2026-02-12
Blog Page 715

Lanuzteak iragarri dituzte Bizkaiko kontserberetako langileek

0

Bizkaiko kontserberatako langileek hitzarmenaren aldeko mobilizazioei ekin diete, CCOO, LAB eta UGTren babesarekin. Hala, elkarretaratze bat egin dute gaur CEBEK Bizkaiko patronalaren egoitzaren aurrean, Bilbon, eta azaroaren 21, 22 eta 23an lanuzteak egingo dituzte iragarri dute.
 

 

 

Erandioko Udaleko talde guztiek babesa erakutsi diete Loramendiko grebalariei

Bestalde, langileak egiten ari diren mobilizazioen harira, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintza Sozialeko eta Berdintasun saileko diputatuengana zuzendu dira gaur, eta bilera bana eskatu diete.

Erandioko Sanitas Loramendi helduen egoitzako langileak greba mugagabean daude urriaren 20az geroztik, garbiketako lan taldeak pairatzen duen diskriminazioarekin amaitzeko. Hain zuzen ere, garbitzaileen lanaldia luzatzeko eskatzen dute, 15 urte eman baitituzte jada lanaldi partzialarekin. Erandiko egoitzan 131 pertsona bizi dira eta 70 langilek ematen diete arreta.

Azken hilabeteetan egindako mobilizazioen artean, instituzioetara zuzendu dira Loramendiko langileak; Erandioko Udalera, besteak beste. Bada, Erandioko udal talde guztiek babesa erakutsi diete grebalariei.

EAJk, PSE-EEk, Ganemos Erandiok, EH Bilduk, PPk eta atxiki gabeko zinegotziak sinatutako adierazpenaren arabera, “Erandioko Udalak babesa eskaini nahi die Loramendi egoitzako langileei; izan ere, egoiliarrak egoki zaintzeko, langileek baldintza egokiak behar dituztela ulertzen dugu”. Testuak nabarmentzen du langileek ez dutela soldata-igoerarik eskatzen: “Oro har, gauza bi aldarrikatzen dituzte: bata, garbiketa- taldeko langile guztientzat lanaldi osoak lortzea; bestea, zaintzaile gehiagok izatea oporraldia udan hartzeko aukera, lana eta familia bateragarri egitea errazteko. Laburbilduz, eskaera horiek egoiliarren arreta kalitate handiagokoa izateko egin dituzte”. Hala, Erandioko Udalak “dei egin die bi aldeei, beharrezko ahaleginak egin ditzaten gatazka hau ahalik eta azkarren eta behar bezala konpontzeko”.

Bestalde, Loramendiko langileek beste elkarretaratze bat egin dute gaur; Guggenheim aurrean, hain justu. Bertan, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintza Sozialeko diputatu Isabel Sanchez Roblesi eta Berdintasun diputatu Teresa Laespadari bilera bana eskatu dietela jakinarazi dute, “zerbitzuaren titulartasuna aldundiarena delako eta, horregatik, ezin dutelako beste alde batera begiratu”.
 

 

 

Huerta de Peralta-ko langileen %80k egin du greba enpresaren dinamika errepresiboagatik protesta egiteko

0

LAB sindikatuak uste du arrakastatsua izan dela gaur Huelta de Peralta nekazaritza enpresan egin duten greba; barazkiak landatzen eta biltzen lan egiten duten langile guztiek egin baitute greba eta, oro har, %80koa izan baita lanuztearen segimendua, eguerdian jaso ditugun datuen arabera.

Eta hori guztia nahiz eta patronalak paratu dituen trabak ez diren gutxi izan. Adibidez, lan egitera joan diren langile gutxi horiendako garraio zerbitzu berezia jarri du gaur; baina ez du autobusa betetzea lortu. Eta grebarako deialdia egin zelarik, bideozaintza kamera bat instalatu zuten langileak beldurtzeko xedez, eta ohiko lan ordutegiak ere aldatu zituzten.

Gogoratzekoa da langile batzordeak grebarako deia egin zuela protesta egiteko enpresak kaleratzeak eta zigorrak erabiltzen dituelako zenbait langile erreprimitzeko eta ekintza sindikalaren aurkako mendeku gisa.

Dena dela, elkartasunak beldurra garaitu du gaurkoan eta langileek masiboki erantzun diote greba deialdiari. Langileek erakutsi dute indar handia dutela, eta ausardia, eta beren eskubideen aldeko borroka segitzeko erabaki irmoa, kaleraturiko langileak berriz hartu eta lan baldintzak hobetzeko helburuekin.

Lanuzteaz landara, langileek elkarretaratze jendetsua egin dute 12:00etan, enpresako ate nagusiaren ondoan. Eta gaurko mobilizazio eguna 17:00etan bukatuko da, toki horretatik beretik aterako den ibilgailu karabanarekin. Karabanaren bidez protesta inguruko herrietara eramanen dute -Azkoienera, Martzillara eta Funesera-.

 

 

 

Ipar Euskal Herriko Kostaldeko Ospitaleko hauteskunde sindikaletan izango gara

0

Paueko Administrazio Auzitegiak arrazoia eman digu, eta ospitaleko zuzendaritzak gure hautagaitzari ezarritako debekua bertan behera utzi du.

Ipar Euskal Herriko Kostaldeko Ospitaleko zuzendaritzak gure hautagaitza baztertu zuen joan den urrian, eta horregatik erabaki genuen epaitegira jotzea. Bada, Paueko Administrazio Auzitegiak arrazoia eman dio sindikatuari, eta, ondorioz, ospitaleko hauteskunde sindikaletara aurkeztu ahal izango dugu.

"Garaipen handia da", adierazi du gaur LABeko ordezkari Argitxu Dufauk, Baionan egindako agerraldian. Hain zuzen ere, abenduaren 6an izango dira funtzio publikoko hauteskunde sindikalak Ipar Euskal Herrian, eta lehen aldia da LABek Kostaldeko Ospitalean zerrenda aurkeztuko duela. "22 pertsona agertu dira prest zerrenda osatzeko, eta horrek esan nahi du behar bat badagoela; LAB beharrezkoa da ospitalean", adierazi zuen Argitxu Dufauk, zerrenda aurkeztu genuenean.
 

 

 

Kalera irten gara Baionan, Hezkuntza ministroaren erreforma proiektuen kontra

0

Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren erreforma proiektuen kontra mobilizatu gara Baionan. Hain zuzen ere, grebara deitu dugu gaurko Hezkuntza alorrean, Frantziako Gobernuko politikak eta langileak murrizteko azken erasoak salatzeko.

Hezkuntza ministroak zinez langile eta ikasleen lan baldintzak atakatzen ditu. Ziztu bizian eskola itxuraldatzen du saltsa liberala eta gibelkoian zerbitzatzeko. Hori ukatzen dugu.
Ebaluaketen obsesioa, erreforma inposatuak bereizketa sozialaren egiteko, milaka postuen kentzea, prekaritatearen hedatzea, langileen estatu eta eskubideen haustea, segurtasunkerien zeingehiagoa, euskararen irakaspenaren baliabideen eskasa…

Greba egiteko arrazoiak soberan daude, eta hauek dira gure aldarrikapen nagusiak :

-Postuen kentze eta prekaritatearen kontra

-Hezkuntza arloan euskararen irakaspenaren garatzea galdetzea, euskaraz eta euskarari beti ta hobekiago formatuak izaitea eskatu, euskararen erakaspena eta formakuntzari egiazko ahalmenak emaitea

-Lan postuen emendatzea tituludunak hartuz hezkuntza sistema osoan eta kontratu prekarietan ari diren langileak baldintzarik gabe tituluduntzea

-Lan oren kopuruaren murriztea, denen lan baldintzen hobetzea langileen osagarria zainduz.

-Ikasle kopurua klaseetan beititzea

-Konzertazioa garatu lan orduetan kondatuz

Greba egun hori biharamunik gabe ez egoteko, uste dugu behar-beharrezkoa dela antola gaitezela eta partaide guziak mobiliza ditzagun hezkuntza emantzipatzaile eta zuzena eskaini dezagun.

 

 

 

Enpresa bakarraz hitz egiten hasi aurretik, langile eta zuzendaritza egitura adostu beharra defendatu dugu EITBren parlamentuko ponentzian

0

Gasteizko parlamentuko "EITBren birmoldaketarako ponentzia" dela eta, EITBko LAB gonbidatua izan da bere diagnostikoa eta proposamenak aurkezteko. Kontratazio kudeaketa eta azpikontratazio arazoak azalduta, proiektua berritu nahi bada halako arazoak lehenbailehen zuzendu behar direla ohartarazi dugu, langile egitura zehaztuz eta gestore sistema iluna bertan bera botaz. EITBko lantokiak batzekotan langile ikuspuntu batetik zein irizpide bete beharko ziren ere azaldu du LABek.

LABek lan ikuskaritzan eta epaitegietan jarritako salaketak direla medio, dagoeneko ETBn 70 langile ingururen kontratuak "mugagabe ez finko" bihurtu dira, eta EITBNETen egituraren %68a ere egoera horretan dago. Eusko Irratian ere ematen ari den kontratazio eredua dela eta, arazoak errepikatzeko mehatxua dago. Gestoreen sistema ilunak eta iruzurrezkoak ere egituran du eragina, irabazitako sententzia batek horra apuntatzen du eta.

Irratiko lan poltsaren kudeaketak euskarari kalte egingo diola ere salatu dugu. Euskal Telebistari dagokionez, euskarazko eta erdarazko albistegiek egitura propioa behar dutela defendatu dugu, zehatzago, albistegi bat Miramonen eta bestea Bilbon ekoizteko aukera probestu egin behar dela, euskararen eta Miramongo egituraren mesedean.

Azpikontratazioaz ere aritu gara ponentzian eta negozio horrek dakarren prekaritatea eta albistegien kontrola salatu dugu, etorkizuneko EITBk onartuko ez lukeena. Langile egituran duen eragina azaltzeko datu bat eman dugu: Miramonen 155 ordenagailutik gora dago ekoiztetxeen eskura, eta azken urteetan langile egitura 180tik 120ra jaitsi da . Langile asko dago azpikontratatuta, eta EITBko kontratua izatekotan benetako langile egituraren ideia emango liguke. Platoak lanez gainezka daude eta ETBko kontratua egin ezkero ez da garestiago aterako.

Bestalde, EITBko sozietate guztiak enpresa bakarrean biltzera jo behar badute, hainbat printzipio zaindu beharko ziren: kazetariak "langile orkestra" multimedia baino, medio guztietarako lan egingo lukeena alegia, kazetari bimediaren figura lehenesten dugu, Telebista eta Interneterako zein Irratia eta Interneterako; era berean, lantoki bakarrean aritzeak lan baldintza berdinak edukitzea dakarrenez, logikoena guztiok lan hitzarmen bera edukitzea izango zen; baita garapen profesionalari bere zentzua eman, aukera berdintasuna bermatuta.

Jakina, EITBko LABen iritziz komunikabide publiko berritu horrek zein langile egitura behar duen zehaztu behar da, lehenengo eta behin irregulartasun guztiak zuzenduta, gestore sistema kasu. Eta bai, erabaki potoloak hartu aurretik, akatsak ez errepikatzeko.

 

 

 

EAEko aurrekontu proiektua zuzentzeko exijitu dugu, behar sozialei erantzun ahal izateko


LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak agerraldi bat egin dute, Bilbon, EAEko aurrekontuen inguruan. Hain zuzen ere, 2019rako aurrekontu proposamenaren azterketa egin du sindikatuak, eta honen aurrean, eskatzen ditugun lehentasunezko neurrien berri eman dugu. Zentzu honetan, gaiaren inguruko txostena aurkeztuko dugu agerraldian. LABek dauden behar sozialei erantzuteko lehentasunezko neurri hauek eskatzen ditu: enplegua duintzeko aurrekontuak; behar sozialei aurre egiteko aurrekontuak; sektore publikoan enplegua egonkortzera bideratutako aurrekontuak; industria politika eraginkor baterako aurrekontuak.  


Aurreko urteen bide beretik doazen aurrekontuak direla nabarmendu dugu agerraldian; ez dira aurrekontu burujabeak eta sozialak, ezta parte hartzaileak ere.

Aurrekontu hauek ez dute balio errealitate soziala aldatzeko. Ez dute ditugun erronka ekonomiko eta sozialei aurre egingo dien sektore publikoa ez eta politika publikorik bermatzen. 

Ez dira sortzen den aberastasuna hobe birbanatzeko aurrekontuak izango. BPGrekiko gastu sozialen bilakaera murriztuz doa.

Sindikatuaren ustez, aurrekontuen eztabaida ezin da gastuen eztabaidara mugatu. Zerga poltika aldatu eta sarrera gehiago egoteko aukerari uko egiten zaio, patronalaren neurrira eginiko zerga poltika dagoelako hemen.

Uste dugu zerga iruzurrari aurre egin eta zerga politika progresiobago baten alde egin behar dela. EAJ, PSE, PPren artean eginiko azken zerga erreforma bertan behera uztea eskatzen dugu eta zerga politika berri baten aldeko eztabaida soziala aldarrikatzen dugu.

Politika publikoetarako eta gastu sozialerako dirua mugatzen duten aurrekontuak dira. Gastu topea onartu eta zorra ordaintzeari lehentasuna ematen zaio.

Europako beste herrialde batzuekin alderatuz, argi ikusten da zerbitzu sozialetara bideratzen den dirua ez dela nahikoa.

Era berean, berretsi dugu ez direla aurrekontu parte hartzaileak izango. Eztabaida sozialari uko egiten zaio.

Honela gauzak, LABek dauden behar sozialei erantzuteko lehentasunezko neurri hauek eskatzen ditu:

• Enplegua duintzeko aurrekontuak
• Behar sozialei aurre egiteko aurrekontuak
• Sektore publikoan enplegua egonkortzera bideratutako aurrekontuak
• Industria politika eraginkor baterako aurrekontuak

Azken batean, aurrekontu proiektu hau zuzentzeko exijitzen dugu egungo behar sozialei erantzuteko.

 

 

 

Darponek EPEari buruz proposatu duena irtenbide faltsua baino ez da

0
Osasun Sailburuak eta Osakidetzako Zuzendariak inora ez doan bidean beste urrats bat baino ez dute eman gaurko agerraldian aurkeztutako neurriekin. Jakinarazitako EPE berri baten neurriok filtrazioen eskandalua estaltzea eta modu faltsuan ixtea baino ez dute helburu.

Darpon eta Mugica jaun-andereek haratago joan behar dute, ausardiaz jokatu, gertatu dena guztiz argitu arte, eta, bestaldetik, eztabaida ireki baten emaitza bezala kategoria guztiak jasoko lituzkeen EPE eredu berria martxan ipintzeko.

Zentzu honetan, LABek honakoak adierazi nahi ditu:

• EPE eredu berriaz hitz egin baino lehen, filtrazioen inguruan gertatu dena argitu behar da: zein kategoriatan filtratu zen informazioa, zelan filtratzen den informazio hori eta nortzuk diren errudunak eta onuradunak. Filtrazioen arduradun aktibo eta pasiboen zein filtrazioen onuradunen gaineko neurriak hartu behar dira.

Era berean, azterketak kategoria gehiagotan errepikatu behar dira, baina hori egin baino lehen, epai-mahaiak aldatu behar dira eta gertatu dena argitu. Osakidetzak zirkoa utzi behar du eta arduraz jokatu, nahi duten ikerketa hartu eta lanean serio hasi. Izan ere, Osakidetzak berak eskatutako Oviedoko ikerketaren emaitzen arabera, Osakidetzak 3 kategoriatako 5 azterketak errepikatzeko erabili diren irizpideei jarraituz, 17 kategoriatan errepikatu beharko lirateke azterketak. Lotsagarria.

• EPE eredu berria negoziazio eta eztabaida ireki eta serio baten emaitza baino ezin da izan, non, beste eragile batzuen artean, Mahai Sektorialeko sindikatuok gauden. Negoziazio hori ez da eman gaur arte. Ez ditugu onartuko aldebakarreko neurri isolatu eta partzial batzuk, hauek eskandalua estaltzea baino ez dutelako bilatzen. Non dago eztabaida prozesu hori? Darponen hitzetan, eztabaida bat emango da Jimenez Asensio adituak egindako txostena abiapuntu hartuta, baina ikusitakoa ikusita ezin ditugu sinestu sailburuaren hitzak.

Ildo berean, EPE eredu berri hori kategoria guztietarako izan behar da, ez soilik fakultatibo espezialisten kategorietarako. Izan ere, Osakidetzako EPE ereduaren ajeak ez dira soilik filtrazioak, arazoen zerrenda askoz luzeagoa da: azterketa mota, gaitegiak zelan eta zein gairekin osatzen diren, baremazioak, kudeaketa egiteko pertsonal falta (espero dezagun Mugica andereak iragarritako Giza Baliabideen arloaren berrantolaketak honetan laguntzea), tasak, euskararen tratamendua, etab. Adibidez, LABek jarraitzen du aldarrikatzen oinarrizko neurri bat: behin EPE bat gaindituta, nota hori mantendu ahal izatea hurrengo deialdi guztietarako, nota igotzeko aukera emanda gainditutako nota galtzeko arriskurik gabe.

Hau esanda, hamaikagarren aldiz esan nahi diegu Osakidetza eta Sailburuari hau ez dela bidea eta LABek ez duela onartuko ustelkeria administrazio publikoan. Gertatu dena muineraino ikertu eta EPE eredu serio baten aldeko negoziazio abiatzeko prest badaude, LABekin konta dezakete; bestela, aurrean izango gaituzte.
 

 

 

Miasa Pamplonak deslokalizazio prozesu bat abiatu du kaleratze kolektibo prozedimentu baten bidez.

0

Miasa Pamplonak enplegu erregularizazio expediente bat abiatzeko asmoa iragarri du egun mekanizatuen eremuan duen lan falta gainditzeko neurri gisa. Horrela jakinarazi dio alde sozialarigaur bertan, 2018ko azaroaren 8an. Neurri hau, aste honetan bertan publiko egin duen Plan industrialean jasotzen da.

LAB-ek erabaki honek kutsu empresarial hutsa duela salatu nahi du eta beraz, neurria ez doa egun existitzen den proiektu gabeziari irtenbidea ematera zuzendua. Enpresa da aldebakartasunez mekanizatuen eremuan deslokalizazioa gauzatzen ari dena, lan balditza okerragoak dituen beste planta batzuetara proiektuak eramanez. Gure ustez, plan Industrial bat beharrezkoa da, baina enplegua eta lan baldintzak bermatuko dituena, ez kaleratzeak gauzatzeko aitzakia izanen dena.