2026-01-21
Blog Page 776

Positiboki baloratzen dugu Gipuzkoako Ostatuen Hitzarmenean lortutako aurreakordioa

0

Akordio honek sektorearen erregularizazio zorrotzagoa dakar, externalizazioa erregulatu, subrogazioa bermatu eta Pisu turistikoak eremu funtzionalean barneratuz.

Lortu den externalizazioaren inguruko erregulazioa aitzindaria da, inguruan ez dago externalizazioa horrenbeste erregulatzen duen hitzarmenik. Externalizatuta dauden langileei Gipuzkoako ostatuetako hitzarmena aplikatuko zaie eta subrogazioa eskubidea izango dute.

Soldatei dagokionean, igoerak guk nahi baina baxuagoak dira, baina langileei azken urteetan galdutako eros ahalmena berreskuratzea ahalbidetzen die, IPC gainetiko guztirako 2,5 puntuko igoera batekin.

Ezin dugu ahaztu ere, astean bi eguneko deskantsua kontsolidatu dela hitzarmenean.

Akordio hau ez zen posible izango langileek prozezu osoan zehar erakutsi duten prestutasun eta indarragatik izan ez balitz. LABen, langileak zoriondu nahi ditugu argi utzi baitute borrokarako hautua irmo eta zorrotz hartzen denean patronala mugiaraztea lorgarria dela.

 

 

 

Herri-politika eta hondakinen legea behar dugu, ekonomia zirkularra, ingurumena eta osasunarekin bat etorriko dena

0
Hondakinen arazoan instituzioek egiten dutela huts nabarmendu du Bizkaiko Zero Zabor plataformak.

Bizkaiko Zero Zabor plataformaren oharra:

Egun hauetan harriduraz ikusten ari gara normaltzat hartzea nahi duten albistea baten bonbardaketa, hau da, Gipuzkoatik hiri hondakinen 70.000 tona eramango direla Zabalgarbiko errauskailura edo Argigaseko zabortegira, Bizkaian.

Egun hauetara arte ezinezkoa ematen zuen aukera honek, 2016an Markel Olano buru zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu zuen konponbidea izan zen Kantabrian zegoen Merueloko zabortegira egunero Gipuzkoako hondakinen 25 trailer esportatzea, 175 kilometrotako distantziara 4 urtetan zehar. Eta orain urtean 70.000 tona inguru Bizkaira eramatea tokatzen da. Hondakinak esportatzea ez zen konponbidea orduan eta orain ere ez da, hondakinen kudeaketarako beste neurri batzuk hartu ezean. Neurriok ez lukete joan beharko gainera errausketaren ildotik, Bizkaiko Zero Zabor Plataformarentzat konponbide erraz, garesti, epe laburreko, kutsatzaile eta osasunarentzako kaltegarria dena.

Euskal instituzio autonomiko eta probintzialek, EAJren eskuetan daudenak eta PSEren jarrera adeitsuarekin, “tuberiaren amaierako arazoa” bezala ekin diote hondakinen gaiari. Errausketa hartu dute konponbidetzat, konponbide erraz, epe laburreko, kutsatzaile eta osasunarentzako kaltegarria dena, ingurumena eta osasunaren defentsarekin bat datozen neurri alternatiboak apenas hartu gabe. Bizkaiko Zero Zabor Platagormatik adierazten dugu hondakinen egoera jatorrian konpondu behar dela, ekoizpena murriztuz eta gaikako bilketa ezarriz, nagusiki organikoarena, hondakinak baliabide bezala berreskuratzea erraztuko duena eta errausketa beharrezko egingo ez duena.

Beldur gara Zabalgarbira hondakinak esportatzea aurrera ihes egitea izango den berriro ere, epe laburrerako konponbidea edo are okerragoa, helburua hondakinak aurretratatzea ez izatea, “estaldura” bat ematea baino Mallabiak arazo barik nahastutako hondakinak botatzeko.

Ziurrenik, orain ez dago erre edo aurretratatzeko hondakin gehiagorentzako lekurik ez Zabalgarbin ez TMBn, ditugun datuek arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak berak emandakoak eta Zabalgarbiren 2017ko Ingurumen Zaintzako Programaren txostenak jasotakoak, instalazio biak egong lirateke euren gaitasunaren mugan. Zabalgarbik urtean 222.000 tona erretzen ditu urtean 240.000 tonatako gaitasun nominalarekin eta TMB urtean 176.300 tona aurretratatzen, urteko 180.000 tonarako gaitasunarekin, honetaz gain esperotakotik desbideratutako arazoak, Q sukarraren arazoak, etab. Arazoa larritu egingo da 2018an 2017ko joerak aurrera jarraitzen badu. Izan ere, 2016ko 605.000 tonetatik 2017ko 637.000 tonetara egin zuten gora jasotako hondakinek.

Gure ustez Bizkaiko Aldundia ez da ari erantzukizunez hondakinen arazoari aurre egiten, Hondakinen Kudeaketa Integralerako lana luzatuz, zeinen indarraldia 2016an amaitu zen, eta hortaz, garai berriei egokitutako neurri eta baliabideak bideratu gabe, ekonomia zirkularreko irizpideen araberako benetako politika egin gabe, bizkaitarroi sinestaraziz, datu makilatu edo gezurrezkoekin, birziklaia maila altuetan gaudela, hondakinak murriztearen aldeko apostua egiten duten neurriak martxan jarri gabe. Politika honekin, berandu izan gabe eta neurri egokiak hartu ezean, kolapsatutako instalazioak izan ditzakegu Bizkaia ere, hala nola errausketa.

Bizkaiko Zero Zabor Plataforman uste dugu hondakinen arazoak konponbidea behar duela herri bezala eta Eusko Jaurlaritzak izan beharko luke hondakinen inguruko plangintzatze orokorra egingo duena. Euskal administrazio artikulatu eta gardena behar da herrialde osoan hondakinak kudeatzeko eredu eraginkor eta unitarioa martxan jarriko duena. Lehenik eta behin, beharrezkoa litzateke udaletan arautzea murrizketa sustatu eta birziklaia derrigorrezko bihurtzeko, honek gora egin dezan.

Eta horretarako beharrezkoa da ontziak kudeatzeko kudeaketa modu berrien aldeko apustua egitea, hala nola SDDR, jasotze eta berrerabilera portzentaia handia bermatzen duena eta herritarrak atsedenik gabe hezi behar dira, heziketa beti delako epe ertain eta luzera emaitzak ematen dituen erronka bat. Ezinbestekoa irizten diogu ere biohondakina modu bereiztu batean jasotzen dela bultzatzea, atez-ateko sistemarekin, boskarren edukiontziarekin, autokonpostatzaileekin, konpostadora komunitarioekin, etab. herritarren partehartzea sustatuko duten kanpainekin eta erraztuko duten neurri fiskalekin, haal nola hondakinak sortzeagatik kobratzeko tasak edo hauen murrizketak.

Herri-politika eta hondakinen legea behar dugu, ekonomia zirkularra, ingurumena eta osasunarekin bat etorriko dena.
 

 

 

70 lanpostu mantentzea jasotzen duen akordioa Alfan

0

Alfako enpresa batzordeak langileen aldarrikapenak bermatzen dituen akordioa lortu ostean, 172 egunetan luzatu den greba bertan behera utzi dutela jakinarazi du.

172 egun greba mugagabean izan ondoren,  70 lanpostu mantentzea jasotzen duen akordioa sinatzea lortu dute, besteak beste. Batzordearen arabera, kalitatezko enplegua lortzea eta enpresaren jarrera zigortzea lortu da, enpresak Alfako langileen grebarako eskubidea urratu izana agerian geratu delarik. Honekin batera greban izan diren langileen borroka txalotu nahi izan dute.

ALFAko enpresa-batzordearen oharra

"Alfa Taldeko langileak 172 egun greba mugagabean direla betetzen diren honetan, langile eta Administrazio Konkurtsalaren arteko azken uneko akordio bat medio, grebari amaiera emango zaiola iragarri nahi dugu. Akordio oso on bat azaroan hasi zen gatazka luze eta gorrorrari amaiera emateko, sei hilabete eman baititugu borrokan lanpostuen defentsan.

Akordioak alde batetik, kalteordainen hobekuntza garrantzitsu bat jasotzen du. Bestetik, grebalariei kalteordainak ordainduko zaizkie enpresak beraien greba eskubidea urratzeagatik. Azkenik, lanpostuen inguruan, inbertsoreak Alfako baldintza berean 70 lanpostu mantentzea onartu du. Azken finean, enplegua, eta kalitatezkoa gainera, mantentzea eta enpresaren jarrera zigortzea lortu da, enpresak Alfako langileen grebarako eskubidea urratu izana agerian geratu delarik.

Goraipatzekoa da langile hauen borroka tinko eta luzea. Denbora guzti honetan, enpresaren aurka borrokatzeaz gain, enpresak joko zikina egiteko erabili dituen ALFA EN COMUNeko ordezkarien jarrera pairatu behar izan dute. Hain zuzen ere, Eibarko Epaitegiak grebalarien greba eskubidea urratu zela aitortu du eta urraketa honetan eskirolen papera ezinbestekoa izan da. Zoritxarrez, epaiaren ostean, greba eskubidea urratzen jarraitzen dute.

Gogoratu behar da Alfa taldeko zuzendaritzak izan duen jokaera azken urteetan. Hartzekodunen konkurtsoa martxan zegoela eta langileak beraien soldata jeitsiera garrantzitsu bat pairatzen zuten bitartean, Jon Ander Buenetxea, Iñaki Uzkudun eta Jorge Agirrebeñak osatzen zuten ALFAko zuzendaritzak 2.289.092 euro banatu zituzten.

Hori jakitean, langileak beraien erosahalmena berreskuratzeko borrokari ekin zioten eta enpresa moldaketekin etorri zen. Ajuste guzti hauen ondorioa likidazioa eta langile guztien kaleratzea izan da.

ALFA taldeko zuzendaritzak azken urteetan egin duena lanpostuen suntsiketa izan da. 800 langiletatik 180 langiletara pasatu da 5 urtetan, eta gelditu direnei lan baldintzak murriztu egin dizkiete.

Martxoaren 20an kontsulta epea amaitutzat eman zen “akordiorik gabe”. Gardentasunik gabeko prozesua izan zen. Nahiz eta denok bagenekien inbertsore bat zegoela proiektu honen atzetik, inoiz ez zitzaigun, ez informaziorik ez eta konpromisorik eman lanpostuak mantentzeko bidean. Eusko Jaurlaritzari dagokionez, Arantxa Tapiak eta Eusko Alderdi Jeltzaleak zuzenduriko Industria Sailaren jarrera guztiz lotsagarria izan da prosezu honetan. Langileak sentitu duten utzikeri eta arduragabekeriak ez dauka izenik. Hau bada Eusko Jaurlaritzak langileekiko duen konpromezu eta etorkizuna, etorkizun hau erabat beltza izango da.

Eibarko Udalak eta bere buru den PSE alderdiak, hasierako momentutik erabaki zuen noren ondoan egongo zen prozesu honetan. Zoritxarrez ezin ditugu ahaztu Miguel de los Toyos-ek eskirolak babesten egin zituen deklarazioak eta Jon Ander Buenetxearekin buruturiko bilera guztiak. Kontuan izanik enpresaren jokaera antisindikala, momentu honetan daukagun beldurra da grebalariak zigortzea eta eskirolei beraien jarrera saritzea. Beraz, oso adi ibiliko gara kontratazio prozesu honen inguruan diskriminaziorik gertatu ez dadin.

Prozesu guzti honetatik gelditzen zaigun alde positiboena grebalariek azken egunera arte izan duten duintasuna eta borroka tinkoa izan da. Lortu diren hobekuntza guztiak beraiei esker izan dela oso argi daukagu."
  

 

 

Estatuaren immobilismoari aurre egitea eragile guztioi dagokigu, guztiok jarri beharko genuke adostasun berriak eraikitzeko bidean

Espainiako Estatuak bake eta justizia eszenatoki bat oztopatzen jarraitzen du.

Guardia Zibilak Auzitegi Nazionalaren aginduz preso oihen aurka gaur abiatutako operazio polizialaren inguruan honakoa adierazi nahi du LABek.

Espainiako Estatuak bake eta justizia eszenatoki bat oztopatzen jarraitzen du. Ez du urrats bakarra eman. Konfrontazio estrategian mantentzen da, eta Guardia Zibilaren gaurko operazioa horretarako beste urrats bat da.

Garaiz kanpoko erabaki bat iruditzen zaio LABi, bestelako eskenatoki bat eraikitzeko momentua da orain. Estatuaren immobilismoari aurre egitea herri honetako eragile guztioi dagokigu, guztiok jarri beharko adostasun berriak eraikitzeko bidean. Ez genuke estatuaren estrategia hau onartu beharko.

Euskal Herrian ziklo berri bat irekitzeko etengabe oztopoak jartzen ari da gobernu antidemokratiko eta autoritarioa. Eta horrela izaten/egiten jarraitzeko bidea du, bitartean EAJ makulu duelako, leial, aurrekontuak onartu eta (bestela galdua lukeen) egonkortasuna emateko prest.
 

 

 

Salaketa sartu dugu Lan Ikuskaritzan El Corte Inglesi esleitutako lanetan saltoki handietako hitzarmena aplikatzen zaielako langileei

0
Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena aplikatzea eskatzen du sindikatuak.

El Corte Ingles, Donostiako San Martin kaleko 48an egiten ari den lanetan ari diren langileei, saltoki handietako hitzarmena ari zaie aplikatzen. Honen inguruan, salaketa jarri du gaur LABek Lan Ikuskaritzan eta langileei Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena aplikatzea eskatu du.

Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena betetzea kontu garrantzitsua da LABen iritziz, baldintza okerragoak dituzten hitzarmenen aplikazioak areagotzen duen prekarizazio prozesua eteten duelako.

LABek lanean jarraituko du Gipuzkoako eraikuntzako lanetan herrialdeko sektoreko hitzarmena benetan bete dadin. Era berean, kritikatu egin du Donostiako Udalak horrelako obra batean egoera hau ematea ahalbidetzea berak esleitutako obra batean.
 

 

 

Anoeta Zelaia Aldi Baterako Enpresa Elkarteak uko egin dio informazioa emateari

0

Anoetako estadioko lanetan Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena benetan betetzen ari dela konprobatzeko informazioa eskatu zaio. Gaur zen egiteko kontziliazioa, baina Anoeta Kiroldegia ez da PRECOn azaldu.

Anoeta Zelaia Aldi Baterako Enpresa Elkarteak, bere lizitazioko eskaintzan, konpromisoa hartu zuen Anoetako estadioko birmoldaketa lanetan Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena aplikatuko zuela.

PRECOaren 2018/40/6 espedienteak adierazten zuen lan hauetan Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena betetzen zela. Hala ere, espediente berdinean, Anoeta Zelaia Aldi Baterako Enpresa Elkarteak uko egiten zion langileen nominak eta ordutegi kontrolaren inguruko datuak emateari.

Anoeta Kiroldegiako administrazio kontseiluak onartu zuen eraikuntzako hitzarmena betetzen ari zela kontrolatzea 20 pertsonaren (udan 40) kontrol aleatorioaren bidez.

Egoera honetan LABek, Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenaren mahai negoziatzailean ordezkatuta dagoen sindikatu bezala, langileen nomina eta ordutegi-kontrolerako datuak eskuratzea eskatu zuen, aipatu hitzarmena benetan betetzen zela egiaztatzeko.

Gaur zen egiteko kontziliazioa eta ez da egin Anoeta Kiroldegia ez delako azaldu. LABek guztiz salagarritzat jotzen du hau.
Sindikatuak borrokan jarraituko du Gipuzkoako hitzarmena benetan bete dadin lurralde honetako lanetan eta dei egiten die instituzioei gaiaren inguruko zaintza eta zigor-bidea indartu ditzaten.
 

 

 

“Bizitza da Handiena” kanpainari hasiera emango zaio Donostian, larunbatean

0

Maiatzaren 19rako Donostiako Bulebarrean finkatu dute hitzordua, 10:30ean.

Herri mugimendu eta sindikatu ugarik bat egin dugu bat "Bizitza da Handiena" kanpainarekin, agintetik aurrera eramaten ari diren politika antisozialei aurre egin behar zaiela uste dugulako. Behar izugarria dago, egoerak eskatzen du, eta horren froga da batu garen eragile eta herritarren aniztasuna.

Ez gara ezerezetik abiatzen. Mundu mailan ematen diren esperientzia ugariren iturritik edaten dugu, baita gure hirian gertatu direnetatik ere: azken urteetako desobedientzia ekimen masibo batzuk aipatzearren, atxiloketen aurkako herri harresien, etxe kaleratzeen aurkako borrokaren, 15M, Nuit Debout edo erraustegiaren aurkako kanpaldiaren, “M8 “emakumeok* planto” izenpean gauzatu zen greba feministaren, prekarietatearen aurka langile mugimenduaren dinamiken eta pentsionisten mobilizazioen bidetik borrokatuko dugu, besteak beste. Borroken artean loturak egiten saiatuko gara, guk nahi badugu, dena lotuta dagoelako.

Desobedientzia zibila, kolaborazio-eza, ekintza zuzena, erresistentzia izango dira gure borrokarako tresna lege eta politika injustuei aurre egiteko; beren bortxa agerian utziko dugu guk biolentziarik erabili gabe. Erasoen aurrean elkartasuna izango da tresnarik indartsuena.

Etxean eta desanimatuta nahi gaituzten arren, kalea bizi-bizirik dago. Protestara kalera ateratzeko arrazoiak pilatzen ari zaizkigu, horregatik emango dugu erantzun bateratua.

Dena kontrolpean edukitzera ohitu direnen aurka egiteko borroka molde berriak asmatzen ari gara, kultura politiko berri bat egunez egun eraikitzen. Egingo dugun ekimenari adjektiboak jartzen hasi baino, gure ekintzen bidez azalduko diogu Euskal Erregimenaren ereduari kontrapuntua.

Maiatzaren 19an denok Donostiako Bulebarrean geratuko gara, 10:30ean. Gero gerokoak. 
 

 

 

Agoitzeko Siemens-Gamesako enpresa hitzarmena sinatu da

0

Hilabete luzeak negoziatzen egon ondoren, maiatzaren 14an akordioa lortu zen enpresa-batzordea (LAB, ELA, UGT eta CCOO) eta Agoitzeko Siemens-Gamesako zuzendaritzak.

Akordio honeik Agoitzeko lantokirako lehen Enpresa-hitzarmena sinatu da, 2012ko lan erreformari aurre egiten dion hitzarmena. Lortutako edukitik honako edukiak nabarmendu nahiko genituzke:

• 3 urtetako indarraldia, 2018, 2019 eta 2020.
• Mugagabeko ultraaktibitatea.
• Hitzarmenaren aldebakarreko inaplikazioaren aurreko blindajea.
• Lanaldia: 12 ordutako jardunaldi murrizketa indarraldiko 3 urteetan.
• Kontratazioa: 2019ko abenduaren 31 baino lehenago aldi baterako 45 kontratu mugagabe bihurtzea.
• Soldata igoera: %2ko igoera 2018rako eta Nafarroako KPI erreala 2019 eta 2020rako.
• Ordaindutako baimenak: estaldura gehiago gehitzeaz gain zehazten da ordaindutako baimen guztiak lehen lan-egunetik hasiko direla kontatzen.
• Aldi baterako ezintasuna: Gizarte Segurantzaren estaldura hobentzen da gaixotasun arruntetik eratorritako aldi baterako ezgaitasun kasuetan, lehen egunetik 3.era %50ean osagarritzen da, bajako 4. egunetik 20.era %70 eta 21.etik 365.era %85ean.
• Prebentzio delegatuak: legezko ordezkaritzarik ez duten langileen artean izendatuko delegatuentzat, enpresa-batzordeetako kideentzat dagoen ordu-kreditu berdina.
• Laneko arropa: enpresa izango da laneko arropa garbitzearen arduraduna.

Negoziazio prozesu honen momentu guztietan zehar langileek erakutsi duten inplikazioa eta jarrera funtsezkoak izan dira berau lortzeko. Eta horrela izaten jarraitu beharko du etorkizunean aurrean aurkituko ditugun erronka guztiei arrakastaz heldu ahal izateko.

LABentzat lorpen nagusia da propioa den negoziaketarako tresna bat eskuratu dugula, gure lan-baldintzen negoziazioaren jabe izatea ahalbidetzen diguna gure eskubideen defentsa eta hobekuntzan aurre egiteko.

Hemen lan egiten dugulako, hemen erabaki behar ditugu gure lan baldintzak!

 

 

 

Bizkaiko Aldundiko garbitzaileek grebara joko dute

0

Maiatzaren 28, 29 eta 30erako erregistratu dituzte gaur, Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deitu dugu grebara.

Hauxe da Garbialdiko langileek egindako oharra:

6 urte igaro dira Aldundiko Garbitzaileek hitzarmena negoziatzeari ekin genionetik eta gure soldatak 2010. urtetik izozturik daude.

Enpresa esleipendunak, Garbialdik, egiten duen eskaintza ekonomikoa, erraz laburbildu daiteke: %0,3ko igoera 2017. urterako, aurreko urte guztietan %0koa izanik eta 0 ere 2018 eta 2019 urteetarako. Hara, 0,14€-tako soldata igoera 8 urteetako epe batean -eta horrenbeste lanaldi osoa dutenentzat, jakina-.

Enpresak erakusten ari zen borondate faltaz nazkatuta eta azken urteetan jasan ditugun murrizketak salatzeko helburuarekin, pasa den abenduaren 5ean asteroko mobilizazioak martxan ipini genituen. Astearte horretatik, ez dugu inoiz deialdi horietara hutsik egin.

Azken asteetan protestak areagotu ditugu gainera: Ogasuneko eraikinean egunero kontzentratu izan gara bost urteetan zehar eta baita karpa iraunkor bat ipini dugu Jauregi Foralaren aurrean gure errealitatea ezagutzera emateko. Protesta hauetara eraman ditugun pankartetan hurrengoko leloak irakur zitezkeeen: “GARBIALDI, ALDUNDIA: NEGOZIAZIOA ORAIN” edota “ADITU NAHI EZ BADUZUE, ENTZUNGO GAITUZUE”.

Gure errealitatea ezagutzera emateko eta egoera desblokeatzeko burutu ditugun ekintzen artean, Enplegu, Gizarte inklusioa eta Berdintasun saileko diputatua den Teresa Laespadari eta Aldundiko Zerbitzuen Zuzendari nagusia den Jesus María García Larraganeri gurekin batzar zitezela eskatu genien. Ez bata ez besteak ez dute interesik azalarazi batzar horren inguruan.

Aldundiko zentroak garbitzen ditugun langileak gara. Denbora luzez gure hitzarmena erreferentziazkoa izan zen sektoreko beste lankide batzuentzat, baina azken urteotan errealitate hau karkaildu egin da, gaur egun, jasanezina izatera heldu delarik.

Zortzi urte pasa dira gure soldatak izozturik daudenetik, lan-zamak etengabe areagotzen dira bajan dauden lankideak ordezkatzen ez dituztelako eta bakante gelditzen diren lanpostuak amortizatzen dituztelako, lanaldiak murriztu dira, eta gero eta gehiago dira gaixotasun profesionalak direla eta behin-behineko ezgaitasun egoeran dauden langileak.

Egoera honetaz nazkatuta gaude. Kontuan har gaitzatela eta Aldundia gatazka honen ebazpen baketsuan parte har dezan nahi dugu, Garbialdi mugitzera behartu dezala.

Horregatik maiatzak 28, 29 eta 30ean 3 greba egun aurrera eramango ditugu. Aldundiko arduradunak, omisioagatik bere lan zentroak garbitzen ditugun langileen prekarizazioan laguntzen ari dira eta egoera honi amaiera ipini behar diogu.