2024-04-20
HomeZerbitzu PublikoakKomunikabideakEnpresa bakarraz hitz egiten hasi aurretik, langile eta zuzendaritza egitura adostu beharra...

Enpresa bakarraz hitz egiten hasi aurretik, langile eta zuzendaritza egitura adostu beharra defendatu dugu EITBren parlamentuko ponentzian

Gasteizko parlamentuko "EITBren birmoldaketarako ponentzia" dela eta, EITBko LAB gonbidatua izan da bere diagnostikoa eta proposamenak aurkezteko. Kontratazio kudeaketa eta azpikontratazio arazoak azalduta, proiektua berritu nahi bada halako arazoak lehenbailehen zuzendu behar direla ohartarazi dugu, langile egitura zehaztuz eta gestore sistema iluna bertan bera botaz. EITBko lantokiak batzekotan langile ikuspuntu batetik zein irizpide bete beharko ziren ere azaldu du LABek.

LABek lan ikuskaritzan eta epaitegietan jarritako salaketak direla medio, dagoeneko ETBn 70 langile ingururen kontratuak "mugagabe ez finko" bihurtu dira, eta EITBNETen egituraren %68a ere egoera horretan dago. Eusko Irratian ere ematen ari den kontratazio eredua dela eta, arazoak errepikatzeko mehatxua dago. Gestoreen sistema ilunak eta iruzurrezkoak ere egituran du eragina, irabazitako sententzia batek horra apuntatzen du eta.

Irratiko lan poltsaren kudeaketak euskarari kalte egingo diola ere salatu dugu. Euskal Telebistari dagokionez, euskarazko eta erdarazko albistegiek egitura propioa behar dutela defendatu dugu, zehatzago, albistegi bat Miramonen eta bestea Bilbon ekoizteko aukera probestu egin behar dela, euskararen eta Miramongo egituraren mesedean.

Azpikontratazioaz ere aritu gara ponentzian eta negozio horrek dakarren prekaritatea eta albistegien kontrola salatu dugu, etorkizuneko EITBk onartuko ez lukeena. Langile egituran duen eragina azaltzeko datu bat eman dugu: Miramonen 155 ordenagailutik gora dago ekoiztetxeen eskura, eta azken urteetan langile egitura 180tik 120ra jaitsi da . Langile asko dago azpikontratatuta, eta EITBko kontratua izatekotan benetako langile egituraren ideia emango liguke. Platoak lanez gainezka daude eta ETBko kontratua egin ezkero ez da garestiago aterako.

Bestalde, EITBko sozietate guztiak enpresa bakarrean biltzera jo behar badute, hainbat printzipio zaindu beharko ziren: kazetariak "langile orkestra" multimedia baino, medio guztietarako lan egingo lukeena alegia, kazetari bimediaren figura lehenesten dugu, Telebista eta Interneterako zein Irratia eta Interneterako; era berean, lantoki bakarrean aritzeak lan baldintza berdinak edukitzea dakarrenez, logikoena guztiok lan hitzarmen bera edukitzea izango zen; baita garapen profesionalari bere zentzua eman, aukera berdintasuna bermatuta.

Jakina, EITBko LABen iritziz komunikabide publiko berritu horrek zein langile egitura behar duen zehaztu behar da, lehenengo eta behin irregulartasun guztiak zuzenduta, gestore sistema kasu. Eta bai, erabaki potoloak hartu aurretik, akatsak ez errepikatzeko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.