2026-09-06
Blog Page 719

Hamar greba egunen deialdia erregistratu dugu EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

Azken grebak amaitu eta hilabete baino gehiago igarota, patronalek langileen aldarrikapenei erantzungo dioten proposamen nahikorik aurkeztu gabe jarraitzen dute.

2017ko azaroan sindikatuoi negoziazio-mahaitik altxatu eta mobilizazio dinamika bati ekitea beste biderik ez ziguten utzi patronalek. Hamaika bilera eta ekintza ondoren lan hitzarmena berritzeko asmotan sindikatu guztiok adostasunez aurkeztutako plataforma bateratuan jasotako edukiei ez baitzieten erantzunik ematen.

Urtebete luzez mobilizazio ugari gauzatu ditugu langileok, hainbat elkarretaratze eta manifestazio, hainbat kanpaina eta ekintza, eta besteak beste langileen babes zabala izan duten 17 greba egun gauzatu ditugu 2 ikasturtetan sakabanaturik. Gure mobilizazio egutegiak langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak landu eta ekartzeko beta eman die patronalei, baina hauek ez dute akordiorako borondaterik erakutsi denbora honetan guztian.

Urtarrileko 8 greba egunen ostean, sindikatuok aldebiko bileretara deitu gaitu Kristau Eskola patronalak. Bilera hauetan ordea, sindikatuok negoziaketarako gure borondatea eta edukietan sakontzeko nahia argi utzi badiogu ere, proposamen eta eduki nahikorik egin gabe jarraitu du. Oraingoan ere, azken greba egunetik hilabete pasa utzi badugu ere, langileen eskaerek erantzun nahikorik izan gabe jarraitzen dute.

Eusko Jaurlaritza ere ez da gatazka honetan dagokion arduraz jokatzen ari. Langileen eskaerei erantzunak emanez egoera bideratuko luketen neurriak hartu ordez, bere burua zuritu eta gatazkaren irtenbidean benetako inplikazioa ekiditera bideratzen ari da bere ekintza guztiak, hala nola zerbitzu minimoen igoera, edota gatazka honen atzean interes ezkuturen bat dagoela esanaz eginiko inolako oinarririk gabeko adierazpenak. Bereziki larria da hezkuntza sailak gatazkaren irtenbidean daukan ardura bere gainetik kentzeko asmoz, gatazka lan saileko bitartekaritza batetara bideratzeko egiten ari den saikera.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok eta langileok familien kezka eta ardura ulertzen dugu, eta geu ere erabat arduratuta gaude egoera honekin. Arduragabekeria hutsa iruditzen zaigu langileak 17 greba egun egitera behartu ondoren, patronalek gure eskaerei erantzun dezenterik eman gabe jarraitzea eta Hezkuntza sailaren aldetik gatazkari irtenbidea emateko beharrezko inplikaziorik ere ez egotea. Sindikatuok akordioetara iristeko borondatea daukagu, eta orain arte bezala prest gaude benetako negoziazio bati ekiteko, ez ordea edukirik gabeko bilera kate batera itzultzeko edo zilegiak eta neurtuak diren oinarrizko eskaerei uko egiteko.

Hau horrela izanik, jadanik publiko egindako 10 greba egunekin aurrera jarraitu beste biderik ez digute uzten (martxoak 12-15 bitarte; apirilak 1-4 bitarte; eta maiatzak 8-9 bitarte)

ELA, STEILAS,CCOO,LAB eta UGT sindikatuok bai patronalei eta bai Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu bakoitzak dagokion ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei tajuzko erantzunak emanez eta akordioetara erdiestea ahalbideratuko duten planteamenduak eginez.

Hitzarmen berri baterako aldarrikapen nagusiak

Enplegua:

-Akordio bat, enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko.

Soldatak:

-Eroste-ahalmena berreskuratzea.
-1-DBHko eta 2-DBHko irakasleen soldatak parekatzea.

Lanaldia eta lan-kargak:

-Irakasleen kasuan, ordu osagarriak erreserbatzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein urtean dedikazio ez presentzialeko 70 orduren aitortza.
-Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonalarentzat, lanaldia murriztea.
-Lanbide Heziketan lanaldiaren banaketa irregularra adostea.

Bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan-baldintzak hobetzea:

-Hezkuntza-laguntzako espezialistak: haien lana hezkuntza-izaerakotzat hartzea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein lanaldia modu erregularrean banatzea irailaren 1etik ekainaren 30era arte
-Haur-hezkuntzako lehen zikloko pertsonala: haien lana hezkuntza-izaerakotzat hartzea, lanaldia murriztea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.
 

 

 

Egogain helduen egoitzara bertara eraman dute protesta



Eibarko Egogain helduen egoitzako langileak borrokan daude, kalitatezko zerbitzu publikoen defentsan eta murrizketa, pribatizazio eta arduragabekeriaren aurka. Hain zuzen ere, hainbat mobilizazio egin dituzte azken asteetan eta sinadura bilketa bat abian dute. Bada, Egogain egoitzan bertan izan dira gaur, eta laugarren solairutik pankarta bat zintzilikatu dute, euren borroka ikusgarri egiteko.

 

 

 

DIA supermerkatuetako langileek greba egin dute, enpleguaren eta lan baldintza duinen alde

0

Otsailaren 8an zabaldu zen albistea: DIA Supermerkatuen taldeak Estatu mailan gehienez 2.100 laguni eragingo dien Enplegu Erregulazio Espedientearen prozedurari ekin zion. Orduan jakinarazi zieten langileei, prentsarri eta langileoi aldi berean, 15 eguneko epea hasiko zela negoziazio-mahaia eratzeko. Ordutik ez dugu beste berririk jaso. Hortaz, mobilizazioei ekin diegu LAB eta ELA sindikatuok, eta gaur egin dugu lehen greba eguna. Bihar bigarrena egingo dugu.

LAB eta ELA sindikatuok egoeraren honako irakurketa egin dugu:

• DIAko langileek ez dute inolako ardurarik taldearen akzio eta finantzek duten egoerarekiko; arazoen jatorria izan dira zuzendaritza talde ezberdinen ez egitekoak. Azken hiletan mobilizazio eta greba ugari egin dugu, prekarietatea amaitzea eta plantilla handitzea eskatuz. DIAren etorkizuna bermatzeko kudeaketa eta zerbitzu hobea behar da; horrek eskatzen ditu langile gehiago eta lan baldintza hobeak.

• DIAko denden errealitatea Euskal Herrian analizatzeko beste ikuspuntu bat behar da. Errealitate sindikala ere ezberdina da; LAB eta ELA gehiengo sindikala gara. Horregatik, eskatzen dugu berton analiza eta negozia daitezela krisi honetara eraman duten arrazoiak, harik eta irtenbiderik egokiena erabaki ahal dadin. Hau demokratikoa ez ezik DIAko langileen aldeko defentsarik hoberena litzateke. Madrildik sekula ez da ezer onik etorri; hor dago aplikatzen diguten hitzarmen negargarria.

• Euskal Herrian ordezkaritzan nagusi izanagatik ere, inork ez du guregana jo negoziazio-mahaia eratzeko. LAB, ELA, Galizako CIG eta Aragoiko OSTA sindikatuok jakinarazi diegu zuzendaritzari, baita FETICO, CCOO eta UGT sindikatuei, mahai horretan parte hartzeko eskubidea zor zaigula. Haatik, oraindik ez dute erantzun. Informazio ofizialik ez dago, baina sindikatu horiek zabaldu dute ostiral honetan eratuko dela negoziazio-mahaia.

• Horregatik, LAB eta ELA sindikatuok gehiengoa dugun espedienteak eragindako lurraldeetan (Bizkaia eta Gipuzkoa) grebara deitu dugu otsailaren 27 eta 28an eta martxoaren 5ean; gainera, martxoaren 11tik aurrera greba mugagabea hasiko dugu DIA Supermerkatuetako enpleguaren eta lan-baldintzen alde.

 

 

 

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileen borrokak aurrera jarraitzen du

Otsailerako iragarritako bigarren greba eguna egin dute, LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok deituta. 5 urte baino gehiago daramate soldata izozketa eta lan eskubideen galerarekin, eta enpleguaren behin-behineko tasa handia da sektorean, lanaldi partzial ugarirekin. Malgutasuna gero eta handiagoa denez, lanaren eta norberaren bizitzen arteko kontziliazioa oso zaila bihurtu da. Hortaz, langile hauen lan-baldintzak prekarioak dira eta, ondorioz, eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatean du eragina. Egoera honen berri emateko irten dira berriro kalera, eta manifestazioa egin dute Bilbon. Martxoaren 5, 6 eta 7an beste hiru greba egun egingo dituzte.
 

 

 

Gipuzkoako elikagaien eta merkataritzako hitzarmenaren defentsan mobilizatu gara Irunen

0

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu Irunen, Uvesco enpresaren aurrean, Gipuzkoako elikagaien industria eta merkataritzako hitzarmenean benetako negoziazioa eskatzeko. Adegiren egoitzaren aurrean egin genuen protesta joan den astean, Donostian, eta, negoziazioan jarrera aldaketarik egon ez denez, beste mobilizazio bat egin dugu gaur.
 

 

 

Hirugarren greba eguna dute gaur Lantegi Batuak enpresako langileek

Hirugarren greba eguna dute gaur Lantegi Batuak-eko langileek, enpresa-batzordeak deituta. Atzo egin bezala, Bilboko kaleak hartu dituzte, goizean goiz gaurko kasuan, hitzarmen duin baten alde. Larunbatean beste manifestazio bat egingo dute, 12:00etan, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzatik Bizkaiko Foru Aldundiraino.
 

Hauxe da Lantegi Batuak enpresa batzordeak egindako oharra, gaurko greba egunaren harira:

Lantegi Batuak Fundazioko 2.000 langile baino gehiagok urtebete baino gehiago daramagu hitzarmenik gabe. Abenduan egindako mobilizazioen ondoren, abenduaren 20ko greba egunarekin amaitu zirenak. Aste honetan hiru egunetako greba egin berri dugu, otsailaren 25, 26 eta 27an, langileen jarraipen zabala izan dutenak.

Egunotan hainabat mobilizazio egin dira langileen jarraipen handiarekin, eta mobilizatzen jarraitzen dugu Lantegi Batuak Fundazioko zuzendaritzak bere jarrera aldatzen ez badu eta ez badio enpresa-batzordeari, langileon eskariak asetuko dituen proposamen berri bat aurkezten.

Enpresak langileon aldarrikapenak asebetetzen ez dituen bitartean, honako mobilizazioak egingo ditugu.

Martxoaren 9 eta 30ean (larunbatez), manifestazioak Bilbon, 12:00etan, Eusko Jaurlaritzatik Aldundira. Martxoaren 20, 21 eta 22an (asteazken, ostegun eta ostirala) greba egingo dugu.
Lantegi Batuak Fundazioko langileok, ez diogu uko egingo langile guztiontzako hitzarmen duina lortzeko helburuari.
 

 

 

Mobilizazioa eta borroka dira lan-istripuekin amaitzeko ditugun arma bakarrak

0
Azken bi egunetan lan istripu larri bi izan dira errepideetan. Atzo, garabi bat gidatzen ari zen zubi bat larri zauritu zen Abadiñon eta gaur goizean, Ekialde Aldi Baterako Enpresa Elkarteko (Moyua-Ferroser) errepideen mantenuko langile bat larri zauritu da GI-2132 errepidean Astigarraga parean.

LABetik gure babes eta elkartasuna adierazi nahi diegu senide eta ingurukoei. Era berean, bi istripuok ikertzea eskatzen dugu, hauek ez errepikatzeko prebentzio neurriak eskatzea eta ardurak argitzea.

Salatu nahi dugun bi istripuok ez direla trafiko istripuak, ezta zoritxarraren ondorio, lan-baldintza okerren ondorio zuzena baino, presioena, ondorio dramatikoak dituen zerbitzuak kanporatzearena.

Gaur Astigarragan izan den istripu larria seinalizazio txarraren ondorio da, prebentzio eta segurtasun neurrien falta eta trafikoa, errepideko mantenuan ari diren langileen segurtasuna eta bizitzaren aurretik lehenestearena.

Beste alde batetik, argi utzi nahi dugu azken istripu honen inplikazio politikoa. Gogoratu beharra dago Gipuzkoako Foru Aldundiak utzi egin ziola foru-bidezainen bidez bigarren mailako errepideen mantenu-lanak egiteari eta Gipuzkoako errepide sareko mantenu lan hauek kanporatu egin dituela. Honek lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du eta langileen eskubide eta osasunaren en kaltetan lortutako irabazi ekonomikoak handitzea.

LABen argi dugu mobilizazioa eta borroka direla lan-istripuekin amaitzeko ditugun arma bakarrak. Eredu aldaketa behar dugu, langileriaren osasuna eta bizitza interes ekonomikoen gainetik egongo dena.
 

 

 

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek greba egin dute, gaur ere

Hitzarmenik gabe jarraitzen dutela salatu dute, atzoko greba egunean egin bezala. Auto karabana bat egin dute, euren aldarrikapenen berri emateko.

 

 

 

Martxoaren 8an kaleak era masiboan hartzeko deia luzatu du mugimendu feministak

0

Kaleak berriro ere "era masibo, alai eta aldarrikatzailean" hartzeko deia egin du mugimendu feministak, Bilbon gaur egin duen agerraldian, greba feministaren harira. Hain zuzen ere, martxoaren 8rako deitutako mobilizazioen berri eman du.

Hauek dira martxoaren 8rako mugimendu feministak iragarritako mobilizazioak:

-Donostia: 12:00etan, Bulebarra; 19:00etan, Antiguako tunela

-Gasteiz: 12:00etan, Plaza Berria; 19:00etan, Iparralde Zentro Zibikoa

-Baiona: 12:00etan, Merkatu Plaza; 19:00etan, Errepublika Plaza

-Bilbo: 12:00etan, Jeusen Bihotza; 19:00etan, Jesusen Bihotza

-Iruñea: 12:00etan, Gaztelu Plaza; 19:00etan, Golem Zinema