2026-07-16
Blog Page 755

Mobilizazioak hasi dituzte Pandako langileek, elkarrizketa eta negoziazioaren alde

0

Akordioa lortu nahi dute soldata eta aparteko orduen inguruan, eta gehiegizko klausulak ezabatzea.

Pandako langileek kontzentrazioa egin dute gaur enpresak Bilboko Miribillan duen egoitzaren aurrean.

Salatu dute krisialdiak iraun duen urte luzeetan Pandako langileei lana, ahalegina, profesionaltasuna, lanordu gehiago eta sakrifizioak exijitu dizkietela. Enpresak trukean eman diena urteetako soldata izozteak, aintzinatasuna eta maila aldaketagatiko hitzarmenaren igoerak kitatu eta xurgatzeko gehiegizko klausulak, eta estatuko hitzarmena ezartzeko saiakerak izan dira. Hau ezarrita, %30ean egingo lukete behera soldatek.

Bien bitartean, gora doaz enpresaren irabaziak. 2017an %16 handitu ziren salmentak eta 2018 are kopuru hobeagoekin amaituko du.

Langileek salatu dute enpresak uko egiten diola soldaten inguruan ezer negoziatzeari eta egungo lan-baldintzak hobetzeari. Gainera, ezetz esaten dio aparteko orduen politika ordaindu behar dela adosteari. Aurrekoa gutxi balitz, zuzendaritza ez da langileez fidatzen eta kontrolerako beharrezko ez diren neurri murriztaileak ezarri ditu.

Elkarrekin jarduteko deia egin diete langileei, euren lan-baldintzak eta soldatak hobetzeko helburuarekin.

Datorren asteazkenean ere, azaroaren 28an, leku berean mobilizatuko dira, 11:30etik aurrera.
 

 

 

Lasarteko Michelinen hirugarren aldiz jarraian irabazi ditugu hauteskunde sindikalak

0
Atzo azaroaren 20an ospatutako hauteskunde sindikaletan berriz ere LAB izan zen indar bozkatuena. Langileek azken urte hauetan jarraitu dugun ildoa babestu dute berriz ere.LABek alde handiaz irabazi ditu hauteskundeak, bereziki nabarmena tailerretan jaso dugun babesa, beharginen %39a LABen alde egin baitu.

Harro egoteko moduko emaitza lortu dugu, Michelingo langileak eskertu nahi ditugu emandako babesarengatik eta bide beretik lanean jarraituko dugula berretsi.

Hauek izan dira emaitzak:

 

 

 

Osakidetzaren proposamenak Emergentzietako langileen eskarietatik urrun daude

0

Osakidetzak aurkeztutako zirriborroaren balorazioa egin dugu. Langileak banatu nahi dituen proposamen dela uste dugu, aldarrikapenak eta protestak indargabetzeko. Horregatik, aldarrikapenak lortu arte, borrokan jarraituko dugu.

Osakidetzak aurkeztutako zirriborroaren Emergentzietako LABen irakurketa:

1) Osakidetzaren puntu nagusien balorazioa

• EMERGENTZIETAKO BIZI EUSKARRI AURRERATUKO OSAGARRIA

Osakidetzari eginiko eskarian, bi osagarri bereizten dira:

1: Emergetzietako Osagarria: Emergetzietako langile GUZTIENTZAKO osagarria. Ospitalizazioko osagarriaren baliokidea.
2: Arriskuagatiko /penagarritasunagatiko osagarria: Kalearekin kontaktua duten langileentzat.

Osakidetzak ez du bat ere jasotzen.

• EMERGENTZIETAKO KOORDINAZIO ZENTRUKO ERIZAINENTZAko OSAGARRIA

Eskaria hauxe da: Koordinazioko eta erantzukizunagatiko osagarria, oraindik aitortuta ez daukaten langile guztientzat. Manutentzioa, ordutegia eta deskantsua.

Era positiboan baloratzen dugu erizainaren erantzunkizuna aintzat hartu izana.

Beste alde batetik, eskariaren bigarren aldea ez dute kontutan hartzen. Honek, koordinazioko langile guztioi eragiten digu. Oinarrizko eskubideak direla uste dugu.

• EMERGENTZIETAKO BIZI EUSKARRI AURRERATUKO LANGILE ETA KOORDINAZIO ZENTRUKO MEDIKU ETA ERIZAINENTZAKO SOLAPEA

Era positiboan baloratzen dugu solapea aitortua eta ordaindua izatea.

Baina zirriborroan agertzen den bezela: “Se requiere, en primer lugar, que se trate de personal sujeto a turnos rotatorios”, kontzeptu honen baitan, koordinazio zentruko administrariak ere sartzen dira.

Solapea aitortua den arren, osatu gabekoa da.

• IZENDAPEN EGONKOR ETA MALGUA

LABek kontratu mota honi buruzko irakurketa kritikoa egin zuen Osakidetzak martxan jarri zuenean. Kontratu mota honek egonkortasuna hobetzen du zertxobait, baina lan baldintzak kaskartu egiten ditu, oinarrizko eskubideak gauzapena Zuzendaritzaren beharren arabera gauzatzea dakarrelako. Kontratuetan langile guztientzako egonkortasuna eskatzen dugu, eta lan eskubide guztiak errespetatuak izatea.

• EMERGENTZIETAKO POU (Prebentzioko Oinarrizko Unitatea)

Aintzinako eskaria da, Emergetzietako kasuistika berezia da eta zerbitzuaren berezitasunak ondo ezagutzen dituen unitatea falta da. Era positiboan baloratzen dugu Emergentzietarako bakarrik izango den unitate honen ezarpena.

2) Balorazio orokorra

Bada urte bat gure zerbitzuarekin, Osakidetzarekin… aspaldiko eskariak negoziatu nahian gabiltzala. Aurreko Emergentzietako zuzendaritzak, ez zeukan negoziatzeko gogorik ezta gaitasunik ere, eta Osakidetzaren aldetik ez dugu erantzunik izan. Orain, eskari batzuk Osakidetzaren mahai gainean daude. Horregaitik, zirriborro hau izatea era positiboan baloratzen dugu. Honekin, negoziatzeko prest daudela ulertzen dugu.

Beste alde batetik, Osakidetzaren proposamenak Emergentzietako langileen eskarietatik urrun daude. Egindako eskarietako batzuk bakarrik jasotzen dira zirriborroan. Adibidez, lanpostuen balorazioa, gidaritik Emergentzietako Teknikora pasatzea, Koordinazio Zentruan erizaina izatea…

Langileak banatu nahi dituen proposamen dela uste dugu. Aldarrikapenak eta protestak indargabetzeko. Aldarrikapenak lortu arte, borrokan jarraituko dugu.

Beste alde batetik, Mahai Sektorialean, Koordinazio Zentruen bateratzea momentuz ez dela emango esan zuten. Langile Batzordetik, Osasun Kontseilariari, Osakidetzako zuzendariari, Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariari, Emergentzietako gerenteari eta Emergentzietako kudeaketarako zuzendariari azalpenak eskatu dizkiegu. Azalpen ofizialak jasotzean baloratuko dugu.

Gai honen inguruan antolatuta dauden langileekin batera, zentro koordinatzaileak batu ez dezaten jarraituko dugu borrokan.

 

 

 

Babes osoa erakutsi diogu Mateo Gutierrez gazte kolonbiarrari

0

Bilboko LABeko egoitzan LAB sindikatua Mateo Gutierrez gazte kolonbiarraren kasua Euskal Herrian gizarteratzen ari den ordezkaritzarekin bildu da. Bileran, LABeko Nazioarteko Harremanetarako idazkari Koldo Saenz Mateo Gutierrez gazte Kolonbiarrarekin, Mateoren ama Aracely León, Hector Garcia Asociación Jorge Adolfo Freyttereko kidea eta Jorge Freytter Florian-ekin bildu da.

Mateo Gutierrez Kolonbiako gazteak 622 egun pasa ditu kartzelan terrorismo delitu bat leporatuta. Berriki Kolonbiako epaitegiek Kolonbiako gaztea aske utzi dute, bere kontrako terrorismo frogarik ez baitute ikusi. Orain Euskal Herrian dago Kolonbiako fiskaltzak bere askatasuna agindu zuen sententzia errekurritzeko aukera handiak daudelako.

Egindako bilkuran, Mateoren kasuaren eta bere egoera ezagutzeaz gain, Kolonbian bizi den egoera poltikoaz mintzatzeko aukera izan dugu. Kolonbiako gobernu eskuindarrak mugimendu sozial zein sindikalen eta unibertsitateko ikasle eta irakasleen kontra garatu duen errepresio bortitza ere bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dugu.

Azkenenengo urtean Kolonbian 200 erahildako politiko baino gehiago eman dira, eta FARC-ekin bake akordioak sinatu zirenetik 400 baino gehiago dira erahildako pertsonak. Kolonbiako Unibertsitate Nacionaleko Soziologiako fakultateko 33 ikasle errepresaliatuak izan dira eta horietarik 3 erahilak izan dira, eta 14 irakasle ere errepresaliatuak izan dira, horietatik 3 erahilak izan direlarik. Datu hauek Kolonbian bizi den egoeraren larritasuna erakusten dute.

LAB sindikatutik Mateo Gutierrez eta bere senitartekoei gure babes eta elkartasuna adierazi diegu, eta Kolonbian ematen diren oinarrizko eskubideen urraketak eta errepresio politiko eta paramilitarra salatzen jarraituko dugula berretsi dugu, gure esku dauden bitartekoak, kasu hauetan lagundu ahal izateko, jarriko ditugularik.

 

 

 

Santi Brouard eta Josu Muguruza gogoan izan ditugu

0

Arratsaldean, Sortuk deituta, "Etorkizun haziak" lelodun manifestazioa egingo da 19:30ean, Bilboko Arriaga Plazatik. Bertan izango da LAB, goizean Amezola parkean eta Errekalden izan garen bezala. Hain zuzen ere, Santi Brouard eta Josu Muguruza gogoan izan ditugu bertan, euren hilketaren urtemuga dela eta. 

Azaroaren 20aren etorrerarekin, urtero moduan, gogora ekarri ditugu Bilbon duela 34 eta 29 urte, hurrenez-hurren, erahildako Santi Brouard eta Josu Muguruza politikari abertzaleak. Amezola parkean omenaldia egin zaie eta Errekalden, lore eskaintza egin.

Estatu-terrorismoak hil zuen Santi Brouard 1984ko azaroaren 20an, eta Estatu-terrorismoak hil zuen Josu Muguruza egun berean, baina bost urte geroago: 1989ko azaroaren 20an.

Heriotza hauen urtemuga baliatu dugu bi militante historiko hauek omentzeko eta Euskal Herriaren askatasunaren alde egindako ekarpena gogora ekartzeko.
 

 

 

Borrokan jarraitzen dute Garbialdiko langileek

0

Enpresaren azken proposamena ez dute nahikotzat hartzen. Hala, LAB, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deituta, beste elkarretaratze bat egin dute Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean.

Hau da Garbialdiko langileen irakurketa:

Atzo egin zen Bizkaiko Foru Aldundiko garbiketa kontraten azken negoziazio mahaia. Bertan, Garbialdi enpresak, azken mahaian defenditutako proposamena aldatu egin du. Aurreko mahaian soldata igoera 2018-2022 urteen bitartean gauzatu nahi bazuen, oraingoan 2018-2021era mugatu du. Langileek enpresaren azken mugimendu hau baloratzen badugu ere, nahikoa ez dela deritzogu.

Lehenik eta behin, 2019rako eskaintzen duen soldata igoera %2,4a baino ez delako eta zentzu horretan ez du inolako mugimendurik egin. Langileok 2019. urtean ekiparatuta egotea aldarrikatzen dugu, 2010. urtetik ditugulako soldata izoztuak eta jada, gehiegi itxaron dugula uste dugulako.

Gainera, izaera desberdineko beste hainbat aldarrikapen mahai gainean jarraitzen dute, hala, lanaldia partziala dutenek lanaldi osoa izateko erraztasunak, bakanteen kobertura-sistema baten bitartez eta baita soldataren %100a jasotzeko eskubidea baja hartu eta 50. egunetik aurrera.

Eduki hauen inguruan enpresak ez du inolako mugimendurik egin. Beraz, egoera honako hau izanda ezin dugu enpresaren proposamena onartu.

Horregatik, eta langileekin egindako asanblada baten ondoren mobilizazioekin jarraitzea erabaki dugu. Hainbeste hilabetez borrokan egon eta gero inoiz bezain antolatuak gaude eta seguru gaude hitzarmena duina den akordio batekin baino ez dela sinatuko.
 

 

 

Lehen indarra izaten jarraitzen dugu Bilboko El Corte Ingleseko hauteskunde sindikaletan

0
LABek sindikatu bozkatuena izaten jarraitzen du, FASGArekin 10 delegatutan berdinduta, baina azken honek baino boto gehiagorekin, 403 eta 388, hurrenez hurren. LABek langileen aldeko ekintza sindikala egiten jarraituko du eta euren eskubideak Euskal Herrian negoziatzeko esparrua aldarrikatzen.

Azaroaren 16an Bilboko El Corte Inglesen egindako hauteskunde sindikaletan, langileek sindikalismo horiaren presioa eta jazarpena jasan dute. Langile ebentualek jaso dute bereziki presio hau, FASGAko hautagai eta afiliatuek posta bidezko botoa “prestatu” baitiete eta hautesontzietara lagundu baituzte, enpresaren aldetiko permisibitate osoarekin. Botoa emateko askatasuna baldintzatuta egon da hauteskunde hauetan. Hala ere, langileen zati handi batek jakin izan du presio honetatik aldendu eta askatasunez botoa ematen.
 

 

 

Prekarietatea eta esplotazioaren aurka mobilizatzera deitu du Eraginek

0

Gazte Prekarioen Asanbladak manifestazio bat egingo dugu Bilbon, ostiralean, azaroak 23, Plaza Zirkularretik abiatuta, 21:00etan.

Manifestazioaren harira, hauxe da Eraginek zabaldutako oharra:

Aurtengo udaberria mobilizazio erraldoiez betea izan dugu Euskal Herrian, bereziki azpimarragarriak izanik pentsionista eta mugimendu feministak egindakoak. Kaleko pultsua berreskuratzeko balio behar duen urtea.

Erronka horretan gazteok ezinbesteko funtzioa dugu. “Krisia” hasi zenetik etengabeko lotsagabekeria pairatu ditugu lan politiken eta enpresarien aldetik. Soilik 10 urtetan enpresek gazteon soldatak % 20,5 murriztu dituzte administrazioak “enplegua sustatzeko” aitzakipean enpresariei dirua oparitzen duten bitartean.

Enplegua sortzeko politika ohikoak direla esango dute batzuek. Bada, denbora zehatz horretan EAEko %10 aberatsenek %10,6 handitu dute beraien aberastasuna. Duela urte batzuk entzuten zen leloak zioen bezala, “ez da krisia, iruzurra da”.Langileok eta, batez ere, gazte, migratzaile eta emakumeok jasan behar izan dugun iruzurra. Azpimarratzekoa da genero arrakala 1000€ handitu dela azken urte hauetan Eusko Jaurlaritzen datuen arabera.

Horri guztiari, prezioen igoera ekarri duen etxebizitza burbuilaren itzulera eta 955€-tan kokatu den bataz besteko alokairua gehitu behar zaizkio. Azken hau gazteon 855€ bataz besteko soldata lotsagarria baino 100 € altuagoa.

Noiz arte onartuko dugu basakeria hau? Aski da “es lo que hay”, “es lo que toca” edo “ya pasará” bezalakoez zeren; hau ez da dagoena, ezta suertatu behar zaiguna eta, borrokatzen ez badugu, geratzeko etorriko da. Ezin dugu utzi enpresariak gure lanaz etengabe aberasten jarraitu daitezen, beraren gurasoak baino txarrago biziko den lehen belaunaldia onartuz

Kalera irtetzeko unea da. azaroaren 23an Plaza Zirkularretik deitu dugun manifestaziora batzeko deia luzatzen diegu eragile eta gazte mugimendu ezberdin zein mugimendu politiko ezberdinei. Prekarietate eta esplotazioaren aurka, kaleak hartu!

Bizitza laburregia da… Que no te exploten.

 

 

 

Nafarroako anbulantzien zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresen iruzurra salatu dugu

0

Nafarroako Gobernuari eskatu diogu hurrengo lehiaketan aurkezten ez uzteko.

Bi urteko iruzur hirukoitza. Halaxe definitu du LABek Nafarroako anbulantzien zerbitzuak kudeatzen dituzten SSG eta Baztan-Bidasoa enpresak egiten ari direna. “Lehenik, langileei egiten zaie iruzurra, ez baitute lan hitzarmena hainbat puntutan betetzen”, azaldu du Ramon Lacalzada LABeko Zerbitu Pribatuetako arduradunak, gaur Iruñean emandako prentsaurrekoan. “Bigarrenik, Administrazioari egiten zaio iruzurra, bezero gisa ez baita jasotzen ari ordaindu duen zerbitzua. Eta hirugarrenik, Ogasunari eta Gizarte Segurantzari egiten zaie iruzurra, infrakotizazioen bidez”.

Iruzur hirukoitz hori dela-eta, LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio enpresa horien segimendua egiten hasteko eta ez diezaiela hurrengo lehiaketan aurkezten utzi. “Gure ustez, Nafarroako Gobernuak azalpenak eman beharko lituzke”, gaineratu du Izaskun Juarezek, LABeko Zerbitzu Pribatuen federazioko bertze kide batek. “Enpresa horiek ez dituzte betetzen Europatik datozen gomendio eta arauak. Ez dituzte errespetatzen Garraio sektorearen mahaian harturiko akordioak. Ez dute indarrean dagoen baldintza-agiria betetzen. Gobernuak ez du segimendurik egiten, eta esan genezakeen beste aldera begiratzeko jarrera ere hartua duela. Eta hori ezin da onartu. Eta hori ikusita, hurrengo baldintza-agirian jaso dituzten gauza asko ez dira errealak. Oraingoa betetzen ez badute, nola beteko dute hurrengoa? Bihar [azaroak 20] bukatuko da lehiaketa berrian parte hartzeko izena aurkezteko epea, eta bi enpresa horiei ezin diete parte hartzen utzi”.

LAB sindikatuaren bidez, zenbait langilek SSG enpresa Lan Ikuskaritzan salatu izan dute, kotizazio irregularrak egiteagatik. Errekerimendu hori mahai gainean dago, baina Juarezek salatu duenez, Nafarroako Gobernuak ez du deus egin egoera zuzentzeko. “Hau ez da guztion osasuna kudeatzeko modua. Eta, beraz, zerbitzua publifikatzen ez den bitartean, enpresa horiei ezin zaie zerbitzua berriz esleitu”.

Banakako garraioak garraio kolektiboan
SSG Servicios Sociosanitarios Generales enpresan, LAB sindikatuko ordezkaria da Alfredo Zueco. 14 urte daramatza sektorean eta, salatu duenez, Gobernuak ez du inoiz azpikontrataturiko zerbitzu hau behar bezala kontrolatu. “Konparazio batera, ospitale arteko garraioak banakakoak izan beharko lirateke, eta halaxe daude baldintza-agirian zehaztuak, baina garraio kolektibo gisa egiten ari dira, hainbat gaixorekin. Eta gainera, teknikaririk gabe joaten dira, nire enpresan bakarrik gidariak joaten baikara garraio horietan. Beraz, baditugu aire-bideak isolatuta eraman beharko lituzketen eriak -hemodialisiarekin, errehabilitaziokoak…- edo, areago, gaixo terminalak, bertze gaixo batzuekin bidaiatzen”.

Zuecok salatu nahi izan du ere gaur egungo bere enpresak ez dituela “sekula” bete hobekuntza-agirian eskainitako hobekuntzak. “Ez anbulantzia motan, ez marketan, ez instalazioetan. Anbulantziek araudia bete dezaten, azterketa dagoelarik, azterketa pasatu behar duen anbulantzia horretara bertze anbulantzia batzuetako materialak pasatzen dira. Irregulartasunak anitz dira. Garraio kolektiboko anbulantziek ez daramate koilara-ohatilarik, eta Mercedez anbulantziek ez dute linterna baterian konektatuta”.

SGG-ko langileek enpresa salatu izan dute ez duelako hilabete batean eginiko aparteko orduen zerrenda ematen. “Gurekin hiru urte daramatzate eta ez digute inoiz eman. Lan Ikuskaritzan egina dugu eskaera hori, eta hala ere bete gabe jarraitzen dute. Urtean aparteko 80 ordu baino gehiago egiten dituzte langileek, baina nominan bertze izen batekin apuntatzen dituzte. ‘Dedikazio handiagoko’ bezala jasotzen dituzte, nahiz eta halakorik ez den hitzarmenean ageri. Eta, hala, Gizarte Segurantzan egiten duten kotizazioa irregularra da”.

Zuecok esplikatu duenez, badira irregulartasun gehiago, hala nola, behin-behineko kontratuen kopuru gehiegizkoaren inguruan, praktiketako langileek egiten dituzten lan orduen inguruan, edota norberaren aferetarako baimenak sistematikoki ukatzearen inguruan. “Baldintza-agiria betetzen ari ez diren enpresa horiek lehiaketa berrian aurkeztearen kontra gaude. Ezin dira aurkeztu ez haien izenekin, ezta beren filialen izenekin ere. Eta horixe eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari. Ongi zain dezala zein enpresa aurkeztuko diren, eta betetzen ez dutenei atea itx diezaiela”.

Dabid Mendaza Osasunbideko LABeko delegatua ere egon da gaurko prentsaurrekoan. Osasun garraioko langileei Osasunbideko langileen atxikimendua eta babesa helarazi nahi izan die. “Guk ere salatu nahi dugu nola, zoritxarrez, Osasunbideak ez dituen zaintzen azpikontrataturiko langileen lan baldintzak eta, okerragoa dena, ez dituen zaintzen beren lan osasunaren baldintzak. Horrekin oso kezkatuak gaude, nafar guztien osasuna zaindu beharko lukeen erakundeak azpikontrataturiko bere langileen osasuna zaintzen ez duelako. Eta, gainera, ez da gaixoen osasuna behar bezala zaintzen ari. Etxeko ospitalizazioak egin ziren, hain zuzen ere, infekzio arriskua jaisteko eta segurtasun neurri hori apurtzen da baldin eta banakako garraioak izan behar zirenak benetan garraio kolektiboak badira”.