaro behar duten, lanera joateko, Palestinako langileria jasan behar ohi duen zigorraren eta umiliazioaren lekuko izan gara. Tulkaremeko check-pointen egon ginen. Handik, egunero, ehunka pertsonek igarotzen dituzte segurtasun-kontrolak, goizeko hiruretan bertan daudela, eta egoera latza pairatzen dutela ere, kontrolak hamaika bider igaro ondoren, ez diete lan-baimenik ematen Israelen lan egiteko. Aipatu langileek, egunero, egun erdia ematen dute lanean, eta beste erdia lanerako bidean; horrek eragiten dio eguneroko bizitzari, baita haien senideenari ere.