2026-04-28
Blog Page 752

Borroka eta mobilizazioan jauziak emateko prest gaude, lan istripuak eta horren atzean dagoen prekarietatea lehen mailako arazo politikoa bilakatu arte

Joan den ostiralean, hilak 5, Iturrieta mendian, Markinan, zuhaitzak botatzen lan egiten zuen 50 urteko Markinako langile bat hil zen. Heriotza berri honen aurrean dei egiten diogu langile klaseari, Euskal Herriko gehiengo sindikalak, bihar asteartean, hilak 9, 12etan Markinako Udaletxe aurrean deitu dugun elkarretaratzean parte hartzeko.

Joan den ostiralean, hilak 5, Iturrieta mendian, Markinan, zuhaitzak botatzen lan egiten zuen 50 urteko Markinako langile bat hil zen.

Lehenik eta behin, LAB sindikatuak gure dolumina eta babesa adierazi nahi bere familia, lagun eta gertukoei.

Dagoeneko 2018an, Euskal Herrian gutxienez 56 langile hil dituzte euren lanpostuetan edo horien ondorioz. Pasaden astean 3 langilek bizitza galdu zuten lanean.

Salatu beharra dugu 2013tik hona hildakoen kopurua gora egiten ari dela, 2017an 54 langile hil ziren lanean. Istripu hilgarriak handitzen ari dira behin ekonomiaren jarduera berreskuratu zenetik, langileontzat prekarietatea eta pobrezia da zabaldu dena.

Basogintzan, arriskuak handiak dira aldiz lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira, langileen osasunaren gainetik irabazi asmoa nagusitzen baita.

Langile honen heriotzaren arrazoiak ikertzea eskatzen dugu, baita ere bere lan baldintzak, lan erritmoak eta abar.

Gaur egungo egoera mugiarazteko eta istripuak ekidin nahi badira, lan baldintzak eta lan- segurtasuna ezinbestez hobetu behar dira. Borroka eta mobilizazioan jauziak emateko prest gaude, lan istripuak eta horren atzean dagoen prekarietatea lehen mailako arazo politikoa bilakatu arte.
 

 

 

Lan duina eta hitzarmen duina eskatu ditugu Bizkaiko metalgintzako langileentzat

0

Bizkaiko metalgintzako LABeko delegatuek mobilizazioa egin dute gaur Lan Harremanen Kontseiluan, sektoreko hitzarmenaren mahaiaren batzarraren aurretik. “Bizkaiko metalgintzan, lan duina eta hitzarmen duina” izan da mobilizazioaren lema. Hain zuzen ere, antolatzea, mobilizatzea eta borroka egitea beste biderik ez dugu ikusten, patronalaren jarrera ikusita, joan den hilabeteko batzarraren aurrean salatu genuen bezala.
 

 

 

[IRITZIA] “Ikasleen eskubideak bermatzea ez da diru-xahutzea”

0
Maite Urtiagak eta Jon Lejarretak, UPV/EHUko LAB-en sail sindikalaren izenean, hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleen egoerari buruz idatzi dute iritzi artikulu honetan.

2001ean matrikulatu zen lehenengoz UPV/EHUn hezkuntza premia berezia zuen ikasle bat. Oraindik gogoan dugu zer nolako kudeaketak egin behar izan genituen ikasle horrek, aukera berdintasuna ardatz, Unibertsitatean ikasteko eskubidea izan zezan. Batxilergoko ikasketetan bermatua izan zuen laguntza, unibertsitatean ere izan zezan hezkuntza-laguntzarako espezialista bat kontratatu zen.

Ordutik gaur egun arte, desgaitasunak eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kopurua asko hazi da, 309 ikaslera iritsi da UPV/EHUren II. Inklusio Planean (2012-2017) jasotako datuen arabera. Hala ere, Hala ere, UPV/EHU-k eskaintzen dien zerbitzua salagarria da.

Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzua 2002an sortu zen eta horrekin batera zerbitzua aurrera emateko lanpostu batzuk, tartean mugikortasun urria duten ikasleen hezkuntzan laguntzeko teknikari espezialisten bi lanpostu. Gerora sortu ziren zeinu hizkuntza interpreteen biak ikasle gorrei zerbitzua emateko. Aitzitik, ikasleekin egunerokoan harreman zuzena duten lau bakante hauek ez ziren 2011 arte bete.

Bien bitartean, lan estrukturalak burutzeko, onartezinak diren kontratazioak egin izan dira: bata bestearen atzetik ikasturte bakarrean kateatutako hilabeteetako kontratuak, lanaldi partzial desberdinetakoak, ordutegi aldaketak, ordu extrak, langileekiko eskubide urraketak, eta hainbat eta hainbat egoera jasan behar izan dituzte langileek, eta ondorioz, ikasleek; laguntza, zaintza eta zerbitzu berezia behar dituzten ikasleek alegia.

Ikasturte bakoitzean, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleen kopurua alda daiteke baina kopurua goranzkoa dela konfirmatzen da urtez urte. Ikasturte bakoitzean, hiru hilabeteetarako lan-pilaketako kontratuak egiten dira ikasleek ikasturte osoa unibertsitatean emango dutenean; amatasun bajak eta gaixotasun iragankorrak ez dira dagokien bezala ordezkatzen (kasu batzuetan gainerako langileen artean banatzen dira zeregin horiek, eta haien lan-karga handitu ere). Era berean, zerbitzu gabe dauden ikasleei beraien kabuz moldatzea eskatzen zaien kasuak egon badaude, komunera joateko ere laguntzarik izan ez dutenak eta beste ikasleen laguntza eskatu beharrean aurkitu direnak kasu. Urriaren hasieran komunikabideetan salatutako azken kasua dugu Gasteizen. Iaz beste kasu bat ezagutzera eman zen. Beste batzuk, aldiz, ez dira hedabideetara heltzen, baina ikasleek eta langileek pairatzen duten ohiko egoerak dira tamalez.

Zerbitzuaren arduradunek eta Pertsonaleko Buruek dute giza baliabideak eta bitarteko teknikoak kudeatzeko ardura, baina orain arte izan diren Ikasleen Errektoreordeek eta Zuzendaritza taldeak dute erantzukizun nagusia. Laguntza espezialisten eta zeinu hizkuntza interpreteen lan-poltsak hornituta daude, eta lan-baldintza duinetan lan egiteko langile ugari dago prest.

Antza denez, ez da nahikoa LAB-ek egoera hauek behin eta berriro unibertsitate barruan salatu izanak, ezta ere Ikasleen Errektore desberdinekin zerbitzua egoki kudeatzeko hitzartutako konpromisoak… Falta zitzaiguna, entzun behar izan dugu campus batean ikasle bakarra artatu behar izatea “despilfarroa” dela. Aizue, ikasleen eskubideak bermatzea ez da despilfarroa. Inklusio Planak izanik, Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzua izanik, ikasleei behar bezalako zerbitzua ematea ez da despilfarroa. Behar bezalako zerbitzu duina ez ematea bai da lotsagarria.

Emandako hitza ez dute behin ere betetzen. Salagarriak diren egoerak behin eta berriro jasan behar ditugu. Noiz arte? Noiz arte utziko dute pertsonen duintasunarekin jokatzeari? Ikasleen eskubideak bermatu ditzatela behingoz. Langileen lan-baldintzak duindu ditzaten. Nahikoa da!

Ikasleei kalitatezko arreta eta zerbitzua emateko utzikeriak ez al du zerikusirik izango zerbitzua zaintza zereginei loturikoa eta feminizatua izatearekin?

Zerbitzua duindu behar dute. Eta horretarako ezinbestez kontratu duinak bermatu behar ditu unibertsitateak. Ikasleen eskubidea da laguntza ikasturte hasieratik bukaerara arte izatea etenik gabe.

Ezin dugu onartu bikaintasuna aldarrikatzen ari zareten unean horrelako zerbitzuen kudeaketa edukitzea.

 

 

 

2019an DSBE %2,25 igotzeko Lakuak egindako proposamena ez-nahikoa da murrizketen bidea betierekotzen duelako

LABen iritziz Lakuaren proposamena ez-nahikoa da murrizketen bidea betierekotzen duelako. Gainera, murrizketak indargabetzea eskatzen du sindikatuak diru-sarreren errenta nahikoa bermatu ahal izateko zenbatekoari dagokionez eta honetaz aparte, pertsona gehiagorentzat irisgarria izango dena.

Egungo DSBEren zenbatekoa ez da nahikoa, pobreziaren atalasetik behera dago eta gainera, ez da Lanbidearteko Gutxieneko Soldatara heltzen. Urteetan zehar behin baino gehiagotan murriztu dute, 2008ko legearen hasierako aurreikuspenetatik %13,5 murriztu delarik eta 2009tik 2017ra %11,9ko eroste ahalmenaren galera pilatu duelarik.

Murrizketen bidean sakontzen du Jaurlaritzaren proposamenak, hauek indargabetu ez dituelako. Hortaz, proposamen ez-nahikoa da, diru-sarreren bermearen eskubidearen debaluazioan sakontzen duena.

Hauxe da LABetik proposatzen duguna, hainbat foro eta Parlamentuko agerralditan adierazi dugun moduan:

• DSBEren erreformako eztabaidak EAEk behar duen babes sozialeko ereduaren inguruko eztabaida zabaltzea. Eztabaida horretan agerian utzi beharko litzateke lan harreman eta gizarte segurantza gaietan dugun eskuduntzen gabeziak behartzen gaitu Madrilen erabakitako lan erreforma eta pentsioen murrizketen ondorioei DSBEren bidez aurre egin behar izatera.

• Bizi ditugun lan- eta jendarte-prekarizazio prozesuei aurre egitea, egiten ari diren enplegu politika aktiboak patronalaren neurrira egindakoak baitira, prekarizazioa sustatu eta saritzen dutenak.

• EAEk BPGarekiko gastu soziala igotzea Europako batazbestera iritsi arte.

• Neurriak ezartzea DSBE jaso lezakeen baina egiten ez duen %30ak eskuratu ahal izateko.

• Proposamenak izan lezakeen genero-eragina txertatzea.

• Sistemaren iraunkortasuna ez da oinarritu behar okerren dauden pertsonentzako baliabideen murrizketen, erreforma fiscal justu batean baino, iruzurra borrokatzearekin batera.

Amaitzeko, eta esparru honetan bizi dugun atzerakada kontuan izanik, beharrezkoa da prekarietatea eta pobreziaren kontrako borroka agenda politikoaren erdigunean jartzea. Horretarako, LAB parte duen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak martxan jarri du Herri Ekimen Legegiblea, egungo babes sozialeko sistema aldatu eta hobetzea duena helburu moduan.

 

 

 

Cristina Uriarte buru duen Hezkuntza Sailaren jarrera maltzurra gogor salatzen dugu, eta sinatutako akordioak berehala betetzea exijitzen diogu

0

LABek joan den udaberrian Heziketa Berezian, Sukalde eta Garbitzaileetan, Haurreskolak Partzuergoan eta Irakasleen kolektiboan erdietsitako akordioak bete ditzala exijitzen dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Hori eskatuz, idatzia erregistratu du gaur LABek Lakuan. Kolektibo hauetan langileon borrokari esker lortutako aldarrikapen asko betetzen ari badira ere, guretzat berebiziko garrantzia duten hainbat puntu ez ditu bete. LABentzat marra gorriak eta lehentasunezko aldarrikapen izan zirenak aplikatzeko borondaterik ez du erakutsi gaur arte. Eta ez dugu inolako aitzakiarik onartuko, hilabeteetako epea eduki baitu akordioaren puntu guztien aplikazioa planifikatzeko.

Gauzak horrela, Irakasleen kolektiboan, ordezkapenak kasu askotan ez dira lehen egunetik bete eta 60 urtetik gorako ordu lektiboen murrizketa arreta zuzenik gabe ez da gauzatu. Gaur bertan komunikatu bat atera du Hezkuntza Sailak gaurtik aurrera ordezkapenak beteko dituela adieraziz, baina LAB benetan ere hitza betetzen duela arte gainean egingo gara eta beharrrezko izango balitz, eskuhartzeko prest. Gainera, oraindik ere Mahai Orokorrean proposatutako aldagaiak ez dira gauzatu. Heziketa Berezian, besteak beste ez dute Fisioterapeuta, Gizarte laguntzaile edota Terapeuten ekiparaziorik aplikatu. Sukalde eta Garbitzaileetan laguntza kontratuekin arazo larriak ditugu eta Haurreskolak Partzuergoan, akordioaren segimendu batzordea blokeatuta daukagu eta ordezkapenak betetzea baldintzatua jarraitzen du.

LAB, sinatutako akordioen defentsan sutsuki arituko da. Langileon borroka eredugarriari esker lortutakoa ez aplikatzea ez diogu inola ere onartuko Lakuako Hezkuntza Sailari, eta bere jarrera baldar eta arduragabea aldatzen ez bada, erantzuna artikulatzea beste biderik ez digu utziko. Akordioetan sinatutakoa inplementatzeko eta lan baldintzak hobetzeko borrokan jarraituko dugu!

LABek, bai akordioetara iristeko zein mobilizatzeko duen gaitasuna argi erakutsi du behin baino gehiagotan. Gure erantzukizuna da lau kolektibo hauetan lortutako akordioak defendatzea, babestea eta betearaztea, hezkuntzaren kalitatean eta eskaintzen dugun zerbitzuan duten eragin zuzenarengatik. Eta zalantzarik gabe Hezkuntza Sailarengan kokatzen dugu ardura politiko guztia: gatazka ondo itxi eta hitzartu duen hori betetzea. Horrela ez balitz, honek ekar litzakeen ondorio guztien erantzule zuzena egiten dugu. Guzti honengatik, Hezkuntza Saila interpelatzen dugu, hitz polit eta borondateetatik haratago, sinatutako akordioak bere osotasunean berehala bete ditzan.
 

 

 

Basauriko udal eraikinen garbiketa zerbitzuko langileak kalera irten dira

0

Basauriko Udaleko eraikinak garbitzen dituzten langileak Uni2 enpresaren aurrean mobilizatu dira, pasa den apirilean Garbiketa Hitzarmena sinatu eta ordutik soldata igoerarik ez zaielako aplikatu. Azaroan ospatuko da epaiketa.
 

 

 

Amiantoaren biktimen nazioarteko topaketan hartu dugu parte Bartzelonan

0

Amiantoaren biktimen nazioarteko topaketa bat egiten ari dira Bartzelonan, ostegunetik larunbata bitartean, eta bertan dago LABeko ordezkaritza bat. Hain zuzen ere, Lan Osasuneko kide Ibon Zubielak eta Beasaingo CAFeko delegatu Iban Pajaresek hartu dute hitza goizean egindako hitzaldietan. Biharko jardunaldiari dagokionez, Sant Jaume plazan, 11:00etan, egingo duten elkarretaratzean izango dira LABeko kideak, amiantoak eragindako heriotzak salatzeko.


 

 

 

Lanuzteei ekin diete Elkarkide enpresako langileek

Elkarkide enpresa aniztasun funtzionala duten pertsonendako enplegu zentro berezia da eta zentro okupazionalak eskaintzen ditu Nafarroan, horretarako Gobernuarengandik diru laguntzak jasoz; hala nola, Gobernuak enpresari lanbideen arteko soldataren erdia ordaintzen dio, eta kotzazioak bere osotasunean. Hitzarmen kolektbo berriaren urtebeteko negoziazioen ostean, aurrerapen eta lorpen faltaren aurrean, enpresak duen jarrera itxia ikusia, lanuzte eta mobilizazioekin hastea erabaki du langileen batzarrak, hitzarmen duin baten alde.

LAB, CCOO eta UGT sindikatuok osatzen dugu enpresa batzordea Elkarkiden, eta gaur lanuztera deitu dugu 7:30etik 9:30era, Noaingo Motxoli industriaguneko egoitzan. Urriaren 11n, ostegunarekin, egun osoko greba eta mobilizazioak egingo ditugu, 8:00etan Motxolin eta 12:00etan Iruñeko  Iturrama auzoan, Ezkirotz eta Iturrama kaleetako bidegurutzean.
 

 

 

Gipuzkoako DIA%ko langileek egun osoko greba egingo dute urriaren 11n

0

Gipuzkoako DIA%ko enpresa komiteak deituta, mobilizazio eguna egingo dute urriaren 11n, pairatzen duten esplotazioaren aurrean aski da esateko unea dela iritzita. Hain zuzen ere, egun horretan greba eguna egiteaz gain, elkarretaratze batera deitu dute 12:30erako, Donostiako Artzain Onean. Honen guztiaren berri gaur eman dute, agerraldi baten bitartez, Astigarragako DIA% dendaren aurrean.

Hauxe da gaurko agerraldian irakurri duten adierazpena:

Agerraldi honen bitartez, Gipuzkoako DIA% enpresako Langile Komiteko kideok, enpresan bizi dugun esplotazioa eta prekarietate erabatekoaren aurrean, datorren urriaren 11n egun osoko greba antolatuko dugula adierazi nahi dugu.

DIA%ko langileok denbora asko daramagu prekarietate egoera hau sufritzen. Langileak eta komitea bera, behin eta berriz, gutxietsi eta mespretxatuak gara enpresaren aldetik. Inolako aurre abisurik gabe aldaketak egiten dituzte, gure bizitzak gauetik goizera baldintzatuz. Gure lan zentroak aldatzen dituzte, askotan lekualdaketan kilometro asko egitera behartuz. Antolakuntza aldaketak maiz egiten dituzte, esate baterako ordutegienak, inolako aurre abisurik gabe eta gure bizitzak berriz antolatzera behartuz.

Langile falta nabarmena eta orokorra da DIA%ko dendetan. Honen ondorioz, egungo lan taldeko kideok dugun lan karga oso altua da. Eta honek zuzenean gure osasun fisiko zein psikologikoan eragiten du. Denda batzuetan 2 pertsona besterik ez daude lan guztiak aurrera ateratzeko: kaxari kasu egin, apalak berritu, garbitu… ezinezkoa da enpresak exijitzen dituen lan guztiak denboran eta behar den bezala aurrera ateratzea.

Kaleratzeak DIA% supermerkatuetako ohiko politika da. Berdin dio behin behinekoa izan edo 10 urte eraman enpresan, ezerk ez du bermatzen gure lanpostuan jarraitzea. Lankide asko kaleratuak izan dira gaixotasun bajan zeudela. Zehazki, udara honetan 12 langile izan dira kaleratuak. Gainera, kaleratzea hauek burofax bidez komunikatzen ditu enpresak.

Egoera erabat prekarioari azken ukitua emateko, DIA&GO denda formatua Euskal Herrira heldu da. Lehen denda Bizkaian ireki dute. Denda goizeko 8:30etik gaueko 23:00ak arte irekiko dute, langileen kontziliazio eskubidea urratuz. Denda eredu honen ezarpena erabateko sekretismoarekin egiten ari dira, benetan izango duen funtzionamendua eta langileengan izango duen eraginak irekiera baino egun batzuk lehenago azalduz.

Arrazoi hauengatik guztiengatik, eta enpresaren pasibotasuna ikusita, pauso bat aurrera ematea erabaki dugu eta Gipuzkoako DIA enpresako langile komiteak datorren urraren 11erako egun osoko greba deialdia egin dugu. Bizkaiko kideak ditugu eredu, greba deialdi ezberdinak eginda gogor jarraitzen dute borrokan. Honela bada, DIAko langile guztiei grebara batu eta urriaren 11n 12:30ean Donostiako Artzain Onean burutuko dugun elkarretaratzera gonbidatu nahi ditugu.