2026-02-01
HomeLan Osasuna IdazkaritzaAmiantoaJose Luis Landeta eta amiantoaren ondorioz hildako gainontzeko langileak omendu ditugu Laudion

Jose Luis Landeta eta amiantoaren ondorioz hildako gainontzeko langileak omendu ditugu Laudion

Urriaren 2an hil zen Jose Luis Landeta, 73 urterekin, eztarriko eta biriketako minbiziaren ondorioz. 28 urtez lan egin zuen Landetak Laudioko Guardian enpresan, amiantoarekin etengabeko kontaktuan. 51 urterekin eztarriko minbiziagatik utzi zion lan egiteari, baina baliaezintasunaren aitortza ez zuen lan gaixotasungatik jaso, osasun arazo arruntengatik baizik. Handik sei urtera biriketako minbizia diagnostikatu zioten. Orduan borroka luzea hasi zuen eta bere gaixotasuna lan gaixotasun gisa aitortua izatea lortu zuen duela hilabete gutxi, apirilean egin genion elkarrizketan jakinarazi bezala. Bada, gaur, Landetak eta amiantoaren gainontzeko biktimek omenaldia jaso dute Laudion, euskal gehiengo sindikalak deituta.

Hauxe da euskal gehiengo sindikalak gaur egindako omenaldirako prestatutako adierazpena:

Urriaren 2an jakin genuen, amiantoak eragin gaixotasunen ondorioz, gure lankidea zen Jose Luis Landeta Ramos hil dela.
Lehenengo eta behin, gure sostengurik eta elkartasunik zintzoena adierazi nahi diegu Jose Luisen senideei eta hurkoei.

Langile horri, Guardian Llodion (lehengo VILLOSA) hogei urtez lan egin ostean, 1997. urtean onartu zitzaion gaixotasun arruntak eratorritako ezintasun iraunkorra, jasaten ari zen laringeko minbizia zela-eta.

2011. urtean borrokari ekin zion Osakidetzak lan osteko azterketa medikoak egin ziezazkion, amiantoaren arrisku pean lan egin behar izan zuelako. Pleura-plaka agertu ondoren, GSINak laneko gaixotasuna ukatu zuen. Orduan hamaika azterketa mediko egin behar izan zituen, lan ikuskaritzara, Osalanera, Oviedoko silikosi institutura hamaika bider joan behar izan zuen, hainbat epaiketa egin behar izan zituen. Azkenean, epaiketaren ebazpenean onartzen zen pleura-plaken jatorria GUARDIAN LLODION arnastu behar izan zuen amiantoaren ondorioa izan zela. 2015. urtean, azkenean onartu zenean amiantoaren arriskua pean lan egin behar izatearen ondorioa zela laringeko minbizia eta laneko gaixotasuntzat onartzen zenez RD 1150/2015-ean (ordurako laneko gaixotasuntzat jotzen zen Europako beste herrialdetan, ez ordea Espainiako estatuan), berriro ekin behar izan zion prozesu luze eta bihurriari, azkenean, 2017. urtean, epai judizial baten bidez, onartu zitzaion haren gaitza, laringeko minbizia, gaixotasun profesionaltzat.

Baina 2011. urtean ekin zitzaion bidea ez da gaur gaurkoz amaitu, oraindik lan ikuskaritzaren ebazpenaren zain gaude, segurtasun neurriak ez zirenez, prestazioen gainordaina jasotzeko. Hots, berriro amiantoak, amiantoak dakarren gaixotasun horrek hil du gure lankidea, botere publikoek haren eskubide guztiak onartu baino lehen, LOTSAGARRIA benetan.

Bide hori bete behar izan ohi dute amiantoaren biktimak, egiazko kalbario bat. Oraingoan, 7 urte luzeko kalbarioa izan da (oraindik amaitu ez dena), epaiketaz epaiketa, medikuz mediku, GSINra, Lan ikuskaritzara, Osalanera,… Poliki poliki zabaldu behar diren ateak ditugu. Ukaezina da amiantoak eragin minbizia-epidemiaren jatorrian, alde batetik, enpresa-ardura dagoela legeria bete ez dadin eta langileak lan egitera behartzeko, inolako prebentzio neurririk gabe, eta bestetik, administrazio publikoek eta estatua erantzuleak dira hamarkadetan geldo aritu direlako zuntz- kantzerigenoak sortzen duen arriskuarekin, eta gaur egun, ezikusiarena egiten dutelako, ez baitute neurririk jartzen gaixotasunen detekzio-goiztiarra egiteko, osasun post-okupazionalaren osasuna zaintzeko, ez dituztelako zerbitzu espezializaturik,… ezertxo ere ez. Enpresak, gobernuak zein patronalen mutualitateak gure osasunaren eta bizitzen kontura aberastu ziren; dena den, biktima beraiek, geratzen zaien indar apurrekin, borrokari eutsi behar izaten diote, onar dakien gaixotasun hau. Ez da kasualitatea, eredu ekonomiko baten ondorioa dugula hau, amiantoarekin lan egin behar izanaren ondorioa.

Hala ere, borrokan iraun behar dugu gaixotasun profesionaltzat onar dakigun, arduradunak bilatu eta seinalatu behar ditugu, enpresak, haiek gaixoarazi zituztelako; beste proposamenak egin behar ditugu, adibidez, biktimei Kalte-ordaina emateko Funtsaz, arriskuan aritu zirenei erretiro aurreratuaz,…

Horrengatik, Laudioko Udaletxe Plazan elkarretaratzea egin dugu behargin baten azken heriotza hau salatzeko, patronalaren diruzalekeriaren eta administrazio publikoek azaldu duten geldotasunaren ondorioa dena; bide batez, gure lankidea zena omendu dugu, baita Hego Euskal Herrian amiantoaren ondorioz 2018. urtean hil diren 24 langileak ere.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EstaƱos Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako EstaƱos Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen ā€œezkutu sozialaā€ bertan behera utzi dutela salatzekoĀ 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...