2026-11-05
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintza "Sindikatu korporatiboek ez dute Osasunbidean ordainsarien arrakala txikitu nahi, ez eta...

[IRITZIA] “Sindikatu korporatiboek ez dute Osasunbidean ordainsarien arrakala txikitu nahi, ez eta langile finko eta kontratatuen arteko baldintzak berdindu nahi ere”

LABeko Osasunbideko arduradun Txomin Gonzalezek iritzi artikulu bat idatzi du, non nabarmentzen duen LABen erreferentzia betidanik izan dela kolektibo guztietako soldatak hobetzea eta soldatarik hoberenak duten langileekiko hauen soldata-arrakala txikiagotzea.

LABek erabaki zuen Nafarroako funts gehigarrien banaketa sinatuko zuela, adierazi genituen bi baldintzak jasotzen zirelako: alde batetik, ezartze orokorra zuelako, eta bestetik, denbora gehien pairatu behar izan dituzten kolektiboek (2003. urtean eman zen %8ko igoeratik salbuetsitako langileak, 2004. urteaz geroztik administrarien sustapenetik at daudenak,…) nozitu dituzten irainak eta bidegabekeriak zuzendu direlako. Baita gauez, jaiegunetan, txandaka,… aritzeagatik jasotzen diren sariak nabarmenki hobetu direlako ere. Izaera orokorreko neurri horrek mailen arte-ko aldeak deuseztatzen ditu.

Administrazioari ohartarazi genion funtsen banaketaren negoziazioari ekinen geniola, ez baikenuen, Estatutik, baldintzatu zuten sindikatuen esku utzi nahi, gainerako kolektiboei, Erizaintzako Zaintza Osagarrien Teknikariei, Laborategiko Teknikari Espezialistei, maila guztietako lanbide-ikasketan (behin-behineko langileak barne) egin bidegabekeriak konpon zitezela eskatzen iraunen genuelako. Honez gain, eutsiko diogu UPN/PSN/PP gobernatzen ari zirenean galdu genuen eros-ahalmena, %13,4a, berreskura dadila

Ez gatoz bat SAErekin, kritikatzen duenean gainerako kolektiboak ahantzi ditugula. LABek bost greba orokor egin zituen langile ororen lan baldintzak babeste aldera. SAEk nahiz beste sindikatu “profesionalek” ezikusiarena egin zuten. Sindicato Médicoak esan zuenez, “no vamos a movilizarnos contra los recortes pero esperamos que el gobierno de UPN nos lo recompense cuando vayan mejor las cosas”.

Ez dugu ulertzen ere zer dela-eta SAE sentitzen den iraindua: agian gaizkien ordaintzen zaien taldeei soldata-prekarioa hobetzen zaielako, 15 urteko bidegabekerien ondoren?

LABen erreferentzia betidanik izan da kolektibo guztietako soldatak hobetzea eta soldatarik hoberenak duten langileekiko hauen soldata-arrakala txikiagotzea. Bitxia da 2018. urtean 390.566 € banatzea, soldata apalenak dituen kolektibo horren 1.500 pertsonen artean (200 euro urteko), aurka egin beharreko bidegabekeriatzat jotzea, eta aldiz, SAE, SATSE eta SM txintik ez esatea, medikuntzako eta erizaintzako 3000 finkoen artean, lanbide-ikasketaren kontzeptuan, 2018. urtean, 15 milioi € baino gehiago banatu izanaz (5.000 € urteko).

Gainerako kolektiboei ezartzen ez zaien lanbide-ikasketa hori horren maltzurki diseinatu zen, legea indarrean sartu ondoren (2007. urtean erizaintzakoa eta 1997. urtean medikuntzakoa) plaza lortu zuten medikuntzako pertsonalari eta erizaintzako diplomatuari kalte egiten diela, lan egindako aldia behin-behinekotzat onartzen ez zaielako. Gogoratu, sustatzeko merezimenduak kontuan hartzen direla, plaza jabetzan lortzen duzun unetik; horrela, behin-behineko gisa betetzen duzun eginkizuna eta lanak ez dute ezertarako balio. Beste bidegabekeria horren aurka ez dira inoiz mobilizatu sindikatu korporatibo hauek (SATSE, SAE, SM,…).

LAB aurrerantzean ere borrokatuko da lanbide-ikasketa langile finko eta behin-behineko orori egokitu dakion, haren ezarpena zuzenduz, behin-behineko gisa lan egindako aldiek guztiontzat balio bera izan dezaten sustatu ahal izateko.
Bat etorri nahi genuke erakunde gehiagorekin, aldarrikapen honetan zein besteetan, baina argi gera bedi: ez dugu kolektiboak suntsitu eta zatitu nahi duten inongo sindikaturik espero. LABen irudikoz, Osasunbideko langile guztiak ezinbestekoak dira.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.