Basauriko Udaleko eraikinak garbitzen dituzten langileak Uni2 enpresaren aurrean mobilizatu dira, pasa den apirilean Garbiketa Hitzarmena sinatu eta ordutik soldata igoerarik ez zaielako aplikatu. Azaroan ospatuko da epaiketa.
Amiantoaren biktimen nazioarteko topaketa bat egiten ari dira Bartzelonan, ostegunetik larunbata bitartean, eta bertan dago LABeko ordezkaritza bat. Hain zuzen ere, Lan Osasuneko kide Ibon Zubielak eta Beasaingo CAFeko delegatu Iban Pajaresek hartu dute hitza goizean egindako hitzaldietan. Biharko jardunaldiari dagokionez, Sant Jaume plazan, 11:00etan, egingo duten elkarretaratzean izango dira LABeko kideak, amiantoak eragindako heriotzak salatzeko.

Elkarkide enpresa aniztasun funtzionala duten pertsonendako enplegu zentro berezia da eta zentro okupazionalak eskaintzen ditu Nafarroan, horretarako Gobernuarengandik diru laguntzak jasoz; hala nola, Gobernuak enpresari lanbideen arteko soldataren erdia ordaintzen dio, eta kotzazioak bere osotasunean. Hitzarmen kolektbo berriaren urtebeteko negoziazioen ostean, aurrerapen eta lorpen faltaren aurrean, enpresak duen jarrera itxia ikusia, lanuzte eta mobilizazioekin hastea erabaki du langileen batzarrak, hitzarmen duin baten alde.
LAB, CCOO eta UGT sindikatuok osatzen dugu enpresa batzordea Elkarkiden, eta gaur lanuztera deitu dugu 7:30etik 9:30era, Noaingo Motxoli industriaguneko egoitzan. Urriaren 11n, ostegunarekin, egun osoko greba eta mobilizazioak egingo ditugu, 8:00etan Motxolin eta 12:00etan Iruñeko Iturrama auzoan, Ezkirotz eta Iturrama kaleetako bidegurutzean.
Gipuzkoako DIA%ko enpresa komiteak deituta, mobilizazio eguna egingo dute urriaren 11n, pairatzen duten esplotazioaren aurrean aski da esateko unea dela iritzita. Hain zuzen ere, egun horretan greba eguna egiteaz gain, elkarretaratze batera deitu dute 12:30erako, Donostiako Artzain Onean. Honen guztiaren berri gaur eman dute, agerraldi baten bitartez, Astigarragako DIA% dendaren aurrean.
Hauxe da gaurko agerraldian irakurri duten adierazpena:
Agerraldi honen bitartez, Gipuzkoako DIA% enpresako Langile Komiteko kideok, enpresan bizi dugun esplotazioa eta prekarietate erabatekoaren aurrean, datorren urriaren 11n egun osoko greba antolatuko dugula adierazi nahi dugu.
DIA%ko langileok denbora asko daramagu prekarietate egoera hau sufritzen. Langileak eta komitea bera, behin eta berriz, gutxietsi eta mespretxatuak gara enpresaren aldetik. Inolako aurre abisurik gabe aldaketak egiten dituzte, gure bizitzak gauetik goizera baldintzatuz. Gure lan zentroak aldatzen dituzte, askotan lekualdaketan kilometro asko egitera behartuz. Antolakuntza aldaketak maiz egiten dituzte, esate baterako ordutegienak, inolako aurre abisurik gabe eta gure bizitzak berriz antolatzera behartuz.
Langile falta nabarmena eta orokorra da DIA%ko dendetan. Honen ondorioz, egungo lan taldeko kideok dugun lan karga oso altua da. Eta honek zuzenean gure osasun fisiko zein psikologikoan eragiten du. Denda batzuetan 2 pertsona besterik ez daude lan guztiak aurrera ateratzeko: kaxari kasu egin, apalak berritu, garbitu… ezinezkoa da enpresak exijitzen dituen lan guztiak denboran eta behar den bezala aurrera ateratzea.
Kaleratzeak DIA% supermerkatuetako ohiko politika da. Berdin dio behin behinekoa izan edo 10 urte eraman enpresan, ezerk ez du bermatzen gure lanpostuan jarraitzea. Lankide asko kaleratuak izan dira gaixotasun bajan zeudela. Zehazki, udara honetan 12 langile izan dira kaleratuak. Gainera, kaleratzea hauek burofax bidez komunikatzen ditu enpresak.
Egoera erabat prekarioari azken ukitua emateko, DIA&GO denda formatua Euskal Herrira heldu da. Lehen denda Bizkaian ireki dute. Denda goizeko 8:30etik gaueko 23:00ak arte irekiko dute, langileen kontziliazio eskubidea urratuz. Denda eredu honen ezarpena erabateko sekretismoarekin egiten ari dira, benetan izango duen funtzionamendua eta langileengan izango duen eraginak irekiera baino egun batzuk lehenago azalduz.
Arrazoi hauengatik guztiengatik, eta enpresaren pasibotasuna ikusita, pauso bat aurrera ematea erabaki dugu eta Gipuzkoako DIA enpresako langile komiteak datorren urraren 11erako egun osoko greba deialdia egin dugu. Bizkaiko kideak ditugu eredu, greba deialdi ezberdinak eginda gogor jarraitzen dute borrokan. Honela bada, DIAko langile guztiei grebara batu eta urriaren 11n 12:30ean Donostiako Artzain Onean burutuko dugun elkarretaratzera gonbidatu nahi ditugu.
Ekainean abiatu zen Parisetik Alternatiba Tourra, planeta eta bizitzaren defentsan, klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko beste eredu baten alde. Bada, bizikleta martxa honek Baionan izango du helmuga asteburuan, larunbatean zein igandean, ia 6.000 kilometro egin ondoren. Egitarau zabala prestatu dute ekimen ibiltariari amaiera emateko, eta bertan izango da LAB. Hain zuzen ere, igandean, 11:45ean hasita, hitzaldi batean hartuko du parte sindikatuko Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak, Baionako fakultateko 127. aretoan. Politika publikoen paperaz ariko da, beste hizlari batzuekin batera.
Osakidetzako Emergentziak zerbitzuko langileak Eusko Legebiltzarraren aurrean elkarretaratu dira gaur goizean, Gasteizen. Osakidetzaren Emergentziak zerbitzuko Langileen Batzordeak, LAB, ELA, CCOO, SATSE, ESK, SME eta UGT sindikatuekin batera, mobilizazioetara itzultzea erabaki dute Osakidetzaren erantzun ezaren aurrean. “Azken bilera uztailaren 3an izan genuen eta Osakidetzak gure proposamenak berrikusteko konpromisoa hartu zuen, baina oraindik ez dugu inolako erantzunik jaso”, salatu dugu sindikatuok.
Mobilizazio etapa berri honetan, gatazkaren erantzule nagusiengana eramango dituzte protestak Emergentzietako langileek. Zentzu horretan, joan den astean Bilboko Euskalduna Jauregiaren aurrean elkarretaratu ziren, Osakidetzaren 35. urteurrenaren ekitaldian. Gaur, Eusko Legebiltzarrera eraman dituzte mobilizazioak, zerbitzuaren arazoak konponduko dituen negoziatzaile egoki bat lortzeko helburuarekin. “Gure gutunari erantzunik eman ez zionez, mobilizatzea erabaki dugu, Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako Zuzendariari negoziazio-bilera bat eskatzeko”, adierazi dugu sindikatuok.
“Zuzendaritzaren helburu bakarra negoziazio prozesua luzatzea izan da. Hamabi puntu baino gehiago negoziatu behar dira. Oraindik aldarrikapen historiko ugari konpontzear daude, hala nola egokia eta nahikoa den prestakuntza programa bat zehaztea, lanpostu ezberdinen balorazio objektiboa, zerbitzuaren neurrien berrezarpena… Laburbilduz, lan-prekarietatea murriztu eta euskal gizartearen eskaerei erantzuteko neurri sorta bat”, salatu dugu sindikatuok.
Gehiengo sindikalak, hots, LAB, ELA, STEILAS, ESK, ENHE eta HIRU sindikatuok, elkarretaratze bat egin dugu arratsaldean, Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Prekarietateak hil egiten duela salatu dugu, eta Zizurkilen, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obretan, asteartean hildako langilea gogoan izan dugu. Hain zuzen ere, aurten, gutxienez, 54 langile hil dira Hego Euskal Herrian euren lanpostuetan. AHTren obretan, berriz, bederatzi langile hil dira dagoeneko.
Kalera Kalera dinamikak egitarau zabal bat prestatu du larunbaterako, Tolosan, Iheslari eta Deportatuen Eguna dela eta. "Elkarbizitza normalizatzeko bidea" iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria eraikitzea dela adierazi zuten jardunaldiaren aurkezpenean, eta mezu hori berretsiko dute 12:30erako programatutako ekitaldi politikoan.