2024-04-19
HomeIrakaskuntzaHezkuntzaOldarraldi erreakzionarioaren aurrean, hezkuntza gehiago sustatzearen alde agertu gara Nafarroan

Oldarraldi erreakzionarioaren aurrean, hezkuntza gehiago sustatzearen alde agertu gara Nafarroan

Azken asteotan nabarmena da indar erreakzionarioen oldarraldia. Nafarroari erreparatzen baldin badiogu, oldarraldi horren esfortzu handienak guztion artean eraiki beharko dugun hezkuntza eredu berriari eraso egitean oinarritzen ari direla nabarmendu beharra dugu. Euskara, genero ikuspegia, hezkuntza eredu berriak eta antzeko gaiak jarri dute euren jomugan, orain arte bizi izan dugun erregimenarekin eroso egon den hainbat alderdi politiko eta eragile sozialek.

LAB sindikatuak bereziki ohartarazi nahi du gure mutur aurrean gertatzen ari denaz, eredu patrialkal eta neoliberal suntsitzaileetan oinarritutako kanpaina baita hau, gainera gure jendartean babes gehien behar duten sektoreen aurka egina. Aipatu eredu patriarkal eta neoliberal horretan, berdintasun eza, lehiakortasuna eta harreman asimetrikoa dira ezaugarri nagusienak, beti ere gutxi batzuek gozatu duten botere eta eragina betikotzeko asmotan. Gainera ez dute lotsarik hori guztia askatasunaren eta berdintasunaren izenean egiten dutela adierazteko, ez eta “genero-ideologia” deritzotenaren aurka joateko, haiena jarrera natural eta neutroa balitz bezala. Argi eta garbi esan beharra dago: oldarraldi hori ez da guztion onurarako ekimen bat, oldarraldi erreakzionario garbia baizik. Oro har, desberdinarekiko bazterkeria betikotu nahi dute, euren fobiari (demofobia, homofobia, euskarafobia, xenofobia…) halako azalpen arrazional eta zibilizatua eman nahian.

LABek lanean jarraituko du orain arte landu izan ditugun hezkuntza ereduak inklusiboagoak eta demokratikoagoak izan daitezen. Horrez gain, bereziki kezkagarria iruditzen zaio kalapita eragiteko batzuek hezkuntza jomugan jartzeko hartzen ari diren ohitura txar hori.

Sindikatu honek beti babestuko ditu gure hezkuntza eredua hobetzeko eta egungo gizarteak dituen erronkei hezkuntzatik erantzuteko egin nahi diren esfortzuak. Alta, saio horiek errealismoz egin behar direla gaineratu nahi du.

Adibidez, Skolae egitasmoa Nafarroako Eskola Kontseiluan aurkeztu zenean, ongi-etorria emateaz haratago, horiek taxuz burutzeko behar-beharrezkoa dela eskolak baliabidez eta denboraz hornitzea, ez jadanik galtza bete lan duena oraindik gehiago itotzea.

Zehazki, honoko hiru ideia hauek nabarmendu genituen:
1. Programa balioztatzeko fasean landa eremuko eskolaren batean ere pilotajea egin zedila, plana hainben berezko ezaugarrietara ahalik eta hobekien egokituz.
2. Proposamenak zeharkakoa izan behar zuela aldarrikatu genuen, ikasgai arlo eta eskolaren eremu guztiak zipriztintzea beharrezkoa baita.
3. Plana aurrera eramateko irakasle eta maisu-maistrentzako ordu konpentsatzioa beharrezkoa zela argudiatu genuen, bai eta baliabide materialerako diru hornikuntza egokia prestatzea. Horrez gain, baliabide funtzionaletarako plangintza eraginkorra abian jartzea beharrezkoa zela adierazi genuen.

Halaxe adierazi genuen Skolae aurkeztu zenean eta berriro ere ozen aldarrikatzen dugu horren egitasmo garrantzitsuak abian jartzeko baliabideen aurreikuspenak parekoa izan behar duela.

Bukatzeko, LABek pedagogia feministarantzat ematen den pauso ororen babesa eta horrekiko konpromisoa berretsi nahi du.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.

24 orduko jardunaldiaren ostean bi orduko lanuztea egingo dugu gaur Ugaon, Envases enpresako langileek eta gizarte eragileek deituta

Envases enpresako langileak greban daude apirilaren 8az geroztik, multinazionalak duela hilabete baino gehiago aurkeztu zuen enplegu-erregulazioko espedientea dela eta.

Haurreskoletan lan baldintzak hobetuko dituen akordioa sinatu dugu

Akordioa indarrean dago jada, eta ekoizpenagatik kontratuen luzapena, lanpostuen zerrenda handitzeko prozedura eta adinagatiko murrizketaren garapena dakartza berekin.