2026-01-22
Blog Page 766

“Aurrerapausorik ikusten ez badugu, deialdi berriak luzatuko ditugu”, adierazi dute Garbialdiko langileek

0

Seigarren greba eguna bete dute gaur Garbialdiko langileek. Elkarretaratze bat egin dute Bizkaiko Ogasunaren egoitzaren aurrean.

Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunekin bildu dira gaur Garbialdiko langileak, greba egiten duten seigarren egunean. Langileen hitzetan, "goizean deitu gaituzte eta haiekin bildu gara gatazkari buruz hitz egiteko. Haien kezka agerrarazi eta Garbialdiri negoziatzea eskatuko dietela esan digute. Gaur gure seigarren greba eguna da. Udan zehar, greba hauek eman dituzten emaitzak baloratu eta, irailean aurrerapausorik ikusten ez badugu, deialdi berriak luzatuko ditugu".
 

 

 

Hezkuntza saileko eta EHUko garbitzaileak kalera irten dira hitzarmenaren defentsan

0

Gaur, ekainaren 6an, lehenengo selektibitate egunean, Hezkuntza eta EHUko garbitzaileek “batukada” bat egin dute Bilboko San Mameseko Ingenieritza eskolaren kanpoaldean, hitzarmenik gabe lau urte daramatzatela gogorarazteko eta Eusko Jaurlaritzako garbitzaileekin soldata-ekiparazioa aldarrikatzeko. LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deitu dugu mobilizaziora.
 

 

 

Eskubide sozialen defentsan mobilizatu dira Santurtzin

Ezkerraldea Martxan! plataformak hileta bat irudikatu du udala eta Lanbideren egoitza artean, hainbat egoera salatzeko: murrizketak, gastu militarra, langabezia, kriminalizazioa, diskriminazioa eta pobrezia, besteak beste. Larunbateko martxan parte hartzeko deia ere egin dute. Hain zuzen ere, Sestaon abiatuko da protesta, 12:00etan, eta Santurtziko portuaren hasieran egingo da amaiera ekitaldia.

Hau da larunbaterako martxari begira egindako irakurketa, Ezkerraldea Martxan! plataforma osatzen dugun eragileok eginda:

Hilez hil Ezkerraldea da nagusi langabezia eta pobrezia tasetan: 17.000 langabetu; biztanleria aktiboaren % 17, hain zuzen. % 73k ez dute inolako langabezia-sorospenik. Horretaz gain, lanetiko kaleratzeak eta kontratu prekarioak ditugu eskualdeko enpresa nagusietan.

Egoera are larriagoa da emakumeen errealitateaz hitz eginez gero. Langabezia-tasa %19koa da. Horri prekarietate-tasa handia gehitu behar zaio: zerbitzu-sektoreko (dendak, ostalaritza, garbiketa… ) langileen % 84 emakumeak dira. Horrekin batera lanaldi partzialeko kontratuak: horien % 78 emakumeek beteta; edo behin-behineko kontratuak, emakumeen % 28k beteta. Ezkerraldeko emakumeek soldata-diskriminazio argia jasaten dute: beren soldata % 26 txikiagoa da.

Era berean, gazteen artean langabezia %33koa da. Krisialdi ekonomikoaren azken bost urteotan, mila inguru izan dira (1.068), Estatu Espainoletik kanpo joan diren Ezkerraldeko gazteak.

Langabezia eta babesgabetasun handi horiek gizartean dauden desberdintasunak areagotzea dakarte: lagunen %8,6k mantenu-pobrezia jasaten dute; %2’1ek pobrezia metagarria; eta %5,2ek muturrekoa. %13,6ek ongizate hutsunen bat jasaten dute. Hiru aldiz handiagoa da emakumeek jasaten duten pobrezia. EAEko pobreziaren % 25 Ezkerraldean biltzen da.

Horren ondorioz, gero eta familia gehiagok jotzen dute Caritas-era, Gurutze Gorrira edo Elikagai Bankura. Zehazki, 23.000 familiak bizirik irauten dute erakunde ongigile horien laguntza lanari esker.

Kontuan hartu behar da Ezkerraldean astean behin 9 familia etxegabetzen dituztela.

Hori ikusita, egungo krisi ekonomikoaren ondorioak jasatzen ditugunok -gainera, haren erantzuleak ez gara- kalera irtengo gara, alde batetik, eskualdeko enpresetako langabezia egoerak, kaleratzeak eta EEEak (ERE) salatzeko; etxe-kaleratzeak eta gizarte babesean izandako murrizketak salatzeko… Eta bestetik, dagozkigun Eskubide Sozialen eta duintasunaren alde egiteko, enpresari, bankari eta politikari ustelen aurrean.

Arrazoi horiek guztiak direla eta, dei egiten diegu Ezkerraldeko bizialgun guztiei parte hartzeko datorren larunbatean, ekainaren 9an. "Ezkerraldetik Martxa" Sestaoko Kasko plazatik abiatuko da eguerdiko 12etan Santurtzin bukatzeko, Portuko sarreraren aurrean hain zuzen ere.

Laburbiltzeko, ekimen hau gure eskualdeak jasaten duen gizarte haustura larria salatzeko sortu da, hain zuzen ere, langabezia-indize kezkagarriak, lan prekarietate handia, pobrezia egoerak eta etxe-kaleratzeak ugariagoak direla-eta dugun gizarte haustura; gizarte arloan murrizketak salatzeko: udal gizarte-zerbitzuetan, gizarte-prestazioetan eta zaharrentzako laguntzetan.

Baina egoera hauek ez dira berez sortzen. Administrazioek neurriak sustatu dituzte, langileek, eta herritar guztiek, dituzten lan eskubideak eta eskubide sozialak murrizteari begira. Eskualdeko udalak izan dira lehenengoak murrizketa politika eta zerbitzu publikoen pribatizazioa bultzatzen. Horrek larriagotu egin du egungo krisialdi ekonomikoak jota dauden milaka familiaren egoera.

Gizarte eta lan arloan murrizketak egiten diren bitartean, ikusten dugu zer-nolako diru-xahutzea dakarren gastu militarrak: 20.000 milioi euro; horietatik, kupoaren bidez, 500 milioi ateratzen dira EAEtik.

Era berean, gerra-gatazkei ihes egiten dieten milioika lagun errefuxiatuei elkartasuna adierazteko izango da mobilizazio hau. Errefuxiatuoi ez zaie inolako eskubiderik aitortzen; eta, gainera, haien aurka NATOren gerraontziak bidaltzen dituzte, Europara ez iristeko. Santurtzitik abiatzen dira, Saudi Arabiak, Yemengo herriaren kontra erabiliko dituen tona bombak.
 

 

 

Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetako Patronalak 2014ko akordioa betetzera behartu ditugu

Aurreko astean LABek egindako salaketaren ondorioz, gaur Lan Harremanetarako Kontseiluan Kristau Eskola , AICE-IZEA eta sindikatu guztiak bilduta egon gara.

LABek aldarrikatzen zuen bezala, gaur 2014ko akordioren mahai parekidea biltzea adostu da hurrengo gai-ordenarekin:

• Ikastetxe bakoitzean zuzendaritza eta langileen artean batzordeak eratzea hurrengo gaiak aztertzeko: matrikulazioaren gora beherak eta gelen itunak, enpleguaren egonkortasuna, galdu edo sortu daitezken lan postu berriak…
• Birkokapen lan poltsan dauden langileentzako formazioa eskaintza.
• Aurreko urteetako zorra itzultzeko kalkulua.

Bilera hurrengo ekainaren 19an burutuko da. LABen ustez, bilera berandu helduko da. Ikasturtea bukatzear dago, ikastetxe batzuetan gelak eta itunak galduko dira eta horren ondorioz langile batzuk kaleratuak izango dira.

Pena bat izan da horrenbeste denbora galtzea eta pozten gara oraingo honetan, beste sindikatuek jarrera aldaketa izatea. Hala eta guztiz ere, LABek bere eskuetan dagoen guztia egingo du lanpostu guztien defentsan.
 

 

 

Darpon eta Osakidetza gezurretan ari dira; badaude irregulartasunen salaketak espezialitate medikuen azterketetan

0
Atzo Darpon Sailburuak egindako adierazpenak arduragabeak dira eta ez dira egia. Lehenik eta behin, bere Sailak eta Osakidetzak EPE prozesuen garbitasuna zaintzeko duten erantzunkizuna onartu beharrean, bazirudien kezkatuago dagoela irregulartasunen zantzu nabarmenak ukatzen, gutxienez, Espezialitate Medikuen 10 kategoriatan. Bigarrenik, egon badaudelako irregulartasun hauen inguruko salaketak.


Zehazki LAB sindikatuak pasa den ostiralean, ekainaren 1ean idatzi erregistratu zuen zantzu guztiak azalduz eta Osakidetzari gaiaren inguruko ikerketa eta argipena eskatuz (ik. atxikitako agiria). Gainera, maiatzaren 31 ostegunean bilera urgentea eskatu genion idatziz Osakidetzako Zuzendaritzari, egun erantzunik gabe jarraitzen duena. Azkenik atzo, ekainaren 4a astelehenean, berriro bidali genion txostena Osakidetzaren Zuzendaritzari 10 kategoria medikutan irregulartasunak jasotzen dituzten 10 kategoria medikutako emaitzen grafikekin (atxikitako txostena): Angiologia, Anestesia, Kadiobaskularra, Liseriketakoa, Kardiologia, Medikuntza Intentsiboa, Medikuntza Nuklearria, Neumologia, Erradiodiagnostikoa eta Urologia.

Guzti horrengatik, azpimarratu eta argitu nahi dugu:

• LABek uste du arrazoi nahikoa dagoela, gutxienez, hamar kategoria hauek eta gainontzeko
Fakultatibo Espezialisten Kategoriak gelditzen ikerketa zehatz eta independiente bat egin arte. Eskuratutako notez gain, akatsak egon dira zaintza-katean eta zuzenketen anonimotasunaren zaintzak: pliken sistema ez erabiltzea, azterketen kutxa irekiak, etab.
• LABek ez du inongo momentutan eskatu EPEaren prozesu osoa gelditzea, Fakultatibo Espezialisten kategorietakoak baino ez, hauetan detektatu baitugu irregulartasun ugari. Guzti horrengatik, ez dugu zalantzan jartzen epai-mahai guztien profesionaltasuna ezta hauetan parte hartu duten pertsona guztiena.
• Medikuen lekukotzak ditugu salbuespena ez diren irregulartasun hauek salatzen dituztenak, espezialitate medikuen artean zabaldutako jaduera baten izozmendiaren muturra direnak. Baina pertsona hauek ez dute publikoan hitz egiten maila laboralean ekar liezazkiekeen ondorien beldur.
• Detektatutako irregulartasunek ez liekete eragingo kategoria bakoitzeko epai-mahaiek osatutako bigarren probei soilik, baita HAEEek osatutako lehen ariketetako batzuei ere. Hortaz, ikerketak Osakidetzatik harago joan beharko luke.
• Osakidetzari exijitzen diogu EPEetako frogak arautzeko protokolo berri bat negoziatu eta osatzea. Egoera guzti hauek ekidingo dituen protokoloa.
• LABek aztertzen ari da bere zerbitzu juridikoekin epaitegietara jotzeko aukera, bide penala ere baztertu gabe.
 

 

 

Bizi eta garapen eredu iraunkor eta jasangarriaren aldeko apustua berretsi dugu

0

LABen Nazio Komiteak adierazpen bat kaleratu du gaur, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira.

Kapitalismoa esplotazioan oinarritutako sistema da. Bere diru gosea mugagabea da eta ez dio inporta gure baliabideak, gure natura eta gure ekosistema mugatuak izatea. Sistema estraktibista da, bizitza modu guztien merkantilizazioa ardatz duena. Honela, txarto ulertutako aurrerabidearen izenean eta produktibitatearen mantrarekin, denon ondarea eta aberastasuna den bioaniztasuna, natura eta planeta bera arriskuan jartzen ari da.

Krisi ekologikoa eta bere ondorio izugarriak pairatzen hasiak gara: lehorteak, baliabide fosilen agorpena, kutsadura, aldaketa klimatikoa… ingurumenaren suntsiketak milaka lagun desplazatu ditu honezkero eta gero eta urriagoak diren baliabide naturalen kontrola eskuratzeko gerra inperialistek milioika lagun erailtzen dituzte.

Gure azken Biltzar Nagusian hartu genituen erabakietan eta finkatu genituen oinarrietan berresten gara, kapital- bizitza gatazkan ekosozialismorantz egitea hil ala bizikoa baita. Bizitza erdigunean kokatzen dugu eta, hortaz, gure lehentasuna pertsonen zein naturaren bizitzaren zaintza izan behar da. Euskal Herrian antolatu genituen Jardunaldi Ekosozialistetan azaldu bezala, aldaketari elkar osatzen duten hiru ikuspegiz ekin behar zaio: ekologikoa, soziala eta politikoa; ekologikoki iraunkorra, sozialki justua eta demokratikoki erabakia. Kapitalismo heteropatriarkalak dakarren suntsiketa geldiaraziko badugu, hau ekosozialismo eta feminismoaren bidetik izango da ezinbestez.

Enplegua bera ere, ekoizpen mailarekin erlazionatu beharrean, sozialki beharrezkoa den lanaren eta ondasunaren banaketarekin lotzea da erronka. Kultura sindikal ekosozialista sortu behar da horretarako. Jarrera indibidual nahiz kolektiboak aldatzen joan behar dugu, eredu berri bateranzko trantsizioa egiten. LABek bidea argi dauka, naturaren defentsa egingo dugu, jendartean eragile aktiboa izanda, baita lantokietako erabakietan parte hartuta.

Ekoizpen moduetan zein bitartekoetan eragin beharra dago eta langileok zeresan handia daukagu enpresen jarduera bizitzarako kaltegarria izan ez dadin. Era berean, herritarron ardura ere bada erakundeek ingurumena eta gu guztion osasuna errespeta dezaten, interes espekulatibo aseezinen gainetik. Horretarako, erabakien jabe gu geu izatea nahitaezkoa da, langileon eta gainontzeko sektoreen parte hartzea guztiz beharrezkoa da komunitate osoaren mesedetan kudeatzeko, bai gure belaunaldiaren alde, eta bai etorkizuneko belaunaldien alde ere.

Lelo ezagunak dioenez, orokor pentsatu eta tokian ekin behar dugu. Aldaketa erreal eta egingarriak planteatzen ditugu horretarako eta, bide horretan, jendarteko gainontzeko eragileekin aliantzak lotu eta elkarlana sustatuko dugu, orain arte egin izan dugun bezala.

Honen ildotik, gure lehentasunak argi marraztuak dauzkagu:
Ez dugu energia nuklearrik onartuko, Lemoiz herritarron eta langileon borrokari esker ez zen sekula martxan jarri, eta Garoña behin betiko ixtea lortu genuen. Orain, Euskal Herrian inoiz eraikitzea lortu ez duten zentral nuklearren energia Frantziatik Espainiako estatura Lemoiztik sartu nahi dute ur azpiko autopista elektrikoaren bidez. Iraingarria deritzogu honi, baita sinbolikoki ere.

Haustura hidraulikoa edo fracking-a Euskal Herrian erabil ez dadin lanean jarraituko dugu. Akuiferoen eta lurraren kutsadura eragiteaz gain, osasunerako guztiz kaltegarria dela frogaturik dago eta, horregatik, gero eta 2 toki gehiagotan debekatu da. Trantsizio energetikoa ezin da multinazional elektriko handien eskuetan utzi. Gehiegizko kontsumoa gelditu, aurreztu eta enplegua sortuko duten energia berriztagarrien eta ordezkagarrien alde egin beharra dago. Eta, honekin batera, monopolioekin amaitu, kontrol soziala areagotu eta energia ekoizpen modu komunitarioak bultzatu behar dira.

Mugikortasunari dagokionez, Abiadura Handiko Trenaren makroproiektuaren obrak gelditzea eta auditoria soziala burutzea exijitzen dugu. AHTk ingurumena kaltetzeaz gain, euskal herritarroi kalte ekonomiko eta soziala ere ekarri digu. Garraiobide komunitario eta publikoaren alde egin behar da, desplazamentuak ahalik eta gehien gutxitzearekin batera, garraio pribatua kutsadura sorburu handienetako bat den heinean.

Hondakinen tratamenduari dagokionez, errauskailuak bezalako sistemak edo zementeretan erraustea gaixo sortzailea eta guztiz kutsakorra dela jakinda, sistema hau alboratzea exijitzen dugu. Gaur egun hondakin maila jasanezinera heldu gara eta hauxe da gelditu behar dena. Ekoizteko eta kontsumitzeko eredu berri bat dugu beharrezkoa, eredu arduratsua ingurumenarekin eta osasunarekin. Erraustegiak alboratzeko, zero zabor izan behar da helburua, eta hori lortzeko, sistema egokienaren alde egingo dugu.

Elikadura burujabetzaren alde ere egiten dugu. Ingurumen zein osasun aldeko apostua izateaz gain, gure herriaren garapen sozial eta ekonomikorako funtsezkoa da. Euskal Herrian, gainera, arrantza, nekazaritza, hosto zabaleko basogintza… guretzat betidanik estrategikoak izan diren sektoreei merezi duten garrantzia berriro emateko gakoa ere bada.

Sindikalismoak bizi eta lan baldintza duinak defendatu behar ditu. Bizi eta garapen eredu iraunkor eta jasangarria defendatu behar dugu gure herriarentzat, gure komunitatearentzat eta langile zein herritar guztiontzat. Hauxe izan da eta izango da beti LABen konpromisoa.

Ezin aipatu barik utzi alternatiben bidea jorratzeagatik, kapitalaren eta enpresen interesen jagoleak edozer egiteko prest daudela, baita zigor eredugarriak ezartzeko ere. Gure elkartasun osoa helarazi nahi diegu Ainhoa Intxaurandietari eta Iñaki Errazkini. Iñakik berak esan bezala, “instituzioen eta botere judizialaren jabe dira, baina guk alternatibak badaudela erakutsi behar diegu”.
 

 

 

Nazio Komiteak babesa erakutsi die Altsasuko auzipetuei

0

Altsasutik Altsasura, LABeko Nazio Komiteak elkartasuna erakutsi die gazte auzipetuei, euren senideei eta Altsasuko herriari. Ekainaren 16ko mobilizaziora joateko deia ere luzatu dugu sindikatutik.
 

 

 

Argitara eman dugu Nafarroako Gobernuko Administrazioaren plantilla eta buruzagitzei buruzko azterketa

Honako arloak aztertzen dira: behin-behinekotasun portzentajea departamentuetan, langileen banaketa adinaren arabera, sexuaren arabera, baita egokitze mailaren arabera. Buruzagitzeei dagokien atalean aztertzen da, halaber, zentzurik ez duten horiek, hauek hornitzeko lehiaketak, departamentuetan daudenak baita hauen portzentajea sexuka zein egokitze mailaka ere. Aztertzen dira, era berean, euskara betebehar duten lanpostuak zein buruzagitzak. Azterketa hau bukatzeko ondorioak ditugu eta hauek, garbiki, exijitzen dute Administrazioa demokratizatzeko eta modernizatzeko neurriak jartzeko beharra.
 

 

 

GS-Hydrok bertan behera utzi ditu soldata-jaitsierak, langileen grebek eraginda

0

Pasa den asteko bi greba egunen ondoren, maiatzaren 30ean eta 31an egindakoak, GS-HYDROko langileek beste bi egunetako greba deitu zuten aste honetarako. Greba egun berrien iragarpenaren aurrean, enpresaren zuzendaritzak bertan behera utzi du planteatzen zuen %15eko soldata jaitsiera zeinen kontsulten aldia gaur asteartea amaitzen baitzen.

Langileen batasunak eta egindako grebek egoerari buelta ematea lortu dute, eta soldata-jaitsiera bertan behera uzteaz gain, KPIaren gaineko soldata-igoerak lortu dira aurtengo urtea eta hurrengorako. Honek arrazoia ematen dio LABi, esaten zuenean ez dagoelako soldata-jaitsiera hau justifikatzen duen arrazoirik azken urteotan irabaziak izan dituen enpresa batean.

Zuzendaritzaren zentzugabekeria eta prepotentziaren aurrean langileen erabakimena eta borroka gailendu da, uko egin baitiete euren lan-baldintzak are gehiago prekarizatzeari.