2026-01-24
Blog Page 739

Bizitza Da Handiena dinamikako auzipetuei elkartasuna adierazi diegu

Bizitza Da Handiena ekimeneko eragile eta sindikatuok elkartasun argazki bat egin dugu gaur, Tabakalera inguruan, babesa adierazteko protesta soziala egiteagatik epaitu nahi dituzten kideei; tartean, LABeko kide Haizea Nuñez abokatua.

Maiatzean, Munduko Turismo Erakundeari Donostian alfonbra gorria jarri zioten bitartean, astebeteko dinamika gauzatu genuen elkarrekin 61 herri mugimendu eta sindikatuk. Oso esperientzia oparoa izan zen. Egungo eredu politikoari kritika egiten zioten dozenaka eta dozenaka jarduera antolatu zituzten astebetean. Ekimenik ikusgarriena, 15 urte baino gehiagoz hutsik zen zortzi solairuko eraikin publiko bat Donostiaren erdialdean okupatzea izan zen.

Bizitza Da Handiena dinamika honen sustatzaileek argi utzi zuten ez zutela indarkeriarik erabiliko. Hala ere, Ertzaintza bertaratu zen eta protesta sozialak zigortu, kolpatu eta erasotu zituen. Orain, dinamikan parte hartu zuten kide batzuen aurkako epaiketak egingo dituzte. Hain zuzen ere, protestetan parte hartzeagatik bi epaiketa izango dira, bata datorren astelehenean, irailak 17, eta bestea hurrengo astean, irailak 25. Elkarretaratzeak deitu dituzte elkartasuna adierazteko auzipetuei, eta, gaur, elkartasun talde argazkia egin dugu eragileok.
 

 

 

Gipuzkoako helduen egoitzetako lan hitzarmenaren alde mobilizatu gara

Urtea beteko da Gipuzkoako helduen egoitzetako lan hitzarmen berria negoziaziatzeko mahaiak azken bilera burutu zuenetik, eta ordutik ez dugu inolako harremanik izan, ez Patronalekin ezta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere, nahiz eta LAB sindikatuak hainbat saiakerak egin dituen. Hala, gaur bertan mobilizazioei ekin diegu, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean. Protestek jarraipena izango dute datozen asteetan.

Gai honetan utzikeria ulertezina da, sektorea herrialdeko hitzarmenik gabe dago eta, langileak 2012ko soldata taula eta lan baldintzekin jarraitzen dutelarik, kasu batzutan lan baldintza okerragoak ere izanez.

LAB sindikatuak, herrialdeko hitzarmenaren negoziazioaren aldeko apustu garbia egin du hasieratik, eta patronal eta instituzioen utzikeria ikusita, mobilizazioekin jarraituko dugu, oraingoan eskualdez eskualde antolatzen hasiko garelarik, besteak beste:

• Irailak 26, 10:00tan kotxe-karabana Buruntza-Goierrin eta 12:00tan elkarretaratzea Ordiziako plazan.

• Urriak 8, 10:00tan kotxe-karabana Oarsoaldean eta 12:00tan elkarretaratzea Oreretako plazan.

• Urriak 23, 10:00tan kotxe-karabana Urola-Kostan eta 12:00tan elkarretaratzea Azpeitiako plazan.

• Azaroak 15, 10:00tan kotxe-karabana Deba-Garaian eta 12:00tan elkarretaratzea Bergarako plazan.

 

 

 

Sektore publikoan gure presentzia indartzea izango dugu erronkatzat Ipar Euskal Herrian

Delegatuen batzarrak egiten ari gara egunotan, hauteskunde sindikaletako epealdi trinkoan murgilduta gauden honetan. Hain zuzen ere, hauteskunde sindikalei begira Hego Euskal Herrian ditugun erronkak jakinarazi ditugu jada Gipuzkoako eta Arabako delegatuen aurrean, eta, bihar, Nafarroako herrialdean ditugun helburuak emango ditugu ezagutzera. Bitartean, Baionan bildu gara gaur, Ipar Euskal Herrian ditugun asmoei buruz hitz egiteko.

Ipar Euskal Herrian sektore publikoan gure sarbidea indartzen jarraitu behar dugula nabarmendu dugu Baionako batzarrean. Hain justu, horretarako aukera izango dugu hemendik hilabete gutxira, abenduan gauzatuko baitira eremu horretan hauteskunde sindikalak.

Eremu pribatuan, berriz, Macronek ezarritako lege aldaketa geroztik, 2019ko abendutik aurrera 11 langiletik gorako enpresetan berritu behar da ordezkaritza. Prozesu horretarako zein eremu pribatuan gure ordezkaritza zabaltzeko sindikatua prestatu beharko dugula jakinarazi dugu, ikasturte honetatik bertatik.

 

 

 

Osakidetzak Bilbon itxitako hiru Etengabeko Arreta Puntuak berriro zabaltzea eskatzen dugu

0
Darponek eta Osakidetzako Zuzendaritzak Osakidetzako zentroak ixten jarraitzen dute, euskal jendarteari emandako osasun zerbitzua gero eta gehiago murriztuz.

2010. urtean, PSE-ren zuzendaritzapean, 42 osasun zentro itxi zituzten larunbat goizez. Harrez geroztik ohikoa da aste santuan eta udan Lehen Arretako zentroen ordutegia murriztea, arratsaldeko 20:00etan itxi beharrean 17:00etan ixtea, alegia. Oraingoan, murrizketak gehiago estutu eta udarako itxitako Bilboko Alde Zaharreko, Txurdinagako eta Santutxu-Solokoetxeko Etengabeko Arreta Puntuak (EAP) ez zabaltzeko erabakia hartu du Osakidetzako Zuzendaritzak. Uda baliatu du EAJk, erabiltzaileoi beste osasun zerbitzu bat lapurtzeko.

Osakidetzako Zuzendaritzak sarri egiten duen bezal,a honako erabakia langileen ordezkaritzari inolako informazioa helarazi barik hartu du. EAP hauek itxi eta gero, bi galdera datozkigu burura:

1) Zer gertatzen da itxitako zentroen erabiltzaileekin?
Osakidetzari bost axola. Erabiltzaileek atean aurkituko dute zentroaren itxiera iragartzen duen paper zati bat eta momentu horretan pairatzen duten gaixotasuna artatzeko Basurtuko larrialdi zerbitzura joan beharko dute, zerbitzu hau are gehiago estutuz.

2) Zer gertatzen da zentro hauetako langileekin?
Alde Zaharreko, Txurdinagako eta Santutxu-Solokoetxeko EAPetan ez dago behin-betiko lanpostua daukan langilerik. Osakidetzak horrela erabiltzen du %38ko behin behineko tasa. Nahikoa du bertan zeuden langileei kontratua ez luzatzearekin lan zentroetako langileak “desagerrarazteko”.

Askotan entzun behar dugu agintarien ahotik osasun baliabideak zentzuz erabili behar ditugula, herritarrok Osakidetzarekiko errespetu falta bagenu bezala. LAB sindikatuaren iritziz, EAJ eta Darpon Sailburua dira euskal jendarteari errespeturik ez diotenak. Herritarren osasun eskubidea ziurtatzen duten zerbitzu publikoak gero eta gehiago murrizten baitituzte, osasun pribatuaren negozioa bultzatzeko.

Amaitzeko, Bilbo-Basurto ESIko zuzendariari, erabaki honetan atzera egiteko eta EAP hauen itxiera bertan behera uzteko eskatzen diogu.
 

 

 

Doakotasuna berehala gauzatzea eskatzen dugu Haurreskoletan, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenentzat

0
Bihar, irailaren 13an, Gasteizko Legebiltzarrean 2018-2022rako Familiei Laguntza emateko Erakundeen arteko IV. Plana aurkezteko, Enplegu, Gizarte politika eta Gazteria batzordea batuko da. Urte hasieran, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta EUDELek konpromisoa hartu zuten familiaren eta haurren aldeko politika publikoak garatzeko, Familien eta Haurren aldeko Ituna sinatuz.

Itun honen baitan, beste batzuen artean, jaso da lehenik Legebiltzarrak eta gerora Euskadiko Eskola Kontseiluak, LABen emendakina bozketara eramanda, Eusko Jaurlaritzari eskatu diotena jaso da: “Haurreskolak Partzuergoan doakotasunaren bidean lehen urrats gisa eta progresibotasunean sakontzeko, 18.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten familientzat doakoa izan dadila horietarako sarbidea.”

LABek, neurria berandu baino lehen gauzatzea eskatu zuen eta Hezkuntza eta Enplegu eta Gizarte politiketako Sailburuen erantzuna izan zen “2018-19 urteetako epean, kuoten berrikuntza hau gauzatuko da beharrezkoa den prozedurari eta erabakiei jarraiki.”

Ikasturtea jada hasi da, jaiotze-tasaren jaitsierarekin batera, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan kezkagarria den % 2,95ko matrikulazio jaitsierarekin, eta ez dugu familia planean aurkeztu diren neurrien berririk, Beraz, LABek eskatzen du, 2018ko irailean Haurreskolak Partzuergoan hasi diren haurren familiek 18.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak badituzte, doakoa izan dadila, jaiotzatik aukera berdintasunean hezkuntzarako eskubidea bermatzen hasteko.

Haur Hezkuntzako lehenego zikloa (0-3 urte) doakoa, unibertsala, euskalduna eta kalitatekoa izan behar da.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Herriari hitza ematea inoiz ez da delitu”

0

Euskal Herrian ere presente dugu. Hain zuzen ere, Gasteizen elkartasun mobilizazioa egin dugu gaur, 12:00etan, Kutxa plazan, “Visca la república catalana. Bi herri, borroka bakarra” lemapean.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk adierazpenak egin ditu Gasteizen, Diada eguna dela-eta egindako mobilizazioaren harira. "Gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dugu hemendik herri katalanari, Errepublika katalana eraikitzeko irekita duten burujabetza prozesu horretan. Askotan salatu izan dugu Espainiako Estatuaren izaera ez demokratikoa, eta horren erakusle nagusiena da gaur egun preso politikoak daudela eta erbestean jendea dagoela. Horrek erakusten du demokrazia eza, herriari hitza ematea inoiz ez da delitua", nabarmendu du.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, "astakeria juridiko eta politiko bat da preso eta exiliatu hauen existentzia bera. Horregatik, lehenbailehen beraiek askatzea eskatzen dugu. Espainiako Estatuak, Pedro Sanchezen Gobernuak,  orain arte erakutsi du ez duela inolako eskaintza demokratikorik lurralde ereduaren auziari irtenbide bat emateko, ez Euskal Herriarentzat, ez Kataluniarentzat. Behin eta berriz legalitatearen eztabaidaren barruan urtu edo ezkutatu nahi dute printzipio demokratikoaren eztabaida, eta ezin da herri baten borondatea mugatu legalitatearen eztabaidara, lehenago edo geroago muga horiek apurtzea lortuko delako". 

Garbiñe Aranburuk berretsi du LABetik jarraituko dugula "herritar guztien bizitza duina bermatzearen aldeko borrokan, jarraituko dugu aldaketa sozialaren aldeko borrokan, aldaketa politikoaren aldeko borrokan, burujabetza prozesua sustatuz, bai Euskal Herrian eta baita Katalunian ere. Eta jarraituko dugu Kataluniako presoen askatzea eskatuz, eta baita ere hemen ditugun preso politikoak etxera hurbiltzeko urratsak emateko eskatuz ere".

Bartzelonan
Bestalde, azken urteotan ohitura duen moduan, LAB Katalunian dago gaur egiten ari diren mobilizazioetan parte hartzeko. Hara joan da Koldo Saenz Nazioarteko arduraduna, eta Bartzelonan ANCren deialdiarekin egin du bat. Era berean, arratsaldean, Alerta Solidaria, Arrán, CUP, Endavant eta SEPCk deitutako Bartzelonako mobilizazioan parte hartuko du Saenzek, “Independéncia, socialismo, feminisme. Autodeterminació als Països Catalans. Perqué no decideixein per nosaltres” lemapean egingo dena.

Atzo, berriz, sindikatuen arteko bileran parte hartu zuen LABeko ordezkariak. Autodeterminazio eskubidearen alde eta errepresioaren kontrako adierazpen bat adostu genuen bertan sindikatuok.


 

 

 

Erakundeen, patronalaren eta CCOOren eta UGTren lehentasuna prebentzioari esleituko omen zaion dirua beraien artean banatzea da

0

Lan Arriskuen Fundazioaren diru-laguntzak izango dira puntu bakarra Osalanen Kontseilu Orokorraren bileran, lan istripuak nonahi gertatzen ari diren honetan.

Kezkagarria eta asaldagarria gertatzen ari zaigu lan istripuak EAEn gero eta gehiago izatea. Uztailera arte, eguneko 228 lan-istripu gertatu dira, horietatik, gutxienez, 29 hilgarriak izan dira, eta 112 larriak. Atzo jakin genuen bi istripu larri gertatu zirela: 55 urteko basozain bat larriki zauritu zen Mallabian eta 58 urteko garraiolari bat larriki zauritu zen altzairu xafla deskargatzen ari zela Eibarko Alca enpresan.

Lehenengo eta behin, gure elkartasuna eta sostengua adierazi nahi diegu zauritu diren langileen senideei, adiskideei eta lagunei. Espero dugu ahalik eta bizkorren osatuko direla.
Datuok izugarriak dira, batipat kontuan hartzen badugu lan istripu gehien-gehienak saihets daitezkeela. Esan dezakegu gure lan harremanetan nagusi den prekarietatea lan istripuen oinarrian dagoela.

Urtez urte, hilabeteak joan, hilabeteak etorri, lan-istripuen kopurua handitzen eta handitzen ari da. Langileriari ez zaio bermatzen lan osasunerako eskubidea; ez zaigu bermatzen etxera bizirik itzultzeko eskubidea. Egunerokoan aurre egin ohi dugu egoera tamalgarri honetan salatu nahi dugu erakundeetako arduradunek erakutsi jarrera, ezbehar-kopurua oso handia izatearen arazoa ez dutelako kokatzen haien agenda politikoan. Euskal erakundeetako ordezkariei ez diegu aditu prekarizatze-politika salatzen, aitzitik, sostengua adierazi diote.

Ez diegu aditu senideei sostengu hitzak adierazten, aitzitik, atzokoan bertan Osalanen Kontseilu Orokorrak ohiz kanpoko bilera deitu zuen irailak 13 izango dituenerako, non eztabaidatuko den puntu bakarra Lan Arriskuen Fundazioak ematen dituen diru-laguntzak diren. Aldiz, erakundeen, patronalaren eta CCOOren eta UGTren lehentasuna prebentzioari esleituko omen zaion dirua beraien artean banatzea da. Errealitatea, berez, bestelakoa da: langileok bakar-bakarrik eta guztiz babesgabe gaude, administrazio publikoek beren zereginen utziera egiten dute, eta ez dute egiazko kontrolik egiten enpresetan, ez dute zigor eredugarririk ezartzen. Lotzekotan, hitzordua lotzen dute dirutza banatzeko.

Osalani eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu lan osasun politikak erabat alda ditzatela, enpresetan handitu ditzatela lan segurtasun arloko kontrola eta ikuskaritza, eta ez ditzatela ezar lan baldintzen kaskartzea ekarriko dituzten politikak.

LAB sindikatuak eutsi egingo dio langileen eskubideen aldeko lanari eta prekaritatearen aurkako sentsibilizazioa hedatzeari. Sindikatuak emango duen erantzunaren eta mobilizazioen bidez, langileen aurka erabiltzen den bortxa mota honen aurkako erabateko arbuioa artikulatuko dugu gizartean.
 

 

 

Dei zuzena egiten diogu Donostiako alkateari, Parte Zaharreko gaztetxearen aurkako inolako neurri polizial zein juridikorik martxan jar ez dadin

Parte Zaharreko gazteek joan den larunbatean bideratu zuten Orixe Ikastolaren eraikin zaharraren okupazioaren harira, Donostiako Udaleko LABeko Sail Sindikalak txalotu du ekimena.

Hauxe da Donostiako Udaleko LABeko Sail Sindikalaren oharra:

Parte Zaharreko gazteek joan den larunbatean bideratu zuten Orixe Ikastolaren eraikin zaharraren okupazioa dela eta, Donostiako LABeko Sail Sindikalaketik hainbat gauza adierazi nahi ditugu.

Lehenik eta behin, txalotu nahi dugu gazteen ekimena, azken 12 urteotan hutsik eta utzita egon den Orixe Ikastolaren eraikin zaharra okupatzea zilegitzat jotzen baitugu, besteak beste, Parte Zaharreko Gazte Asanbladak Uxategi garaietik aldarrikatu zuen horrelako eskaera bati Udalak inolako erantzunik eman ez diolako azken urteotan. Orixe eraikinaren okupazioa ez da partikular pribatu batek etekin ekonomikoa eskuratzeari begira eginiko legez kanpoko ekimen bat, helburu soziala bideratzeko utzita zegoen espazio publiko baten erabilerarako ekintza zuzena baizik, anitza eta zabala.

Bestalde, bat egiten dugu Parte Zaharreko Auzo Elkarteak eginiko proposamenarekin, eta ondorioz, guk ere Udal Gobernuari dei egiten diogu lan-mahai bat osatu dezan ahalik eta azkarren, non auzoko eragile eta udal teknikari eta arduradunak elkartuko garen auzotarron ekipamendu beharrei irtenbideak behingoz bilatzeko eta horien artean, lehentasunez, Gaztetxea eta Auzoetxea adosteko.

Jarraitzeko, dei zuzena egiten diogu Eneko Goia alkateari gaztetxearen aurkako inolako neurri polizial zein juridikorik martxan jar ez dadin eta ez dezan eta Udaltzaingoa errepresio bide eta jarduera horietatik urrun dezan, bereziki, elkarrizketaprozesuak zer eman dezakeen ikusi aurretik. Hitzari aukera eman behar zaio.

Aitzitik, Orixe eraikinean egon daitezkeen proiektu ezberdinen artean Udalak bat hautatu eta hura martxan jarri bitartean, Gaztetxea bertan garatzen uzteko deia egiten diegu ordezkari politiko eta ekonomikoa guztiei, Biurrun epaileak ondo esan zuen moduan.

Bidenabar, gazte mugimenduaren eta langile mugimenduaren dinamiken arteko uztarketaren garrantzia azpimarratu nahi dugu. Eredu kapitalistaren aurrean, demokraziaren eta sozialismoaren aldeko borrokan bi sektore hauek bat egitearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Esperientzia eta ilusio batzen direnean, eraldaketa geldiezina bihurtzen da. Gaurko gazteria biharko langileria izango delako, Gaztetxea langileriaren etxea ere badela azpimarratu nahi dugu.

Horretaz gain, dei egiten diegu Parte Zaharreko herritar guztiei eta baita donostiar guztiei, Orixeko Gaztetxearen alde joka dezaten, gazteak behar duten guztietan laguntzen, bertako ekimenetan parte hartzen.

Azkenik, inoiz aurkako eraso errepresiborik balego, bertaratzeko eta bortxarik gabeko desobedientziaren bidez poliziaren erasoari aurre egiteko, argi utziz beraiek direla biolentzia erabiltzen duten bakarrak.
 

 

 

Feminizatuak eta prekarioagoak diren sektoreetan presentzia indartzea erronketako bat dela berretsi dugu Arabako delegatuen batzarrean #ZureBideLagun

Delegatuen batzarrak deitu ditugu egunotarako, kurtso berriaren etorrerarekin, sindikatuaren erronkei eta hauteskunde sindikalen epealdi trinkorako ezarritako helburuei buruz aritzeko. Gipuzkoako batzarrarekin ekin genion atzo errondari, eta, gaur, Arabako delegatuen txanda izan da.

Hernanin atzo gertatu bezala, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta sindikatuko Antolakuntza idazkari Izaskun Garciak hitza hartu dute Gasteizen, Aldabe zentroan egindako batzarrean. Arabako hainbat ordezkarik ere hitz egin dute, zerbitzu publikoak, zerbitzu pribatuak eta industria sektoreen egoera irudikatzeko.

Hauteskunde sindikaletarako erronkei helduta, ekaineko azken datuen berri eman dugu: Euskal Autonomia Erkidegoan bigarren sindikatua izaten jarraitzen dugu; hori bai, CCOOekiko aldea 44 delegatuena baino ez da. Hain zuzen ere, EAEn, %18ko langa pasata bukatu genuen orain 4 urte eta, jada, %19an gaudela hasten gara epealdi trinko berria.

Azken batean, ahalik eta langile gehien LABekin bat egitea da hauteskunde sindikal hauen helburua; hots, langileria sektore desberdinetara iristea, orain arte sindikalismoa erreferentziatzat izan ez duten eremuetan presentzia lortuz batez ere. Feminizatuak eta prekarioagoak diren eremuetan ere indartu nahi dugu gure eragina. "LAB indartuz, konfrontaziozko sindikalismoa boteretu eta eraldaketa sozialaren norabidean urrats berriak emango ditugu", azaldu dugu.

Erronka honetan kopuruak garrantzia handia hartzen dute. Arabari dagokionez, ekaineko datuen arabera, 403 delegatu ditugu (%13,17). Hala, epealdi trinko honetan ezinezkoa izango bada ere, Araban hirugarren sindikatua izatea izan behar du erronka epe ertain batean. UGTrekiko 116 delegatura gaude gaur egun. Horrenbestez, epealdi trinkoan gure ordezkaritza %14ra igo (25 delegatu gehiago lortu) eta UGTrekiko aldea gutxitzen joatea izan behar du erronka. Momentu honetan UGTik 4 puntura gaude. Lakuan ordezkaritza handitzea da Araban dugun beste erronketako bat.

Baionan, bihar
Gipuzkoako eta Arabako delegatuen batzarrak egin eta gero, asteazkenean eta ostegunean Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako batzarrei egokituko zaie txanda, hurrenez hurren; eta datorren astean, irailaren 19an, Bizkaikoa egingo dugu, Bilboko Itsas Museoan.