2026-02-12
Blog Page 713

Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea eratuta, hitzarmen duin bat aldarrikatu dugu

0
Gaur, azaroak 16, Arabako Metalgintzako Mahai Negoziatzailea eratu da. Hori dela-eta, LABek hitzarmen duin bat aldarrikatzen du, enplegu duina sortuko duena eta langileen lan baldintzak hobetuko dituena.

Gaurko bileran, mahaiaren eraketa besterik ez da egin eta bertan SEA patronalak eta LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok parte hartu dugu. Aurreko Arabako Industria Siderometalurgikoko Hitzarmena eragin mugatukoa zen (soilik UGTk eta CCOOk sinatu baitzuten, langileen %33a ordezkaritza edukita) eta iazko abenduaren 31an bukatu zen iraunaldia; beraz, sinatzaileek mahaira deitu dute ia 11 hilabete pasatu direnean.

Edonola ere, LAB gertu dago negoziazio horri ekiteko, aberastasuna banatzeko asmoz. Izan ere, enplegua sortzea dugu helburu, baina ez gazteen eta emakumeen diskriminazioan oinarrituta, ezta enplegu prekarioan ere, baizik eta enplegu duina, bai kontratazioan, bai lan baldintzetan ere.

Horrekin batera, gure ustez, funtsezkoa da Herrialdeko Hitzarmena erabateko eraginekoa izatea eta sektoreko gutxieneko lan baldintzak finkatzea. Horiek hala, bertan lan baldintza duinak jasoz gero, sektoreko langile guztiengan eragin zuzena edukiko du, hitzarmen propioa edukita ala ez.

Beraz, patronalak ezertxo ere ez digula oparituko jakinda, LABek tinko ekingo dio prozesu negoziatzaileari, esparru guztietan hitzarmen duina lortzeko.

 

 

 

Irregulartasunak salatu ditugu UTE RSU BILBAO II-ko hauteskunde prozesuan

0
Berriro ere, UTE RSU BILBAO II-ko (Bilbogarbi) LABeko sail sindikalak hertsapenak salatu behar izan ditu hauteskunde sindikaleko prozesuaren baitan. Prozesua datorren astelehenean amaituko da, bozketa eguna ospatuko den egunean, alegia.

Azken urteetako prozesuetan, hainbat lankidek sindikatu jakin bateri bozka emateko presioaz hitz egin digute, baita hori ez egiteak izango lituzkeen ondorioen beldur zirela onartu ere.

Azkenengo honetan, hainbat lekukoren bitartez, delegatua ez den eta kandidaturetan agertzen ez den ENKARGATU batek, bere karguko funtzioak egiten zituelarik eta langileen eta beraren artean existitzen den erlazio hierarkikoaz baliatuta, sindikatu baten aldeko bozak banatu dituela jakin izan dugu, konkretuki USOrenak, zeinak 17 delegatuetako Komite batean 11 ordezkari dituen.

Enpresaren zuzendaritzarekin eta hauteskunde mahaiarekin batzar urgente bat eskatu dugu, prozesu honen izaera demokratikoa bermatzeko hainbat neurri aplika daitezen behingoz. Era berean, boterezko erlazio asimetriko batez baliatuta bozak banatzen dituzten enkargatu eta langileburuei ohartarazpena bidaltzea eskatu dugu.

Hurrengo astelehenean langileek modu libre, pertsonal eta sekretu batean bozka dezaten ziurtatzen ez bada, hauteskunde prozesua inpugnatzea baloratuko dugu.
 

 

 

Mugicaren dimisioa beharrezkoa zen, baina berandu heldu da eta ez da nahikoa

0
LABen irudikoz, Osakidetzako Zuzendari Nagusiaren dimisioa berandu heldu da, eta ez du inondik inora bermatzen EPEko filtrazioen eskandalua eta erakundeko barne egoera kaotikoa konponduko direnik.

Berandu heldu dela diogu, udan baino lehen hainbat kategoriatako filtrazioak salatzen hasi ginen lehen momentutik argi gelditu zelako arazoari aurre egiteko zuzendaritza honen gaitasun falta. Zero minututik Darpon eta Mugica eskandalua estaltzen aritu ziren, iritzi publikoaren aurrean gezurretan ibiliz, beste gauza batzuen artean, LABek helarazi zien txostena ukatuz.

Era berean, dimisio honek ez du bermatzen ezer aldatuko denik Osakidetzan. Lehenengo eta behin, Mugicarekin batera Darponek ere dimisioa aurkeztu behar zuelako. Bigarrenez, oraindik argitzeke dagoelako EPE prozesuetako filtrazioen trama ustela. LABen iritziz, EAJk dimisioa erabili nahi du arreta filtrazioen arazotik desbideratzeko eta, neurri berean, oposizioaren eskaera batzuk asetzeko eta Eusko Legebiltzarrean sortu litekeen ikerketa batzordea bertan behera uzteko.

Bestaldetik, Mugicak utzitako kargurako Juan Diego Casals izendatu izanak argi eta garbi adierazten du EAJren apustua ez dela Osakidetzarako kudeaketa demokratiko eta garbia. Guztiz alderantziz, Diego jaunaren profila bat dator EAJ alderdian hain errotuta dagoen kudeatzaile mota batekin, pentsatzen dutenak enpresa publikoak euren kortijo edo batzokia dela. Honen harira, gogoratu behar dugu Juan Diegok EITBko zuzendaritzan egin zuen kudeaketa negargarria, aldi berean EITBek azpikontrataturiko enpresa baten zuzendaritzan zegoen bitartean. LABek epaitegira eraman zuen Juan Diego eta epaile batek inputatu egin zuen, diru publikoaren erabilera maltzurra eta delitu sozietarioa leporaturik. Prozesua artxibatu zuten azkenik, baina frogatuta geratu zen diru publikoaren erabilera okerra gertatu zela.

Beraz, Mugicaren dimisioaren aurrean ez daukagu zer ospatu. Jarraitzen dugu filtrazioen iruzurra argitu gabe, jarraitzen dugu errudunak seinalatu gabe, jarraitzen dugu Darpon jaunak bere erantzukizun politikoa onartu gabe, eta badaukagu kudeaketa gardenik egiten ez duen Zuzendari berria.

Panorama honetan, LABek ikertzen, salatzen eta mobilizatzen jarraituko du Osakidetza gardena, demokratikoa, publikoa, kalitatezkoa eta euskalduna lortu arte.
 

 

 

Gure Esku Dago dinamikak igandean egingo dituen herri kontsultetan parte hartzeko deia egin dugu

LABek bat egin du igandean Donostian, Irunen, Zallan, Balmasedan eta Alonsotegin egingo diren herri kontsultekin. Hain zuzen ere, sindikatua Euskal Herriaren etorkizuna erabakitzearen alde dago, erabakitzeko eskubidea beharrezkoa ikusten duelako egoera laboral eta soziala iraultzeko. Oinarri berriak dituen jendarte eredu askea nahi du LABek, eta langileek aukera paregabea dute hitza eta erabakia aktibatzeko eta euren borondatea adierazteko Gure Esku Dago dinamikak antolatu dituen herri kontsultetan.

LABen iritziz, “Estatua da tresna Euskal Herria politikoki egituratzeko eta sozialki kohesionatzeko; bizitza duina bermatzeko behar ditugun baliabide politiko, ekonomiko eta sozialak eskuratzeko; langileriaren bizi eta lan baldintzak hobetzeko”. Hala, sindikatuak erabakitzeko eskubidearen eta euskal estatu burujabearen alde egin du.
 

 

 

“Herenegun” egitasmoa bertan behera uztea eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari

0
Eusko Jaurlaritzak “Herenegun” izeneko unitate didaktikoa aurkeztu du, Historiako irakasgaian 1960 eta 2018 urteen arteko epealdia jorratzeko.

Eskola Kontseiluari igorritako materiala aztertu ondoren, LAB sindikatuak egitasmo hori bertan behera uzteko eskatu du, honako arrazoi hauetan oinarrituta:

1. Unitate didaktikoa faltsukeria batean oinarritzen da. Izan ere, 1960 eta 2018 urte bitarteko epealdi historikoa aztertzea omen da bere helburua, baina ez da horrelakorik egiten. Epealdi horretako gertakari asko eta asko gainetik bakarrik aipatzen dira: bigarren industrializazioa, langile mugimenduaren olatu berria, euskara batua, Ez Dok Amairu eta abar luze bat. Unitate didaktikoak ETAren jardun armatuan sakontzen du eta, bigarren maila batean, talde parapolizialen eta estatuaren bortizkeriaren kontakizun motzegia egiten du. Azken batean, epealdi historiko bat landu baino, benetan LOMCEk ezarritako helburu bati erantzuten dio unitate didaktikoak, alegia, “terrorismoaren deslegitimazioa” egiteari. Ez da beraz Euskal Herritik egindako gogoeta etiko eta historiko baten ondorio, baizik eta PP-ren Gobernu batek ezarritako katezismo berria egokitzeko ariketa.

2. Jendartearen ordezkariak ez dira (ez gara) gai izan, gaur gaurkoz, Euskal Herriak bizi izan duen gatazka armatuaren inguruko errelato desberdinak barne bilduko duen orume komun bat eratzeko. Esango genuke, gainera, euren burua gatazkaren “garaile” irudikatzen duten horiek direla zubiak eraikitzeko inolako ahaleginik egin ez dutenak. Eta gabezi sakon hori bere horretan dagoela ikasgeletara errelato jakin bat (“garaile”ena, hain zuzen ere) eramatea arduragabekeria galanta da.

3. 1960 eta 2018 urte bitarteko epealdiaz hitz egiten da itxitako garai historiko bat balitz bezala. Zalantzazkoa da horren gertu dagoen epealdi baten inguruko historia egin eta irakastearen kontzeptua bera, ez baitago horretarako nahikoa perspektiba historikorik. Baina gainera, garai historiko hori ez dago itxita, gatazkaren ondorioak ez baitaude konponduta ez eta konponbidean: ehunka preso sakabanatuta daude, salbuespenezko legedi baten pean; Espainiako Gobernuak ez du eragindako minaren inguruko gogoetarik egin; torturatuak eta Estatuak hildakoak bigarren mailako biktimatzat dira hartuak. Ikastetxeetako bisitetan Estatuaren biktimetako batzuk parte hartzeak ez du arazoa konpontzen. Zer sentituko du motxiladun ume batek, klasean gatazkari buruz itxitako garai historiko bat bailitzan hitz egiten badiote? Zer, torturatu baten edota biktimatzat aitortu gabeko baten seme-alabak?

Unitate didaktikoak ikuspegi etiko batean omen du oinarri, baina ikasgeletan egoera erabat bidegabeak sor ditzake.

Honekin guztiarekin ez dugu esan nahi hezkuntza esparruan gatazkari dagokionez urratsak eman behar ez direnik. Aitzitik, hezkuntza komunitateak ekarpena egin dezake memoriaren eta elkarbizitzaren norabidean, esparru politikoan egon litezkeen urratsen zain egon gabe.

Baina horretarako hezkuntza komunitatearen baitako lanketa zabal eta sakona beharko litzateke. Azken batean, hezkuntza komunitatean oro har, eta zehazki hezitzaileen artean, gatazkari dagokionez jarrera desberdinak izan dituzten eta bizipen/errelato desberdinak dituzten pertsonak daude. Horien guztien arteko elkarrizketa bat jarri beharko luke martxan Hezkuntza Sailak, elkarren arteko zubiak eraiki eta ariketa zintzo bat egiteko. Prozesu horren ondorio gisa jaiotako hezkuntza materialak (aipatutako arrazoiengatik Historia irakasgaiaren mugak gaindituko lituzkeenak) bai izango lukeela balio hezitzailea.

Horren ordez, Eusko Jaurlaritzak aditu talde bat bildu eta material itxia aurkeztu dio Eskola Kontseiluari, ekarpenak egiteko hiru asteko epe murritza emanez. Horrela ez dira egiten gauzak eta gutxiago euskal jendartearentzat hainbeste min eta zatiketa eragin duen auzian.
 

 

 

Sindicato Andaluz de Trabajadoreseko bozeramaile Oscar Reinaren kontrako jazarpena etetea exijitzen dugu

0

Gaur eguerdian, Espainiako poliziak Sindicato Andaluz de Trabajadores-eko (SAT) bozeramaile nazionala den Oscar Reina atxilotu du Granadan. Leporatzen dioten delitua koroaren kontrako irainena da.

LAB sindikatutik, gure elkartasuna adierazteaz gain, Oscar Reinaren senide, lagun eta SATeko kide guztiei besarkada handi bat bidaltzen diegu. Aldi berean, bere adierazpen askatasuna gauzatzeagatik jasaten ari den jazarpen egoera gogor salatzen dugu.

Gogoratu behar da ez dela Oscar Reinaren kontra zabalik dagoen kausa bakarra, eta horiengatik behin baino gehiagotan atxilotua izan dela. Ez genuke ahaztu behar da SAT dela Europa osoan gogorren jazarritako eta isun gehien dituen sindikatuetakoa, Andaluziako langile klaseak pairatzen duen egoeraren kontra ekintza zuzenean oinarrituriko ekintza sindikala aurrera eramateagatik.

Gaur txio batzuk idazteagatik Oscar Reina atxilotua izan da. Altsasuko gazteek muntai polizial bat dela medio bi urte baino gehiago daramatzate kartzelan, aurretik txio batetan euskal preso politikoek pairatzen duten sakabaneta salatzeagatik Alfredo Ramirezek urte bat pasa zuen kartzelan. Gainera, Kataluniako preso politikoek 25 urtetako kartzel zigor eskariari aurre egin beharko diote jendeak bozkatu ahal izateko erreferendum bat antolatze hutsagatik, eta bitartean, Espainiako gobernuak euskal preso politikoen eskubideen alorrean inolako pausurik eman gabe jarraitzen du. Honek guztiak, zuzenbide estatu bat bizitzetik urrun gaudela erakusten du.

Aipatutako guztiagatik, LAB sindikatutik Oscar Reinaren berehalako askatasuna exijitzeaz gain, bere kontra eta orokorrean SAT guztiaren kontrako jazarpen polizial eta judiziala behin-betiko eten dadila exijitzen dugu.
 

 

 

Gipuzkoako helduen egoitzetan greba egingo dugu azaroaren 26an eta abenduaren 24 eta 31n

Auto karabana bat egin dugu gaur Deba Garaian, eta elkarretaratze bat Bergaran, hitzarmenaren alde. Patronalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera ikusita, azken hau sektore honen arduradun nagusia izanik, LABek mobilizazioekin jarraituko du.

Gipuzkoako helduen egoitzetako probintzia hitzarmena negoziatzen ari diren mahaikideak elkartu ziren azaroaren 9an; LAB bilerara joan zen, patronalak egiazko negoziazioari ekiteko gogoz egongo zirelakoan. Baina errealitatea bestelakoa da; ADEGI, MATIA 2020, LARES eta ACGG patronalak berriro utzieraz aritu dira sektore honetako kudeatzaileak izanik, sektore honetako langileen laneko eta gizarte mailako baldintza duinik jaso litekeen proposamen berririk ekarri ez dutelako, eta horrez gain, gainera, 2017 eta 2018. urteak ez dituzte kontuan hartzen.

Jakina, LAB sindikatua ez dago gertu aipatu egoera onartzeko.
Gainera, sektore honetako sindikatu nagusia deitu dugu azaroak 20 izango dituenean, sektoreko mahaiak egingo duen bileran parte har dezan, azken bileran ez zelako agertu, hura egitea oztopatu zuten.

Patronalek eta Gipuzkoako Aldundiak agertu jarreraren harira, azken hau sektore honen arduradun nagusia izanik, eta oraindik ezikusiarena egiten duenez, LAB sindikatuak erabaki du eutsiko diola mobilizazioen egutegiari; iraungo dugu borrokan, ondoren adierazi aldarrikapenak lortzearren:

• Soldatak areagotu soldata-tauletan eta egiazko soldatetan.
• Kontratazioa zuzenean, ez-mugatua eta aldi osoz egin dadin.
• Lanerako bitariko batzordea sor dadin, ratioei buruzko neurriak har daitezen.
• Prestakuntza kontuan hartuko den puntu garrantzitsua izan dadin.
• 20 minutuko atsedenaldi ordaindua.
• 3 urteko indarraldia.
• Norberaren zereginak.

Honengatik, grebara deitzen dugu azaroaren 26rako eta abenduaren 24 eta 31erako, gure eskubideak aldarrikatzen irauteko, borroka eta mobilizazioa bide bakarra dugulako langileok.

Hauxe da hurengo asteetarako aurreikuistako mobilizazioen egutegia:

-Azaroak 22. 17:00etan prestaketa lanak Groseko egoitzan. 19:00tan informazio banaketa Groseko pintxo potean. 

-Azaroak 26. GREBA HELDUEN EGOITZETAN. 

-Abenduak 5. 9:30ean kotxe-karabana Hernanialdean (irteera LIDL aparkalekua, Galarreta). 

-Abenduak 13. 10:30ean informazio banaketa Zumarragako merkatuan. 12:00etan kontzentrazioa. 

Abenduak 21. 11:00etan informazio banaketa Azpeitiko plazan. 11:00etan informazio banaketa Donostiako Bulebarrean. 

-Abenduak 24. GREBA HELDUEN EGOITZETAN. 

-Abenduak 31. GREBA HELDUEN EGOITZETAN.

 

 

 

Beste lau greba egun egingo ditugu Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan ordezkaritza dugun sindikatu guztiok hurrengo azaroaren 27, 28, 29 eta 30ean egingo ditugun greben erregistroa egin dugu gaur Bilbon. Hitzarmen berri baten alde egingo ditugu mobilizazioak, azken hilabeteetan egindako protesten eta greba egunen harira.

 

 

 

Txartel Bakarraren aldeko foroak eskuduntza, legezkotasuna, bideragarritasuna eta kostua aztertzeko txostena egiteko proposamen bat aurkeztu du Bizkaiko Batzar Nagusietan

0

Txartel Bakarraren aldeko Foroak bilera egin du Batzar Nagusietan ordezkatuta dauden talde politiko guztiekin eta ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENA aurkeztu eta babesteko eskatu die Bizkairako Txartel Bakarraren eskuduntza, legezkotasuna, bideragarritasuna eta kostua aztertzeko txostena egin eta OSOKO BILKURAN azter daitezen.

Txosten horretan gutxienez parametro hauek aztertu beharko lirateke:

• Garraio-aldaketak doan garraio-modu guztietan.
• Tarifa-integrazioa. Tarifa berberak garraio-operatzaile guztientzat.
• Progresibo izatea. Zenbat eta gehiago erabili hainbat eta merkeago ibili.
• Txartelaren prezioa pertsona/familia-errentara egokitzea.
• Bizkaiko garraiobide publiko guztietan erabiltzea.
• Oraingo garraio publikoko sareari eusten edo hobetzen oinarritzea.

Proposamena gaur osteguna, azaroak 15, aurkeztu da Batzar Nagusietan, eta TXARTEL BAKARRAren aldeko Foroak espero du alderdi politiko guztiek, aho batez, proposamena babestu eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzea txosten hori lehenbailehen egin dezaten.

Txosten tekniko horrek aukera emango liguke denoi txartel bakarra ezartzeak zer kostu ekarriko lukeen jakiteko informazio guztia izateko. Era berean, herritarrekin eta mugimendu sozial eta sindikalekin garden jokatuko litzateke eta, gainera, txartel bakarra martxan jartzeko erabakiak hartzean lehentasunak non dauden jakiteko funtsezko tresna ere izango lukete erakundeek.

TXARTEL BAKARRAren aldeko Foroaren iritziz, hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia da. Horregatik, erakunde-esparru osoari eskatzen dio ekimen hau sustatu eta urrats sendoak egiteko Txartel Bakarra ezartzeko. Bizkairako garraio publikoko sistema bateratu eta kalitatezkoa lortzeko elkarlanean jarduteko prest dagoela ere azpimarratzen du.