2026-06-16
HomeIndustriaMetalgintza "Fagor-en itxieraren benetako gakoak"

[IRITZIA] “Fagor-en itxieraren benetako gakoak”

Fagor-en itxierari buruz idatzi dute LABeko kide Zorion Ortigosak eta Xabier Llodiok. "Orain, EHU-UPVko irakasle batzuek egindako ikerketa batean, Confebask-ek diktatua dirudiena, langileak egin nahi dituzte egoeraren erantzule; lan baldintzak prekarizatzen jarraitzeko estrategia patronalaren urrats bat gehiago ikusten ari gara", salatu dute.

Fagor Electrodomesticos enpresaren itxierak ehunka, milaka zorigaitzeko egoera ekarri zituen berarekin, larritasun eta ondorio ezberdinetakoak. Orain, EHU-UPVko irakasle batzuek egindako ikerketa baten, Confebask-ek diktatua dirudiena, langileak egin nahi dituzte egoeraren erantzule; lan baldintzak prekarizatzen jarraitzeko estrategia patronalaren urrats bat gehiago ikusten ari gara.

Porrot egin duten industriako enpresa askotan, porrotaren erantzukizuna langileei egotzi nahi izan zaie. Neoliberalismoaren doktrinak hala agintzen du: zuzendaritzako kideak inoiz ez dira erantzule. Kasu honetan, sindikatuen faltan, bazkideak ordezkatzen dituen Kontseilu Sozialari bota nahi zaio errua, nahiz kontsultarako organoa den. Nonbait, kooperatibistak «langileegiak» ziren, eta ez ziren oso «jabe» sentitzen. Harrigarria da ustezko ikuspegi miope, mugatu eta proletariotik interesak kobratzeari uko egitea, soldata jaistea eta euren kaleratzea sinatu izana.

Jabeak izateaz gain, langile kontzientzia edukitzea da, hain zuzen ere, elkartasuna, berdintasuna, inplikazioa eta parte-hartzeari benetako esanahia ematen diotenak, kooperatibak merkatu ekonomian lehiatzera behartuta daudenean. Hori izan behar da kooperatibismoaren abantaila konpetitiboa, bere balio erantsia.

Kontratazio sistema «nepotista» omen zen, esan dute abizenak gehiago balio zuela kualifikazioak baino. Errealitatean, ordea, ekoizpen postuetan sartzen ziren langileek gehiegizko kualifikazioa zuten. Horietako asko emakumeak ziren gainera, industrian emakumeen sarbidean Fagor Electrodomesticos aitzindari izan baitzen. Datuek erakusten dute hartzekodunen konkurtso aurreko sei urteetan, Fagor Electrodomesticos-eko enpleguaren erdia desagertu baitzen. Benetako arazoa zuzendaritzako kideen kontratazioa izan zen, etekinik eman ez zuten Brandt eta beste enpresa batzuk erosten 200 milioi euro gastatzeko erabakia hartu zutenak, esaterako.

Errentagarria izateko ekoizpen gaitasun osoa erabili behar zuen enpresan, langileen absentismoa aipatzen da arazo nagusietako gisa. Makinak, ordea, azpierabiliak zeuden, gehienezko ekoizpenetik urrun. Ez ziren langileak falta, lana falta zen. Ez zen izan absentismoa 1.000 milioiko zorra sortu, eta Polonia eta Frantziako proiektuak finantzatzen jarraitu zuena.

Alferrak, entxufatuak eta berekoiak izateaz gain, ez omen ziren inolako sakrifiziorik egiteko prest egon. 10.000 pertsona egon ziren, horietako asko langileak, 12.000 eta 18.500 euro artean jarri zutenak. Guztira 185 milioi euro, zuzendaritzaren arabera beharrezkoak zirenak enpresak aurrera egiteko. Ezagutzen zituzten zailtasun ekonomikoak eta balizko arriskuak, baina dirua jarri zuten, eta beste batzuek euren aurrezkiak ateratzeari uko egin zioten. Ikerketaren egileek antzeko egoeran gauza bera egingo lukete?

Jarri zuten dirua galdu zuten. Lanpostua galdu zuten. Eta orain euren inplikazio ezagatik eman zela itxiera irakurri behar dute. Ez da bidezkoa eta ez da egia.

LABen kontrakoa ezagutu genuen: elkartasunez eta berekoikeriarik gabe proiektu eta proposamen desberdinetan lan egin zen. Kooperatibista zirenek ez zirenen lanpostuak defendatu zituzten eta alderantziz. Bideragarritasun planak landu ziren elkarren artean. Erabatekoa izan zen inplikazioa.

Ezaguna da amaiera. Fagor marka gelditzen da, Mondragon Korporazioak beste enpresei utzita irabaziak lortzeko erabili nahi duena, nahiz eta lanposturik ez sortu Euskal Herrian.

Ikas dezagun gertatutakoaz, etorkizunera begiratzeko, baina zorroztasunez eta era objektiboan. Egindako lanaren ondarea geratzen zaigu. Ea etorkizunean baliagarria den, bai sindikalgintzarentzat eta baita kooperatibismoarentzat ere.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Arabako esku hartze sozialeko hilaren 23ko negoziazio mahaian aurrerapausorik ez badago, greba egingo dugu ekainaren 25ean

LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuok Lucho Royero Gasteizko zinegotziaren faltsukeria eta mututasuna salatzen ditugu. Arabako esku hartzearen sektorean ordezkaritza dugun LAB, ELA; CCOO eta...

Primafrion jazarpen sindikalak ez du etenik

Gaur Durruman (Araba) kokatutako Primafrio enpresaren atean egindako elkarretaratzeak berriro erakutsi du LABen ez gaudela atzera pauso bakar bat ere emateko prest. Bere jarrera zuzendu beharrean, enpresak beste behin ere errepresio sindikalaren aldeko hautua egin du, eta joan den ostiralean beste langile bat kaleratu zuen, lan eskubideen alde egiteagatik.

Navarrabiomedeko langileek aurrekontu-bermeak eskatu dituzte euren hitzarmen kolektiborako

Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioko langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, hitzarmen kolektiboaren negoziazioan hitzartutako akordioek aurrekontu-babesa izan dezaten eskatzeko. Hitzarmenaren helburua osasun-ikerketa publikoaren errealitatera egokitutako lan-esparru...