2026-02-13
Blog Page 726

Mobilizazio egutegi bat proposatu dugu Bizkaiko Bulego eta Langeletarako

Sindikatuen arteko gaurko bileran, LABek mobilizazio egutegi bat jarri du mahai gainean eta sindikatu guztiak gonbidatu ditu atxikitzeko, beti ere sindikatuen arteko batasuna mantentzeko eta urrats mailakatuak emateko, piskanaka piskanaka, baina etenik gabe, Bizkaiko Bulegoen eta Langeletako hitzarmena sinatzeko helburuarekin.

Gainontzeko sindikatuei iritzia eskatu diegu mobilizazio egitarau bateratu bati buruz. Hala, gainontzeko sindikatuek erabaki dute euren asanbladei galdetuko dietela eta datorren asteazkena baino lehen erantzun bat emango dutela.

LABek, bere aldetik, jakinarazi du datorren ostegunean ekingo diola lanari, proposatutako mobilizazio egutegia ardatz. Hala, LABek espero du sindikatu guztiek bat egitea lan horrekin.

Gure proposamena, laburrean
Lehen fasea. Informazioa, propaganda eta sektorearen egoeraren hedapena, enpresetan bereziki, eta asanbladak gauzatzea.

Bigarren fasea. Sektoreko langileei deia, mobilizatu daitezen.

Hirugarren fasea. Mobilizazioen handitze mailakatua. Hainbat ekintza eta lanuzte egingo dira, astebeteko greba batekin bukatzeko.

Gainontzeko sindikatuei jakinarazi diegun bezala, proposamen hau eztabaidari eta ekarpenei irekita dago. LABen oso garbi dugu borrokak eta guztion batasunak soilik ahalbidetu dezaketela hitzarmenaren sinatzea. Datozen egunetan gertatzen dena gertatuta ere, guk oso garbi dugu eginbeharrekoa, eta patronalaren xantaiaren aurka borrokatuko dugu.
 

 

 

Basauriko udal eraikinetako garbitzaileak oso pozik daude Uni2ek zor zien soldata igoera aplikatuko dielako

0

Basauriko udaletxearen eraikinak garbitzen dituzten langileek, hirugarren mobilizazioa gauzatu dute, gaurkoan Uni2 enpresak Larraskitu auzoan dituen bulegoen aurrean.

Helburua, zegokien soldata igoera aldarrikatzea da. Pasa den apirilean argitaratu zen Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketa hitzarmena, 2018. urterako %3ko soldata igoera aurreikusten zuena. Langile hauei, ordea, igoera hau izateko eskubidea ukatu zaie Enpresa Akordio bat existitzen dela argudiatuz, sindikatuen eta Udaletxe beraren iritziaren kontra eginez. Udaletxeak, gainera, espediente berresle bat ireki behar izan du enpresaren aurka. Langileek, bitartean, mobilizazioei ekitea erabaki zuten.

Gaur, kontzentrazioa egiten ari ziren bitartean enpresaren ordezkari bat atera da eta enpresa-batzordeko kideak deitu ditu. Jakinarazi die hurrengo nominan soldata igoera aplikatuko dietela langile eta hemendik azaro bitartean atzerapenak ordaindu.

Langileak oso pozik daude, mobilizazioa bide judiziala baino eraginkorragoa izan delako.
 

 

 

Haur Hezkuntzako lehen zikloa 0tik 3 urte artekoa izateko, Haurreskoletako familien sinadura bilketa erregistratu dugu Gasteizen

0

Sinadurak urriaren 22an Eusko Legebiltzarrean burutuko duten Hezkuntza Akordioaren monografikoaren atarietan aurkeztu nahi izan ditugu, talde parlamentarioek honen isla izan dezaten.

Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza akordioaren baitan Haur Hezkuntzako lehen ziklorako aurkeztutakoa kezkaz hartu genuen; Haur Hezkuntzako 0-3 zikloaren inguruan nazioartean adostutako kanonak baztertu eta modernizazioaren izenean, 2 urteko haurrak Haur Hezkuntzako bigarren zikloan sartzeko proposamena egiten zuten. Hau dela eta, Hezkuntza Saila modernitatearen errealitate birtualean murgilduta dagoela frogatzeko, iazko ikasturte bukaeran, familiak euren 2 urteko haurrak Haurreskolak Partzuergoan geratzeko nahia aldarrikatzen zuten ehundaka izen emate jaso genituen.

0-3 adin tarteko haurren garapena, beharrak… aintzat hartuta, 2 urteko haurrak Haur Hezkuntzako 2. zikloan txertatzea egokiena da? Edo bestelako beharrei erantzuten die. Geroz eta ratio eta ikastetxe handiagoak izatera garamatza. Egoera honek ikasle zein tokian tokiko errealitateen aurrean erantzun egokiagoak ematea oztopatzen du, testu honek jasotzen duen filosofiarekin, kontraesan handia dagoela agerian gelditzen da.

Erabaki hau norekin hartu da? Haurtzaroan adituak diren Euskal Herriko zein eragileekin kontrastatutako erabakia da? Zer ondorio izango ditu langileengan? Familiengan? Eta garrantzitsuena, haurrengan?

Modernizazioa termino positibo gisa jasotzen da testuan, baina helburu eta arrazoitze bati erantzuten ez badio ezer ez esatea bezala da.

Egun Haurreskolak Partzuergoan kokatuta dagoen Hezkuntza saileko Haur hezkuntzako lehenengo zikloak euskalduna, unibertsala, doakoa eta kalitatekoa izan behar du, eta kalitatekoa izan behar dela esaten dugunean, haurren ratioaz, haurren garapen kognitiboaz, psikomotoreaz, haurren ongizatea,…kontuan hartuko duen eta berebiziko garrantzia duen zikloaren aitortzaren inguruan hitz egiten ari gara. Hezkuntza jendartearen tresna eraldatzaile bezala hitz egiten ari gara. Pertsona eta kasu honetan haurra erdigunean kokatuz.

Beraz, LAB sindikatutik hau guztia kontutan hartzea eskatzen dugu, 2 urteko gelak Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan barnebiltzea, alegia.

 

 

 

Geka enpresako langileek laugarren egunez egin dituzte lanuzteak

0

Oiartzun eta Astigarragako lan zentroetan mobilizatzen ari dira, nomina ordaintzeko exijitzeko. Deialdia GEKAko enpresa-batzordeak egin du, LAB, CCOO eta Independienteek osatua.

Joan den astean abiatutako mobilizazioak indartu dituzte langileek. Hain zuzen ere, astelehenaz geroztik, lanuzteak zein elkarretaratzeak ari dira egiten, 9:30etik 10:45era eta 18:30etik 19:30era.

Hauxe da enpresa batzordearen oharra:

Joan den urriaren 8an, Maquinaria GEKA enpresako langileak mobilizazioekin hasi ziren. Protestaldiak nomina ordaintzea exijitzea du helburu. 65 langile ditu enpresak 3 lan zentrotan, Astigarragan bat eta Oiartzunen bi, bata Zerradi poligonoan eta eta beste bat Zuaznabar poligonoan.

Urriak 8tik 11era, egunero elkarretaratzeak egin zituzten, Gekak Zerradi industrialdean duen lantegiaren kanpoaldean. Ordubete egon ziren beren eskubideen aldeko aldarriarekin, 13:30etik 14:30era. Deialdia Gekako enpresa-batzordeak egin zuen, LAB, CCOO eta Independenteek osatua.

Urriaren 15ean asteleheanean, lanuzteak egiten hasi ziren hiru lantokietan, 09:30etik 10:45era eta 18:30etik 19:30era izango dira mobilizazio horiek. Elkarretaratzeak eta Zerradi poligonotik Zuaznabar poligonora manifestazioak egingo dituzte goizeko tartean.

Jakin izan dugun arren enpresak lehiaketa tramitatu duela Donostiako Merkataritza Epaitegian, oraindik ez dago Konkurtsoko Autorik eta enpresak ez du likidezia arazorik langileei soldatak ordaintzeko.

Pasa den apirilean, enpresa bereko langileek protesta egin zuten bost lankide kaleratu zituztelako.
 

 

 

Karlos Apeztegiaren berehalako askatasuna eskatzen dugu

Irmoki salatzen dugu Audientzia Nazionaleko epailearen erabakia, Azpeztegia behin behinean eta fidantzarik gabe espetxeratzeko agindua, baita atxiloketa ekarri duen polizia operazioa bera ere. Gure besarkada helarazi nahi diogu Apeztegiari, haren senitarteko eta hurbilekoei eta lankide dituen Etxerat-eko lagunei.

Sistematikoki salbuespenezko neurriak, beti muturrekoak direnak, ezarri dizkiote Apeztegiari, behin behineko espetxeratzeak dakarren erabateko askatasun galera kasu. Oinarrizko eskubide zibil eta politikoak urratu dizkiote lehen unetik, zer eta desagertua dagoen erakunde bateko kide izatea egotzita. Apeztegiak 22 urte espetxean emanak dituela kontuan hartuta, zigor erantsia oraindik eta handiagoa da.

Euskal presoekiko mendeku grina ez da amaitu. ETAren behin betiko armagabetzearen ondotik ireki den garai berriari bizkar emanda iraganera kateatuta nahi gaituztenen aurrean Euskal Herrian bakearen eta demokraziaren bidean aurrera egitea dugu eman dezakegun erantzunik onena, presoen afera erdigunean jarri eta mobilizazioak biderkatuz.

Kartzelak hustutzeko garaia da. Aste honetan bertan beste hainbat sindikaturekin batera adierazitakoa gogoratu nahi dugu: bizikidetza demokratikoa eta adiskidetzea sustatzeko euskal presoen egoera konpondu beharra dago, eta badago nondik hasi: gaitz larriak dituzten presoen kaleratzea, gradu aldaketak, eta preso guztien hurbilketa.

Azken polizia operazioaren aurka, Apeztegiaren askatasuna eskatzeko ondorengo orduetarako deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu. Aldi berean, behin betiko konponbidearen alde, oraindik eta indar handiagoz, bultzatu dezagun larunbat honetan Donostian, “Orain presoak” giza ekimenak deitutako manifestazioa. Euskal preso eta iheslariak etxera. Euskal preso eta iheslariak kalera. Bertan izango gara.
 

 

 

Autobus gidariek Nafarroako Lan Osasunaren Institutura eta Osalanera eraman dute euren proposamena

0

LAB sindikatuko garraio publikoko autobus gidariak baden edo sakanguneen inguruko kanpaina egiten ari dira, euren osasunarentzako hauek dakartzaten kalteen aurrean, alternatibak badaudela aldarrikatuz. Pasa den astean, mobilizazio bana egin zuten Donostia eta Bilbon, Lan Ikuskaritzen aurrean, “Mugatu abiadura baina ez gure bizkarren kontura” lemarekin. Gaur, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuan, Iruñean, eta Osalanen egoitzan, Gasteizen, egin dituzte mobilizazioak, lema berdinarekin. Aurrekoan bezala, gidariek bi erakunde horietan erregistratu dute euren kezka eta proposamena jasotzen dituen idatzia.


 

 

 

Grebara deitu dute Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek

Hitzarmen duin baten alde hainbat hilabetetan mobilizazioak egin ostean, eta patronalek ez aurrera, ez atzera egiten ez dutenez, Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzaren Zerbitzuko langileek ez dute beste irtenbiderik, mobilizazioak areagotzea baino. Hala, LAB, ELA eta USO sindikatuok 13 greba egun deitu ditugu.

Hauxe da gaurko agerraldian irakurri duten adierazpena:

Etxez Etxeko Laguntzaren Zerbitzua, menpeko egoeran bizi diren pertsonentzat funtsezkoa bada ere, gero eta okerrago dago; horregatik guk, zerbitzu hori egunero ematen dugunok, mobilizaziora jo behar dugu, hobekuntza eske, bai arretaren aldetik, bai lan-baldintzen aldetik.

Arretari dagokionez, gure zerbitzuaren jasotzaileak gero eta gehiago dira, eta arian-arian babes-maila jaisten diete. Egin beharreko atazak handitzen dira, eta prestazio-orduak, aldiz, murrizten dituzte. Zerbitzuaren kalitatea, beraz, hondatuz doa argi eta garbi.

Lan-arloari bagagozkio, 5 urte daramagu soldata izozturik, eta lan-eskubideak murriztuta. Enpleguaren behin-behineko tasa handia da, eta lanaldi partzialak ugariak. Malgutasuna gero eta handiagoa denez, lanaren eta norberaren bizitzen arteko kontziliazioa oso zaila bihurtu da. Labur esateko, gure lan-baldintzak prekarioak dira.

Etxez Etxeko Laguntzaren Zerbitzuko langileok dei egiten diegu herri-erakundeei, beren burua feministatzat duten erakunde horiei, zainketa-lanak egoera prekarioko emakumeen eskuetan ez uzteko. Azken lizitazioetan, eta modu orokorrean, gutxienezko orduko prezioak ezarri beharrean, prezio horiek jaitsi dira, gure sektorea enkante irekian eskainiko balitz bezala. Ez dira bermatu zerbitzualdiko orduak, plantillen kontratuetako lanaldien egonkortasunaren kaltetan. Ez da jaso pertsonal osoaren subrogazioa, eta enpresa azpikontratistek uko egiten diote plantilla osoa subrogatzeari, eta abar.

Hainbat hilabetetan lanuzte partzialak eta mobilizazioak egin ditugu, Bizkaiko udal nagusietan mozioak sustatu ditugu, zerbitzua eta lan-baldintzak hobetze aldera, baina harturiko konpromisoak ez dira oraindik bete. Udalei tinko eskatzen diegu osoko bilkuretan ebatzitakoa betetzeko: baldintza-pleguetan langileen subrogazioa sartzea, eta baita zerbitzua behar bezala emateko lanaldi-orduak ere, aurrekontu-zuzkidura handiagoa, eta abar.

Gure lan-baldintzen gainbehera sektoreko patronalen errua izan da, haiek aldiz etekin itzelak eskuratu dituzte diru publikoaren kontura. Hitzarmena berritzeko izan ditugun bileretan ez dute erakutsi akordiorako borondaterik txikiena ere. Negoziazio-mahaiaren azken bileratik urtebetea baino gehiago igaro da, eta denbora horretan ez dute, ezta zirkinik ere egin. Mobilizazioak egiten hasi baino lehen, eta azken saiakera gisa, patronalak premiatu ditugu negoziazio-mahaiaren bilera bat egitera, eta sektoreari duintasuna itzultzeko pausoak ematera. Bilera hori egiteko zenbait data eman arren, eta ito-puntutik ateratzeko patronalak duen borondaterik eza ikusita, beti luzamendutan dabil-eta, ELA, LAB eta USO sindikatuok ez dugu beste irtenbiderik ikusten greba-deialdia egitea baino. Ondorioz, hurrengo hiru hilabeteetan 13 egunetan greba egiteko deia egiten dugu, blokeo-egoera gainditzearren. Hona hemen greba-egunak:

• Urriak 26 eta 29.
• Azaroak 22, 23, 26 eta 27.
• Abenduak 24, 26, 27, 28, 29, 30 eta 31.

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzaren Zerbitzuko langileok borrokan jarraitzeko gure erabaki irmoa adierazten dugu berriro. Ez dugu atzera egingo harik eta funtsezko zerbitzu honen prestazio egokia bermatzeko moduko lan-baldintzak lortuko ditugun arte.

 

 

 

Gure sinadura erretiratu dugu Kutxabankeko Berdintasun Planetik, marketin hutsa delako

LABek elkarretaratze bat egin du gaur, Bilboko Gran Via 30eko egoitzaren aurrean, Kutxabanken berdintasunik ez dagoela salatzeko. Bertako delegatuek eta LABeko Idazkari Feministako idazkari Elixabete Etxeberriak hartu dute hitza. Azken honek adierazi du azken boladan berdintasun planak ez betetzea norma bihurtzen ari dela: "Oso erraza da planak egitea, betetzea ez hainbeste".

Babes sozialerako sistema publiko eta kalitatezkoaren alde, pobreziaren eta bazterkeria sozialaren aurka

Gaur, 2018ko urriaren 17a, Pobrezia Erauzteko Munduko Eguna dela eta, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak adierazpen bat osatu du.

Gaur Hego Euskal Herrian pairatzen diren bazterkeria sozial eta pobrezia mailak oso kezkagarriak dira. Kutsu neoliberaleko politika publiko, erreforma, krisi ekonomiko, lan prekarioaren hedapen, murrizketa eta abarren eraginez gero eta biztanle gehiago behar adina baliabide ekonomikorik gabe dago; ezin du gutxieneko ongizate mailara iritsi ere (ahalmen ekonomikoa, etxebizitza, energia, elikadura, haurren garapena, aisialdia eta kultura).

Egungo lan merkatua gero eta prekarioagoa da, eta egunetik egunera desberdintasun handiagoa eragiten du: Sistema honek pobretu egiten du eta ez ditu baliabide ekonomiko nahikoak bermatzen. Gero eta langile pobre gehiago dago gure artean: soldatak ez die ematen hil amaiera iristeko ere, edota pobrezia ezkutuan jausten dira (energetikoa, botikena, haurren txirotasuna…). Aldagai hauek guztiok errealitate beraren aurpegiak dira; egungo ereduak biztanlerian pobrezia banatzen du, eta bitartean gutxi batzuk pastelaren zatirik handiena bereganatzen dute.

Emakumeei dagokienez diskriminazioa areago luzatzen da profesionalki segregatuta dagoen lan merkatu honetan, eta horrek bizimodu independente bat garatzeko aukera eman dezakeen autonomia ekonomikoa galarazten du.

Halaber, gazteen egoera ere oso eskasa da; bizimodu duina berma dezakeen enplegu bat lortzeko aukera oso mugatua dute, eta euren artean langabezia zein prekaritate tasak izugarriak dira. Kasu hauetan etorkizuneko proiekturik egitea erabat ezinezkoa da. Gazteen emantzipazioa iritsi ezineko amets bihurtu dute.

Babes sozialeko gutxieneko batzuk lortzeko arauak badira, baina gaur egun ez dira nahikoak. Hau ikusirik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta herritar ekimen legegile (HEL) bat ari da bultzatzen, instituzioen eta politika publikoen lehentasuna pertsonak izan behar direlako, ez bankuak, ezta enpresa handiak edota espekulatzaileak ere. Ekimenaren helburuak:

• Eredu ekonomiko eta sozial neoliberalaren alternatiba eskainiko duen eredua; beronek erdigunean bizitzaren eta planetaren defentsa kokatu behar du, gutxiengoaren interesen gainetik, eta lehentasuna eman lanari (kontzeptuaren zabalera guztian, hots, produktibo eta erreproduktiboa aintzat hartuz) kapitalaren aurretik, zein pertsonei merkatuaren aurretik.

• Aberastasuna berdintasunez banatzeko politika publiko eragingarri eta benetakoak, bidezko zerga-politika, kalitatezko enpleguaren sorrera eta lanaldia murriztu eta banatzeko politikak ezarriaz.

• Beharrezkoa da gizarte- eta lan-politikei buruzko erabakiak gure lurralde eremuan hartzea, Lan Harreman eta Gizarte-Babeseko Euskal Markoan aurrera eginez.

• Eskubide sozialak bermatu eta hobetzeko neurriak, pobrezia eta bazterkeria sozialari aurre egiteko. Horregatik, aurkeztu dugun HELean esaten dugu aldaketak egin behar direla Diru-Sarrerak Bermatzeko 18/2008 Legean, baita Etxebizitzaren 3/2005 Legean, honako neurriak sartuz:

• DSBEa jaso ahal izateko adina 23 urtetik 18ra jaistea. Halaber, 18 urte ez dituztenek ere eskubidea izan behar dute behar egoera berezian gertatuz gero.

• Aurrez erroldatuta egon beharreko epea 3 urtetik urtebetera murriztea.

• Bizileku berean dauden bizikidetza-unitate guztien aitortza.

• DSBEa jasotzeko eskubidea bizikidetza-unitate bakoitzari aitortzea, bizileku berean izateagatik mugarik ezarri gabe.

• DSBEaren zenbatekoa hobetzea, baita pentsio eta soldata kaskarren kasuetarako ere, erreferentzia gisa lanbidearteko gutxieneko soldata (LAGS) hartuz:

– LAGSaren %100 pertsona bakarreko bizikidetza-unitateentzat.
– LAGSaren %150 bi lagunek osatutako bizikidetza-unitateentzat.
– LAGSaren %200 hiru lagunek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateentzat.

• Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak (GLL) eskubide subjektibo bihurtu behar dira, jasotzeko aukera ez dadin aurrekontuen baitan geratu, baizik erantzun beharrezko beharrizanen baitan.

• Alokairu sozialeko etxebizitza izateko eskubide efektiboa bermatu, ezin delarik prestazio ekonomiko batekin ordezkatu. Errenta ezin da diru-sarreren %15a baino handiagoa izan, etxe berean bizi diren pertsonen diru-sarrerak DSBE adinakoak edo txikiagoak direnean.

Arrazoi hauek guztiak medio, eta kapitalak ezarri nahi digun bizimodu prekarioarentzako alternatibak baditugulako, Pobrezia Erauzteko Munduko Egun honetan dei egiten diegu langileei, pentsiodunei, gazteei, emakumeei, migranteei, errefuxiatuei eta ikasleei Gizarte-Babeseko euskal sistema Publiko eta Kalitatezkoaren alde borroka daitezen!