2026-04-29
Blog Page 774

Lanean pairatzen dituzten erasoak salatu dituzte Euskotreneko langileek

0

Euskotrenen Batzorde Iraunkorrak langilegoa deitu du gaur, Bilboko Zazpikaleko geltokiaren aurrean, aurreko larunbatean langile batek pairatutako erasoa salatzeko.

Hauxe da Euskotreneko Batzorde Iraunkorrak igorritako oharra:

Aurreko larunbatean berriro langile bat erasotua izan zen bere jardunean zela. EuskoTrenen Batzorde Iraunkorrak eraso hau zein gainerako langileek bere jardunean pairatzen dituzten erasoak berriro deitoratu nahi ditu.

Jendaurrean bere lana garatzen duten EuskoTrenen langileek (kontu hartzaileak, geltokietako langileak, gidaritza agenteak, Bezero Arretarako Bulegoetako langileak,…) EuskoTrenen erabiltzaileei laguntza emateko eta garraio publikoaren erabilera zuzena bermatzeko egiten dute lan.

Guztiz onartezina da bere lana egiteagatik hainbat langilek isekak, mehatxuak edota baita erasoak ere pairatu behar izatea pasa den larunbatean gertatu zen bezala.
Horrelako jarrerak gutxiengo batek burutzen dituela nabarmenduagatik ere gure kezka agertu nahi dugu. Harremanek abegigortasun eta elkar errespetuan behar dute oinarritu.
 

 

 

Datorren ikasturterako agenda finkatu du Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak

Ikasturtea indartsu dator, Bilbon egingo duten Nazioarteko Topaketen etorrerarekin.

Hauxe da Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak igorritako oharra:

Iritsi zaigu uda, oporrak eta eguzkia, azkenean! Denok horren gustura hartuko dugun deskantsurako momentua. Ikasturte potentea izan da aurtengoa ere, gure herri feminista eraikitzera bidean urrats asko eman ditugu: martxoak 8 ahaztezina, indarkeria matxistaren aurkako protokoloaren eztabaidak, Lolita Chávez ekintzaile feministari babesa ematea, Rana Plaza Gogoan eguna, asanblada irekiak, kaleko protestak… martxa honek ez du etenik, urrutira goaz denok aske izan arte!

Hurrengo ikasturtea ere indartsu dator. Apuntatu agendan honako data hauek:

· Irailaren 28 eta 29an formazio jardunaldia Iruñean.
· Urriaren 5ean asanblada irekia Bilbon.
· Urriaren 22tik 28ra Emakumeon Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketa Bilbon.
· Urriaren 27n FEMINISTON HERRIA Bilboko Areatzan.

Beraz, hartu indarrak udan eta datorren ikasturtean ere, martxan jarraituko dugu!

 

 

 

2018rako soldata igoera baieztatu da Nafarroako Gobernuan

Nafarroako Gobernuak baieztatu du %1,5eko igoera abuztuari dagokion ordainsarian jasoko dela; beste alde batetik, uztailetik aurrean aplikatuko litzatekeen erantsitako %0,25ari dagokionez, Nafarroako Gobernuaren asmoa da iraileko ordainsarian pagatzea, behin 2018.eko uztailaren 3an ospatu zen Ministro Kontseiluan hartu zen erabakiaren berri jasotzean, non aipatu soldata-igoeraren aplikazioa onartzen den.

Berriz ere LABek adierazi nahi du, Administrazioko langileentzako ordainsari-igoera atzeratzen ari dela Madrileko Gobernuak inposatzen digun politika-interbentzioagatik.

Alderdi Popularrak administrazio guztiei eskumen murrizpenak inposatu zizkien. Ordainsariei dagokienez, estatuko sindikatuek babesa eman zioten eroste-ahalmenari eustea bermatzen ez duen akordio bat sinatzen. Urte honetarako gehienezko ordainsari-igoera %1,75koa da, egungo inflazioa Nafarroan %2,1, eta ordainsari galera %0,35 handitzen zaigu, orain arte metatu dugun %13,6koari gehitzen zaiona.

Orain PSOEk segitzen du eskumenak murrizten eta ordainsari galera gehiagorekin zigortzen. Nafarroako Gobernuak, Geroa-Baikoak, langileei galdutako ordainsariak berreskuratzea ahalbidetuko dizkieten baliabideak jarri behar ditu. LABek exijitzen du negoziazio prozesu bat martxan jartzea, langileek lapurtu zaien dirua berreskuratzeko beharrezko neurriak inplementatzeko.
 

 

 

Nafarroako Hezkuntza Departamentuarekin larrialdizko bilera eskatuko diogu azken LEPan gertatu dena argitzeko

0
Hezkuntzako oposizioetan gertatzen ari dena ez da berria. Aurtengo bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako probek utzi dizkiguten zenbakiek, ordea, aldaketaren beharra areagotu egin dute. Premiazkoa da eredu aldaketa!

Irakasle kopuru handi batek, erdiak baino gehiagok, ez du lehen proba gainditu. Espezialitate batzuetan %80tik gorakoa izan da suspentsoen kopurua. (gehienek jada irakasle gisa lanean dihardutenak) eta ez dute aukera izan ahoko probara pasatzeko. Plazen %30 inguru bete gabe geratuko da eta ehunka langilek egonkortu gabe jarraituko dute behin behineko irakasle gisa jarraituz.

LABen argi daukagu oposizio eredu hau ez dela baliagarria irakaslerik egokienak hautatzeko. Aspaldi gabiltza irakasleak egonkortzeko eredu propioa aldarrikatzen eta Madrilen araututako oposizio eredu honi aurre egiteko ahaleginak egiten:

• Idatzizko proba baztertzailea da eta proba memoristiko hutsak gehiegizko balioa du.

• Gaitegiak: berritzea (estatu mailakoak dira eta gehienak 90. hamarkadakoak) eta euskaraz argitaratzea.

• Ebaluazio irizpideak eta kalifikazio irizpideak aurretik argitaratzea.

• Berehalako erreklamazioetan azterketa ikusi ahal izatea.

• Epaimahaikideen baldintza hobetzea: ordu asko, datak oso estu…

• Prozesuak aldez aurretik iragartzea eta prozesua lehenago hastea.

Aldi berean, gogora ekarri nahi dugu LEP honetan hainbat hautagaik espezialitate bereko froga bitan egin behar izan dutela, Zerrenda Bakarra zapuztu eta gero gaztelerako zein euskarako zerrendan egon ahal izateko. Lotsagarria iruditu zitzaigun zinismoa erabilita hainbat ordezkari politiko eta sindikalek aukera bikoitza izango zutela adierazi zuten baina orain agerian geratu da iruzur bikoitza jasan behar izan dutela eta erkidego honetako bi hizkuntza ofizialak menperatzea zigortu egin nahi dela, saritu beharrean.

Horregatik guztiagatik, premiazkoa iruditzen zaigu Hezkuntza Departamentuak gai horiei guztiei buruz duen ikuspuntua jakitea eta kalitatea, metodologia aktiboak eta berrikuntza pedagogikoa bermatuko dituen bideak abian jartzeko LABek larrialdizko bilera eskatuko dio, kontu hauek guztiak argitu asmoz.
 

 

 

Greba egin dute FOSECOn, 42 langileri eragingo dien EEEaren aurrean

0

Izurtzako FOSECOko langileek greba egin zuten atzo, uztailaren 23an, zuzendaritzak enpresa deslokalizatzeko dituen asmoen kontra. Zuzendaritzak Enplegu Erregulazio Espedientea aurkeztu du bertako 93 langiletatik 42rentzat. Izurtzako lantokia itxi eta Igorrekoa indartzeko asmoa dute. Langileen asanbladan erabaki zuten atzoko greba egitea.

Atzo aurkeztu zuen zuzendaritzak EEEaren dokumentazioa eta langileek mobilizazioaren bidez erantzun zioten espedienteari, greba eginez.

Aste honetan zehar, enpresa-komiteak kontraproposamen bat bidaliko dio enpresaren zuzendaritzari eta honen erantzunaren arabera, irailaren 3an greba hasiko lukete. Langileek euren borondate onaren keinu bezala ulertzen dute hau, azken aukera bat emango baitiote zuzendaritzari, grebekin hasi aurretik.

LABen planteamendua lanpostuen defentsa izan da hasieratik, eta horretarako, argi ari gara uzten langileei borrokatu barik ez langileok ez dugula ezer lortzerik.
 

 

 

Bizkaiko Bulego eta Langeletako langileak ostegunean irtengo dira berriro kalera

Bizkaiko Bulego eta langeletako langileek hilabeteak daramatzate hitzarmen duinaren aldeko borroka eta mobilizazioetan. Gaur, prentsaurrekoa eman dute Foru Aldundiaren aurrean, alderdi politikoekin egindako harremanen berri emateko. Honetaz gain, ekimen berriak iragarri dituzte; ostegunean, esaterako, Euskal Encouterren inaugurazioan egingo dute protesta, 9:30ean.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Enplegu, Inklusio sozial eta Berdintasuneko Batzordeak, joan den asteartean, uztailaren 17an, EHBilduk eta Podemosek aurkeztutako arauz besteko proposamena baztertu egin zuen. Proposamen honetan, Foru Aldundiak Bulego eta Langeletako sektoreko langileen aldarrikapenak babes ditzan, CEBEKi eztabaida prozesua zabaldu dezan eta dagokion konpetentzia eremutik lan-baldintzak hobetzeko lan egin dezan, eskatzen zen.

Zein argudio erabili zuten EAJ, PSE eta PPk euren erabakia defendatzeko?

EAJtik, bi aldek osatzen duten negoziazio kolektiboko mahaiari errespetua erakutsi behar diotela adierazi zuten, alde bien arteko kontsentsua beharrezkotzat jo arren.

PSEren arabera, aldeen arteko negoziazio kolektiboa ez da Batzar Nagusien ezta Bizkaiko Foru Aldundiaren esparrua.

Azkenik, PPren arabera, Aldundiak bitartekaritza lana egin egin dezake bi aldeek horrela nahi badute, baina administrazio bat negoziazio kolektibo bateko parte izatea ezin dela inposatu uste du, “injerentzia” izango litzatekeelako hori.

Zein da Bizkaiko Bulego eta Langeletako sektorearen errealitatea?

Hitzarmen hau Bizkaiko bigarren garrantzitsuena da langile kopuruaren arabera, 23.000 ingururi eragiten baitie.

Hitzarmenak 2013an galdu zuen indarraldia eta ordutik ona bertan zehaztutako baldintza gehienak aplikatzen jarraitzen dira eta krisi urte gogorrenetan ere ez da hitzarmenerarekiko deslotze enpresarialik eman.

Hortaz, praktikan indarrean jarraitzen duten lan-baldintzak dira eta guztiz normalizatuta daudenak.

Zer eskatzen dugu sindikatuok?

Orain arte hitzarmenaren mahai negoziatzailearen 17 bilera izan dira. Puntu bakar bi dituen plataforma bateratua aurkeztu dugu ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok:

1. Bizkaiko bulego eta langeletako hitzarmena berreskuratzea 2013an zen bezala.
2. Soldata-taulak eguneratzea urte hauetan galdutako eros-ahalmenarekiko.

Zer dio CEBEKek aldarrikapen hauen aurrean?

Mahaiaren lehenengo bileratik, CEBEKek adierazi du genuen hitzarmena berreskuratu nahi badugu soilik bide bakarra dagoela: bi alderditan “aldaketak” eginez, hau da, antzinatasunean eta gutxieneko bermean. Eta CEBEKek “aldatu” dioenean, “murriztu” edo “kendu” da benetan esan nahi duena.

Antzinatasuna eta gutxieneko bermea kendu edo murrizteak soldata mugarik gabe izoztea ekarriko luke praktikan. Horregatik ezin dezakegu onartu.

CEBEK, azken finean, PPk inposatutako lan-erreformari esker eskura dituen tresna guztiak erabiltzen ari da mahaia gainean xantaia bat ezartzeko: kendu nizun hitzarmena nahi baduzu, esadazu nola zauden prest berau okertzeko.

Xantaia honetara eramaten gaituzte EAJ, PSE eta PPk inolako lotsarik gabe. Hiru indar politiko hauek eufemismoak erabiltzen dituzte guri onena opatzeko baina beti ere xantaia honen baitan, ez dutelako busti nahi, hori injerentzia bat dela diotelako. Aldeen arteko berdintasunik ez dagoen xantaia esparru honi, “negoziazio kolektiboa” deitzen diote. Eta oso lasai geratzen dira horrela.

Zein da gure iritzia horrekiko?

Gure ustez indar politiko ezberdinak jendartearen isla dira, eta euren egitekoaren zati da herritarren ongizate eta eskubideen alde egitea.

Helburu horiek praktikara eramateko daude instituzioak, injustiziaren biktima garenean eurengana jotzen dugun herritarren defentsan modu aktiboan parte eta esku hartu behar dutenak. Bestela, ezer ez egitea, arduragabekeria, errespetu falta eta adarjotze bat da.

Irabazien, zenbakien eta kapitalaren gainetik beti pertsonak eta printzipioak daudela uste dugu. Eta zuek, EAJ, PSE eta PPko jaun-andereak, defendatu ez eta gainera botata uzten gaituzue gure lan-baldintzak okertu nahi dituztenak lagunduz. Badirudi CEBEKez ari garenean, gure ordezkariek ahaztu egiten dutela zertarako izan ziren aukeratuak.

Eta hemendik aurrera, zer?

Urte hasieratik 3 greba egun eta 30 mobilizazio baino gehiago burutu ditugu gure hitzarmenaren defentsan. Zuek “negoziazio kolektiboa” deitzen duzuen hori partida desorekatu eta injustua da, non batzuek irabazteko karta guztiak dituzten eta beste batzuek bakarra besterik ez, mobilizazioa. Arazo bat duzue eta arduragabe batzuk izaten ari zarete. Bai CEBEKek eta bai zuek nortzuk garen ahaztu eta dugun indarra zalantzatan jartzeko ohitura arriskutsua duzue. Horregatik, mobilizazioaren karta jokatzera goaz.

Bizkaiko Bulego eta Langelen sektorean lan egiten dugun herritarrek, askotan ikuspegi sozial eta teknologikotik funtsezkoak diren azpiegiturak kudeatzen dituzten enpresa eta entitate publiko-pribatuetan maila teknologiko altuko lanak egiten ditugu. Ez zalantzarik izan gure indarraren oso kontziente garela.

Horregatik, epe laburrean, CEBEKekin batera, sektoreko enpresa eta entitateetan zalantzarik gabe gora egingo duen gatazka-maila eta bere ondorioen erantzule eta konplize izango zarete.

Epe ertain eta luzera gu geu, zuen erabakiak eragiten dien 23.000 pertsonak, izango gara gure bozka nora joango den erabakiaren erantzule bakarrak, eta guk erabakiko dugu gure bozkekin zuen eskuetan jarraitu nahi dugun edo ez.

Alderdi politikoek lan erreforman ahalbidetutako aldaketek eraman gaituzte hitzarmena galtzera. Alderdi politikoei laguntza eskatzen diegunean, batzuetan langileen eskubideen defentsa eta suspertze ekonomikoa aldarrikatzen dituztenean, EAJ, PSE eta PPk helarazten diguten erantzuna, Bizkaiko herritarren ordezkariena baino, Pontzio Pilatosen aitzakia etikoa dirudi. Gera zaitezte gustora 23.000 langileri laguntzeko konpromisoa saihestu duzuela pentsatuz, benetan argudio politak ez direlako nahiko, ekintzak dira axola dutenak. Guk aurrera jarraituko dugu gure hitzarmenaren defentsan, zuen laguntza izan edo ez.

Hori dela eta, hurrengo egunetan eskutitz bat bidaliko diegu alderdi politiko bakoitzari eurekin hitzordua eskatuz, non azalpenak eskatuko dizkiegun hartutako jarreraren inguruan. Eta hurrengo ostegunean, hilaren 26an, goizeko 09:30etatik aurrera Euskal Encounterren inaugurazioan egongo gara beste behin ere Bizkaiko Bulego eta Langelen hitzarmen duin bat aldarrikatzen.
 

 

 

[IRITZIA] Darpon sailburuaren EPE “garbia”

0

Osakidetzan LABeko delegatu den Jesus Oñatek Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponi buruz idatzi du, EPEan egondako irregulartasunen harira.

Goiz batean Radio Euskadin, Jon Darpon Osasun Sailburuak, Osakidetzako “mega EPEko” azterketetan egondako ustezko filtrazioen sortutako zalapartaren aurrean, honakoa esan zuen hitzez hitz: “ahaleginduko gara EPEko emaitza justiak justifikatzen”. Gezurra dirudi sailburu bat nere subkontzienteak horrela traizionatzea eta argitu beharrean, EPE honetan gertatutakoa justifikatzea bilatzea. Ematen du hor dagoela uztailaren 4tik agindutako ikerketa bere eskuetan izatea eta berau aurkeztea uztailaren 19rako aurreikusita egotearen arrazoia. Elkarrizketa berean, euren eskuetan izan bezain laster aipatu ikerketa argitara emango zutela adierazten zuen.

Jendea bere buruari galdezka ari da kontu hau hain ezaguna bazen zergatik ez zen aurretik salatu. Zentzu honetan, salatzea edo egoera honen inguruko informazioa helarazteko LAB bezalako sindikatuetara gerturatzea erabaki duten kategoria medikuko langileei eskerrak eman behar zaizkie. Euren ausardia eredu izan beharko litzateke herritarren zerbitzura lanean ari garenontzat, hauek gure eskuetan jartzen dituzten baliabideekin. Pertsona hauek inork salatzen ez zuen zerbait salatu dute, askotan orain bizitzen ari diren errepresalien beldur, eta beste kasu batzutan, beti egon direlako “euren EPEaren” zain zeudenak galderak jasotzeko.

Hau aldatu egin da, badago jendea arriskuak hartzeko prest dagoena salatzeko eta Parlamentuko PATINAZO batean Jon Darponek ondo adierazi zuen moduan, badago aurreko deialdiekiko aldatu den beste gauza bat: “HAEE prozesuan sartzea EPE garbi bat egiteko”. Prozesuan HAEE sartu izanak urduri jarri zituen aurreko EPEetan azterketak filtratzen aritu zirenak, eta agerian utzi zuen prozesu hauek zuten garbitasun beharra.

HAEEk, zenbait frogatan filtrazio zantzuak jasan arren, gardentasun pixka bat eman dio prozesu zikin bati, eta noski eman diola gardentasuna! Dena ikusi da.

HAEEk egindako lehen frogak nota osoaren %65a suposatzea ere kontuan hartu behar da, prozesuaren dinamikan, gainontzeko %35a epai-mahaiaren esku gelditzen zelako, portzentaje nahikoa modu esanguratsuan eragiteko gainditutako kopuruan, plaza finkoa eskuratu dezaketenak.

Darponek argitu beharko luke, HAEEk prozesu garbiaren bermea ematen bazuen zergatik utzi zitzaien epai-mahaiei erabakiteko tarte nahikoa. Zergatik ez zuen bigarren froga ere HAEEk egin, prozesu garbia izatearen bermeak ematen bazituen?

Guregana jo duten profesional medikuan arabera, modus operandi ugari dago, galderen filtrazioa, azterketen filtrazioa, kongresuen prestaketa erabiltzea pertsona zehatzei mesede egiteko, eta baita ere ariketak esaldi edo azpimarratuko gakoak erabiliz idazteko irizpideak, azterketa egiten duenaren nortasuna ezagutu eta froga batzuetan pliken prozesuan bermatzean duen anonimotasuna gainditzeko.

Egoera konplexua da, baina Darponek bere erantzukizunak onartzen hasi beharko luke eta behingoz egoera honekin amaitzeko apustua egin. Kategoria eta besteak eta baita erabiltzaileak ere defendatzea prozesu garbia bermatzea da, baina baita kontratazio koiunturalaren atzean izkutatzen diren milaka plazak argitara ateratzea, eta osasun-egiturako langileei egonkortasuna ematea.

Ezin dugu ahaztu egun, Osakidetzako 4 langiletatik 1,5 ebentualak direla. Atera itzazue lanpostu horien EPEra eta amai ezazue lanpostuen salerosketarekin, iruzurraren atzaparrak zabaltzea baino egiten ez duena, kontratazio zein EPEetan.

Milaka postu dago kodea behar dutenak eta langile-egituran sartu behar direnak. Darpon jauna, egin iezaguzu mesede bat guztioi, atera itzazu kode guzti horiek EPEra, utzi etikarik gabe eta dudazko legeztasuna duten jarduerekin funtzionatzen duen elite bat babestu eta justifikatzeari. Zuk defendatzen duzun EPE eta kontratazio ereduak amaitu behar dute, agortutako ereduak dira. Uste dugu bidezkoa izango litzatekeela zure dimisioa eskatzea hain garrantzitsua den gain honetan egin duzun kudeaketa negargarriagatik, baina jakitun gara honek ez lituzkeela Osakidetzaren arazoak konponduko, ezta bere EPEenak ere. Harago doa arazoa, kudeaketa-eredua bbera da huts egiten duena, aginte-katea, zuzendaritzen zati handi bat, inertziak, botere-borrokak, osasungintza publikoaren kontura egindako negoziorako irrika… Guzti hau eta askoz gehiago. Hortaz, premiazkoa da osasungintza eta buruzagitzen ereduaren aldaketa sakona. Benetan Osakidetza onbideratuko duen aldaketa. Zuk eredu hauetara lotu duzu zure etorkizuna behin eta berriro defendatu ondoren. Eta honek iragana izan beharko luke, ez gaurdanik martxan jartzen hasi behar dugun Osakidetza berria.

 

 

 

Pentsio duinak aldarrikatu ditugu EHUko Udako Ikastaroen aurrean

Donostiako Miramar Jauregian, pentsioen inguruko bi jardunaldi aurreikusi dituzte gaur eta biharko, EHUko Udako Ikastaroetan. Hori dela eta, LABen ordezkaritza bat presente egon da gaurko jardunaldian, baita pentsionistek deitutako mobilizazioan ere.

Azken hilabeteotan Euskal Herriko kaleetara atera diren milaka pentsionistek, agenda politikoa eta soziala mugitzeaz gain, unibertsitatekoari ere eragin diote.

Gaur eta biharko, Donostiako Miramar Jauregian, pentsioen inguruko bi jardunaldi aurreikusi dituzte EHUko Udako Ikastaroetan eta adierazi behar dugun lehena gure harridura da hizlarien artean ez dagoelako afektaturik, ez dago euskal pentsionistarik. Eta asko dute hauek esateko, azken hilabeteetan Euskal Herriko kaleetan erakusten ari diren moduan.

Politikoek, teknikoek, aholkulariek, pentsio funts pribatu eta osagarriak kudeatzen dituztenek hartuko dute parte, baita Madrilgo CCOOek ordezkari batek ere, baina ez Euskal Herriko pentsionista ez pentsionista elkarteek, milaka pertsona mobilizatu eta milaka sinadura jaso dituztenean euren bidezko aldarrikapenekin, jardunaldietan entzungo ez direnak. Kezkatzekoa dela uste dugu.

Jardunaldietako helburuen artean “konpetentzien eremua gaiaren inguruan eta bere balizko aldaketak” egon arren, LABetik ulertzen dugu horixe izan beharko litzatekeela eztabaidarekin eta landu beharreko proposamenen ardatzetako bat. Euskal instituzioek euren gain hartuko balute pentsioen inguruko gai oro, diru-sarrera zein gastuei dagokienez, Babes eta Gizarte Segurantzako Sistema Publiko eta Propioa arautu eta berau kudeatzea, suposatu ahalko luke lantzea nola egingo dugun posible Euskal Herritik egungo pentsiodunez gain, jendartearen ia %25 suposatzen dutenak, jendarte guztiari eragingo dion arazo bati konponbidea ematea. Denok izango baikara pentsionistak momenturen baten.

Kezkatu egiten gaitu balizko irteera bezala sistema pribatu osagarriak planteatzeak eta pentsioen etorkizunari ikuspegi publiko eta iraunkor batetik ekin behar zaiela uste dugu, egungo zein etorkizunerko pertsona guztiei gutxienezko duintasuna izango duen pentsioa izango dutela bermatuko diena. Euren bizitzako azken urteak pentsionista pobre izan gabe bizi ahal izatea ahalbidetuko dien sistema zehaztu behar da, zoritxarrez horrela gertatzen baita gaur egun. Gehiengoa dira pobreziaren atalasetik beherako pentsioa jasotzen dutenak, Europa Karta Sozialaren arabera gutxienez 1.080 eurotako pentsioan kokatuko litzatekeena. Hemen eta orain posible da hori.

Ez dugu ahaztu behar eztabaida honetan emakumeek oso egiteko garrantzitsua dutela, hauek baitira pentsio okerrenak jasotzen dituztenak eta hilabete amaierara heltzea ahalbidetuko liekeen 1.080 eurotako gutxienezko pentsioa emateari alderdi politiko batzuk errepikatzen dituzten ezezkoek kaltetzen dituztenak.
 

 

 

“Tasubinsa ez dago salgai”

Tasubinsa enplegu zentro bereziak Noaingo Motxoli industriagunean duen arropa-garbitegia saldu behar zuela jakinarazi zion Enpresa Batzordeari sanferminen atarian. Astebete geroago ordutegi aldaketa eginen zuela komunikatu zuen. Hala, enpresako zuzendariek aurpegia ematen ez dutela ikusita, enpresa batzordeak eta langileek euren haserrea erakutsi dute, Tasubinsako presidentearen gaurko bisita baliatuta.
 
Hau da Tasubinsako enpresa batzordeak igorritako oharra:

Tasubinsa, enplegu zentru bereziak, Noaingo Motxoli industriagunean duen arropa-garbitegia saldu behar zuela helarazio zion Enpresa Komiteari San Ferminen atarian. Aste bat beranduago ordutegi aldaketa burutuko zuela komunikatu egin zuen.

Enpresak azken orduan eta oporraldian murgilduak gaudenean eman digu abisua, aurretikan zekien informazioa ezkutatuz, helburu maltzur batekin. Gainera, lantokia saldu baino lehen, langileen lan baldintzak okertu nahi ditu, salmentaren negoziazioetan etekina lortzeko.

Azpimarratzekoa da gainera langile hauen baldintza kaskarrak, esate baterako, bidegabea den behin-behinekotasuna %60 kokatzen delarik lantokian, soldata baxuak zein jardunaldi altuak.

Gainera, enpresako zuzendariek ez dute aurpegia eman, dena emailez informatuz eta Tasubinsako presidenteak lantokira burutu duen bisitaren atarian, enpresa komiteak eta lantokiko langileak elkarretaratzea burutu dute, 60 bat lagun elkartu direlarik.

Bihar asteartea 24, ordutegi aldaketa negoziatzeko nahiarekin Zuzendaritzak enpresa komitea deitu gaitu.