2026-08-01
HomeZerbitzu PribatuakElikagaigintzaHuerta de Peralta-ko langileek abenduaren 26tik aitzina greba mugagabea eginen dute, kaleratutako...

Huerta de Peralta-ko langileek abenduaren 26tik aitzina greba mugagabea eginen dute, kaleratutako 4 langile berriz har ditzaten

LAB sindikatuak beste behin enpresako zuzendaritza premiatu nahi du bere jarrera zuzen dezan eta aipatu langileak berronar ditzan. Bitartean, LABek adierazi nahi du eskura dituen tresna guztiak erabiliko dituela esplotazioaren eta prekarietatearen aurka, eta dei egiten die langile klase osoari, eta bereziki Huerta de Peraltako langileei, grebarekin bat egin dezaten, antolatzen jarrai dezaten, eta beren eskubideen defentsan zein lan baldintzen hobekuntzaren alde borroka daitezen.

Azkoiengo SAT Nº 413 NA Huerta de Peralta enpresa nekazaritza alorrekoa da; barazkiak hazten ditu eta produktu freskoak ontziratzen ditu (IV. gama). 130 langile baino gehiago ditu -gehien-gehienak pertsona migratzaileak- eta, hartara, sektore horretako Nafarroako enpresa handienetariko bat da. Hala ere, tamaina handikoa izanagatik ere, 2017 arte ez zuen ordezkari sindikalik izan. Orduan egin ziren lehenbiziko hauteskundeak eta orain enpresa batzordeak LABeko 6 ordezkari ditu, CCOOko 2 eta UGTko 1.

Hauteskundeak egin zituztenetik, langileen egoera nabarmen hobetu da zenbait gauzatan: aldi baterako kontratu asko kontratu mugagabe bilakatu zituzten; ordu arte betetzen ez zen hitzarmen bat betetzen hasi ziren; lan orduetan hobekuntzak izan zituzten, bai eta soldatetan ere… Baina, dirudienez, horrek guztiak enpresako zuzendaritzaren mendeku gosea piztu zuen eta orain diziplinazko araudia erabiltzen ari da langileen aurkako disuasio, koakzio eta errepresalia tresna gisa. Hala, anitz izan dira enpresak ezarri dituen zehapenak eta egin dituen kaleratzeak.

Enpresaren jarrera arras bidegabea iruditzen zaionez, eta dinamika horri buelta emate aldera, enpresa batzordearen gehiengoak erabaki zuen urrats bat egitea aitzina eta azaroaren 12rako egun osoko grebara eta hainbat mobilizaziotara deitzea. Greba arrakastatsuaren ostean, enpresak diziplinako araudiaren erabilera arindu eta sindikatuari deitu zion, orduan negoziazio prozesuari ekin genion langileon berronarpena lortzearren. Alta, bilkura batzuen ostean ezin izan da akordiorik erdietsi, enpresak saleroskerietan ibili nahian eta exijentzia maila neurrigabeki igo egin baitu.

Horrela, bada, ekintza sindikala berrindartu eta 26tik aitzinako greba mugagabea deitzea erabaki dugu enpresara itzuli nahi duten kaleratutako 4 langileen berronarpena aldarrikatzeko. Grebaz gain hainbat mobilizazio ere antolatu ditugu. Grebaren lehendabiziko egunean, eguerdiko 12etan enpresako atarian elkarretaratzea eginen dugu eta arratsaldeko 5etan, berriz, ibilgailu karabana bat abiatuko da toki horretatik eta Azkoien, Martzilla eta Funes herrietatik iraganen da. Bigarren egunean, ostegunarekin, langileek Iruñera eramanen dute aldarrikapena, Zaragoza etorbideko 135 zenbakitik UAGNko egoitzaraino manifestazioa eginez, eta gero elkarretaratzea eginez.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.