2026-04-24
Blog Page 738

Garbialdiko langileek mobilizazioekin jarraitzen dute, akordioa urrun dagoela ikusita

0

Negoziazio mahaia egin zuten atzo enpresak eta foru aldundiko egoitzen garbiketaz arduratzen diren langileen ordezkariek. Garbialdi enpresak egindako azken eskaintzak akordioa urrundu egiten duela ondorioztatu ondoren, LAB, UGT, ESK eta CCOOek mobilizazioekin aurrera jarraitzea erabaki dute, eta, hala, elkarretaratze bat egin dute gaur Bizkaiko aldundiaren aurrean.
 

 

 

Botere Judizialaren Lege Organikoaren erreformaren aurrean Hego Euskal Herrian deituko diren mobilizazioak babestuko ditugu

Sindikatuak transferentzia osoa eskatzen du justizia arloan.

Madrildik datorkigun eraso bati aurre egin behar diogu berriro ere. Kontua da dugun transferentzia zeharo ez nahikoa dela, Madrilen ez baita ezer negoziatzen, bai ordea, ugari inposatzen. Era berean, sindikatu deitzaileen partetik ere heltzen zaigu inposizioa: CCOO, UGT, CSIF eta STAJ erakundeek mobilizazioetara eta greba egun batera deitu dute, aintzat hartu gabe gainerako sindikatuak (besteak beste, Intersindical Canaria, CUT, CIGA, ELA, LAB, Intersindical Valenciana…). Baina deialdia egin eta gero nahi dute besteok babestu ditzagula ekintza batzuk, beraiek antolatzerakoan baztertu bagaituzte ere. Ez dute inolako errespeturik erakusten eta gobernuak ere ez: bilera bat egin zuen sindikatu deitzaileekin, beste guztiak aintzat hartu gabe. Zer adostu edo negoziatu ote dute bilera horretan? Inork ez daki. Horixe da gainerako sindikatuon kexa. Horrexetarako balio du Madrileko mahaira joateak.

Bada, Estatuko Parlmentuak zein erakunde deitzaileek jarrera berbera dute: inposizioa. Hala eta guztiz ere, langile guztien hobe beharrez, ezin gara geratu mobilizazioetan parte hartu gabe. Hortaz, Euskal Herrian antolatuko diren mobilizazioetan parte hartuko du LABek.

Gure lan-baldintzen aurkako eraso honekin hauexek ezartzera doaz:

-Erabateko mugikortasuna, baja bakar bat ere ez dute nahi ordezkatu, horretarako beste zerbitzuetako langileak baliatzeko asmoa dute;

-Gero eta bitarteko langile gutxiago kontratzearen ondorioz titularrek lan zama handiagoa izango dute eta herritarrei emandako zerbitzua kaskartuko da;

-Errefortzuzko kontratuak ez dituzte 6 hilabetetik aurrera luzatuko;

-Instantzia Auzitegiak ezartzeko bidea jartzen dute;

-Lanbide-karrerarako aukera deusezten dute;

-Ez dute Botere Judizialaren Lege Organikoa egokitu, beraz gaixotasun aldietako deskontuak egiten jarraituko dute.
guztia zeren truke?

Eta hori guztia zeren truke?

LABen betiko aldarrikapenetako bat transferentzia osoa da. Gure lan-baldintzetan eragina duen erabaki orotan esku hartzeko eskubidea aldezten dugu: berton lan egiten badugu, berton erabaki behar dugu. Gauzak horrela, beste behin ere interpelatzen ditugu Nafarroako eta EAEko
gobernuak gutxieneko borondate politikoa erakuts dezaten beraiek hartutako erabakiak burutze aldera –transferentzia osoa exijitzea ez da nahikoa, betearazi behar baita-; eta, bide batez, hirugarren klaseko langiletzat ez gaitzaten har.

Lehenago esandako guztia dela eta, gure lan-eskubideen defentsan Euskal Herrian deituko dituzten mobilizazio guztiak babestuko ditu LABek.

Lan-baldintzak inposatzeari ez! Transferentzia osoari bai! Benetako parekidetasuna orain!
 

 

 

Negoziazio prozesu erreala martxan jartzea premiazkoa da Osakidetzan

0
Gaur Osakidetzako Mahai Sektorialeko batzarrean ez da ezer negoziatu, aspalditik ohitura bihurtu dena.

Osakidetzako zuzendaritzak gaurko bilera erabili du, gai batzuen gainean aldebakarrez erabaki dutena sindikatuoi jakinarazteko. Gai horietako asko garrantzi handikoak izanik ere, sindikatuok ez dugu aukerarik izan hartzen diren erabakien parte izateko. Honen adibidea Onkologikoa dugu: publifikazioa ziurtatzen ez duen prozedura ekarri digute, baina tartean ez da inolako informaziorik egon, ezta eztabaidarik ere, ez gurekin, ezta jendartearekin ere. Azken finean, ekarpenak egiteko aukera antzerki hutsa baino ez da, aurretiaz Osakidetzak ebatzi duen horretan inolako eraginik ez daukana.

Mahai sektorial honetan LABek jarrera argia erakutsi du: premiazkoa da negoziazio prozesua erreala abian jartzea. Esate baterako, Hitzarmen berria negoziatzeko ordua da, bere osotasunean, ez soilik baimen eta lizentzien atala, Osakidetzak nahi duen bezala. Bestaldetik, Onkologikoaren inguruko eztabaida demokratikoa abian jartzea derrigorrezkoa jotzen dugu. Era berean, erantzun negoziatuak behar ditugu beste gai batzuetan ere: zer gertatuko den Garapen Profesionalarekin, zelan berreskuratuko dugun urte hauetan guztietan galdutako eros-ahalmena (soldataren %13,3 koa); zein EPE eredu berria behar dugun, etab. LABek gai hauen inguruko ekarpen zehatzak helaraziko dizkio Osakidetzari, baina beti ere negoziazio prozesu baten barruan. Adibidez, erosmen-ahalmena berreskuratzeko urteko %4,5eko soldata igoera planteatu dugu Mahai Orokorrean, guztiz bideragarria dena. Halaber, 10 urte beranduago heltzen den Berdintasun Plana aurrera ateratzeko nahitaezkoak izan dira LABen ekarpenak eta bultzada.

Bestaldetik, pozteko da kendutako eskubide oso garrantzitsu bat berreskuratu dugula langileok mobilizazioaren bitartez: irailetik aurrera, edozein baja egoeratan soldataren %100 kobratuko dugu berriro langileok. Hori bai, ardura falta leporatu diogu Osakidetzari, gaur arte ez dielako langileei honen gaineko informazio ofizialik helarazi.

Amaitzeko, Larrialdietako langileen mobilizazioek lortu dute Osakidetzak gai-ordenean sartzea euren negoziazio eskaera. Osakidetzak negoziazio proposamena mahai gainean jarri izana modu positiboan baloratzen dugu, nahiz eta bertan ez jaso langileok aldarrikaturiko puntu guztiak. LABek eskatzen duena zera da: Osakidetzaren proposamena abiapuntu hartuta, denbora luzean eskatu dugun benetako negoziazio prozesua irekitzea Osakidetzako zuzendaritza eta Larrialdietako Pertsonal Batzordearen artean.

 

 

 

Gutxienez, 62 dira Euskal Herrian urte hasieratik hildako langileak

Azken egunotan, langile bi hil dira lanean. Urriaren 31an, Castejonen hil zen C.V.B. langilea, Construcciones y Obras Vitorino Vicente S.L. enpresakoa, in itinere istripu hatean. Bestalde gaur goizean, 10:00ak aldera, J.S.F. 57 urteko langilea hil da Eibarren, lan istripu ez traumatiko batean, ABC enpresan lanean zegoela, ADECCO enpresatik azpikontratatua.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik senide, inguruko eta lankideei gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu. Babes hau hilabete honetan hildako langile guztien ingurukoei zabaltzen diegu.

Eibarrekoa bezalako istripu ez traumatikoak ere lan-istripuak dira. Ez dira kasualitatez ematen laneko orduetan, zorte txarragatik, ez da enpresariek dioten moduan “ez dutela lanarekin zerikusirik”.

Jakina da horrelako gertaerak lan zehatz batzuetan gertatzen direla, baldintza zehatz batzuen pean, lanean jasotzen diren presioak eta estresa bihotzekoak eta zirkulazio gaitzen ezinbesteko faktoreak direla eta gehienetan, oinarrizko faktore gauzatzailenak direla. Bizi eta lan baldintzek eragindakoak ere badira.

Gainera dagoeneko istripu ez traumatikoak, bihotzekoak, iktusak bilakatu dira heriotz lan istripuen lehendabiziko faktoreak.
Lan istripu guztien atzean lan-baldintzak daude. Erritmo azkarrek, presioak edo autoritarismoak gaixotasun ezberdinak sortarazten dituzte eta hainbatetan, heriotzera eramaten gaituzte.

Argi daukagu lan istripuak, traumatiko, ez traumatiko eta joan-etorrikoak, ez direla zoriak edo kasualitateak sortutakoak, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza baino.

LABen argi dugu, bizi eta lan duinak behar ditugula, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugula. Norbanako, familia eta jendarte osoarena den lakra honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla, lan harremanen eta joku arauen aldaketa batetik etorriko dela aldaketa. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

Horregatik LABek dei egiten du langile guztientzako lan-baldintza duinen aldeko borroka egitera.

Heriotza honen aurrean protesta egiteko, ABCko enpresa-batzordeak orduerdiko lanuztea egingo du bihar, azaroaren 6an, enpresa aurrean, Eibarren. 13:45etik 14:15era izango da lanuztea eta bien bitartean, langileek kontzentrazioa egingo dute enpresa aurrean (Azitain poligonoa, 6. zkia).
 

 

 

Iraunaldi zehatza duen aldi bateko kontratuen %56a astebetekoa edo laburragoa da

Hego Euskal Herrian dauden Enplegu Zerbitzu Publikoetan erregistratutako langabetuen kopurua 155.593 pertsonatakoa da urri amaieran. Hautetatik %57,6 dira emakumezkoak.

Kopuru garbietan, azken hilabetean 559 pertsonatan egin du behera langabeziak eta honek irailean baino %0,4 gutxiago suposatzen du. Hala ere, beherakada honek Bizkaian soilik izan du isla, emakumeen artean eta nagusiki, zerbitzu sektorearen bilakaerari esker.

Kontrapuntu bezala, nabarmendu beharrekoa da sinatutako 100 kontratutatik 8 soilik dira mugagabeak, eta iraunaldi zehatza duten aldi batekoen %56a astebetekoa edo laburragoa da.

Gainera, Eurostaten arabera, mugagabe bihurtu diren aldi baterako kontratuen portzentaia Europar Batasuneko baxuenetakoa da. Horrela, aldi baterakotasuna enplegurako “sarbide” baino, gehiago bihurtu da lan-prekarietate iraunkorrerako tresna.

Izan ere, Hego Euskal Herrian soldatapean lanean ari diren 4 langiletatik batek aldi baterako kontratua dauka. Honek Europako buruan kokatzen gaitu aldi-baterakotasunari dagokionez, soilik Espainiako estatuaren atzetik.

Bestalde, azken krisiak agerian utzi zuen enpleguaren ahultasuna laneko aldi-baterakotasunarekin lotuta dagoela. Atzeraldiaren zatirik gogorrenean 6 milioi lanpostu suntsitu zen Europar Batasunean, erdia baino gehiago Espainiako estatuan.

Hori bai, Estatuen lanpostuen %17 suntsitu bazen, Hego Euskal Herrian ere krisialdiaren aurretik zeuden enpleguen ia %16 suntsitu zen.

Horregatik, krisi handieraren hasieratik hamar urtetara, itxi gaude dauden zauri sozial askorekin eta atzeraldi berri baten arriskuaren inguruko etengabeko ohartarazpenak ikusita, beharrezkoa da aldi baterakotasun maila handien salaketa azpimarratzea.
 

 

 

Osakidetzako Emergentziak zerbitzuak bidezko lan-baldintzak eskatu ditu

0

Langileak azaroaren 5ean elkarretaratu dira Gasteizen, Osasungintzako Mahai Sektoriala egin bitartean, Osakidetzaren Giza Baliabideetako Zuzendaritzarekin negoziazio zuzena eta zerbitzuaren arazoak konpontzea exijitzeko.

Osakidetzako Emergentziak zerbitzuko langileak Gasteizko Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean elkarretaratu dira gaur goizean. Osakidetzaren Emergentziak zerbitzuko Langileen Batzordeak, ELA, CCOO, LAB, SATSE, ESK, SME eta UGT sindikatuekin batera, mobilizazioetara itzultzea erabaki dute Osakidetzaren erantzun ezaren aurrean. Mobilizazio etapa berri honetan, gatazkaren erantzule nagusiengana eramango dituzte protestak.

“Emergentzietako gatazka Mahai Sektorialaren bileraren gai ordenean dago. Horregatik, zerbitzuaren arazoak konponduko dituen negoziazioa exijitzera joango gara”, adierazi dute sindikatuek. Langileen Batzordeak, gutxienez, honako gai hauek defendatu nahi ditu:

• Emergentzietako osagarria langile guztientzat.
• Koordinazio eta erantzukizun osagarria, koordinazio lanak egiten dituzten langile guztientzat. Manutentzioa, ordutegia eta atsedenak.
• Aldi baterako langileentzat egonkortasuna.
• Urteko egutegiaren negoziazioa.
• Informazioa transmititzeko denboraren aitorpena (txandartekoa)
• Formakuntza jarraia ugaritzea, lan orduetan izanda.
• Sakabanatze geografikoa, egutegiagatik, base batetik bestera ibili behar dutenentzat.
• Laneko arropa egokia.
• Lanpostu funtzionalen berrikuspena eta balorazio objektiboa.
Emergentzietako arriskuagatiko balorazioa kontuan hartuz.
• Araba eta Gipuzkoako Koordinazio Zentroak desegiteko proiektua berehala gelditzea.
 

 

 

Igande eta jai egunetan irekitzearen kontra mobilizatu gara Gasteizen

Kontsumo eredu arduratsu eta iraunkorren alde, eta igande eta jai-egunetan erostearen kontra, “Jaietan Denok Jai” plataformak mobilizazio bat egin zuen atzo Gasteizen. Hain zuzen ere, SuperCOR aurrean hasi zen protesta, eta Gasteizko hiribidean dagoen SIMPLY-ALCAMPOren aurrean amaitu zen. Datorren iganderako ere deitu dute protestara.

Araba mailan merkataritza igande eta jai-egunetan irekitzearen kontrako “Jaietan Denok Jai” plataformako kide garen LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK eta CGT sindikatuok Supermercados SABECO enpresak SIMPLY-ALCAMPO izenpean Gasteizen duen dendetako bat urteko 365 egunetan irekitzeko hartutako erabakiaren kontrako jarrera adierazi nahi dugu.

Ez da ezaugarri hauek dituen denden artean Gasteizen irekitzen duen lehendabiziko kate handia. Oso urrun joan gabe, maiatzean El Corte Inglesena den SuperCORek bere ateak ireki zituen Zulaikako lokal zaharretan.

Igande eta jai-egunetan irekitzeak ondorio ezin txarragoak dakartza, lan ikuspegitik ez ezik, jendarte ikuspegitik ere bai, zabaltzearen aldekoek gezurrak erabili arren argudio moduan.:

– Igande eta jai-egunetako irekierak ez du jarduera ekonomikoa handitzen.

– Ez du enplegurik sortzen, are gehiago, enplegu gehiago suntsitzen du merkataritza txikian.

– Ez zaie kontsumitzaileei askatasun gehiago eskaintzen. Eskaintza murriztu egiten da eta hiriguneen desertizazioa ematen da.

– Jai-egunetan irekitzearen aldeko salbuespenak jartzen badira, sektoreko langileentzat erabat gehiegizkoa den estrategia normalizatzea suposatuko du.

Hori dela eta, Simply-Alcampo eta SuperCor enpresa hauek igande eta jai egunetan irekitzeko hartutako erabakiaren kontra gaude, etorkizunean gerta daitezkeen irekitzeen aurka azaltzen gara, eta merkataritzan igande eta jai-egunetan lan egin ez dadin, mobilizatu gara.
 

 

 

Muhammad Ehsan Ullah Khan Pakistango umeen esklabutzaren aurkako borrokalariarekin elkartu gara gaur

Ullah Khan umeen esklabutzaren kontrako borrokalari pakistandarra Euskal Herrian da egunotan eta LABeko ordezkaritza batekin batzartu da gaur, sindikatuaren Bilboko egoitzan. LABeko ordezkaritza Ekintza Sozialeko Idazkari Bea Martxueta eta Mikel Alvarez Bilboko Ekintza Sozialeko kideak eta Nazioarteko Idazkari Koldo Saenzek osatu dute.

Pakistandarra Adreilu Lantegietako Langileen Frontearen sortzaile eta presidentea da, eta baita Pakistango Lan Behartutik Askatzeko Frontekoa (BLLF, Bounded Labour Liberation Front) eta Lan Behartutik Askatzeko Fronte Globalekoa ere. Azken honek esklabutza eta umeen lanari aurre egiten dio Pakistan eta Asia Hegoaldean. Global March-aren koordinatzailea ere bada Suedian.

Ezaguna da Nazio Batuen Erakundean umeen esklabutzaren kontra egindako lanagatik, Esklabutza forma Garaikideetarako Lan-taldearen bidez egindakoa lana, eta baita Lanaren Nazioarteko Erakundeko topaketetan parte hartzeagatik.

 

 

 

Talleres Berasateguiko langileak zoriondu nahi ditugu hitzarmena sinatzeko akordioa lortu dutelako

0

Talleres Berasategui Arrigorriagako Txako industriagunean kokatutako enpresa da, 27 langile dituena eta galdaragintza astunean diharduena. 2 egunetako greba burutu ondoren, urriak 25 eta 30ean zehazki, azaroaren 6tik aurrera iragarrita zeukan greba mugagabea bertan bera utzi du LABek.

Atzoko egunean zehar, langile guztiek egindako greba dela medio lantegiak bere ekoizpena etenik zuen bitartean, langileen eta enpresaren arteko elkarrizketak areagotu ziren. Zenbait bilera eta gero, asebetetzen zituen akordioa lortu zuten langileek.

Akordioa, KPIren gaineko igoeran eta herrialde mailako Bizkaiko metalgintzako hitzarmenean azaltzen den denbora disponibilitatearen murrizketan oinarritzen da.

Enpresa hitzarmena sinatu ondoren, azaroaren 6an hastekoa zen greba mugagabea bertan bera geratu da.

LABeko Industria Federaziotik Talleres Berasateguiko langileak zoriondu nahi ditugu, beren lan baldintzetan lortutako aurrerapenengatik eta hitzarmen duina eskuratzeko adierazi duten tinkotasunagatik.

Gainerako langileak beren eskubideen alde borrokatzen jarraitzera animatu nahi ditugu. Bizitza hobea merezi dugu eta horren alde borrokatzeak merezi du.